Lemoako zabortegiaren kontrol zorrotzagoa eskatu du Zornotzako Udalak

Lemoako Bistibieta zabortegiko usaina ezinegona sortzen ari da Zornotzako, Galdakaoko eta Lemoako hainbat bizilagunen artean. Arazo horri irtenbidea emateko eskatu du Zornotzako Udalak, joan den martitzenean alderdi guztiek aho batez onartu zuten adierazpen baten bitartez.

Zornotzako ordezkari politikoek eskatu dute berehala har ditzatela zabortegiko funtzionamendua zuzentzeko neurriak. Herritarrak kezkatuta daude zaborren ondorioz sortutako gasekin. Horrez gain, Zornotzako Udaleko ordezkarien ustez, zaborra kudeatzeko prozedura ez da behar bezalakoa.

Ordezkariek adierazi dute "arauak bete daitezela" besterik ez dutela nahi; "ikuskapen aktibo eta eraginkorrak" eskatu dizkiete ingurumena zaintzeko ardura duten erakundeei. Horretarako, idatzi bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta Galdakaoko eta Lemoako udaletara.

Besteak beste, udalak eskaera egin du zabortegiaren funtzionamendua luzatzeko plana geldiarazteko. Izan ere, zabortegia kudeatzen duen enpresak, Ekonorrek, 2023ra arte luzatu gura du zabortegiaren iraupena —aurreikusita dago 2014ra arte iraungo duela—. Zornotzako Udalak eskatu du geldiaraz dezatela iraupen hori luzatzeko tramitazio guztia.

Bilduren deia

Alde horretatik, Bildu koalizioak deia egin die gainerako alderdi politikoei Bistibieta zabortegiaren iraupena luzatzeko planaren aurka ager daitezen. Zornotzako udalbatzak erabaki instituzionalaren berri eman ostean egin zuen dei hori Urko Lopezek, herri horretako zinegotziak.

Kezkaren berri eman zuen: "Kiratsaz gain, ez dakigu arnasten duguna arriskutsua den ala ez". Gogorarazi zuten zabortegia malda batean dagoela, erreka ondoan. Zornotzako, Lemoako eta Galdakaoko Bilduko zinegotziek prentsaurrekoan azaldu zutenez, uholdeak edo euri jasak izanez gero kolokan jarriko litzateke uraren osasungarritasuna.

Salatu dute 2008az geroztik ez dela egin isurketen kontrolik. Bildu koalizioak gogorarazi duenez, onartu egin zuten urte horretan Ekonor enpresak usainen kontrolaren kontra jarritako gorako errekurtsoa.

Gaur egun, Lemoako zabortegiak 111.8165 metro koadroko lekua dauka, eta muga horretara iristen ari da. Bestalde, Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak gogorarazi du ezinezkoa dela Ekonor enpresak egindako eskaera, iraupena 2023ra arte luzatzekoa; izan ere, zabortegia handitzeko aurreikusitako lur eremua babestutako baso eremu urbanizaezin gisa jasota dago Lurralde Plan Partzialean. Plan hori 2010ean onartu zuten.

Lemoa herrian dago Bistibieta, Zornotzako Kortederra auzoaren ondoan. N-634 errepidea eta A-8 autobidea ere gertu ditu. Amiantoa eta beste substantzia kimiko batzuen hondakinak hartzen ditu zabortegi horrek.