Errugbiaren pizkundea

Ezkerraldean errugbiak zuen indarra berreskuratzeko beharrezko oinarria lortu du Bizkaiko Errugbi Federazioak. Hain zuzen, Abantoko Gallarta auzoan, Federico Balbuena errugbi zelaia martxan jartzeko lanak ia bukatuak dituzte. Hala azaldu du federazioko presidente Gervasio de la Fuentek.

Kirol mota hori eskualdean desagertu egin da azken urteetan. “Lehenago, Barakaldoko taldea, Sestaokoa eta Abantokoa zeuden. Guztiak desagertu egin dira, ordea. Eta pena da, horretarako baliagarria den jende asko baitago”, esan du de la Fuentek. Errugbia Ezkerraldean “baztertuta” egon dela deritzo. “Bizkaiko beste inguru batzuetan, udalak gehiago inplikatu dira zelaiei eta azpiegiturei dagokienez. Ezkerraldean, ordea, ez da era horretako inplikaziorik egon, inoiz ez”, kexatu da.

Federico Balbuena zelaia urteetan “utzita” egon da. “Errugbia hedatzeko gure oinarri gisa hartu dugu, beraz”, azaldu du. “Udalarekin akordioa lortu, eta utzi egin digu”. Zelaia konpontzen eta prestatzen ari dira. Udalak mantentze lanak egiteko konpromisoa hartu du, eta haiek herriko ikastetxeekin lan egin behar dute; horixe da tratua. “Ondo baino hobeto. Gure helburua horixe zen, eta eskolekin elkarlanean aritzea”.

Oraingoz, Abanton bertan hasi dira lanean. “Getxo Errugbiko entrenatzaileekin ari gara, bereziki”, azaldu du de la Fuentek. Hainbat ikastetxetako heziketa fisikoko irakasleekin hitz egin dute jada. Beraz, iritzi aldaketarik ezean, eskolako zenbait ordutan errugbi eskolak hartuko dituzte herriko bost ikastetxetako ikasleek. Irakasleek, elkarrekin batzartu ostean, errugbiari zein ordutegi ezarriko dioten jakinaraziko diote federazioari.

Ikastetxeetan emango dituzte eskolak, beraz. Maiatz bukaeran, bestalde, “ikasturte bukaerako jaialdia” egingo dute zelai berrian. Hori guztia ikasturte honetan izango da. “Datorren urtera begira, Barakaldora ere salto egin gura dugu”. Eta apurka-apurka Ezkerralde eta Meatzalde osora zabaltzea dute helburu.

Zelaiaren inaugurazio ofiziala martxoaren 1ean egingo dute. Bizkaiko 18 eta 21 urtez azpiko selekzioa Arabakoaren kontra lehiatuko da, Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako selekzioen txapelketaren barruan.

Federico Balbuena zelaia zabaltzea onuragarria izango dela uste du federazioko presidenteak. “Zenbat eta zelai gehiago egon, orduan eta hobe; batez ere, Ezkerraldearentzat”. Kontuan hartu behar da, haren arabera, “behar duen edozein taldek erabili ahal izango duela”. Izan ere, “instalazio falta” dagoela ekarri du gogora. “Gernika-Lumoko zelaia bera ere hondatuta dago; errekaren ondoan egonik, euri apur bat egiten duen aldiro lokatzez betetzen da. Beraz, beste zelai batzuk alokatu ohi dituzte, beren zelaia izorratu gabe lasai entrenatu ahal izateko”.

“Hemen, orain arte ez dugu zelairik izan; lau herri kenduta, gainerakook ez daukagu. Utzitakoak edo futbol taldearekin partekatu beharrekoak… Eta hazi gura badugu, instalazioak behar ditugu. Luxua da guretzat bakarrik izango den zelaia izatea: ordutegirik gabe, beste kiroletako taldeekin partekatu gabe, udalaren erabakien zain eta menpe egon gabe…”, adierazi du de la Fuentek.

Taxuzko zelai berri bat dagoela jakitean, “beharbada, jendea mugitzen hasiko da”, haren ustetan. “Eta gu mugimendua dagoen leku horietan izango gara. Zailena zelai bat lortzea da”. Eta hori badaukate jada. Garraio publikoaren geltokien ondotik gertu dago, gainera: trenaren eta autobusaren ondoan.

Gaztetxoentzat ere aukera paregabea ematen duela uste du federazioko presidenteak. Futbolaz gain, beste aukera bat zabaltzen die. “Hasieran, gazte guztiek jotzen dute futbolera. Hala ere, hamalau urte ingururekin hasi ohi dira hautaketa egiten: onenak hartu, eta ondo jokatzen ez dutenak baztertzen, hain zuzen. Ordurako, gu prest egon ohi gara, ehiztaria eskopetarekin egon ohi den bezala. Izan ere, guretzat guztiak dira baliagarriak: lodiak, altuak, txikiak… Denek dute lekua. Gainerako kiroletan ez da horrelakorik gertatzen”.