Bizkaiko EHNEk eskatu du udalek bat egin dezatela Erralderekin

Bizkaiko EHNEk oso erabaki larritzat jo du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezezkoa eman izana Durangoko hiltegia berriro zabaltzeko Erraldek aurkeztutako proposamenari. Esan duenez, eragin “oso larriak” dakartza Bizkai osoa ganadua hiltzeko zerbitzurik gabe uzteak.

Jaurlaritzaren erabaki horren aurka egiteko, Bizkaiko EHNEk ezinbesteko deritzo “Erralderen proiektua indartu eta Berrizen hiltegi berri bat eraikitzeari”. Nekazarien sindikatuaren arabera, horretarako garrantzisua da udal gehiago batzea gaur egun Erralde eratzen duten hamabost udalei, “ez baita eraginkorra Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zain egotea”.

EHNEk deritzonez, Durangoko hiltegia ez zabaltzeko benetako arrazoia ez da Europako legediaren aitzakia, beste arrazoi bat baizik: “Ezelango aukerarik ez ematea Erralderen gisara elikadura burujabetzan oinarritzen diren proiektuei”.

Azaldu dute Europan osasun eta nekazaritza arduradunek elkarrekin lan egiten dutela. Eusko Jaurlaritzan, berriz, Nekazaritza Sailak estrategikotzat du Erralde, baina salatu dute Osasun Sailak Durangoko hiltegiari ez diola eman nahi aukerarik lanean jarraitzeko. Erraldeko ordezkariek batzar bat egingo dute Osasun Saileko arduradunekin, hilaren 18an, Gasteizen.