Foru aldundiak 20 milioi emango ditu enplegua sendotzen laguntzeko

“2014a Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen urtea da”. Hala azaldu du Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak. Iragarri duenez, 20 milioi euroren laguntzak emango dituzte berrikuntzarako, inbertsiorako eta enpresak nazioarteko bihurtzeko, Enpresa Txiki eta Ertainak eta Autonomoak Berrabiatzeko 2012-2015 Planaren barruan.

Helburua da 690 enpresa txiki eta ertaini eta mikroenpresa txiki eta ertaini laguntzak ematea. Horrenbestez, 10.000 lanpostu sendotzen lagundu gura du Pradalesen sailak.Enpresa guztien %95 dira era horretakoak. Enpresok berrabiatzeko plana 2012an indarrean jarri zutenetik, 1.211 enpresak jaso dituzte laguntzak, eta, guztira, 25.700 lanpostu daude horri lotuta, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Bilboko Euskalduna jauregian iragarri ditu neurriok Pradalesek, Bizkaiko ETEekiko III. Topaketetan. Berrehun bat enpresa txiki eta ertainetako ordezkariak elkartu dira.

Enplegua, Enkarterrin

Bestalde, Enkarterrin martxan jarriko dute eskualdeak suspertzeko programa bat. Langabezian dauden ehun pertsona lan merkatuan sartzea du helburu. Horietatik gutxienez hirurogeik autoenplegurako beren egitasmoa sortzea du xede. Milioi bat eta erdi euro aurreikusi dira beste eskualde batzuetan ere garatuko duten programarako. Diru laguntzak banatzean, iraupen luzeko langabeak hartuko dira kontuan, bereziki; baita 30 urtetik gorakoak eta 45etik beherakoak ere.