Bizkaia

Errugbiaren pizkundea

Ezkerraldean errugbiak zuen indarra berreskuratzeko beharrezko oinarria lortu du Bizkaiko Errugbi Federazioak. Hain zuzen, Abantoko Gallarta auzoan, Federico Balbuena errugbi zelaia martxan jartzeko lanak ia bukatuak dituzte. Hala azaldu du federaziok...

Ugaon AP-68ko zaratak gutxitzeko lanak egin dituzte

AP-68 autobidea ondo-ondoan dutela-eta, Ugaoko bizilagunek ibilgailuek egiten duten zarata handia pairatu behar izan dute urteetan. Orain, zarata hori gutxitu egin da, horretarako propio errepide parean jarri dituzten panelei esker.Hain zuzen, San Bar...

Elkartzearen indarra, agerian

Orain arte alderdien mapa nahiko zabala zen, baina datozen urteetan are gehiago zabalduko da. Horren adibide da hainbat herri eta auzotan sorturiko herritar plataformek emandako aurrerapausoa. Izan ere, koalizio bateratu bat sortu dute Bizkaian eta Araban datorren urteko foru hauteskundeetara aurkezteko asmoz. Aurrerantzean, Ikune izeneko alderdia izango da beren bilgunea.

Ez da ezerezetik sortutako proiektua. Ikunek hamar bat herritar plataforma bildu ditu dagoeneko, eta horien artean izango dira urte luzez zenbait udal gobernatzen dihardutenak. Esaterako, azken udal hauteskundeetan boto gehien bildu zuten Etxebarriko, Abadiñoko eta Plentziako herritarren zerrendak, Bizkaian, eta Zanbranako herritarren zerrendak, Araban. Orain Ikune sortzeaz arduratu dira. Erabakitzeko eskumena geroz eta murriztuago ikusten dutela eta, jauzi kualitatibo zein kuantitatiboa ematea erabaki dute denen artean. Alvaro Barrios laudioarra izendatu dute koordinatzaile, eta hark azaldu du alderdi koalizio berriaren gako nagusia: "Ikune eta beste alderdi politiko guztien arteko ezberdintasun nagusia herritarren partaidetzan datza. Guk ez daukagu inolako programa ideologikorik; horren ordez, herritarrei galdetzen diegu zein den beraiek nahi duten programa. Ordezkariak lortuz gero, jendearen erabakien alde bozkatzera konprometituko gara".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 80 udalerrik daukate talde independenteetako ordezkaritza. 353 zinegotzi dituzte guztira, eta 39 herritan lortu dute alkatetza. Kasurik aipagarrienetarikoa Etxebarrikoa (Bizkaia) izan daiteke, hogei urte luze igaro baitira boterera heldu zirenetik.

9.000 biztanle dituen herria da Etxebarri. Lehenengoz hauteskundeak irabazi zituztenetik alkate makilari eusten diote. Azkenengo hauteskundeetan, 2011n, bozen %64,24 lortu zituzten. Alde horretatik, herri bakoitzeko errealitatea oso ezberdina dela nabarmendu du Ikunek, eta herritar elkarte horiek hainbat arrazoirengatik sortu direla. Etxebarrin, adibidez, herriko zenbait lekutan gertatzen ari zen utzikeriaren aurka borrokatzeko sortu zen La Voz del Pueblo herritarren zerrenda.

Indarrak batuz lana errazago egin daitekeela jakitun dira Ikunen. Makineria martxan jarri dute dagoeneko: "Bi hilabetean, Ikunen batzen garen taldeak bikoiztu egin gara, eta, hori gutxi balitz, talde independenteak ez dauden hainbat herritan talde berriak sortu dira. Hurbiltzen ari zaizkigun pertsonen jarioa ere etengabekoa da, eta esponentzialki hazten doa", nabarmendu du Barriosek. Badakite herri handiagoetara zabaltzea lan zaila izango dela, baina hasi dira dinamika berriak lantzen. Badirudi fruituak ematen hasi direla.

Azaroan eman zuten izena alderdi politikoen erregistroan. Ordutik, herritarren babesa jaso duten heinean, "beste alderdi politikoen mesfidantza jasan" behar izan dute. Hala adierazi du, behintzat, Barriosek. Izan ere, beste alderdietako hainbatek maila pertsonalean laguntasuna helarazi dieten arren, alderdietako egituretatik ez zaie horrelakorik iritsi. "Nahiz eta batzeko jaio garen, badakigu Bizkaiko Batzar Nagusietara edo Arabako Biltzar Nagusietara sartuko bagina hainbat urdurituko liratekeela".

Ikune esperantotik eratorritako hitza da. Nahita egin dute gainera. Hasierako i hori erdarazko Iniciativa hitzetik dator, eta kune hitzak elkarrekin esan nahi du esperantoan. Izan ere, hizkuntzak batzeko asmatu zen esperantoa. "Herritarren artean sustatu nahi dugun batasun hori alderdiaren izenetik has dadin gura dugu".

Hainbat alderdi ordezkatuko dituen programa osatzeko asmoz, prozesu berritzailea jarri dute martxan. Aniztasunari aurre egiteko, hiru oinarri finkatuko dituzte. Alde batetik, Glokalizazio deituriko kontzeptua sortu dute. Partaidetza behetik gora izatea ziurtatuko du horrek, eta erabakiak hartzeko orduan herri taldeei independentzia ematea. Beste alde batetik, herritarren partaidetzak, "edo herritarrengandik hurbil izateak", independenteek praktikan jarritako filosofiarekin jarraitzea bermatuko du. Azkenik, hirugarren oinarria giza eskubideen bermea izango da, alderdian parte hartzen duen edonork errespetatu beharko duena.

Nahiz eta euren atarian kritiko agertzen diren gaur egungo politikak hartutako bidearekin, ez dute beren burua iraultzailetzat hartzen. Haratago doaz. "Alderdi politiko bat baino gehiago, demokrazia filosofia berri bat sustatu nahi dugu, edo, hobeto esanda, antzinako filosofia demokratikoa". Hala ere, jakitun dira egoera jakinetan euren jarrera politikoak agertu beharko dituztela, eta partaideen arteko ideologia aniztasunak lan hori erruz zailduko diela. Hala ere, Barrios baikor agertu da, eta uste du parte hartzearekiko apustua guztien iritziak batzeko gai izango dela.

Datorren urteko hauteskundeak erabakigarriak izango dira Ikuneren etorkizunerako. Lan gogorra izango dute aurrerantzean, baina koalizioak sortzeko prest agertu dira. Alde horretatik, Equo, PACMA edota PUM+J alderdiekin kontaktuan jarri direla azaldu du. Politika geroz eta lokalagoa izango den galdetuta, Ikuneko koordinatzaileak ez du ideia guztiz baztertu: "Herritarrei gehien eragiten dieten arazoak herrietan bertan gertatzen direnak izaten dira".

Abian da Ikune; abian dira herri plataformak. Zer lortzeko gai diren 2015eko foru hauteskundeek argituko dute.

Merkealdi Azoka egingo dute asteburuan, Sodupen

GUEÑES. Sodupeko (Gueñes) herriko plazan 7. Merkealdi Azoka egingo dute bihar eta igandean. Herriko merkatariek aurreko denboraldiko produktuak ipiniko dituzte salgai. Bihar 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Domekan, berriz, goizeko ordutegia izango du: 10:00etatik 14:00etara. Osotara, hamalau merkatarik parte hartuko dute; iazko azokan baino bat gehiagok.

Bilbotarrekin hiri berria definitu nahi du EH Bilduk

Aldaketa abian lelopean, prozesu parte hartzailea abiatu du Bilboko EH Bilduk. Hainbat lagunek gaur egungo Bizkaiko hiriburua definituko dute, eta, ondoren, auzoetako bizilagunek zer-nolakoa izatea gustatuko litzaieken zehaztuko dute. Hartara, aldaket...

540

Arratian, etxean konposta egiteko izena eman dutenak. 540 sendik eskatu dute konposta etxean egiteko makina Arratian; hau da, familien %40k parte hartuko dute egitasmoan. Ondarroan, berriz, 34 familia ari dira konposta egiten, eta, Zornotzan, 480 familiak erabiltzen dute edukiontzi marroia.

Ahotsak eta makila kolpeak

Martiri italiarra izanik, ez dago argi Santa Agedak Euskal Herrian zergatik daukan hainbesteko indarra. Bizkaian, kasurako, eliza bakarra dago haren omenez eraikia: Barakaldon. Baina herrialde historikoko herri eta auzo guztietan dago jaiegunaren bezperan santa eskean irteteko ohitura. Ezagunena Arratiako koruak egiten duen ibilbidea da. Euren eskualdeko herri guztiak igarotzen dituzte. Eta bereziki hiriburuan ibiltzen dira kantuan.

Aurten 63. urtea dute. Lehen urteetan Bilboko Santa Marina ospitalea laguntzeko biltzen zuten dirua. Gerora, beharrizanak aldatu egin dira, eta aldian-aldian helburu ezberdin baterako egiten dute bilketa. Beti-betiko koplak abesten dituzte. Aita Jose Domingo Ugartetxea karmeldarrak prestatutakoak dira, Santa Agedari eskainiak. Azken asteetan gogor entseatzen dabiltza, nahiz eta hainbeste urteren ostean dagoeneko buruz dakizkiten.

Duela 30 urte hasi ziren Bilbora joaten. Geroztik ez dute hutsik egin. Urtero, ibilbide berbera osatzen dute. Martitzena, bada, Areatzan hasiko dute. 08:30ean meza entzungo dute, Santa Isabel komentuan. Irteterakoan eskolako umeekin abestuko dute. Handik Dimara abiatuko dira, hango eskolako umeekin kantatzera. Beste horrenbeste egingo dute Lemoan. 10:30ean Zornotzako udaletxean arituko dira.

Bilbora Begoñatik sartuko dira. 11:00etako meza ostean abestuko dute basilikan. Segidan, San Anton eliza atarira jaitsiko dira. Erriberako merkatuan eta Plaza Barrian kantatuta, udaletxera joango dira. 12:45ean elkartuko dira agintariekin. Bukatutakoan, Kale Nagusian ibiliko dira: El Corte Ingles, BBVA, Kutxabank... 13:45ean, Foru jauregian Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia izango dute zain.

Igorreko ostatuan bazkaltzen dute urtero, arratsaldean Bilbon jarraitzeko. Guggenheim museoan 17:00etan izango dira. Handik San Nikolas eliza aurrera eta Zazpikaleetako metro geltokira jaitsiko dira. 18:00etan Santiago apostoluaren katedralean abestuko dute. Eta 19:30ean agurtuko dute Bilbo, Arriaga plazan.

Arratian, Bediako musika eskolako umeak izango dituzte zain. Igorre, Arantzazu, Arteaga eta Zeanuri bisitatu ostean, Areatzan abestuko dute bukatzeko, 21:30ean. Txokolatea ere banatuko dute.

BESTE HERRI BATZUK

Balmaseda. Bihar, 10:00etan abiatuko da Kolitza abesbatza.

Getxo. 18:00etan hasita, Areetan, Erromon, Algortan eta Andra Mari auzoan ibiliko dira hainbat abesbatza. 20:00etan, batera abesteko elkartuko dira.

Mungia. Martitzenean, 19:00etan, udaletxetik hasita ibiliko da J. A. Arregi abesbatza.

Iurreta. Martitzenean, 20:00etan, Aita San Migel

plazatik abiatuta.