Sailkatugabeak

Industrialdea bai, baina…

Eskualderako industria eremu erraldoi bat egitea. Hori da, besteak beste, Muxikako Plan Orokorrak jasotzen duena. Alkatetza eskuratu orduko, Bilduk bertan behera utzi zuen. "Aurreko udalaren asmoak bete balira, hauxe onartuko zen Muxikarentzat: 57 hektareako lur industriala, eskolaren ingurua industrializatuta, errepide sareak aurre egin ezinezko zirkulazio bolumena...", salatu du herriko alkate Aitor Goladarazek. Ordutik arazoari irtenbiderik "onena" emateko auzia aztertzen ibili direla dio. Hala, haren berbetan, industrialdea egin egingo da, "baina beste era batera". EAJren aldetik "presioak" jaso dituztela dio, eta horrela erantzun gura diela koalizioak.

Hamasei urte baino gehiago iraungo luketen lanak onetsi zituzten EAJko ordezkariek. Bilduk, ordea, atzera egin du. Autzaganeko errepide berria ere aipatu du alkateak,trenbidearen leku aldaketa eta herria eskualdeko sarrera eta irteera dela oroitarazi du. "Posible al da herritarrak baldintza horietan bizitzea?". Argi utzi gura izan du udal gobernua ez dagoela industrialdearen aurka, aurreko Plan Orokorrak finkatzen zuen industrialde jakin haren kontra baino.

Industrialdea eraikitzen denean "betiko" izango da. Horregatik, ondo egin behar dela ohartarazi du alkateak. "Kutsadura akustikoa, zirkulazio arazoak eta abarrak handitu egingo direnez, hobeto kalkulatu behar dira distantziak". Aurreko proiektuaren eremua eskola eta etxebizitzak dauden lekura arte iristen zen. Hori horrela dela, zorrotz aritu nahi dute: "Udalak herritarren ongizateari eta herriaren hazkundeak sortuko dituen beharrizanei begiratuko die, herritarrek egindako eskaerei eta proposamenei kasu eginda".

Egitasmoak dagoeneko hamar urte bete ditu mahai gainean. "EAJk udala, foru aldundia eta Eusko Jaurlaritza bere esku izan dituen arren, ez du gaitasunik izan behar den moduan eta denon interesak defendatuta aurrera eramateko". EAJk alkatetza zuen garaiko Gernika-Lumoko Udalari egin dizkio Bilduk kritika larrienak. "Apustu garbia egin zuten etxe agentzien negozioen alde, eta, bitartean, industria guztia edo gehiena galdu dugu. EAJren politikak lotarako herri bihurtu du Gernika ia-ia", ohartarazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.

ZDU Zain Dezagun Urdaibai elkarteko kide Erroxeli Ojinagak ere bat egiten du kritika horrekin. Haren esanetan, egun eskualdean dauden industrialdeak merkataritzara edo etxebizitzen eraikuntzara bideratu gura ditu EAJk. Horren adibide modura, Tole-Ebaki XXI enpresaren kasua jarri du. Gernika-Lumoko ibarreko industrialdetik Muxikara eraman dute, eta haren lekuan enpresa berriak jarri ordez Eroski handi bat ireki dela gogorarazi du, "herriko merkataritzari kalte eginez". Busturian ere antzeko zerbait gertatu zela dauka akorduan. Industriarako erabilpena izan behar zuten lur sailei kalifikazioa aldatu eta etxebizitzak eraiki zirela dio Ojinagak, "Muxikan poligonoa egingo zen aitzakian". Azken batean, haren ustetan, "Muxikako industrialde erraldoi honen helburua industriarako erabilera kalifikazioa duten beste guneak hustea da".

Baina salaketa horretan, harago ere joan da. Hau da, Busturialdea Urdaibai biosfera erreserban dagoela dio, eta asko direla babestutako lur sail eta balio naturalak. Ohartarazi du industria erabilpenerako kalifikatuko diren lur sailen truke ez dela beste lur sailik babestu. "Sakonean Urdaibaiko erreserba legeak ezarritako babesaren aurka doaz. Apurka-apurka, industrialdeak eta eraikitzeko guneak sortuz, babestuta daudenak gutxituz joango dira, eta azkenean Unescora joko dute zer babesturik ez dagoela esan eta erreserba kentzeko eskatzera".

Ojinaragak dioenez, Busturialdean hutsik dauden industriarako lur sailekin edota pabiloiekin nahikoa da eskualdeak duen eskaerari erantzuteko. "Datu ofizialen arabera, 40 hektarea daude hutsik eskualde osoan. Ez dago Muxikara joateko beharrik, nekazaritzarako lurzoru babestuak industriarako bihurtzera". Gainera, gogora ekarri du zerrenda bat osatzen hasi zirela. Muxikan eraikiko zen industrialdean fabrika jarri nahi zuten enpresek izena eman behar zuten. Ojinagak dio bakarra agertu zela. "Batentzat Gernika-Lumoko Txaporta gunean edo Muxikako industria lursailetan badago lekua".

Gainera, ekintzaile askoren arazoa jarri du agerian. "Nik ezagutzen ditut beharrik gabe geratu diren eta, adibidez, euren estanpazio enpresa txikia ireki nahi duen jendea. Baina ez dute pabiloirik aurkitzen". Administrazioak horiei lagundu beharko liekeela iruditzen zaio Ojinagari. Horretarako proposamena ere egin du: "Bizkaiko Foru Aldundiak Inama desjabetuko duenez, lursail horretan elkartegi bat sor dezake". Gertuenekoa Igorren dute, Arratian. "Eskualdean bat eraikitzeko egitasmoa egon zen, baina bertan behera utzi zuten". Bestela dagoeneko eraikita dauden industrialdeetan hutsik dauden pabiloiak eskuratzen lagundu beharko liekeela iruditzen zaio. "Birziklatu, berrerabili eta gutxitu. Ez al da hori garapen iraunkorraren ardatza? Ispasterren sasiz beteta dago eta Boroakoa erdi hutsik".

Kudeaketa eredua ezbaian

EAJk agintean egondako urteetan egindako lanaren emaitzatzat jo du Bilduk Inamarekin gertatutakoa, adibidez. "Muxikako Udalean hogei urtean agindu du eten barik, eta horretatik hamabitan gehiengo osoa izan du. Enpresak sortutako ingurumen arazoak kudeatzeko gai ez da izan, eta enpresari dagozkion jarduera lizentziak eguneratzeko ahaleginik ez du egin. Zelan uler daiteke 20 urtean Inamari jarduera lizentzia bakar bat berritzeko gai izan ez, eta orain Bilduk sei hilabetean enpresa itxi duela esatea?", agertu du kexa.

Gernika-Lumon itxitako enpresa mordoaren zerrendari ere erreparatu diote: Dalia, Malta, Idurgo eta Astra aipatuz. 3.000 lanpostutik gora galdu direla salatu du Gorroño alkateak. Eskualdeak suspertze ekonomikoa behar dela dio, eta udalez gaindiko erakundeen parte hartzea eskatu du. "Espero dugu gure bidean gero eta gehiago izatea adostasunak. Azkenean, eskualdearen etorkizuna dago jokoan, eta ez genuke denborarik galdu behar".

Karraspioko aparkalekuen aurkako domeka

MENDEXA. Karraspio hondartzan egin gura duten aparkalekuaren aurkako eguna antolatu dute domekarako.11:00etan, ibilaldia hasiko dute eraikiko den ingurutik. Gero, bertsolariek eta trikitilariek lagunduta, hamaiketakoa egingo dute.

Iaz jaiotako umeek 500 euro jasoko dituzte

ZAMUDIO. Zamudioko Udalak 500 euroko txiki-txekeak banatuko ditu iaz jaiotako edo iaz adoptatutako zamudioztarren artean. 5 eta 50 euro arteko txartelak jasoko dituzte umeen gurasoek, dirua balitz bezala. Herriko denda, taberna eta jatetxeetan ordaint...

Plan Orokorrak Bilbondo handitzea debekatuko du

BASAURI. Basauriko Udalak Hirigintza Plan Orokorra erreformatuko du, Bilbondo saltoki gunea gehiago handitu ez dadin. Hala, aldaketa horri esker, Bilbondok ezingo ditu egun erabiltzen dituen metro koadroak baino gehiago erabili. Gaur egun indarrean da...

“Espainiakoa ez dut orbain gisa ikusten; mundukoa, ordea, bai”

Denboraldi bikaina egiten ari zen arren, Egoitz Murgoitiok (Abadiño, 1983) ez du lortu bere lana biribildu eta Belgikan munduko hamabost onenen artean geratzea. Bizikletako katea apurtuta, hegan egin zion ametsak Abadiñoko gazteari. Hala ere, indarrez beteta dago etorkizunerako.

Itxaropen eta konfiantza handiarekin joan zinen Munduko Txapelketara, baina hasterako okertu zen egoera. Nola bizi izan zenuen erorketa hura?

Aurreko egun bietan zirkuituan ibilita nengoen, eta gustura nengoen lasterketarako; konfiantza neukan. Hala ere, gero, hasi eta berehala katea hautsi eta erori egin nintzen. Hasi orduko bukatu nuen, beraz. Amorrua sentitu nuen, baina horrelakoak ere gertatzen dira.

Halakoetan, min fisikoa erraz ahazten da, baina min psikologikoa gainditzea zailagoa izango da. Zelan zaude?

Ondo. Erorikoa beste era batean gertatu izan balitz, hau da, nire erruz gertatu izan balitz, baliteke gertatutakoari buelta gehiago ematea. Baina katea apurtu zen; beraz, nik ezin izan nuen ezer egin horren kontra. Gertatutakoa ahazten hasita nago.

Erori eta gero, proba batzuk egin behar izan zizkizuten. Ondo al zaude?

Bai, ondo nago. Urratuak ditut oraindik, eta fisura txiki bat ere badaukat behatz potoloan. Munduko Txapelketaren ostean, asmoa geneukan asteburu batean lehiaketa batean parte hartzeko, baina, fisura txiki bat daukadanez eta astebete geldi egoteko agindu zidatenez, denboraldia bukatu artean ez dut gehiago korrituko.

Denboraldi bikaina egin duzu, baina bi orbain izan ditu: Espainiako Txapelketa eta Munduko Txapelketa. Horrela ikusten duzu zuk?

Bai. Batez ere, Munduko Txapelketa izan da orbaina. Azken batean, Espainiako Txapelketako lasterketan ondo aritu nintzen, baina Isaac Suarez ibili zen ni baino indartsuago. Beraz, horren kontra ezin da ezer egin. Ahal izan nuen guztia egin nuen lasterketan, baina beste batek irabazi zidan. Espainiako Txapelketa ez dut orbain gisa ikusten; Munduko Txapelketa, ordea, bai.

Orbain horrek eragina izan dezake babesleak bilatzeko orduan?

Konfirmatuta dauzkagu datorren denboraldirako babesleak. Hala ere, egia da denentzako onena dela Munduko Txapelketa batean lasterketa on bat egin eta lehenengo hamar-hamabosten artean ibiltzea. Garrantzitsua da, pixka bat ezagutarazteko.

Lehenengo hamar-hamabost korrikalarien artean geratzeko asmoarekin joan zinen Belgikara?

Bai, hori zen helburua. Batez ere, lehenengo hamabosten artean sartzea, eta, egun ona izanez gero, ahalik eta postu hoberena eskuratzen saiatzea. Gainera, lasterketa zelan joan zen ikusita, nik uste lortuko nuela lehenengo hamabosten artean sartzea.

Ziklo-kroslarientzat, balantzeak egiteko garaia izaten da otsaila. Zein da Egoitz Murgoitioren balantzea? Zertan asmatu duzu, eta zertan hutsegin?

Aurten oso ondo ibili naizela uste dut. Nahiago nuke berriro lortuko bagenitu urtea hasi orduko izan ditugun emaitzak. Denboraldia ondo joan zen. Iazko udan prestaketa on bat egitea lortu genuen, eta nik uste hori dela bereziki nabaritu duguna.

Iaz ere, denboraldi osoa kanpoan egin genuen, eta uste dut esperientzia hori nabaritu egin dela. Hutsak ere izango genituen, baina, prestaketa aldetik, ahalegina egin dugu dena ahalik eta hoberen egiteko.

Azken denboraldietan, pauso sendoak ematen ari zara. Beste koska bat gora egiteko aukerarik badago hurrengo denboraldirako?

Bai. Iaz egin genuen denboraldi bat kanpoan lehenengo aldiz. Pentsatzen dut aurten nabaritu dugula bigarren denboraldia zela, eta uste dut pixkanaka nabarituko dugula datorren urtera begira. Esperientzia handiagoa ere badaukagu, eta, gauzak egiteko orduan ere, badakigu zer hobe dezakegun. Datorren urtean, ea lortzen dugun nazioartean saltotxo bat ematea.

Azarora arte, ziklo-krosak eman ditu eman beharreko gehienak. Nola eusten dio ziklo-kroslari batek sasoiari?

Hilabete inguruko atsedena hartzen dut normalean, eta gero pixkanaka hasten naiz entrenamenduak egiten: igeriketa apur bat egiten dut, eta, gero, errepideko bizikletarekin entrenamenduak egiten hasten naiz.

Udan, errepideko lasterketa amateurretan parte hartzen dut. Horrez gain, aurten pentsatuta geneukan mendiko bizikleta lasterketa batzuetan ere serioago aritzea —iaz aritu ginen, baina era lasaiagoan—.

Badirudi hurrengo denboraldian Igorreko zirkuitua Munduko Kopatik kanpo geratuko dela, Erromakoaren mesedetan. Kolpe handia izango da hori zuentzat eta Igorreko herriarentzat, ezta?

Bai, hala da. Kopatik kanpo gelditu dela berresten badute azkenean, kolpe handia izango da Igorrerentzat eta guretzat. Izan ere, garrantzitsua izaten da etxean Munduko Kopako lasterketa bat izatea.

Gainera, nik uste dut oso gogorra izango dela Euskal Herriko ziklo-krosarentzat. Urte askoan egon da Munduko Kopako egutegian, eta, azkenean, era horretako lasterketa bat izateak erreferente gisa balio du. Munduko Kopatik kanpo geratzen bada, kolpe handia izango da.

Hurrengo denboraldian ere, Munduko Kopari begira ariko zara bete-betean?

Bai. Munduko Kopa osorik egingo dugu datorren urtean ere, eta, behar bada, saiatuko gara Europan aurten baino lasterketa gehiagotan lehiatzen.

Zein kirolari daukazu eredutzat zuk?

Erreferente gisa, lagun ere izan badudalako, David Seco.

Zenbait teknika irakatsi zizkizun.

Bai; kadeteetan hasi nintzenean, Seco zen nagusi lasterketetan, eta beti izan dut harreman ona harekin. Entrenamenduetan eta kontu askotan lagundu zidan.

Bera ere bizkaitarra da. Zer nolako harrobia dago Bizkaian?

Jendea indartsu dator. 23 urtez azpikoetan, Jonathan Lastra dago, Gomez anaia biak ere bai —Iñigo eta Jon— ... Baina, orain, zaila izaten da gazteeentzat ziklo-krosean aukerarik aurkitzea: babesleei eta federazioari dagokienez ere, ez da garai ona jendea kanpora ateratzeko. Jendea egon badago, eta ea pixkanaka ateratzen dugun.

Oraindik urte asko dauzkazu aurretik, baina, ziklo-kroserako sasoia igaro ondoren, non ikusten duzu zeure burua?

Oraindik ez dut era horretako planteamendurik egin. Nire ustez, gauzak ondo joanez gero, oraindik badauzkat urte batzuk ziklo-krosean ondo ibiltzeko, eta orain hor jarri gura ditut indarrak. Bukaera ikusten dudanean hasiko naiz aukerak aztertzen.

Euskara Bizia batzordea sortu du Foru Aldundiak

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak Euskara Bizia izeneko batzordea sortu du, herrialdean euskararen egoera eta beharrizanak aztertu eta proiektuak proposatzeko. Kultura diputatua izango da burua, eta euskara arloko hainbat eragilek osatuko ...