Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Bizkaia

850.000 euro Behargintza zentroak finantzatzeko

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudelek akordio bat sinatu dute, Behargintza tokiko garapen eta enplegu bulegoak finantzatzeko. Hala, foru erakundeak 850.000 euroren diru sorta onartu du horretarako. Zentro bakoitzak, gehienez, 75.000 euro jaso aha...

ROCK ETA HEAVY GAUAK GAUR ETA BIHAR

Rock eta heavy doinuek beteko dituzte gaur eta bihar Barakaldo inguruak, Edaska Rock klubak antolatutako kontzertuen bitartez. Madrilgo Steel Horse —irudian— taldearen emanaldia izango da gaur. Judas Priest, Iron Maiden, Black Sabbath eta Accept taldeen ildo edo estiloari jarraitzen dio talde horrek. Aurretik, Barakaldoko Seven Black Roses taldeak ekingo dio gauari, 21:00etan. Sarrerak zortzi euro balio du. Bestalde, bihar Bizkaiko lau talderen ikuskizuna egongo da: Dementzia, Eskean, Striknina eta Napalm igoko dira agertokira. 20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrerak hiru euro balio du.

Udalerako lehen harria

Herritarren gogoa 1980ko hamarkada bukaeran zutenaren parekoa da. Baina oraingo honetan, orduan ez bezala, helburua lortuko dutela sinetsita daude. Usansolo Galdakaotik bereizi eta auzo izateari utzita herri bihurtzea: horixe nahi dute. Horretarako so...

Bat egite eta banatze ugari egon da XX. mendean

Frankismoaren aginduz, hainbat herri txiki handiagoen menpera igaro ziren 1960ko hamarkadan. Erandio, Sondika, Derio, Loiu eta Zamudio, esaterako, Bilboko auzo bihurtu ziren. Gernikak Forua, Murueta, Kortezubi, Ajangiz eta Arratzu hartu zituen, Markin...

Literaturarekin lotura duten ilustrazioen erakusketa Barakaldon

Barakaldoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara, Kirol eta Gazteria Arloak antolaturiko literatura jardunaldiak martxan dira. Bada, prestatutako jardueren artean, Ilustra-acciones erakusketak aipamen berezia merezi du. Izan ere, margolanen egileak hiru ahizpa barakaldar dira: Piedad, Carmen eta Begoña Ortiz de Urbina, hain zuzen ere.

Literaturarekin lotura duten margolanak bildu dituzte erakusketan. Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez, hiru ahizpak artista autodidaktak dira, eta "ilustrazio arloan esperientzia handia daukate". Margolanak apirilaren 30a bitarte ikus daitezke udal erakusketa aretoan.

Hiru erakusketa gunetan

Ortiz de Urbina ahizpen artelanen artean, argitaratutako irudiak eta proiektu berrien parte izango direnak ikusi daitezke. Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan ere ikus daitezke haien lanak.

'ILUSTRA-ACCIONES' ERAKUSKETA

Non. Barakaldoko erakusketa udal aretoan eta Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan

Noiz. Apirilaren 30era arte.

Xake maisuaren bila

Xake txapelketa

Zornotza

Taktika, estrategia eta logika ezinbesteko ezaugarriak dira xakean jokatzeko orduan; eta hiru elementu horiek beharko dituzte Zornotzan lehiatuko diren 24 kideek. Izan ere, domeka honetan jakingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurtengo xake txapeldunaren izena.

Xake Txapelketa Absolutuak 27. aldia du aurten. Astelehenean hasi zen, eta, aste guztia lehian ibili ondoren, etzi bukatuko da. Irabazleak 800 euroko saria lortuko du, eta Espainiako txapelketan zuzenean parte hartzeko aukera.

Lehian daudenek isiltasuna eta lasaitasuna eskertuko dituzte, baina edozein pertsona joan daiteke protagonistak ikustera Zelaieta zentroan. Gaur eta bihar, 16:00etan izango dira bosgarren eta seigarren txandak. Finala, berriz, etzi hasiko da, 09:30ean. Zornotzara joaterik ez duenak herriko xake klubaren webgunearen bidez ikus dezake txapelketa, zuzenean. Norgehiagokarekin batera, xakearen inguruko erakusketa bat egongo da. Han, hastapenetatik gaur arteko historia ageri da, xakearentzat garrantzitsuak izan diren une gogoangarriekin.

Maila ona

Zornotzan lehiatuko direnen artean maila ona dagoela antzeman daiteke. Horren adierazgarri da nazioartean ezagunak diren hainbat xakelarik parte hartuko dutela. Egungo txapeldun Santiago Gonzalez donostiarra da Bizkaiko udalerri horretan egongo diren xake maisuetako bat. Mario Gomezek ere parte hartuko du —2000. eta 2009. urteetan nagusitu zen—, eta Alejandro Francok ere ez du hutsik egingo —2008an eta 2010ean garaile izan zen—. Iñigo Martin gipuzkoarra, David Astasio arabarra eta Patrice Etxegarai lapurtarra ere txapelketa irabazten ahaleginduko dira.

Hainbat lurraldetako jokalariez gain, herriak ere izango du ordezkaritza. Izan ere, Zornotzako Luis Javier Ariasek, David Diezek eta Martin Albok lehiaketan parte hartu dute. Orain, taktika, estrategia eta logika modu onean lotzea falta zaie guztiei, ezaugarriok egokien uztartzen dituena bihurtuko baita Xake Txapelketa Absolutuko garaile, eta aurtengo xake maisu.

Lemoako zabortegiaren kontrol zorrotzagoa eskatu du Zornotzako Udalak

Lemoako Bistibieta zabortegiko usaina ezinegona sortzen ari da Zornotzako, Galdakaoko eta Lemoako hainbat bizilagunen artean. Arazo horri irtenbidea emateko eskatu du Zornotzako Udalak, joan den martitzenean alderdi guztiek aho batez onartu zuten adierazpen baten bitartez.

Zornotzako ordezkari politikoek eskatu dute berehala har ditzatela zabortegiko funtzionamendua zuzentzeko neurriak. Herritarrak kezkatuta daude zaborren ondorioz sortutako gasekin. Horrez gain, Zornotzako Udaleko ordezkarien ustez, zaborra kudeatzeko prozedura ez da behar bezalakoa.

Ordezkariek adierazi dute "arauak bete daitezela" besterik ez dutela nahi; "ikuskapen aktibo eta eraginkorrak" eskatu dizkiete ingurumena zaintzeko ardura duten erakundeei. Horretarako, idatzi bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta Galdakaoko eta Lemoako udaletara.

Besteak beste, udalak eskaera egin du zabortegiaren funtzionamendua luzatzeko plana geldiarazteko. Izan ere, zabortegia kudeatzen duen enpresak, Ekonorrek, 2023ra arte luzatu gura du zabortegiaren iraupena —aurreikusita dago 2014ra arte iraungo duela—. Zornotzako Udalak eskatu du geldiaraz dezatela iraupen hori luzatzeko tramitazio guztia.

Bilduren deia

Alde horretatik, Bildu koalizioak deia egin die gainerako alderdi politikoei Bistibieta zabortegiaren iraupena luzatzeko planaren aurka ager daitezen. Zornotzako udalbatzak erabaki instituzionalaren berri eman ostean egin zuen dei hori Urko Lopezek, herri horretako zinegotziak.

Kezkaren berri eman zuen: "Kiratsaz gain, ez dakigu arnasten duguna arriskutsua den ala ez". Gogorarazi zuten zabortegia malda batean dagoela, erreka ondoan. Zornotzako, Lemoako eta Galdakaoko Bilduko zinegotziek prentsaurrekoan azaldu zutenez, uholdeak edo euri jasak izanez gero kolokan jarriko litzateke uraren osasungarritasuna.

Salatu dute 2008az geroztik ez dela egin isurketen kontrolik. Bildu koalizioak gogorarazi duenez, onartu egin zuten urte horretan Ekonor enpresak usainen kontrolaren kontra jarritako gorako errekurtsoa.

Gaur egun, Lemoako zabortegiak 111.8165 metro koadroko lekua dauka, eta muga horretara iristen ari da. Bestalde, Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak gogorarazi du ezinezkoa dela Ekonor enpresak egindako eskaera, iraupena 2023ra arte luzatzekoa; izan ere, zabortegia handitzeko aurreikusitako lur eremua babestutako baso eremu urbanizaezin gisa jasota dago Lurralde Plan Partzialean. Plan hori 2010ean onartu zuten.

Lemoa herrian dago Bistibieta, Zornotzako Kortederra auzoaren ondoan. N-634 errepidea eta A-8 autobidea ere gertu ditu. Amiantoa eta beste substantzia kimiko batzuen hondakinak hartzen ditu zabortegi horrek.

Lanbideko “kaosak” milaka familia laguntzarik gabe utzi dituela salatu dute

Hainbat elkarte sozialek salatu dutenez, Bizkaiko milaka familiak jasotzen zituzten laguntza sozialak dagoeneko ezin dituzte jaso, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoetan nagusitu den "kaosaren ondorioz". Horrez gain, elkarteok gogorarazi dute langabezia saria bukatu zaien ehunka herritarrek ez dutela aukerarik gizarte laguntzak jasotzeko.

Hain zuzen, salatu dutenez, orain dela gutxira arte udaletako gizarte zerbitzuek eta aldundietako Gizarte Ekintza sailek kudeatzen zituzten hainbat zerbitzu Lanbideren esku geratu direnean sortu da arazoa. Honako hauek dira laguntza horiek: pentsio osagarriak, diru sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako prestazio osagarria eta lansarien errenta osagarria.

Elkarte hauek egin dute salaketa: Bilboko Argilan Asamblea de Invisibles ikusezinen batzarra, Berri-Otxoak, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Danok Lan, Elkartzen, Munduko Emakumeak, SOS Arrazakeria eta Besarkatuz. Horiek ez ezik, Lanbideko beharginek, zerbitzu horretako Bizkaiko dozena bat bulegotako zuzendariek eta erabiltzaileek eurek ere salatu dute Euskal Enplegu Zerbitzu berria ematen ari den "zerbitzu eskasa".

Haien ustez, Eusko Jaurlaritzak "zalaparta handiz" aurkeztu zuen zerbitzu berria, baina ematen duen zerbitzu "eskas" horrek "legedia urratzen du argi eta garbi, baita herritarrek berehala arta ditzaten duten eskubidea ere". Horrez gain, Bizkaiko elkarteon ustetan, Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako onartu duen gizarte arloko murrizketa nagusia aplikatzeko egin du jendaurreko aurkezpen hori; hain zuzen, gizarte laguntzen zenbatekoa %7 murrizteko. Salatu dutenez, bide horretatik "milaka familia bazterketara eta pobreziara kondenatuko dituzte".

Ikatza arduradunentzat

Hori guztia salatzeko, protesta berezi eta ikusgarri bat egin zuten elkarte horietako kideek joan den eguaztenean. Lanbidek Bilbon —Mazarredo kalean— duen egoitzara joan ziren Ekialdeko hiru Errege Magoak, eta zenbait ikatz zaku utzi zituzten bertan.

Ikatz hori norentzat zen ere jakinarazi zuten: Javier Ramos Lanbideko zuzendari nagusiarentzat, Javier Ruiz Planifikazio eta Enplegu sailburuordearentzat eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarentzat. Langabeen, lan ezegonkorra dutenen eta baliabide ekonomiko urriak izanik gizarte laguntzak jasotzen dituzten eskubide sozialak urratzen dituztela iritzita utzi zizkieten opari horiek.