Murrizketak mankomunitatean

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak 2012. urteko aurrekontuak onartu zituen otsailean, EAJ, PP eta Plentziako Independienteen ordezkarien aldeko botoekin. Mankomunitateak hiru milioi euroko aurrekontuak onartu zituen; hots, 2011. urtean baino %14 gutxiago. Anabel Landa jeltzaleak zuzentzen duen Mankomunitateak murrizketak egin zituen hainbat arlotan; baina Euskara Zerbitzua eta Berdintasun Saila izan dira, ezbairik gabe, murrizketarik handienak pairatu dituztenak. Murrizketa horien ondorioz, Euskara Zerbitzuan langile bat kaleratua izan da, eta Berdintasun Sailaren kasuan, berriz, 70.000 eurotik 50.000 eurotara jaitsi da aurrekontua.

Maiatzaren 18ko Bizkaiko Hitzean, Udaletxeko balkoitik atalean, Berangoko alkatea ere baden Anabel Landari elkarrizketa egin zion BERRIAk. Bertan, Mankomunitateko presidenteak murrizketa horien erantzukizuna Sopelako Udalari leporatu zion. Haren ustez, Sopelako Udalak “tokatzen zitzaion dirua” ez du jarri, “eta horren ondorioz egin dira murrizketak”.

Hasteko, gure harridura azaldu nahi dugu Landak egindako adierazpenengatik. Mankomunitateko 2012ko aurrekontuak EAJ, PP eta Plentziako Independienteen aldeko botoekin onartu ziren; Sopelako Udal Gobernuko eta gainontzeko Bilduko ordezkariok aurka bozkatu genuen, murrizketa horiekin eta aurrekontuak onartzeko prozedurarekin ados ez geundelako. Izan ere, EAJk aldebakartasunez onartu ditu aurrekontuak. Bildukook hainbat proposamen aurkeztu genituen arren, EAJk ez ditu ekarpenok aintzat hartu eta ez du inolako negoziaziorik bultzatu. Beraz, paradoxikoa da Mankomunitateko presidenteak Bilduri murrizketa horiek leporatzea, presidentea izan arren murrizketa horiek bultzatu dituena.

Bestalde, “tokatzen zitzaion dirua” ez jartzea egotzi dio Sopelako Udalari. Mankomunitatea Uribe Kostako zazpi herrik osatzen dute: Berango, Sopela, Barrika, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz. Zazpi herriek euren ekarpen ekonomikoa egiten diote Mankomunitateari, eta Sopela da, hain zuzen ere, ekarpenik handiena egiten duen udalerria. Aurten, Mankomunitatera bideratzen den diru saila murriztu dute eskualdeko zazpi herriek, eta Sopelakoa inondik inora ez da izan aurrekontua gehien jaitsi duen udala. Are gehiago, oraindik ere, Sopelako Udala da Mankomunitateari ekarpenik handiena egiten dion udalerria.

Izan ere, Mankomunitatea elkartasunean oinarritutako erakunde gisa ulertzen dugu. Herri txikiek ezin diote hainbat zerbitzuri aurre egin, eta inguruko herriekin indarrak batuz, guztientzat onuragarriak diren zerbitzuak eskura daitezke. Horrelako adierazpenek, baina, kalte egiten diote Mankomunitatearen filosofiari, herrien arteko lehia sortzen dutelako.

2013. urteko aurrekontuak onartzeko orduan, gainontzeko alderdi politikoen, Mankomunitateko langileen eta Uribe Kostako herritarren iritzia eta ekarpenak kontuan hartzeko gonbita egin nahi diogu Mankomunitateko presidenteari. Azken finean, Mankomunitatean herri eta iritzi politiko ezberdinetako ordezkariak batzen gara, eta, beraz, beharrezkoa da gure artean elkarrizketa eta negozioazioa bultzatzea, interes politikoen gainetik interes orokorrari lehentasuna emanez.