Euskarari tinko Portugaleten

“Iazko balantzea egiteko garai aproposa” dela pentsatuz, Portugaleteko Berbalagun egitasmoak urteroko aurreikuspena azaldu eta azken urteko balorazioa egin du. Ezkerraldeko herritarrek erakutsitako sostengua nabarmendu eta datorren urteari begira izango diren berritasunak azaldu dituzte Maria Jose Blanco Portugaleteko Udaleko Euskara zinegotziak, Alfre Elgezabal proiektuaren arduradunak eta Amaia Urkixo Xaribari euskaltegiko zuzendariak.

Mota horretako egitasmoak arrakastatsu bihurtzeko gakoa “elkarlana” dela adierazi du Blancok, eta horren adibide jarri du egitasmoak iraun dituen hiru urteetan izandako 400 izen emateak. Hizkuntza zentro eta euskaltegietatik kalera aterata, hizkuntzari berari egunerokotasunean izan beharko lukeen garrantzia eman nahi diote antolatzaileek. Horretarako, “proiektu bizia” izan beharko litzatekeela uste dute. “Eta Portugaletekoaren kasuan horrela da”. Profil ezberdinetako pertsonek eman dute izena hiru urteetan. Horien artean daude etxean ezin eta euskaraz berba egin gura dutenak, D ereduan ikasi baina urteak pasa ahala ohitura galdu dutenak, aita-amak izango direnak eta beren seme-alabak euskaraz haztea nahi dutenak, beste batzuen artean. “Nahiz eta jatorri ezberdina izan, guztiek dute xede berbera: euskaraz aritzea”, laburbildu du zinegotziak.

Une honetan 140 dira astean herriko taberna edo kafetegietan euskararekin harremana sendotzeko asmoa erakutsi dutenak. Hamalau taldetan banatuta, haiek adostutako egun eta leku batean elkartu eta ordubetez euskaraz aritzeko abagunea izaten dute. Zentzu horretan, eta udal instituzioetan euskara hedatzeko asmoz, hamabost udal langilek beste horrenbeste egiten dute, astean behin, Portugaleteko udaletxeko ganbaran.

Arduradunen “sorpresarako”, Berbalagun-ek handitzen dihardu, eta egitasmoko partaideak beren kasa antolatzen hasi dira. Izan ere, beren gustuen araberako talde berriak sortu dituzte. Irakurle Klubeko kideak hilean birritan zehaztu dute hitzordua, eta haiek aukeratutako idazle baten liburua aztertzea dute helburu. Bizkaierazko taldea, berriz, eguaztenetan elkartzen da herriko Dowells tabernan, eta bizkaieraz hitz egitera mugatzen dira.

Badago arreta deitzen duen egitasmorik ere. Martxalagunen kasua da horietako bat. Herriko kiroldegian egindako ikastaro baten ondoren, Berbalagun-eko hainbat partaidek antzeko egitasmoa martxan jartzea erabaki zuten. Makilek lagunduta, zazpi kilometroko ibilbidea egiten dute astelehenero, Bizkaiko Zubitik abiatuta.

Hala ere, talderik deigarriena eta jendetsuena Portugalete Kantari izeneko egitasmoak batzen duena da. “Hilabete bakoitzeko azken ostiraletan batzen dira, eta kalez kale ibiltzen dira kantuan, alde zaharrean”, azaldu zuten arduradunek.

Egitasmo iraunkor horiez gain, hilabetero Portugaleteko Euskararen Agenda deiturikoa jartzen dute martxan. Herriko eragileek euskara hutsean eginiko ekitaldiak batzen ditu agendak, hitzaldiak, tailerrak eta antzezlanak, esaterako. Bide batez, agendaren eskaintza kopurua nabarmen igo dela nabarmendu nahi izan zuten. “Lehen zortzi edo bederatzi ekitaldi antolatzen bagenituen hilabetero, orain zifra hori bikoiztu egin da. Esan dezakegu urtean ehundik gora ekitaldi antolatzen direla”, azaldu du Elgezabalek.

Taldekideen profilari dagokionez, aniztasuna da aipagarriena. “Gazteenak 21 urte ditu, eta gure amonatxoak, horrela deitzea uzten badigu, 86”. Emakumeak berbalagunen % 70 dira eta gehienek 30 eta 60 urte bitartean dituzte. Medikuek, abokatuek, zinegotziek, etxeko andre-gizonek, langabetuek, sukaldariek eta suhiltzaileek betetzen dute sarea. “Edonork dauka lekua”.

Hurrengo hilabeteotan hainbat ekintza aurreikusi dituzte. Otsailean Euskara Jendea dokumentala, txokolatezko trufak egiteko tailerra, Bidaiarien Txokoa eta Hernaniko Larre Gain sagardotegira irteera antolatu dituzte. Martxoan, Goiener energia kooperatibaren hitzaldia eta Euskaraz bizi nahi dut izeneko herri lasterketa egingo dira.