Zahartzea, gero eta garestiago

Erretiroa hartu ostean, pentsiodunek beste hamar urte inguruko bizi- itxaropena zuten, batez beste, orain gutxira arte. Gaur egun, 25 urtera arte luzatu da garai hori, bizi-itxaropenak gora eginda. Baina zer ondorio ekarri du horrek krisi garai honetan? Oro har, ekonomia okertzeak baliabide gutxien dutenei eragin die kalterik gehien. Azkenaldiko iragarpenei erreparatuz gero, egoerak bide berari eutsiko dio. Egoera horretan daude, besteak beste, pentsiodunak: bizitza osoa jo eta su beharrean igaro ostean, azken urteetan larri ibiltzeko arriskua dute. Bizkaian 273.799 dira lan sasoia bukatuta daukatenak.

Pentsionistak Martxan plataformako Mikel Argiñarenak salatu duenez, administrazioak orain arte sortutako ongizate maila "desegiten" dabiltza azkenaldian. Dena den, esan du Euskal Herriko pentsiodunen egoera "aspalditik" dela "kezkagarria". "Ezin dezakegu ahaztu pentsio sistema gure artean Europan baino 50 urte beranduago ipini zela martxan".

Kontinentearekin alderatuta, gainera, "hemen nahikoa eskasa" izan dela deritzo. "1970 eta 1980ko hamarkadetan pentsiodunen artean nolabaiteko ongizatea egon bazen ere, ez zen adineko guztientzat izan. Etxekoandre gehienek, esaterako, ez zuten erretirorik ezagutu". Gaur egun, bestalde, "gutxi batzuek kenduta, Euskal Herriko pentsiodunek egunero egin behar izaten dituzte kontuak hilabete bukaerara iritsi ahal izateko". Euskal Herrian 650.000 pentsiodun daude. "Horietatik 150.000 alargunak dira, eta haien diru sarrerak, 700 eurotik beherakoak. 450.000 pentsiodun inguruk, gainera, mila euro baino gutxiago kobratzen dute. Eta milaka dira bizitzeko nahikoa izan ez eta 400 euroko diru laguntza jasotzen dutenak. Beraz, argi dago ez direla harro egoteko zenbakiak".

Dena den, Pentsionistak Martxan plataforman argi daukate egoerarik gogorrena emakume alargunek dutela. "Ezin da ahaztu senarraren pentsioaren erdiarekin geratzen direla bat-batean, eta gastuak ez direla erdira jaisten senarra galdu arren. Benetan lotsa ematen du ikusteak gizartea zeinen zeken portatzen den haiekin eta nola uzten dituen baztertuta", esan du. Haren ustez, gainera, "gizarteak ahaztu egin du senarrak lantegian soldata irabazteko modua izan badu emazteari esker izan dela: eguneroko etxeko jardunaren kargu egin da, seme-alaben heziketa bere gain hartu du, etxekoak zaindu ditu... Berak ere sortu du aberastasuna". Horren ondorioz, gainera, andre horiek harreman sozialak ere asko murrizten dituzte.

Etorkizun beltza iragarri die adinekoei Argiñarenak. Izan ere, pentsioen erreforma egiteko ez da kontuan hartuko KPI kontsumorako prezioen indizea. "Ekonomia nabarmen hobetu ezean, %0,25 baino ez dira igoko pentsioak". Prezioen indizea, ordea, ez da izoztu; kontrara, "gora eta gora doa. Azken urteetan, batez beste, %2,9 inguruan ibili da, eta datozen urteetan ere antzera jarraituko duela diote adituek. Beraz, ez litzateke harritzekoa izango pentsiodunok urtean %2,5 inguru galtzea". Ondorioz, gizarte talde horren erosahalmena "izugarri" jaitsiko da.

Berrordainketa

Geroz eta pentsio txikiagoak, eta botiken berrordainketa ere euren gain hartu behar dute; beste kostu bat da. "Gogoan hartuz gero gurea dela botiken kontsumoa izugarri handitzen den adina, eta gutxi behar genituenean besteen botikak ordaindu genituela, guztiz bidegabea iruditzen zaigu", ean du. Botikak bakarrik ez, beste kontu batzuk ere, behar-beharrezko izanik, berriz ordaindu beharko dituzte: "Osasun garraioa, protesiak, makuluak, aulki gurpildunak...".

Argiñarenak aitortu du egoera horri guztiari zelan buelta eman asmatzea ez dela lan erraza. Lehenago zenbait familia euren adinekoen kargu egiteko gai ziren. Gaur egun, ordea, gizarteak berak egin behar du sekula egin ez den planteamendua: "Nola antolatu horrenbeste jenderen etorkizuna?", galdetu du. Egoera berri horrek konponbide berriak behar dituela deritzo, eta "lehentasunen zerrenda bat" osatu behar dela iruditzen zaio. "Horrenbeste polizia behar al dugu hemen? Armadaren gastuak beste neurri batzuetarako beharko lirateke edo zeharo kendu. Zergatik ez?", azaldu du. Abiadura handiko trena eta autobideak ere aipatu ditu, obra horietan gastatutakoa beste alor batean gastatu beharko litzatekeela iritzita.

Adinekoen lana kezka horiek mahai gainean jartzea dela dio. "Administrazioak —udalak, foru aldundia eta Jaurlaritza— ez dira ausartzen gai horri heltzen. Zenbat eta geroago hasi, orduan eta zailago izango da. Badakit eskatzen dugunari erantzutea herriko jaietan errretiratuen eguna antolatzea baino neketsuagoa dela", agertu du ironiaz.

Adinekoen elkarteek administrazioarekiko harreman zuzenagoa izatea eskatzen dute: "Gure kezkak mahai gainean jartzeko leku bat behar dugu. Batzuetan kontseiluak daude, baina ez dakigu zer egiten duten. Ez dugu haien berririk". Azken batean, adinekoak elkartzen diren lekuetara gai horiek eramateko "erraztasunak" baino ez dituzte eskatzen. Hauteskunde garaietatik kanpo ere zeresana badutela esan du.

"Krisi ekonomikoaren aitzakian murrizketak murrizketen atzetik datoz, eta publikoa baino gehiago pribatua ari da sendotzen. Horrek esan nahi du dirua duenak bakarrik izango duela osasun zerbitzu duina". Argiñarenaren ustez, "ondo dagoena bere horretan mantentzeko borroka" egin behar da. "Sarri, propaganda merkea egin da gure zerbitzuen kalitateari buruz". Iruditzen zaio adinekoak eurak mugitu behar direla, "administrazioak arazo horri serio eusten ez dion bitartean".

Argiñarenak ohartarazi du erretiratuak "potentzial handi bat" direla, biztanleriaren zati handi bat ordezkatzen dutelako. "Asko astialdi zentroetan elkartzen dira. Badirudi norbaitek nahiago duela formal-formal egon gaitezen, kalera aldarrikatzera irten gabe. Oraindik ez da hasi taldeen arteko elkarlana, baina guztiz beharrezkoa da".

18.148

Biocultura eta Algusto azoken bisitariak. Igaro den asteburuan BEC erakustazokan egindako Biocultura eta Algusto azoketara 18.148 lagun joan ziren, BECek jakinarazi duenez.

Haurren begiradak

ErakusketaBilboHaurrek helduen mundua zelan ikusten duten argitara ematea helburu duen argazki erakusketa bat dago zabalik Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Itsasadarraren bi aldeetako begirada txiki handiak izenburupean, kameraren bitartez mundua no...

ASTELEHENA, AZOKA EGUN BIKOITZA

Joan den astelehenean bi azoka garrantzitsu egin ziren Bizkaian. Gernika-Lumoko urriko lehen asteleheneko ganadu ferian, arraza piriniotarra duen ganadutegi onenaren saria eskuratu zuen Jon Koldo Bikandi iurretarrak. Hamar urtetan seigarrenez eskuratu du txapela. Zallan, berriz, Ganga Eguna izan zuten. Enkarterriko azokarik garrantzitsuenetakoa da. Eskualdeko ekoizle onenak aukeratu ohi dituzte. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak banatu zituen sariak —irudian—.

Bost mende burdina lantzen

Taula periodikoan 26. zenbakia du burdinak. Latinezko ferrum-etik datorkio Fe ikurra. Elementu kimiko horren ustiapenak tradizio luzea izan du Euskal Herrian, Bizkaian bereziki. Mearen kalitate onak, egur ikatza lortzeko basoen ugaritasunak eta ibaiek eskainitako komunikabide oparoak baldintza onak ezartzen zituzten minerala landu eta burdina lortzeko lantegiak izateko. Bizkaian, El Pobalen zegoen burdinola itxi zen azkena. 2013ko Ondarearen Europako Jardunaldien harira antolatutako ekintzen barruan, bihar hitzaldia egingo du Marta Zabala El Pobal museoko zuzendariak, 12:00etan. Adierazi duenez, "burdinolara egiten diren ohiko bisitetan azaltzen ez dena ezagutzera ematea da helburua. 2004an museo gisa zabaldu arte egindako berreraikuntza lan hori ezagutzera eman nahi dugu".

Erdi Arotik gaur egunera arte, mineral horren lanketak zein produkzioak forma ezberdinak izan ditu. Mendietan kokatzen ziren haizeola eta zeharroletatik, ibaietako ur indarra erabiltzen zuten burdinoletara igaro zen, eta hortik, labe garaietako industria modernoraino.

Bizkaiko burdin mearen ugaritasun horren testigu da Meatzaldea eskualdea. Inguru horretan dago El Pobal burdinola, Muskizen. Barbadun ibaiaren arroan, burdinola berezia da, XVI. mende hasieran hasi eta 1965. urtera arte Bizkaian martxan jarraitu zuen bakarra izan baitzen.

Salazarretik Santa Anara

Muñatones gaztelutik eskualdea mendean hartua zuen Salazartarren leinuak jarri zituen olaren lehen harriak, XVI. mende hasieran. Gaur egun garai haietako aztarna gutxi badago ere, urte luzeko ibilbide bati hasiera eman zioten. Burdinolaren garairik oparoenak XVII. eta XVIII. mendeak izan ziren. Garai horretakoak dira egun mantentzen diren eraikuntza asko: lantegia, aireztatze aretoa, tunel hidraulikoa eta urandela, besteak beste.

Teknologia aurrerapenak eta labe garaien sorrerak ekarritako siderurgia tradizionalaren krisia pairatu zuen El Pobalek ere XIX. mendean. Labe garaien sorrerak burdinolak zaharkituta geratzea ekarri zuen, eta XIX. menderako funtzionatzeari utzi zioten. Muskizko ola, krisi horren aurrean merkatuan lehiatu ahal izateko, burdin produkzioari utzi eta metalaren eraldaketa lanetan hasi zen. Eraldaketa horrek azpiegitura berrien eraikuntza ekarri zuen: sutegia, ikaztegiak, harrizko hauspoak eta mailua.

XX. mende hasieran bostek soilik jarraitzen zuten martxan Bizkaian, eta bigarren erdirako El Pobalekoa zen zabalik mantendu zen bakarra. Industria garapenak, ordea, burdinolaren errentagarritasuna merkatutik kanpo geratzea ekarri zuen, eta 1965ean ateak itxi zituen azken burdinola izan zen. Santa Ana de Bolueta izan zen ordutik burdingintza produkzioaren erregina.

Ateak itxi ondoren, 1990ean Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen burdinola, museo gisa zabaltzeko asmoz. Hamalau urtez egin ziren berreraikuntza lanei esker, 2004en El Pobaleko ateak berriz zabaldu ziren. Orain, baina, ez du burdinik sortzen. Berotasun zaharren epeltasuna baino ez zaio geratzen.

Museo bilakatze horrek berreraikuntza lan ugari izan ditu. Zabala El Pobal museoko zuzendariaren esanetan, "egun ikusten dena agerian uzteko lan handia egon da atzetik". Dokumentu eta ikerketa arkeologikoei esker, bost mendeko historia berregitea lortu da. "Kontserbatutako makineriaren berreraikuntza, orduko itxura ematea eta falta zenaren erreplika egitea lan zaila izan da. Kontu handiz eta zehaztasun osoz egin da, izan zenarekiko errespetuz".

Horretaz gain, museo bizia izatea nahi zutela adierazi du Zabalak. Garai bateko tresnak eta makineriak berreraikitzeaz gain, horiek funtzionamenduan jartzea zen helburuetako bat.

Lan horri guztiari esker, burdina lantzeko gehiago erabiliko ez bada ere, haur, gazte zein helduei historian bidaiatu eta burdinaren kultura ezagutzeko aukera ematen du El Pobalek. "Badirudi atzo itxi zutela", dio Zabalak.

Ikuspegi kultural, sozial, ekonomiko zein paisajistikoan eragin zuzena izan du burdinaren kulturak Bizkaiko historian. Alde horretatik, El Pobalen berreraikuntza garrantzitsua izan dela nabarmendu du Zabalak, "oinarrizko sektore baten aztarna baita". Egiten diren bisita gidatuetan ez du denborarik ematen egin den berreraikuntza lan horren nondik norakoak zehaztasunez azaltzeko. Bihar, bada, horretan sakonduko dute.