Fruitu arbolen osasunari eusteko sekretua

Sagardoa upategian zelan egin, mahatsondoa zelan inausi eta landareen osasuna zelan babestu izango dute hizpide eta aztergai, besteak beste, bihar, Zallako Fruitagintza Estazioan egingo dituzten jardunaldietan. Fruitagintzan, mahasgintzan eta enologian esperimentatzeko helburua dute. Aurten, 24. aldiz egingo dituzte topaketa horiek. Iazkoan, seiehun zale eta profesional inguru elkartu ziren.

“Parte hartzea eguraldiaren araberakoa izaten da”, Ikerne Zuluaga Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak azaldu duenez. “Ekoizleen prestaketa sustatzeaz gain, jardunaldion bitartez, Nekazaritza Sailaren eta lehenengo sektoreko kolektiboen arteko komunikazioa zabalik mantentzen da, Bizkaiko ustiategietako modernizazioa eta lehiakortasuna sustatze aldera”, esan du. “Aldi berean, eskaintza hori gainerako herritarrei ere zabaltzen zaie”.

Fruitu arbolen inausketaren garrantziaz egin du berba Zuluagak. “Inausketaren bitartez, zuhaitza gaztea denean, bere egitura osatzen dugu, gura dugun egiturara egokituz”. Ostean, urteroko inausketarekin, mantentzea egiten da. “Emankorrak ez diren adar zupatzaileak kentzen dira; zahartuta dauden adarrak inausi eta zuhaitzari oreka ematen saiatu behar da, fruitu gehiegi eman ez dezan”. Bide horretatik, zuhaitzaren “ahalmenaren araberako ekoizpena gauzatu ahal izateko behar beste lore ernamuin uzten zaizkio”. Horri esker fruitu arboletan sortu ohi diren arazo batzuk saihesten direla azaldu du Zuluagak, eta “argia zuhaitzean sartzen eta aireztapen hobea izaten laguntzen du”.

Sekreturik ez

Joan den astean kiwia eta beste fruitu arbola batzuk zelan inausi azaldu zuten. Biharkoan, mahatsondoari egokituko zaio. Juan Ramon Muguruza foru aldundiko Nekazaritza Zerbitzuko buruaren esanetan, mahatsondoaren inausketak ez dauka sekreturik. “Bizkaian, ia mahatsondo komertzial guztiak Guyot bikoitza deritzon sistemarekin inausten dira. Bi haga utzi behar dira, bakoitza zazpi edo zortzi ernamuinekin, eta bi ernamuin dituzten bi erpuru. Inausketa sistema oso sinplea da, eta emankorra oso. Hemen nagusiki landatzen den Hondarrabi Zuri aldaerari hobekien egokitzen zaiona da, gainera”, nabarmendu du.

Bestalde, mahatsondoaren zein kiwiaren inausketa sistemak “oso antzekoak” direla adierazi du, “nahiz eta landareen egitura desberdina izan”. Urtebeteko adarrak utzi behar dira. “Adar horien gainean haziko dira kimuak, urteko ekoizpenarekin”, azaldu du Muguruzak.

Ahalik eta pestizida gutxien

Landareen osasunaren babesari dagokionez, Nekazaritza zuzendariak gogora ekarri du “kalitatezko fruituak lortzeko ahalik eta produktu fitosanitario gutxien erabiltzea” dela helburua. “Izurriteen eta gaixotasunen aurkako borroka integratuari eutsiz, eta ingurumenean, produktua ematen duenarengan eta kontsumitzailearengan ahalik eta eragin txikiena duten produktuak erabilita lortzen da hori”.

Tratamenduak noiz eman erabakitzeko prozesu teknikoari buruzko azalpenak ere eman ditu. Berrikuntzez baliatzen dira: “Arboletan izurriteek duten eragina zenbatu, izurrite jakin batzuk erakartzen dituzten feromona tranpak jarri eta estazio meteorologikoek emandako datuen arabera gaixotasunek izan dezaketen eragina aurreikusten duten matematika ereduak” erabiltzen dituzte horretarako.

1903an hasi zen martxan Zallako Fruitagintza Estazioa, eta foru aldundia da jabea.