Institutuan

Aste honetan ere estu eta larri zabiltza beharrean. Ez dakizu zertan desbideratu zaren tentuz egindako plangintzatik, baina mirari bat beharko duzu Batxilergoko azterketak garaiz zuzentzeko. Zorte apur batekin, zaintza ordu lasaia izango da, eta urrezko minutu horiek baliatu ahal izango dituzu. Baina ez, itzartu zaitez, ametsetan ari zara. Asteartetik gaixo dauden lankideei ebakuntza txiki bat duen irakaslearen baja gehitu zaie. Beraz, pasabideetako erronda egiteaz gain, hiru gelatara joan beharra dago. Zaintza gelako koadernoan egin behar duten lana ondo azalduta dagoen arren, badakizu ikasleek ezer gutxi aurreratuko dutela aste osoan.

Noiztik ari gara jasaten antzeko egoerak? Bada, 2010eko udaberrian CCOOk eta UGTk eta Jaurlaritzak lan hitzarmena sinatu zutenetik. Zehaztu zituzten neurrien artean bi aipatuko ditut, biak ere hezkuntzaren kalitateari gogor erasaten diotenak: batetik, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen kopurua murriztea sailkapen horretan sartzeko baldintzak gogortuz; bestetik, ordezkapenak seigarren egunetik aurrera betetzea —ordura arte jarraian deitzen zuten ordezkoa—. Ez da zaila irudikatzea zein probetxu gutxiko orduak diren horrelako zaintzak, sarritan irakasleak ezagutu ere ez baititu egiten ikasleak eta ikasgaia ere ez baita bere arlokoa. Horrela, azken bi urteotan higatzen joan da ikastetxeetako giroa.

Eta zein izan da murrizketa horien aurka eman dugun erantzuna? Bada, funtsean, egun bateko greba egitea (pare bat). Emaitza bistan da: hutsaren hurrengoa. Langileon azken presio tresna dena modu egokian erabili ezean, horixe gertatu ahal da, emaitzarik ez lortzea eta jendea erretzen joatea. Aurton, berriz, argi gorriak pizteko unea heldu zaigu. PPren gobernua buldozerrarekin sartu da ikastetxeetan eta, bere asmoak betez gero, txiki utziko ditu aurrekoen triskantzak.

EAEn bizi dugun egoerak nahasmena sortu du. Bistakoa da Lopezen lantaldeak ez duela luzaroan jarraituko eta, horren aurrean, EILASek eta ELAk nahiago dute itxarotea; LABek, aldiz, uste du lanuzteekin jarraitu behar dela. Batzuei zein besteei martxoan gurera etorri zirenean esan geniena errepikatuko nieke: edozein bide hartu aurretik, egin bilerak zentroetan, eta eskatu iritzia afiliatuei. Badaude hainbat proposamen interesgarri presioa egiteko, eta merezi du horiek patxadaz aztertzea. Espainian zehar eta Nafarroan jazotzen ari denak argi erakusten du nondik etorriko diren datorren ikasturtean. Prest egon behar dugu hasieratik erantzuteko eta aliantzak sortzeko hezkuntza komunitate osoarekin (familiekin bereziki).

Madrileko lagun batek, maisua eta CGTko kidea bera, esan didan moduan, “funtsezkoa da galdera honi erantzutea: uste dugu murrizketa hauek kalte larria egingo diotela hezkuntzari? Erantzuna baiezkoa bada, horren pareko erantzuna eman beharko diogu”. Badirudi azterketak eta abarrak ez direla izango gure buruko min bakarra hurrengo hilabeteotan.