Bizkaia

Euskarari tinko Portugaleten

"Iazko balantzea egiteko garai aproposa" dela pentsatuz, Portugaleteko Berbalagun egitasmoak urteroko aurreikuspena azaldu eta azken urteko balorazioa egin du. Ezkerraldeko herritarrek erakutsitako sostengua nabarmendu eta datorren urteari begira izan...

Zuzenean erraz irakurtzeko formatuan ere idazten dira

Zenbait idazlek zuzenean, erraz irakurtzeko formatuan idazten dituzte beren lanak. Era horretako egile gehienak emakumezkoak direla azaldu du Blanca Matak. Gainera, helduentzako lanak idazten dituzte, propio. Izan ere, era horretako liburuek helduen a...

Euskarazko lan batzuk udaberrian argitaratuko dira

Oraingoz ez dago irakurketa errazera egokitutako euskarazko libururik. Hala ere, udaberrian agertuko dira lehenengoak. Fernando Morilloren Gaumin argitaletxeak lau lan itzuliko ditu, katalanetik eta gazteleratik. Morillok berak, bestalde, beste bi ida...

Fruitu arbolen osasunari eusteko sekretua

Sagardoa upategian zelan egin, mahatsondoa zelan inausi eta landareen osasuna zelan babestu izango dute hizpide eta aztergai, besteak beste, bihar, Zallako Fruitagintza Estazioan egingo dituzten jardunaldietan. Fruitagintzan, mahasgintzan eta enologia...

Westernak, erromantikoak…

Lehen kapituluan, protagonistak masia batean ikusi genituen babestuta, Frantzian. Bigarrenean, itsasontziz egindako bidaian lagundu genituen. Portura iristen ikusi genituen irudian. Nora iritsi ziren?", galdetu die Blanca Matak. "Txilera", erantzun diote. "Hori da. Eta gaur hirugarren kapituluarekin jarraituko dugu. Txilen zer gertatzen zaien ikusiko dugu", jarraitu du.

Mungiako San Jose Etxe Alai adinekoen egoitzako 11 gizon-emakume dira, Matarekin batera daudenak. Irakurketa errazeko talde bat dute, eta eguenero elkartzen dira. Nuria Marti idazle kataluniarraren Bajo el mismo cielo irakurtzen ari dira. Istorioaren ordura artekoak errepasatu ostean, falta zaizkienak irakurtzeari ekin diote. "Nor hasiko da? Ekin zuk", esan dio Maria Angeles Agirreri. "La pensión de Delia", irakurri du kapituluaren izenburua, ozen.

Eleberri horrek Espainiatik erbesteratu behar izan duen Federicoren gorabeheren berri ematen du; baita Teresarenak ere; eta Miranda neskatilarenak; eta ozeanoaz bestaldean utzi duen Sara lagunarenak. Frantziatik Txilera eroango dituen itsasontziak elkartuko ditu guztiak. "Gustuko dut istorioa; pozik etortzen naiz irakurtzera. Egia esan, betidanik izan dut zaletasuna. Edozer atsegin dut; kontua entretenitzea da, denbora pasatzea. Aldizkariei ere beti ematen diet errepasoa, Semana eta horiei", aitortu du barre zantzoka.

Hala ere, bada gehiegi gogobetetzen ez duen literatura mota bat: maitasun istorioak. Bai hark, bai bere lagun Teresa Bolinagak "aspergarritzat" dituzte. "Eztiak dira, melengak. Kontatzen duten guztia gezurra da; benetako bizitzan ez dira halakoak gertatzen", kritikatu ditu Bolinagak. Akzioa duten eleberriak dituzte gogoko, eta polizia istorioak. "FBIkoen gertaerak kontatzen dituztenak, westernak... halakoak asko irakurtzen ditut".

Angela Navarrok ere genero guztiak ditu maite, baina bereziki historikoak gustatzen zaizkio. Hirurak umetan zaletu ziren, eta orain ere ahal duten guztia irakurtzen dute. "Egunkaria, goizero; lehen orritik azkenekora. Baita iragarkiak ere!".

Bolinagak liburutegi ederra osatu du, baina egoitzan bizi denetik letra artean murgiltzeko asti gutxiago duela dio. "Egun osoan ekintza mordoa dugu hemen, eta ez dut lehen beste denbora irakurtzeko". Bajo el mismo cielo bereziki kuttuna zaio. Berak ere sorterria utzi behar izan zuela ekarri du gogora, eta, horregatik, identifikatuta sentitzen da. Liburua erosi, eta ohe ondoko mahaitxoan dauka gordeta. Hala, jada ezagutzen ditu bere kideek oraindik irakurri gabe dituzten pasarteak. Matak errieta egin behar izaten dio gertatzeko daudenak kontatu ez ditzan.

Agirrek aitortu du batzuetan haria galtzen duela aste batetik bestera. "Gure adinean memoriak gehiegitan huts egiten digu", penatu da. Baina Matak hasieran egiten dien laburpenarekin berehala kokatzen du bere burua. Ikusmena, behintzat, zorrotz dauka oraindik, betaurrekoak daramatzan arren. Eta nabari zaio kontatu duen besteko ohitura duela, zoli irakurtzen baitu, ia behin ere trabatu gabe.

Fikziotik errealitatera

Taldekideen artean, ordea, denetarik dago; badira ozen irakurtzera animatzen ez direnak ere. Baina guztiek kasu egiten diote irakurketari, esku artean duten liburuan. Eta denek parte hartzen dute. Paragrafo bakoitza bukatzean, komentatu egiten dute. Berbarako, Txilera iritsi berritan, Federicok jatetxe batean lana aurkitu du, eta zenbateko soldata izango duen irakurri dute, peso txiletarretan. Matak hainbat diru motez berbetan ipini ditu: "Euroaren aurretik, zer diru geneukan?". Pezeta gogoratu dute, eta errealak, txakur txiki eta handiak... Eta Frantzian libera erabiltzen zela, Italian lira, Alemanian markoa... Agirrek ezagutza zabala erakutsi du dibisa kontuetan.

Federico eta Teresa ezkondu direnean, berriz, beren ezkontzak gogoratu dituzte. Nola jantzita joan ziren, adibidez: denak zuriz, baina beren amak beltzez edo grisez. Bolinagak aitaren trajeaz barre egin du: "Zuria zen, eta paparrean lore moduko bat zeraman. Azalorea zirudien. Niri ez zitzaidan batere gustatzen", kontatu die taldekideei.

Egokitutako irakurketak, bada, istorioetan murgiltzeko aukera ematen dio adineko talde horri. Arretari eusteko gaitasuna trebatzeko modua ere bada haientzat, baita memoria lantzeko aitzakia ere. Azken batean, burua bizirik mantentzeko aukera ematen die literatura saioak.

Irakurketa errazeko bilduma duten liburutegiak Bizkaian.

Bilboko Alondegiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegiak, Durangoko udal liburutegiak eta Getxoko Villamonte liburutegiak bilduma osatua dute. Horrez gain, liburutegi askotan badira aleak. Alondegiko Mediateka izan zen alor horretan aitzindaria, Bla...

Liburu gehienak literatura klasikoaren altxorrak dira

Irakurketa errazera egokitutako liburu gehienak literatura klasikoaren altxorrak dira, ez dutelako egile eskubiderik; adibidez, El lazarillo de Tormes (Tormesko itsumutila), Odysseia (Odisea), Romeo and Juliet (Romeo eta Julieta), Captains Courageous ...

“Itsasgarri bakoitza berezia da: denek dute istorio bat atzean”

Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko kafetegiko hormak itsasgarri, txapa eta orratzez beteta daude egunotan. 400 itsasgarri ezberdin eta ehundik gora txapa ikus daitezke. Ez dira asko. Boni Elkoro markinarraren bildumako erakusgai bat besterik ez dira.

Zenbat itsasgarri, txapa eta orratz dituzu jadanik?

35.000 itsasgarri eta 1.200 bat txapa eta orratz bildu ditut momentuz, baina badira gehiago dituztenak ere. 50.000 itsasgarri dituen bat ezagutzen dut.

Noiz hasi zinen bilduma egiten?

1976an hasi nintzen itsasgarriak batzen, orratzena berriagoa da.

Zelan hasi zinen?

Itsasgarrien bilduma egiten zuen ondarrutar bat ezagutu nuen eta hark Bilboko lagun bati deitu zion, hark beste bat aurkeztu zidan, eta horrela apurka-apurka jendea ezagutu eta bilduma osatzen hasi nintzen itsasgarriak trukatuz eta lortuz.

Zure lehenengo bilduma zen?

Aurretik azukre koxkorren bilduma egiten nuen, baina hezetasunagaz hondatu egiten dira. Gero jakin nuen, kanpoko papera gordetzen dela bakarrik, barruko azukre barik.

Zelan egiten duzu itsasgarriak lortzeko?

Kaletik ikusten dudan bateren batek itsasgarria badarama galdetu egiten diot non lortu duen edo badaukan besteren bat. Asmoa atzeko paper eta guzti lortzea da, baina batzuetan hormakoak ere hartu behar izan ditut. Ezin bada besterik aurkitu horrek ere balio du.

Nora joaten zara bilatzera?

Alderdi politikoen kanpainak badira, euren egoitzetara joaten naiz eskatzera. Bestela herrietako jaietara joaten naiz eta txosna, herriko taberna edo elkarteetan galdetzen dut. Otsailaren 3an, esate baterako, San Blas azoka ospatuko da Abadiñon eta bertara joango naiz txosnetan itsasgarri edo orratzik daukaten ikustera. Beti lortzen dira bi edo hiru. Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko jaiak oso onak dira itsasgarriak lortzeko. Txosnetan eta elkarteen postuetan nahikoa egoten dira. Iaz, Bilboko jaietan hogei itsasgarri ezberdin baino gehiago lortu nituen.

Zelako itsasgarriak dituzu?

Era eta tamaina guztietakoak: emakumeenak, presoenak, ekologiari lotutakoak, politikoak, sindikalak, gazteenak, irrati libreetakoak, komunikabide alternatiboak, gaztetxeak... Eredua berdina izan daiteke baina hizkuntza ezberdinetan egon daitezke, edo kolore ezberdina eduki; modelo guztiak biltzen ditut, bai eta akats txikiak dituztenak ere.

Bitxikeriarik badaukazu?

Itsasgarri bakoitza berezia da, itsasgarriak dituen ezaugarriengatik edo lortzeko egindako lanagatik. Denek dute istorio bat atzean. Esate baterako, Kukutza gaztetxea itxi zutenean hainbat itsasgarri lortu nituen beste gaztetxe batzuetakoak Kukutzari bere babesa emanez eta itxieraren kontra; momentu berezi bat irudikatzen dute. Ondarroako Alleriko paduraren kasua salatzeko itsasgarriak ere egon dira.

Horrenbeste itsasgarri, non gordetzen dituzu?

Gaika sailkatu eta albumetan gordetzen ditut nire logelan.

Erraza izaten da itsasgarriak aurkitzea?

Lehen baino itsasgarri gutxiago ateratzen dira lehen baino erakunde gutxiago dagoelako, baina, ateratzen dira batzuk. Greba batean, esate baterako, hamabost bat itsasgarri ezberdin lor ditzakezu, baina, mugitu egin behar zara. Maiatzaren Lehena ere, egun ona izaten da itsasgarriak lortzeko, sindikatu guztiek ateratzen dute bateren bat.

Jendea prest egoten da bere itsasgarriak emateko?

Inork ez du jartzen aitzakiarik; beti egoten dira prest laguntzeko. Aldean dutena ere emateko prest egoten dira asko. Hala ere, batzuk lortzea oso zaila izaten da.

Zergatik?

Non edo non gordeta dituztelako atera barik. Esate baterako, EH-Bilduren itsasgarri luze bat ikusi nuen horma batean itsatsita eta galdezka ibili naizen arren inork ez daki ezer. Bakarra lortu dut.

Zein da itsasgarriak lortzeko zure sekretua?

Mugitzea eta kontaktuak edukitzea. Bilduma egiten horrenbeste denbora daramadanez, jadanik elkarteetako arduradunak ezagutzen ditut eta haiengana jotzen dut. Zenbat eta jende gehiago ezagutu, hobeto, leku guztietara ezin zara joan-eta.

Atzerriko itsasgarriak ere biltzen dituzu?

Ez, Euskal Herrikoak eta Espainiako Estatukoak ditut. Atzerrikoak ezberdinak dira.

Beste bildumazale batzuekin harremanik badaukazu?

Itsasgarrien bildumak egiten dituzten lagun askorekin ditut harremanak; elkarri laguntzen diogu. Esate baterako, Lekeitiora joaten banaiz eta itsasgarriren bat ikusten badut bost edo sei hartzen ditut beste lagunekin trukatzeko. Mungian urtean behin bildumen jardunaldi bat egoten da eta bertara ere joaten gara. Han ere trukaketak egiteko aukera egoten da. Era guztietako bildumak egoten dira: zerbeza botilen bildumak, ontziak, argazki makinak, josteko makinak... Polita da, bitxikeria asko egoten dira.

Zuek ere postua jartzen duzue Mungian?

Bai. Alde bi egoten dira, bata komertzialagoa, bildumak egiteko gauzak saltzen direna, eta bestea trukaketak egiten direna. Azken horretan jartzen ditugu gure itsasgarri eta txapak.

Beste non edo non batzen zarete?

Euskadi mailan, itsasgarrien bildumak egiten ditugunok urtero-urtero gaztetxe batean biltzen gara eta itsasgarriak trukatzen ditugu, batzuetan orratzak ere bai. Inoiz Herrialde Katalanetako lagun bat eta asturiar bat ere etorri dira bilerara. Hamalau bat batzen gara.

Non batuko zarete aurten?

Iaz Laudion egon ginen eta aurten Villabonako gaztetxean [Gipuzkoa] batuko gara urrian, eta erakusketa bat ere jarriko dugu.

Urtean behingo saio horretaz gain, batzen zarete gehiagotan?

Deitu egiten gara eta ekitaldiren batera edo herriren batera joateko geratzen gara.

Eta Euskal Herritik kanpo?

Monzon [Huesca, Espainia] hirira ere joaten gara. Urtean behin bildumen erakusketa bat antolatzen dute. Asturiasen ere topaketak egiten dituzte, eta asteburu osoa pasatzen dugu bertan. Cangas de Onis herritik sei kilometrotara dagoen hotel batean egiten da. Itsasgarriak trukatzeko aukera paregabea da Galizia eta Herrialde Katalanetako jendea joaten da-eta. Iaz Huelvako [Andaluzia, Espainia] emakume bat ere egon zen. Euskal Herrian ez da bildumazaleen topaketa askorik egiten, baina Katalunian bai. Poltsikoko egutegiak eta liburu markagailuak biltzen dituen jende asko dago, itsasgarriak biltzen ditugunok gutxiengoa gara.