“Espainiakoa ez dut orbain gisa ikusten; mundukoa, ordea, bai”

Denboraldi bikaina egiten ari zen arren, Egoitz Murgoitiok (Abadiño, 1983) ez du lortu bere lana biribildu eta Belgikan munduko hamabost onenen artean geratzea. Bizikletako katea apurtuta, hegan egin zion ametsak Abadiñoko gazteari. Hala ere, indarrez beteta dago etorkizunerako.

Itxaropen eta konfiantza handiarekin joan zinen Munduko Txapelketara, baina hasterako okertu zen egoera. Nola bizi izan zenuen erorketa hura?

Aurreko egun bietan zirkuituan ibilita nengoen, eta gustura nengoen lasterketarako; konfiantza neukan. Hala ere, gero, hasi eta berehala katea hautsi eta erori egin nintzen. Hasi orduko bukatu nuen, beraz. Amorrua sentitu nuen, baina horrelakoak ere gertatzen dira.

Halakoetan, min fisikoa erraz ahazten da, baina min psikologikoa gainditzea zailagoa izango da. Zelan zaude?

Ondo. Erorikoa beste era batean gertatu izan balitz, hau da, nire erruz gertatu izan balitz, baliteke gertatutakoari buelta gehiago ematea. Baina katea apurtu zen; beraz, nik ezin izan nuen ezer egin horren kontra. Gertatutakoa ahazten hasita nago.

Erori eta gero, proba batzuk egin behar izan zizkizuten. Ondo al zaude?

Bai, ondo nago. Urratuak ditut oraindik, eta fisura txiki bat ere badaukat behatz potoloan. Munduko Txapelketaren ostean, asmoa geneukan asteburu batean lehiaketa batean parte hartzeko, baina, fisura txiki bat daukadanez eta astebete geldi egoteko agindu zidatenez, denboraldia bukatu artean ez dut gehiago korrituko.

Denboraldi bikaina egin duzu, baina bi orbain izan ditu: Espainiako Txapelketa eta Munduko Txapelketa. Horrela ikusten duzu zuk?

Bai. Batez ere, Munduko Txapelketa izan da orbaina. Azken batean, Espainiako Txapelketako lasterketan ondo aritu nintzen, baina Isaac Suarez ibili zen ni baino indartsuago. Beraz, horren kontra ezin da ezer egin. Ahal izan nuen guztia egin nuen lasterketan, baina beste batek irabazi zidan. Espainiako Txapelketa ez dut orbain gisa ikusten; Munduko Txapelketa, ordea, bai.

Orbain horrek eragina izan dezake babesleak bilatzeko orduan?

Konfirmatuta dauzkagu datorren denboraldirako babesleak. Hala ere, egia da denentzako onena dela Munduko Txapelketa batean lasterketa on bat egin eta lehenengo hamar-hamabosten artean ibiltzea. Garrantzitsua da, pixka bat ezagutarazteko.

Lehenengo hamar-hamabost korrikalarien artean geratzeko asmoarekin joan zinen Belgikara?

Bai, hori zen helburua. Batez ere, lehenengo hamabosten artean sartzea, eta, egun ona izanez gero, ahalik eta postu hoberena eskuratzen saiatzea. Gainera, lasterketa zelan joan zen ikusita, nik uste lortuko nuela lehenengo hamabosten artean sartzea.

Ziklo-kroslarientzat, balantzeak egiteko garaia izaten da otsaila. Zein da Egoitz Murgoitioren balantzea? Zertan asmatu duzu, eta zertan hutsegin?

Aurten oso ondo ibili naizela uste dut. Nahiago nuke berriro lortuko bagenitu urtea hasi orduko izan ditugun emaitzak. Denboraldia ondo joan zen. Iazko udan prestaketa on bat egitea lortu genuen, eta nik uste hori dela bereziki nabaritu duguna.

Iaz ere, denboraldi osoa kanpoan egin genuen, eta uste dut esperientzia hori nabaritu egin dela. Hutsak ere izango genituen, baina, prestaketa aldetik, ahalegina egin dugu dena ahalik eta hoberen egiteko.

Azken denboraldietan, pauso sendoak ematen ari zara. Beste koska bat gora egiteko aukerarik badago hurrengo denboraldirako?

Bai. Iaz egin genuen denboraldi bat kanpoan lehenengo aldiz. Pentsatzen dut aurten nabaritu dugula bigarren denboraldia zela, eta uste dut pixkanaka nabarituko dugula datorren urtera begira. Esperientzia handiagoa ere badaukagu, eta, gauzak egiteko orduan ere, badakigu zer hobe dezakegun. Datorren urtean, ea lortzen dugun nazioartean saltotxo bat ematea.

Azarora arte, ziklo-krosak eman ditu eman beharreko gehienak. Nola eusten dio ziklo-kroslari batek sasoiari?

Hilabete inguruko atsedena hartzen dut normalean, eta gero pixkanaka hasten naiz entrenamenduak egiten: igeriketa apur bat egiten dut, eta, gero, errepideko bizikletarekin entrenamenduak egiten hasten naiz.

Udan, errepideko lasterketa amateurretan parte hartzen dut. Horrez gain, aurten pentsatuta geneukan mendiko bizikleta lasterketa batzuetan ere serioago aritzea —iaz aritu ginen, baina era lasaiagoan—.

Badirudi hurrengo denboraldian Igorreko zirkuitua Munduko Kopatik kanpo geratuko dela, Erromakoaren mesedetan. Kolpe handia izango da hori zuentzat eta Igorreko herriarentzat, ezta?

Bai, hala da. Kopatik kanpo gelditu dela berresten badute azkenean, kolpe handia izango da Igorrerentzat eta guretzat. Izan ere, garrantzitsua izaten da etxean Munduko Kopako lasterketa bat izatea.

Gainera, nik uste dut oso gogorra izango dela Euskal Herriko ziklo-krosarentzat. Urte askoan egon da Munduko Kopako egutegian, eta, azkenean, era horretako lasterketa bat izateak erreferente gisa balio du. Munduko Kopatik kanpo geratzen bada, kolpe handia izango da.

Hurrengo denboraldian ere, Munduko Kopari begira ariko zara bete-betean?

Bai. Munduko Kopa osorik egingo dugu datorren urtean ere, eta, behar bada, saiatuko gara Europan aurten baino lasterketa gehiagotan lehiatzen.

Zein kirolari daukazu eredutzat zuk?

Erreferente gisa, lagun ere izan badudalako, David Seco.

Zenbait teknika irakatsi zizkizun.

Bai; kadeteetan hasi nintzenean, Seco zen nagusi lasterketetan, eta beti izan dut harreman ona harekin. Entrenamenduetan eta kontu askotan lagundu zidan.

Bera ere bizkaitarra da. Zer nolako harrobia dago Bizkaian?

Jendea indartsu dator. 23 urtez azpikoetan, Jonathan Lastra dago, Gomez anaia biak ere bai —Iñigo eta Jon— … Baina, orain, zaila izaten da gazteeentzat ziklo-krosean aukerarik aurkitzea: babesleei eta federazioari dagokienez ere, ez da garai ona jendea kanpora ateratzeko. Jendea egon badago, eta ea pixkanaka ateratzen dugun.

Oraindik urte asko dauzkazu aurretik, baina, ziklo-kroserako sasoia igaro ondoren, non ikusten duzu zeure burua?

Oraindik ez dut era horretako planteamendurik egin. Nire ustez, gauzak ondo joanez gero, oraindik badauzkat urte batzuk ziklo-krosean ondo ibiltzeko, eta orain hor jarri gura ditut indarrak. Bukaera ikusten dudanean hasiko naiz aukerak aztertzen.