Ahotsak eta makila kolpeak

Martiri italiarra izanik, ez dago argi Santa Agedak Euskal Herrian zergatik daukan hainbesteko indarra. Bizkaian, kasurako, eliza bakarra dago haren omenez eraikia: Barakaldon. Baina herrialde historikoko herri eta auzo guztietan dago jaiegunaren bezperan santa eskean irteteko ohitura. Ezagunena Arratiako koruak egiten duen ibilbidea da. Euren eskualdeko herri guztiak igarotzen dituzte. Eta bereziki hiriburuan ibiltzen dira kantuan.

Aurten 63. urtea dute. Lehen urteetan Bilboko Santa Marina ospitalea laguntzeko biltzen zuten dirua. Gerora, beharrizanak aldatu egin dira, eta aldian-aldian helburu ezberdin baterako egiten dute bilketa. Beti-betiko koplak abesten dituzte. Aita Jose Domingo Ugartetxea karmeldarrak prestatutakoak dira, Santa Agedari eskainiak. Azken asteetan gogor entseatzen dabiltza, nahiz eta hainbeste urteren ostean dagoeneko buruz dakizkiten.

Duela 30 urte hasi ziren Bilbora joaten. Geroztik ez dute hutsik egin. Urtero, ibilbide berbera osatzen dute. Martitzena, bada, Areatzan hasiko dute. 08:30ean meza entzungo dute, Santa Isabel komentuan. Irteterakoan eskolako umeekin abestuko dute. Handik Dimara abiatuko dira, hango eskolako umeekin kantatzera. Beste horrenbeste egingo dute Lemoan. 10:30ean Zornotzako udaletxean arituko dira.

Bilbora Begoñatik sartuko dira. 11:00etako meza ostean abestuko dute basilikan. Segidan, San Anton eliza atarira jaitsiko dira. Erriberako merkatuan eta Plaza Barrian kantatuta, udaletxera joango dira. 12:45ean elkartuko dira agintariekin. Bukatutakoan, Kale Nagusian ibiliko dira: El Corte Ingles, BBVA, Kutxabank… 13:45ean, Foru jauregian Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia izango dute zain.

Igorreko ostatuan bazkaltzen dute urtero, arratsaldean Bilbon jarraitzeko. Guggenheim museoan 17:00etan izango dira. Handik San Nikolas eliza aurrera eta Zazpikaleetako metro geltokira jaitsiko dira. 18:00etan Santiago apostoluaren katedralean abestuko dute. Eta 19:30ean agurtuko dute Bilbo, Arriaga plazan.

Arratian, Bediako musika eskolako umeak izango dituzte zain. Igorre, Arantzazu, Arteaga eta Zeanuri bisitatu ostean, Areatzan abestuko dute bukatzeko, 21:30ean. Txokolatea ere banatuko dute.

BESTE HERRI BATZUK

Balmaseda. Bihar, 10:00etan abiatuko da Kolitza abesbatza.

Getxo. 18:00etan hasita, Areetan, Erromon, Algortan eta Andra Mari auzoan ibiliko dira hainbat abesbatza. 20:00etan, batera abesteko elkartuko dira.

Mungia. Martitzenean, 19:00etan, udaletxetik hasita ibiliko da J. A. Arregi abesbatza.

Iurreta. Martitzenean, 20:00etan, Aita San Migel

plazatik abiatuta.