Iritzia

Eskerrak emon eta oroitu

Nire lagun bihotzekoa zan Gregorio Unibaso joan zanean pentsau neban zeozer idatzi behar nebala bere dedikazinoa, errespetoa eta leialtasuna eskertzeko, bai neuri zein Laukizeri. Ez neban egin bildurrak eraginda, seguruenik, ez nebalako jakin zelan azaldu azaldu beharreko guztia. Baina hauxe da une egokia. Eskerrak emon gura dautset Gregoriori, Luis Basterretxeari, Idoia Irustari eta lagun-aholkulari izan neban Jesus Canori.

Gregorio, alguazila baino gehiago izan zintzan, zure Cuatro F-gaz bueltaka eta bueltaka, gasolina sekulan kobratu barik... Leiala, langile porrokatua eta hamaikatxu dohairen jaube. "Itxaskun, hau ezin da halan izan...", esaten zeustan. Nik preguntetan neutsun: "Gregorio, hau zelan egin leiteke?", eta zuk beti topetan zenduan konponbideren bat. Ixil-ixilik. Seguru nago zure seme-alabek eta zure andrak jakin izan ebela une mingotsak izan zenduzala. Zelan kantetan zenduan gure almortzuetan! Beti egoten zintzan umoretsu eta danon lagun, batez be EAJ zatitu zanean. Dana errazten zenduan.

Luis, Luis Basterretxea. Nondik hasi? Ezer baino arinago parkamena eskatu behar dautsut joan zintzanean enebalako jakin merezi zenduan moduan agur esaten. Parkamenik ez dot merezidu, baina une latza izan zan niretzat. Sentiduten dot, Baste, hori be bizitzaren zati bat da eta halaxe ataraten dira gauzak.

Baste, barruan eroaten zenduan herri hau, zure Aberria, euskaldunen aberria, zure baserria... dotore, agintzekoa, maitagarria, alaia, arteza. Ezin dot ahaztu irakatsi zeustan guztia. Hori guzti hori praktikara eroan dot eguneroko nire bizitzan eta horri esker ondo atara naz une latzetatik. Zuri esker ikisi neban umiltasune, familia maitatzeko beharra, edukazino ona eta giro bikaina maitatzeko joerea... Anfitrioi ezinhobea izan zintzan!

Idoia, maitea, zu bigarren olatuan etorri zintzan udaletxera. Baina ezer baino gehiago nire laguna izan zintzan. Zuri buruz dana esan zan zure agurrean. Handi-handia eta maitagarri-maitagarria. Halaxe zintzan eta eskuzabala be bai. Rafari gutxitan deituten dautsat, inoz bez, egia esanda, baina beti izaten zaituet gogoan eta esan behar dautsut ez dotela sekulan zu lako langile porrokatua topatu.

Jesus, zureak ustekabean harrapau gaitu, ustekabean harrapau nozu. Akordetan naz zelako arpegia imini zenduan udala osotzeko bilkuran nire petatxoz beteriko praka eroan nebanean. Nik uste neban dotore joan nintzala ekitaldira, baina... Orduan nire protokolo burua bihurtu zintzan eta Basteren osagarria. Lagun leiala eta aholkularia orain aste betera arte, beti arduratuta gauzak ondo egin behar ziralako eta beti kritiko. Badakizu ez jatala kritikea gustetan, baina ohituten joan nintzan eta horrek on egin eustan.

Alaia, umoretsua aurrekontu hura prestau genduanean Jon Cuñadogaz batera ahal zana egokituten. Bastek eta zuk borrokatu egiten zenduzan pezeta bakotxegaitik, Unberako egin beharreko zerbitzu bakotxagaitik. Lan zoragarria egin zenduan eta horri esker komunitate biak batuago ibili ziran. Luisek, hil baino lehen ekarpen zehatzak egin eutsazan orduko hauteskunde programeari "Izaskun, honeek kaleok asfaltau behar dira. Oso txarto dagoz. Konpondu behar dira..." Eragin gutxi izan eban gureak baina egin genduan.

Jesus, zuk prestatu zenduan legealdi hartan izan genduzan ekitaldirik garrantzitsuenak. Honexegaitik izan zintzan nire protokolo burua. Zuri esker izan nintzan alkatesarik inportanteena, badakizu... Eztabaidau egiten genduan asko, danagaitik, dana imini genduan kolokan diskusino hareetan, baina lantalde itzela osotu genduan.

Lauron ganean esan behar dot arima izan zenduzala. Bizitza maite izan dozue, onean eta txarrean. Familia, lagunak eta gure aberria, Euskal Herria maite izan dozue. Zeuen leialtasuna eta errespetua neurribakoak izan ziran. Danak ziran bardinak zeuen aurrean eta dana egin zenduzan debalde. Gaur lako egoerean batek baino gehiagok pentsau egin beharko leuke honen ganean.

Eskerrak Gregoriori, Luiseri, Idoiari eta Jesuseri Laukizen alde eskuzabal egindako guztia.

EHZagutu

Orain dela pare bat urte gertatu zitzaigun. Habanako hotel bateko azken solairuan geunden gosaltzen, sabaitzat urtarrileko hodei zoragarriak baino ez. Euskaraz geniharduen, eta alboko mahaiko emakumeak berehala zorroztu zituen belarriak. Alde egiteko zorian geundela, ezin izan zion galderari eutsi: "Euskaraz ari zarete, ezta?". Guk baietz. Bere burua aurkeztu zuen, eta baita alboan zuen alaba nerabearena ere bai. Argentinarrak ziren, jakin-min handikoak eta, hau bai harrigarria, jatorrak. Solasean jarraitu genuen tarte batez, bizitzaz eta politikaz. Banandu aurretik, azken galdera bota zigun: "Beraz, separatistak zarete, ezta?". Ezetz, irrikitan geundela bat egiteko Bidasoaz bestaldekoekin, izatekotan baterazaleak ginela. "Bitxia da, inoiz ez dut planteatu afera ikuspuntu horretatik", erantzun zigun.

Egia esan, errazagoa da esaten egiten baino. Badago ikasleekin urtero egiten dudan ariketa bat. Berriketaldiari ekin aurretik, Erramun Baxok Suhuskuneko euskaltzaleak idatzi zuen artikulu bat banatzen diet. Bertan, Baxokek kontatzen du zelan ibili zen Ipar zein Hego Euskal Herrian galderak egiten hiri batzuen arteko distantziei buruz. Bere asmoa mugaren eragin psikologikoa aztertzea zen; adibidez, baionarrei galdetzen zien ea zein zegoen hurbilago, Paue (100 km) edo Donostia (50 km). Ez da zaila emaitza irudikatzea, ezta? Donostiar askok, esaterako, Tutera (200 km) Maule (130 km) baino hurrekoago sentitzen dute. Mugaren ondorioz euskal herritar gehienok buruan daukagun EHko mapa nahiko distortsionatua dago: hegotik begiratuta Euskal Herri buruzabala ikusten dute (ia Garonarainokoa!); iparretik, aldiz, tripa-handia (Gasteiz ia Burgosen parean, Tutera Soriako goilautadan…). Hurrengo minutuetan izaten dugun solasaldian beti konstatatzen dut gauza bera: ikasle gehienentzat, Frantzia Bidasoan hasten da.

Beraz, prakak bete lan daukagu gure pentsalari batek oinarrigintza deitu zuen arlo zabal honetan. Zelan indartu harremana Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako biztanleekin? Ziurrenik, bide bakarra beste arlo guztietan funtzionatzen duen berbera izango da: eurei buruz daukagun ezagutza handituz. Ezagutzak interesa pizten du, eta interesak inplikazioa dakar. Horretarako mila aukera daude, baina nik neuk EHZ festibalera hurbiltzea proposatzen dizuet. Eta, aukeran, laguntzaile moduan joatea. Ez zaizue damutuko. Ez duzue lo askorik egingo, lan-txanda surrealistaren bat egokitu zaizue eta zortearen arabera blai eginda edo egosita amaitu ahal duzue egonaldia. Baina, hori bai, aukera profitatzen baduzue, hurrengoan ere bueltatuko zarete Heletako plazan izaten den giro magikoaz gozatzera.

Orain, murgiltze sakonagoa nahi duenarentzat badaukat beste bi proposamen alternatibo: bata, Baionako bestetan galtzea (adi! aurten uztailaren amaierara aurreratu dituzte); bestea, aparta benetan, udaldia Zuberoako Altzürüküko baserri batean ematea behiei eta ardiei azpiak egiten. Bertzerik ez bada, kantuan behintzat ikasiko duzue.

%12,9

Bizkaiko esportazioek behera egin dutena. Bilboko Merkataritza Ganberaren arabera, Bizkaiko esportazioek %12,9 egin dute behera aurtengo lehen hiruhilekoan. Iaz, sasoi berean %30 hazi ziren. Janari eta edariekin batera, produktu kimiko eta plastikoen esportazioak dira hazi diren bakarrak.

ORAIN ARTEKO ZERBITZUARI EUSTEKO

BBK-k Bizkaiko hainbat herri txikitan orain arte eskaintzen zituen zerbitzuak kendu edo gutxitzeko erabakia hartu du, dirua aurrezteko. Zerbitzu horien bila herri handiagoetara joan beharrak euren herritarrei —batez ere adinekoei— eragingo dien kalteaz jakitun, hainbat alkate kexatu egin dira. Hala, Lanestosako, Busturiko, Eako, Elantxobeko, Atxondoko eta Aulestiko alkateak Bilbon izan ziren eguaztenean. BBKren egoitza nagusian, zerbitzu horiei eusteko eskaera aurkeztu zuten.

Murrizketak mankomunitatean

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak 2012. urteko aurrekontuak onartu zituen otsailean, EAJ, PP eta Plentziako Independienteen ordezkarien aldeko botoekin. Mankomunitateak hiru milioi euroko aurrekontuak onartu zituen; hots, 2011. urtean baino %14 g...

1.747

Gutxieneko errenta jasotzeko baldintza bakoak. Aldundiak emandako datuen arabera, iaz 36.887 bizkaitarrek jaso zuten diru sarrerak bermatzeko errenta. Horietatik 1.747k aurten ez dituzte betetzen baldintzak.

Atzo, gaur, etzi

Aurtengo lehenengo aldia. Estreinaldia. Oin zuri biluziak ur hotzetan, plis-plas; oin zuri, azal bigunak haitz gogor eta goroldio likinaren gainean, txiri-txara. Freskoa bezain ausarta izan da ur irabiatuaren diosala, marea eraberrituen atarian. Gogot...

%40

Autoa gidatzeko baimen berrien beherakada Bizkaian. 2008tik 2012ra, %40 jaitsi dira Bizkaian autoa gidatzeko baimen berriak. Gaur egun, hilabetean, 1981ean adina baimen onartzen dira batez beste.

AUZOAREN ARDATZ IZANGO DA ELIZA

Mario Izeta gotzainak eta Eneko Arruebarrena Leioako alkateak (EAJ) Basaez auzoan eraikiko den San Bartolome elizako lehen harria jarri zuten gaur zortzi. Laster, babes ofizialeko 200 etxebizitza eraikiko dituzte inguruan, eta, alkatearen esanetan, el...

Institutuan

Aste honetan ere estu eta larri zabiltza beharrean. Ez dakizu zertan desbideratu zaren tentuz egindako plangintzatik, baina mirari bat beharko duzu Batxilergoko azterketak garaiz zuzentzeko. Zorte apur batekin, zaintza ordu lasaia izango da, eta urrezko minutu horiek baliatu ahal izango dituzu. Baina ez, itzartu zaitez, ametsetan ari zara. Asteartetik gaixo dauden lankideei ebakuntza txiki bat duen irakaslearen baja gehitu zaie. Beraz, pasabideetako erronda egiteaz gain, hiru gelatara joan beharra dago. Zaintza gelako koadernoan egin behar duten lana ondo azalduta dagoen arren, badakizu ikasleek ezer gutxi aurreratuko dutela aste osoan.

Noiztik ari gara jasaten antzeko egoerak? Bada, 2010eko udaberrian CCOOk eta UGTk eta Jaurlaritzak lan hitzarmena sinatu zutenetik. Zehaztu zituzten neurrien artean bi aipatuko ditut, biak ere hezkuntzaren kalitateari gogor erasaten diotenak: batetik, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen kopurua murriztea sailkapen horretan sartzeko baldintzak gogortuz; bestetik, ordezkapenak seigarren egunetik aurrera betetzea —ordura arte jarraian deitzen zuten ordezkoa—. Ez da zaila irudikatzea zein probetxu gutxiko orduak diren horrelako zaintzak, sarritan irakasleak ezagutu ere ez baititu egiten ikasleak eta ikasgaia ere ez baita bere arlokoa. Horrela, azken bi urteotan higatzen joan da ikastetxeetako giroa.

Eta zein izan da murrizketa horien aurka eman dugun erantzuna? Bada, funtsean, egun bateko greba egitea (pare bat). Emaitza bistan da: hutsaren hurrengoa. Langileon azken presio tresna dena modu egokian erabili ezean, horixe gertatu ahal da, emaitzarik ez lortzea eta jendea erretzen joatea. Aurton, berriz, argi gorriak pizteko unea heldu zaigu. PPren gobernua buldozerrarekin sartu da ikastetxeetan eta, bere asmoak betez gero, txiki utziko ditu aurrekoen triskantzak.

EAEn bizi dugun egoerak nahasmena sortu du. Bistakoa da Lopezen lantaldeak ez duela luzaroan jarraituko eta, horren aurrean, EILASek eta ELAk nahiago dute itxarotea; LABek, aldiz, uste du lanuzteekin jarraitu behar dela. Batzuei zein besteei martxoan gurera etorri zirenean esan geniena errepikatuko nieke: edozein bide hartu aurretik, egin bilerak zentroetan, eta eskatu iritzia afiliatuei. Badaude hainbat proposamen interesgarri presioa egiteko, eta merezi du horiek patxadaz aztertzea. Espainian zehar eta Nafarroan jazotzen ari denak argi erakusten du nondik etorriko diren datorren ikasturtean. Prest egon behar dugu hasieratik erantzuteko eta aliantzak sortzeko hezkuntza komunitate osoarekin (familiekin bereziki).

Madrileko lagun batek, maisua eta CGTko kidea bera, esan didan moduan, "funtsezkoa da galdera honi erantzutea: uste dugu murrizketa hauek kalte larria egingo diotela hezkuntzari? Erantzuna baiezkoa bada, horren pareko erantzuna eman beharko diogu". Badirudi azterketak eta abarrak ez direla izango gure buruko min bakarra hurrengo hilabeteotan.