Bilbotarrekin hiri berria definitu nahi du EH Bilduk

Aldaketa abian lelopean, prozesu parte hartzailea abiatu du Bilboko EH Bilduk. Hainbat lagunek gaur egungo Bizkaiko hiriburua definituko dute, eta, ondoren, auzoetako bizilagunek zer-nolakoa izatea gustatuko litzaieken zehaztuko dute. Hartara, aldaketarako oinarriak eta bidea finkatuko dituzte. Abenduan hasi ziren prozesu horretan, eta datorren urteko udaberrian bukatuko dute. Joan den zapatuan egin zuten aurkezpena, Zabalguneko merkatuan.

Orain arte hemezortzi lantaldetan banatutako 200 lagun inguru ibili dira arlokako azterketa egiten. Azaldu dutenez, jatorri, adin, trebakuntza, lanbide, militantzia esparru eta ikuspegi askotako gizon-emakumeak dira. Taldeok lau ardatzen inguruan ari dira beharrean: pertsonak lehenetsiko dituen hiria, hiri eredu iraunkorra, bertoko kulturan oinarritutako hiria eta askatasuna ardatz izango duen hiria.

Behin horien lana bukatutakoan, uda ostean, parte hartzeari irekiko diote bidea. Hau da, azterlanaren emaitzei ekarpenak egin nahi dizkieten auzoetako bizilagun eta eragileek horretarako aukera izango dute irailetik aurrera. Horretarako, hainbat ekintza antolatuko dituzte, dela Bilbon, dela auzoetan.

“Postaleko hiria” saldu nahi dutela salatu du koalizioak, “egiazko argazkia bestelakoa” den bitartean. Bilbok %18ko langabezia tasa duela ekarri dute gogora. Baita iaz bost etxegabe hil zirela ere. Eta egun, gutxienez, 236 lagunek egiten dutela lo hiriburuko kaleetan.