Musikarekiko grina eta zaletasuna aldizkari batera ekarri ditu gazte batek

Pablo Rodriguez (1990) gazte lemoaztarrak txikitatik izan du gogoko musika. Horregatik, ez da harritzekoa gitarra edo liburu batekin herriko kaleetan barrena ikustea. Zaletasun horren inguruan asko irakurri eta hausnartu ondoren, fanzine bat egiteko ideia bururatu zitzaion. “Hainbeste musika irakurri eta entzunda, hauxe pentsatu nuen: Beste batzuek egin badute, nik zergatik ez ez dut argitaratuko fanzine bat?”. Pentsatu, eta egin. Zenbait hilabetetan buru-belarri lanean ibili eta gero, kalean da Run Together Fanzine izeneko musika aldizkariaren aurreneko zenbakia. “Iaz hasi nintzen testuak lantzen, baina azken hilabetean egin dut aurrerapen handiena. Familia eta lagunekin ibiltzeko ia ez dut denborarik izan”, azaldu du Rodriguezek.

Estilo askotako musika atsegin du gazteak. Eta fanzineak horren isla izan nahi du. Punk, rock, ska eta reggae doinuak daude, besteak beste. Urteei erreparatuta ere, aniztasuna ikusten da. Lemoaztarrak 60ko eta 70eko hamarraldietako taldeei buruzko abestiak eta informazioa gaur egungoekin uztartzeko asmoa izan du. Baita lortu ere. “Nik denborarekin pixkanaka barneratu ditudan estilo, hamarkada eta musika taldeak agertuko dira aldizkariak dituen ataletan”.

Era berean, eta musika taldeen esparruan, oparotasuna ikusten da. Arratiakoak, Euskal Herrikoak zein kanpokoak azaltzen baitira. Izan ere, Rodriguezen helburu nagusietako bat “musika talde txikiak” ezagutzera ematea da. “Arratian taldeak egon badaude. Materia Gris eta Bidean Galduta, adibidez. Orain, horiek hemendik kanpo ezagun egitea lortu behar dugu”. Horregatik, bereziki Arratiako taldeei eskainita dagoen atal bat sortu du aldizkarian.

Baina ez da eskualde horretako musikari bultzada ematea fanzinearen heburu bakarra. Rodriguezek jendea, batez ere, gazteak musikara erakarri nahi du. Eta horretarako baliatu duen tresna irakurketa da. “Nik orain dela urte batzuk arte ez nuen musikaren inguruko aldizkaririk irakurtzen. Hala ere, mundu honetan lan egiten duen jendeak denbora libre eta diru ugari uzten du, eta nolabait eskertu beharra dago”, nabarmendu du.

Gazte lemoaztarrak uste du aldizkariak harrera ona izan duela. “Jendeak esan dit proiektu ona dela, horrelako zerbait behar zela”. Hala ere, diru laguntzarik ezean egitasmoa aurrera ateratzea zaila dela gaineratu du. “Nik ez dut laguntza ekonomikorik jaso, eta atera ditudan 50 aleak doan banatu ditut. Hori diru aldetik kostu handia da”.

Zenbait unetan izan dituen oztopo eta une aldrebesak gainditzeko, ingurukoen babesa eduki du. Batez ere, Ruben Garcia eta Asier Elorz lagunena. “Garciak ordenagailuen mundua ezagutzen du. Berarengandik maketa eta programei buruzko gomendio eta xehetasunak jaso ditut. Elorzek, berriz, zer argazki eta irudi erabili aholkatu dit”. Kuadrillako bi kide horienaz gain, Alacanteko (Herrialde Katalanak) anaia biren laguntza ere eskertu du. “Alacantetik testu asko idatzi dizkidate, eginbeharra erraztu didate”, esan du Rodriguezek.

Etorkizunari begira jarrita, urtero aldizkari bat kaleratzeko nahia duela adierazi du Rodriguezek. “Nire hasierako asmoa urtean zenbaki bat kaleratzea da”. Hurrengoa prestatzen hasita dago. “Fanzineko elkarrizketa eta testu batzuk aurreratuta dauzkat”.

Gaurko jaialdia

Lemoako Gaztetxeak Run Together Fanzine jaialdia antolatu du gaur gauerako. 21:00etan hasiko da emanaldia. Txapel Punk musika talde bizkaitarraren doinuak entzungo dira. Horretaz gain, hiru euroren truke, Rodriguezen aldizkariaren bigarren edizioa erosteko aukera egongo da. Gazteak bere zaletasunaz gozatzeko eguna du gaurkoa, hainbeste lan egin ondoren merezitako aitorpena jasotzekoa.