Bizkaia

Suhiltzaileen bi parke berri nahi ditu foru aldundiak

GIZARTEA. Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saila suhiltzaile parke berri bi egiteko lursail bila dabil. Bata Busturialdean eraikiko lukete, eta bestea Enkarterrin, Gernika-Lumo eta Balmasedako parkeak ordezkatzeko. Dena den, argitu dute epe erta...

23

Gernika-Lumoko Behargintzak lagundutako lanpostuak. 2013an 23 lanpostu sortzen lagundu zuen Gernika-Lumoko Behargintzak. Horrez gain, eskualdeko 114 gizon-emakumeri beharra aurkitzen lagunduko dieten prestakuntza ikastaroak eskaini zizkien.

‘Keinuka mugaz gaindi’ filma estreinatuko dute ekainean

Kurkuluxetan kulturgunean sustatuta, giza balioak lantzeko pelikula bat grabatzen ari da. Zenbat Gara elkartearen barruko ume gunea da Kurkuluxetan. Hainbat egitasmo bultzatzen ditu haurren heziketa eta aisialdira begira; azkena, Euskal Herriko eta Ku...

Piano kontzertua izango da bihar, Getxon

MUSIKA. Getxoko Andres Isasi Musika Eskolaren aretoan Neguko Bidaien IIII. ekitaldia egingo dute bihar. Piano kontzertua izango da. Pia Rojas eta Marian Hermosilla elkarrekin arituko dira, eta 19:30ean hasiko da emanaldia.

Abadiño eta Berrizko lantegietako 146 langile kaleratuko ditu MZ enpresak

MZ enpresaren likidazio prozesuak bete-betean eragin die Durangaldeko langileei. Grupo Cosmos taldeak hartu du MZk Abadiñon duen lantokia. Eta taldeko arduradunek egindako adierazpenen arabera, Berrizko lantegia itxi eta 73 langileri kontratu mugagabea ezarriko zaie. Bestalde, kaleratutako langileentzat lan poltsa bat osatzeko asmoa duela iragarri du Cosmos taldeak. MZko langileen ordezkariek salatu dute enpresaren zuzendaritza batzordeak azken urtean kudeaketa "negargarria" egin duela. Adierazi dute Mercedes eroslea galdu arren eta likidazio prozesuan egon arren 2012an baino emaitza hobeak izan zituela 2013an MZ enpresak. Bestalde, ELAk salatu du langileak kaleratzeko orduan MZk ez dituela kontuan hartu horien adina, gaitasuna eta antzinatasunak.

Troikako gaizkileak Bilbon

Alderdi Popularra, bere ohiko eskumako leloei jarraiki, herritarren segurtasun gabezian oinarrituta alarma soziala pizteko estrategia martxan jartzen saiatu da berriz ere, daukan garrantzia areagotuz, herritarren beldurrarekin jolastuz, eta poliziaren zein errepresioaren logikari bidea emanez. Ildo honetatik, mozio bat aurkeztu da balizko egoera honi aurre egiteko, Herritarren Segurtasunerako Plan Integral bat lehenbailehen Bilbon ezartzea proposatuz.

Esan beharra daukat, salbuespena izan arren, Alderdi Popularrarekin ados nagoela bere mozioan egiten dituen bi baieztapenekin: lehenik, ziur nago Bilbon delituak egiten darabiltzaten banda antolatuak badaudela. Bestalde, egoera honi aurre egiteko guztiz aproposa deritzot giza segurtasun plan bat lantzeari.

Jakina, horraino soilik etortzen gara bat. Izan ere, PPren segurtasun kontzeptua eta bertan proposatutako giza segurtasun kontzeptua (Nazio Batuek onarturikoa) ezberdinak dira oso. Hala, giza segurtasunaren kontzeptuaren arabera, soilik norberaren bizimodua bermatzeko, oinarrizko beharrizanak asetzeko, norbere kasa moldatzeko eta komunitatean modu libre eta seguruan parte hartzeko gaitasuna bermatzen denean ematen da.

Gauzak horrela ulertuta, gero eta ozenago aldarrikatzen da, baita Bilbon ere, herritarren segurtasunik eza, antolatutako delinkuentzia boteretsuak gidatutako eta zilegitasunik gabeko sistema suizida batek sortutako giza segurtasun ezaren ondorioa dela. Hauek dira jazarri eta atxilotu beharko genituzkeen gaizkileak, hauengana zuzendu beharko genituzke gure arreta eta lehentasunak. Gorbata garestiak janzten dituzten lapurrak dira, atxilotuta egon beharrean, enpresa handiak zuzentzen dituztenak, gure eskubideekin espekulatzen eta gure bizitzak merkaturatzen ari direnak; publikoki gaitzetsiak edo baztertuak izan ordez, pertsona eredugarri moduan aurkezten dizkigutenak; instituzioetatik aurkaritza jaso ez ezik, hauen laguntza eta trikimainak eskuratzen dituztenak, jokabide morroi eta ipurgarbitzaile bati jarraiki.

Hauek dira segurtasunik ezaren errudunak: politikari ustelak, kapitalista handiak eta euren morroiak. Azken finean, gehiengoen eskubideak alde batera utzita, euren etekinak handitzeko baliabide publikoak erabiltzen dituztenak. Eta hauei aurre egiteko, Giza Segurtasunerako Plana abian jarri beharko litzake, egiten dutena, egiten uzten zaiena, guztion segurtasuna arriskuan jartzen duelako.

Horregatik, EHBildutik proposatu dugu Giza Segurtasunerako Plan horren lehen puntua Bilbon izango den Ekonomia Goi-bilera bertan behera uztea izan da. Izan ere, martxoaren 3an Udal Gobernuaren oniritziarekin egingo den ekitaldian, besteak beste Nazioarteko Diru Funtseko, Europako Batasuneko, Espainiako Ekonomia Ministerioko, eta Telefonica, BBVA, Iberdrola eta antzeko enpresa handietako ordezkariak bilduko dira. Jardunaldi hauen helburua krisialditik ateratzeko ikuspuntu berriak aztertzea dela badiote ere, ez utzi zeuen buruari iruzurrik egiten, euren xede bakarra herritarrak ustiatzen jarraitzeko moduak aztertzea baita, gero eta estuago eta merkatuaz baliatuz, gure lepotik bizitzen jarrai dezaten.

Dudarik gabe, horrelako ekitaldiek eta kasta honek, gure giza segurtasuna kolokan jartzen dute, eta horregatik ez ditugu Bilbon nahi. Argi daukat ere, antolatutako gaizkile asko bertan izango direla, eta, horregatik, lehenbailehen erantzun behar dugu Udaletik. Gaizkileekin, batek daki… akaso hauek ez dituzte kalean diru-zorroak lapurtuko, baina adi ibili behar gara, zeren eta lapurtu, lapurtu egiten dute; baina handizka, lehen mailan egiten den bezala.

Horregatik, gure bizitzengatik, gure segurtasunagatik, protesta egitera goaz eta ongi etorriak ez direla esatera goaz. Troika eta kapitalistak, alde hemendik!

Larru aldaketa

Durangoko euskara elkartea, Berbaro, 1989tik ari da lanean. 1994an izen bera zuen taberna ireki zuen alde zaharrean. Eta euskalgintza zein euskal kultura bultzatzeko hainbat egitasmo egiten zituzten han. Baina handitzeko apustua egin zuten 2004an: alde zaharreko tabernatik Landakoko hiltegi zaharrerako jauzia egitea erabaki zen. "Gizartea eta euskal komunitatea trinkotzeko topaleku bat behar genuen", adierazi du Beñat Gaztelu-Urrutiak, Plateruenako Kultura koordinatzaileak. Kooperatiba moduan hasi zen Plateruena, eta jendearen diru ekarpenari esker lortu zuten martxan jartzea. Bederatziehun bazkide ditu Durangoko kafe antzokiak gaur egun.

Mota guztietako ekitaldiak eta egitasmoak egin dituzte ordutik. Hausnarketa prozesu batean dabiltza orain: "Noizbehinka, garbitegira joatea tokatzen da", adierazi du Plateruenako kideak. Hamar urte beteko dituzte aurten, eta baikortasunez aitortu du proiektuak eguneratzea ezinbestekoa dela, dauden beharrizanei erantzuteko. "Duela hamar urteko beharrizanak eta gaur egungoak ez dira berak". Kultura proiektua gaur egungo beharretara egokitzeko eztabaida prozesu batean murgildu dira aurten.

"Ez dugu larru berarekin dabilen sugea izan nahi. Larruak aldatuz joan behar dira, eguneratuz eta edukiak aldatuz", aitortu du Gaztelu-Urrutiak. Horretarako, ezinbestekotzat dute herritarren parte hartzea: "Gizarteari ematen zaion zerbitzua izanda, herritarren parte hartzearekin aurrera atera beharreko proiektua da, eta hartu eman hori etengabekoa izan behar da".

Komunikazioa, kudeaketa eta sarea izango dira eztabaida prozesuan landuko dituzten hiru zutabe nagusiak. "Eztabaidarako hiru ardatz horietan txertatuko dira kulturgintza, emakumeak eta gazteak", nabarmendu du Gaztelu-Urrutiak. Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz graduondoko ikasleen laguntza ere badute prozesua bideratzerako orduan.

Ekonomikoki garai zailak diren arren, ez dira "kikiltzen", eta proiektuarekin aurrera jarraitzea beharrezkoa ikusten du Gaztelu-Urrutiak. Finantzazioa ostalaritzatik lortzeko ereduaren inguruan hausnartu beharko dela nabarmendu du.

Eskuizkribuen sekretuez

Erdi Aroko kaligrafiari buruzko ikastaroa emango dute asteburuan Enkarterriko museoan. Bihar eta igandean emango dituzte eskolak. Erdi Aroko idazkietan ageri ohi diren letra maiuskulak zelan egin ikasiko dute bertaratzen direnek. Horrez gain, papiroak eta pergaminoak erabiliko dituzte. Baita monasterioetan eta beste leku batzuetan idazteko erabiltzen zituzten erremintak ere: besteak beste, idazlumak, hegaztien lumak, luma metalikoak, pigmentu naturalak zein urrezko eta zilarrezko argiztapena.

Era horretako izkribuak interesatzen zaizkien guztiei ikastaroan parte hartzeko deia egin die Esperanza Serranok —hark gidatuko ditu saiook—. Haren esanetan, "edonor saia daiteke". Letra batzuk oso zailak izan arren —barruan eszena batzuk jasotzen dituztenak ere badaude—, beste batzuk "errazagoak" direla ekarri du gogora.

Duela bost mendera arte ez zegoen inprimatutako libururik. Beraz, testuak gordetzeko zein zabaltzeko modu bakarra eskuz idatzitako kopiak ziren. Garai hartan lantzen ziren idazketa moduak berreskuratu edo bertatik bertara ezagutzeko aukera zabalduko dute, bada, bihar eta igandean. Kaligrafiaren arteaz gozatzeko modua izango dute ikastarora doazenek.

Idazketa mota hori lantzen zutenek zein traba eta arazo zituzten ere ezagutu ahal izango dute. Izan ere, ordu luzeetan kaligrafia zehatz haiek idazteak kalte asko eragiten zizkieten: ikusmen arazoak sortzen zitzaizkien, bizkarrezurra okertu egiten zitzaien, eta, azken finean, gorputz osoak nabaritzen zituen behar astun horren ondorioak.

Enkarterriko museoan emango dute ikastaroa. Izena emateko bi bide erabil daitezke. Batetik, asociacionbilbainacaligrafia@ gmail.com helbidera idatz dezakete parte hartu gura dutenek. Bestetik, 94-650 44 88 telefono zenbakira deituta ere egin daiteke.

Ezkerralderako emergentzia plana nahi du EH Bilduk

"Alderdien eta norbanakoen interesen gainetik, Ezkerraldean emergentzia plana martxan jartzea premiazkoa eta urgentziazkoa" dela uste du EH Bilduk. Lana sortuko duten neurriak aldarrikatu dituzte; "beharginek ia galduak dituzten lan baldintza duinak z...