“Denbora beste erritmo batean pasatzen da ospitale honetan”

Hondartza alboan dago Gorlizko Ospitalea, itsasoa desafiatuko balu bezala. Hareatzaren bestaldean, kristal tindatuek, korridore luzeek eta altzari berrituek beldurrezko film baterako plato ezin hobea bihurtu dute eraikina. Beldurgarri bezain eder, hala ere. “Leku honek zerbait berezi daukala uste dut”. Esana Carmen Rodriguezen ahotik irten da. Rodriguez antropologoa da afizioz eta ospitaleko zuzendari ofizioz, eta maitasun puntu batez hitz egiten du eraikinaren inguruan.

Izan ere, XX. mendearen hasierako erietxea harrotasunez ageri da Gorlizko badia aurrean. Eraldatzen jakin du urteak aurrera joan diren neurrian. Iraganean tuberkulosiak jota zeuden umeak izan ziren bertako maizterrak, eta orain errehabilitazio fisiko eta neurologikoaren erreferente bihurtu da. Rodriguezek baieztatu egin du: “Ospitale honetan eskarmentu handia dago errehabilitazio gaietan, eta horren arrazoia iraganean dago”.

1919ko ekainean inauguratu zen erietxea, eta orduko hainbat gaitz sendatzeko leku aproposenetariko bat izan zen. Mende oso bat igaro da Enrique Areilza doktoreak eta Luis Larrinaga medikuak tuberkulosiaren aurkako ospitale bat eskatu zutenetik. Bilbok 80.000 biztanle zituen garai hartan, eta 6.000 inguruk pairatzen zuten eritasuna. Egoera larria zela ikusita, Bizkaiko Diputazioari egin zioten proposamena, eta buruzagiek baiezkoa eman zieten. Behin onespena jasota, argi eduki zuten lekurik aproposena Gorlizko hondartza zela.

Ez zen apetazko erabakia izan. Rodriguezek badaki zergatia: “Gorliz da eguzki ordu gehien duen kostaldeko herria, Kantabriatik hasita [Espainia] Frantziako kostaldearen hasieraraino. Patologia askoko garaia zen hura, eta, hori gutxi balitz bezala, goseteek arazo gehiago eragin zituzten”.

Arazo horiei aurre egiteko asmoz, Areilza eta Larrinaga eguzkiaz eta itsasoko urak daukan iodoaz baliatu ziren. Helburua argia zen: “Garai hartan, hezurretako arazoak zituzten umeak etorri ohi ziren Gorlizera. Tuberkulosia zela eta, umeek eguzkiaren eta itsasoko uraren beharra zeukaten. Hainbat tratamendu egiten zizkieten, baina gaur egun zaharkituak geratu dira”, nabarmendu du Rodriguezek. Hala ere, aitortu du itsasoaz baliatzen direla oraindik; adibidez, badiako urarekin betetzen dute igerilekua. “Errehabilitaziorako erabiltzen dugu, hainbat ariketa egiteko”.

Garai hartan Euskal Herritik Herbehereetaraino zeuden itsasertzeko erietxeen planoak hartuta eraiki zuten Gorlizkoa. Horrela uler daiteke beste garai batzuetako eraikinekin duen antza. 1936ko gerraren hassieran, 240 gaixo zituen bere lau pareten artean, baina tropa frankistak iristearekin batera, Frantziara eraman zituzten itsasoz.

Urteak aurrera joan ahala, eta, batez ere, baldintza sozioekonomikoak hobetuz zihoazen neurrian, tuberkulosia eta halako gaixotasunak desagertuz joan ziren Euskal Herritik. Hala, bada, eraldatzeko eta egokitzeko ordua iritsi zitzaion erietxeari. Pediatria ospitalea sortzea edo errehabilitaziorako birmoldatzea izan ziren aukerak. Bigarrena aukeratu zuten. Aurrerantzean, gaixotasun neurologikoren bat zeukaten gaixoak hartuko zituzten.

Hala ere, eta denborak aurrera egin ahala, berriz ere aldatu zen zentroaren bidea. Osakidetza EAEko osasun publikoaren sarera gehitu zen 1985ean, eta ebakuntzak egiteari utzi zioten. Ordutik errehabilitazioaren arloan egin dira ahalegin handienak.

Lekua oinarrizkoa zen iraganean, baina eskumen hori galduz joan da aurrerapenaren mesedetan. Rodriguezek badu bere iritzia: “Iraganean bazeuden hemen bakarrik eman zitezkeen tratamenduak, baina apurka galduz joan da hori. Gaur egun, prozesu ia berdinak ematen dira hemen edo beste zentro baten. Hala ere, abantaila ingurunean daukagu”.

Nahiz eta hara joatea gustuko ez izan, Gorlizko parajeak lasaitasuna ematen die halabeharrez ospitalera joan behar izaten dutenei. Itsasoaren urdintasunak eta mendien berdetasunak beste bizitasun bat ematen die ospitaleratuei eta haien senideei. Oso-osoan sinesten du hori zuzendariak. “Etekin nagusiena ingurunetik lor dezakegu. Leku lasai eta atsegina da, balio erantsia ematen duena. Pentsatu behar dugu hona datozen pertsona gehienak patologia kronikoak edo antzeko beste gaixotasun batzuk dituzten pertsona nagusiak direla, eta elementu guztiek dute garrantzia horiek gustura sentiarazteko orduan”.

Ospitalera joatea inori ez zaiola gustatzen dio Rodriguezek; “zapaltzen zaituzten irudipena daukazu”. Aitortzen du ospitalearen egoera ezohikoa dela, baina ohikoa bihurtu zaie laudorioak jasotzea. “Parajearen edertasunaz hau edo beste esatea normala da hona datozenen artean. Terraza batean lasai egoteko aukera izatea edo, aulki gurpildunean eserita bada ere, itsasoa bere handitasunean ikusten egon ahal izatea pribilegio ederra da. Hemen denbora bera ere beste erritmo batean pasatzen da”.