Orain dela ehun urteko ‘photocall’-a

Gaur egungo bizkaitarrek eta bilbotarrek nekez ezagutzen dituzten arren, garaikideen artean ezagunak ziren. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran bizi izan ziren, eta zer esana eman zuten. Pitolerdo maisuaren, Lodi Errosarioduna deitzen zuten durangarraren, jaiotzez Galiziakoak ziren ahizpa biolin jotzaileen eta beste askoren bizitzaren arrastoari jarraitzeko modua dago, ehun urte igaro direnean. Garai hartako 45 pertsonaiaren erretratuen erakusketa dago Bilboko Euskal Museoan, otsailaren 24ra arte.

Bilduma askoz zabalagoa da. Orotara, 239 lanek osatzen dute, eta Bizkaitar Entzutetsuen Galeria du izena. Lertxundi anaien lana dira guztiak, 1940 eta 1950 artean margotutakoak. Jose Antonio eta Luis Lertxundi Sirotich ziren anaiak. Luis Graficos Lerchundi familia enpresako arduraduna zenez, uste da Jose Antonio izan zela artista. Hala ere, ez dago egiletza ziurtatzerik. Bi anaiek Bizkaiko historia museo ikonografiko bat sustatu nahi izan zuten, pertsonaia horien bitartez orduko historia kontatzeko.

Lehenengoz 1957an aurkeztu zuten bilduma jendaurrean. Bidebarrietako Liburutegian antolatu zuten erakusketa, Bilbon tuberkulosiak jota zeuden gaixoentzat dirua lortzeko. Hamar urte geroago, margolanok salgai jarri zituzten hiriburuko Tavira galerian. Garai hartako alkate Javier Ibarra eta Bergek ikusi zituen, eta, Manuel Basas artxibozainak aholkatuta, lanok eskuratzea erabaki zuen. Hala, udal jabetzako bihurtu ziren. Alabaina, galerian egon ziren bitartean, horietako hamazortzi saldu egin ziren, eta, beraz, gaur egun 221 lan dira. Hasieran, Bidebarrietako Liburutegian gorde zituzten lanok. 1995ean, Euskal Museora eraman zituzten, eta han egon dira gehiago erakutsi gabe.

Pertsona herrikoiak

Bilduma hainbat ataletan egon da katalogatuta: Kalekumeak, Kirolariak, Herrikoiak, Artistak, Idazleak, Ospetsuak, Ongileak, Negozio Gizonak eta Goi Gailurrak. Pertsonaia asko direnez eta, haiekin batera, aipamen biografiko labur bat jarri nahi izan denez, pertsona horien berri txandaka eskaintzea erabaki du museoak. Hori horrela, lehenengo emanaldia, egun ikusgai dagoena, kalekumeei eta pertsona herrikoiei eskainitakoa da.

Gaur egun, askok ezagutzen du Txomin Barullo konpartsa, baina seguruenera gehienek ez dute jakingo izena nondik datorkion. Hona Marian Alvarez Euskal Museoko koordinatzaileak emandako azalpena: “Jose Domingo Sagarminaga zuen izena, eta burtsan lan egiteaz gain, Bilbon egiten ziren jai guztiak antolatzeaz arduratzen zen: Bilboko jaiak, operak, prozesioak, zezenketak… Zalaparta denetan zebilen; hortik datorkio Txomin Barullo izena”.

Salustiano Oriberen izena, ordez, ez da lar ezaguna. Baina bai haren asmakuntzetako bat: Licor del Polo haginetako pasta ezaguna. “Logroñon jaio eta Madrilen ikasi ondoren, Bilbora etorri zen bizitzera, eta Askao kalean farmazia bat jarri zuen. Jende askok ezagutuko du negozioa, 1983ko uholdeak gertatu ziren arte bertan egon baitzen. Oso polita zen, nazariar estilokoa. Laborategia Deustuan zuen. Bitxikeria bat kontatzen dute, ez dakigu egia izango ote den. Diotenez, Licor del Polo produktua jendartean ezagutarazteko asmoz, Gineako beltz bat haginetatik eskegi zuen, pasta erabiltzeagatik hortz gogor eta osasuntsuak zituela frogatzeko”, azaldu du Alvarezek.

Perez azalpen emailea, berriz, sevillarra zen sortzez. “Garai hartan, filmak mutuak ziren, eta hark irudiak azaltzen zituen. Diotenez, emanaldi bakoitzean istorio ezberdina kontatzeko adinako irudimena zuen. Beraz, film berbera birritan ikusi arren, bi ikustearen parekoa zen harekin”. Horrek egin zuen ezagun, Alvarezek gogora ekarri duenez. Zinemak soinua hartu zuenean bukatu zitzaion ogibidea.

Pertsonaia horiei buruzko informazio gehiena garai hartan idatzi ziren bibliografietatik atera dute: Emiliano Arriaga, Jose Arrieta, Indalecio Prieto, eta Julian Alegriaren obretatik, besteak beste. Hala ere, badira oso informazio gutxi duten bost pertsonaia: Julian Kortadi, Julian Gisbert, Adonis Pocheville, Jose Maria Basterra eta Martin Zubiaur. Bisitariei dei egin die museoak, zerbait jakinez gero kontatzeko. Beste horrenbeste falta diren lau lanen berri dakien edonori ere. Izan ere, bilduma osatzen zuten bost lan desagertu egin ziren: Lorito, Jodra, Begoñako santua, Ochandiano Chimbo, Santiaguito eta Jaungoikoa izenekoak falta dira. Azken hori esku pribatuetan topatu dute, eta lanaren jabeek erakusketan jartzeko utzi diote behin-behinean museoari.