Bizkaia

Orain dela ehun urteko ‘photocall’-a

Gaur egungo bizkaitarrek eta bilbotarrek nekez ezagutzen dituzten arren, garaikideen artean ezagunak ziren. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran bizi izan ziren, eta zer esana eman zuten. Pitolerdo maisuaren, Lodi Errosarioduna deitzen zuten durangarraren, jaiotzez Galiziakoak ziren ahizpa biolin jotzaileen eta beste askoren bizitzaren arrastoari jarraitzeko modua dago, ehun urte igaro direnean. Garai hartako 45 pertsonaiaren erretratuen erakusketa dago Bilboko Euskal Museoan, otsailaren 24ra arte.

Bilduma askoz zabalagoa da. Orotara, 239 lanek osatzen dute, eta Bizkaitar Entzutetsuen Galeria du izena. Lertxundi anaien lana dira guztiak, 1940 eta 1950 artean margotutakoak. Jose Antonio eta Luis Lertxundi Sirotich ziren anaiak. Luis Graficos Lerchundi familia enpresako arduraduna zenez, uste da Jose Antonio izan zela artista. Hala ere, ez dago egiletza ziurtatzerik. Bi anaiek Bizkaiko historia museo ikonografiko bat sustatu nahi izan zuten, pertsonaia horien bitartez orduko historia kontatzeko.

Lehenengoz 1957an aurkeztu zuten bilduma jendaurrean. Bidebarrietako Liburutegian antolatu zuten erakusketa, Bilbon tuberkulosiak jota zeuden gaixoentzat dirua lortzeko. Hamar urte geroago, margolanok salgai jarri zituzten hiriburuko Tavira galerian. Garai hartako alkate Javier Ibarra eta Bergek ikusi zituen, eta, Manuel Basas artxibozainak aholkatuta, lanok eskuratzea erabaki zuen. Hala, udal jabetzako bihurtu ziren. Alabaina, galerian egon ziren bitartean, horietako hamazortzi saldu egin ziren, eta, beraz, gaur egun 221 lan dira. Hasieran, Bidebarrietako Liburutegian gorde zituzten lanok. 1995ean, Euskal Museora eraman zituzten, eta han egon dira gehiago erakutsi gabe.

Pertsona herrikoiak

Bilduma hainbat ataletan egon da katalogatuta: Kalekumeak, Kirolariak, Herrikoiak, Artistak, Idazleak, Ospetsuak, Ongileak, Negozio Gizonak eta Goi Gailurrak. Pertsonaia asko direnez eta, haiekin batera, aipamen biografiko labur bat jarri nahi izan denez, pertsona horien berri txandaka eskaintzea erabaki du museoak. Hori horrela, lehenengo emanaldia, egun ikusgai dagoena, kalekumeei eta pertsona herrikoiei eskainitakoa da.

Gaur egun, askok ezagutzen du Txomin Barullo konpartsa, baina seguruenera gehienek ez dute jakingo izena nondik datorkion. Hona Marian Alvarez Euskal Museoko koordinatzaileak emandako azalpena: "Jose Domingo Sagarminaga zuen izena, eta burtsan lan egiteaz gain, Bilbon egiten ziren jai guztiak antolatzeaz arduratzen zen: Bilboko jaiak, operak, prozesioak, zezenketak... Zalaparta denetan zebilen; hortik datorkio Txomin Barullo izena".

Salustiano Oriberen izena, ordez, ez da lar ezaguna. Baina bai haren asmakuntzetako bat: Licor del Polo haginetako pasta ezaguna. "Logroñon jaio eta Madrilen ikasi ondoren, Bilbora etorri zen bizitzera, eta Askao kalean farmazia bat jarri zuen. Jende askok ezagutuko du negozioa, 1983ko uholdeak gertatu ziren arte bertan egon baitzen. Oso polita zen, nazariar estilokoa. Laborategia Deustuan zuen. Bitxikeria bat kontatzen dute, ez dakigu egia izango ote den. Diotenez, Licor del Polo produktua jendartean ezagutarazteko asmoz, Gineako beltz bat haginetatik eskegi zuen, pasta erabiltzeagatik hortz gogor eta osasuntsuak zituela frogatzeko", azaldu du Alvarezek.

Perez azalpen emailea, berriz, sevillarra zen sortzez. "Garai hartan, filmak mutuak ziren, eta hark irudiak azaltzen zituen. Diotenez, emanaldi bakoitzean istorio ezberdina kontatzeko adinako irudimena zuen. Beraz, film berbera birritan ikusi arren, bi ikustearen parekoa zen harekin". Horrek egin zuen ezagun, Alvarezek gogora ekarri duenez. Zinemak soinua hartu zuenean bukatu zitzaion ogibidea.

Pertsonaia horiei buruzko informazio gehiena garai hartan idatzi ziren bibliografietatik atera dute: Emiliano Arriaga, Jose Arrieta, Indalecio Prieto, eta Julian Alegriaren obretatik, besteak beste. Hala ere, badira oso informazio gutxi duten bost pertsonaia: Julian Kortadi, Julian Gisbert, Adonis Pocheville, Jose Maria Basterra eta Martin Zubiaur. Bisitariei dei egin die museoak, zerbait jakinez gero kontatzeko. Beste horrenbeste falta diren lau lanen berri dakien edonori ere. Izan ere, bilduma osatzen zuten bost lan desagertu egin ziren: Lorito, Jodra, Begoñako santua, Ochandiano Chimbo, Santiaguito eta Jaungoikoa izenekoak falta dira. Azken hori esku pribatuetan topatu dute, eta lanaren jabeek erakusketan jartzeko utzi diote behin-behinean museoari.

Bizkaiko Robin Hood

Galdakaon jaio zen (1796), baina Larrabetzun hazi zen Manuel Antonio Madariaga. Errementariak ziren etxekoak, baina alfabetatzeko aukera izan zuen umetan. Sei seme-alaba izan zituen.1820an, bidelapur talde bat osatu zuen familiako hainbat kiderekin ba...

Gorakada, 25 urtez

ErakusketaLeioaGorakada antzerki konpainiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa dago Leioako Erakusketa Gelan. Eskularru txotxongiloak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat teknika, estilo eta eszenaratze garatu ditu konpainiak urte h...

Bizargorriren arerioa

Mungia elizatean jaio zen, XVI. mendean. Zer izen zuen ez da ezagutzen. Gaztelako koroak kortsario lizentzia eman zion, eta Bermeo eta batez ere Plentziako portuak izan zituen gotorleku. Hala, Mungiako Matxin ez ezik, Plentziako Matxin eta Bermeoko Ma...

Greba mugagabea hasi dute Odi-bakar enpresan

IURRETA. Joan den astelehenetik, greba mugagabean daude Iurretako Odi-bakar enpresako beharginak. Langile batzordeak zenbait eskari zuzen egin ditu: besteak beste, akordio bidez lan erreformak enpresaburuei eman dieten nagusitasuna orekatzea, soldata...

Azkuna: “Bilbotarren indarrak eragin du aldaketa”

Astelehen gauean iragarri zuen City Mayors fundazioak Iñaki Azkuna Bilboko alkatea aukeratu zuela 2012ko munduko alkaterik onena. 900 lehiakide izan ditu. Azkunak azaldu duenez, "Bilboren eraldaketa bilbotarren indarrak eragin du. Izan ere, Hemingwayk adierazi zuen legez, hiri industrial bat, itsusia eta zikina, hiri garbiago, gardenago eta zerbitzudun bihurtzea zaila izan da". Gogora ekarri du 1980ko hamarkadako "krisi gogorra", eta "hutsetik" hasi behar izan zutela gaineratu. Orduantxe sortu ziren, haren esanetan, "Guggenheim museoa, itsasadarraren garbiketa, tranbia eta halako proiektuak". Horiek guztiak hiritarren "pertseberantziari esker" lortu direla uste du. Gainera, ondorioztatu du hiritarrek eurek nahi izan ez balute agintariok ezin izango luketela aurrera egin.

Kudeaketa ekonomikoari dagokionez, Azkunak esan du "ahalik eta gardenena" izan dela. Zorrak ordaindu dituela adierazi du, "zero zorra" lortu arte eta Bilbon egindako inbertsio guztietan administrazio guztien parte hartzea lortu dutela gaineratu. Udalak, bestalde, auzoak kudeatu eta horietan inbertitzeko lana hartu duela esan du.

Auzoetan egindako lan horri buruzko iritzi desberdina duenik ere bada, ordea. Laura Mintegi Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailearen ustez, sariaren sustatzaileak "parametro makro batzuetan" oinarritzen dira, Azkuna auzoetako alkate ere baden arren. Izan ere, auzo horietan "komunikazio eskasak eta bete gabeko beharrizanak" daudela iritzi dio. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Bilduko zinegotziaren esanetan, sariak hiriko eraikinak eta arkitektoak besterik ez ditu kontuan hartu. Esan du koalizioa ez datorrela bat hiriaren estetika saritzen duen eredu horrekin, "pertsonak eta beharrizanak bigarren lekuan" uzten dituelako.

PPk eta PSEk, bestalde, zoriondu egin dute. Antonio Basagoiti Bilboko PPko zinegotzi ohiaren ustez, gainera, sariaren "zatitxo bat" berari ere badagokio, Azkunaren agintaritzako lehenengo urteetan berak egindako oposizioak "alkate gardenago eta hobea izatera bultzatu zuelako".

FAROLIN ETA ZARAMBOLAS IZATEKO LEHIA

Inauterietako ospakizunei begira jarriak dira Bilbon. Ordena Botxeroak batzarrean proposatu ditu jada Farolin eta Zarambolas pertsonaiak izateko hautagaiak. Farolini dagokionez, Oscar Terol umorista, Eder Montero sukaldaria eta Manu Iturregi ostalar...

Kaleetatik egutegira

Ohikoa da herriko pertsona historikoei kaleak eta plazak eskaintzea. Mungiak ere horren adibide asko ditu. Udalak urtero banatzen duen egutegia kale izendegi horri eskaintzea erabaki dute. Hala, hilabete bakoitzean pertsonaia eta kalea ezagutzeko aukera egongo da. Gure kaleak du izena, eta euro baten truke eskuratu daiteke Agirre jauregian. Dirua Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Partzuergoak jasoko du, beharrizanean dauden familien artean banatzeko.

Jose Etxegarai historialariak osatu ditu biografiak. Musikariak, margolariak, enpresariak eta kirolariak daude tartean. Denen artean ezagunena, zalantzarik barik, Esteban Urkiaga Lauaxeta idazle eta kazetaria da. Laukizen jaio zen, baina Mungiara joan zen umetan, eta han zeukaten baserriaren izena hartu zuen ezizen modura. 1937ko ekainaren 25ean hil zuten frankistek Gasteizko Santa Isabel hilerrian, apirilean Gernika-Lumon atxilotu eta bi hilabetez preso izan ostean. Etxe hura zegoen lekuan dauka kalea gaur egun. Mungiako kale nagusietakoa da, gainera. Bagil edo ekaina eskaini diote.

Athleticen zaleen artean ezaguna da Telmo Zarraonandia Zarra. Asuan (Loiu) jaio zen, 1921ean, eta garai batean futbolari ezagun izan zen. Lutxana eta Mungia arteko trenbideak han zeukan geltokiko nagusia zuen aita. 1936ko gerra ostean, Mungiara joan ziren bizitzera. Zemendi edo azaroan ageri da haren berri.

Bentades ikastetxearen —egun zaharberritzen ari dira—bultzatzaileak ere baditu kalea eta hilabetea: iraila. Laureano Jado Bentades zuen izena ingeniari eta filantropo hark. Mungian jaio zen, 1843an. Ondasun askoren jabe zen, eta, besteak beste, sorterriko ikastetxeaz gain Bilboko Arte Eder Museoaren eta Erandioko Jado ikastetxearen sorreran ere parte hartu zuen.

Aurelio Artetxe Arana enpresaria jorrail edo apirilean agertzen da. Bakion jaio zen, 1908an. Irurak Bat enpresan hasi zen beharrean —kontagailu elektrikoak egiten zituzten han—, ingeniari legez. Gernikako bonbardatzea sufritu zuen, eta jeltzalea zelako, erbesteratu egin behar izan zuen, familiarekin batera. Liejan (Belgika) enpresa elektriko batean behar egin zuen, eta handik Venezuelara joan ziren. Caracasko Euskal Etxearen fundatzaileetako bat izan zen. Euskal Herrira bueltan, Mungiako enpresarik ezagunenetakoa sortu zuen: Artetxe. Gaur egun, Europan, Amerikan eta Asian 2.000 behargin ditu Artetxe Group taldeak; horietatik 700, Mungiako lantegian.

Elizgizonak hainbat dira: Francisco Bilbao Elorriaga misiolari dominikoa —marti edo martxoa—, Florencio Matias Pedro Galarza Belutegi —abuztua— parrokoa eta Jose Zameza Urrutia jesuita —urria—. Emakume bakarra agertzen da, Francisca Zubiaga Eskauriaza. Abendua eskaini diote hari, baita haren neba Eduardo Marcelinori ere. Angel Maria Garavilla margolariak —urtarrila—, Aureliano Galarza Mentxaka abokatuak —zezeil edo otsaila—, Santos Eusebio Intxausti Larrauri musikariak —maiatza— eta Juan Jose Elorduigoitia Elordi filantropoak —uztail edo garagarrila— osatzen dute egutegia.