Natalia Salazar Orbe
Bilbo hiribildu bihurtzeko gutuna 1300. urteko ekainaren 15ean sinatu zuen Diego Lopez Harokoak. 717 urte igaro dira orduz geroztik, eta Bizkaiko hiriburuak urtero ospatzen du urteurren berezi hori. Festa erraldoi eta ikusgarria pr...
Asteburuko proposamena
Iraganaren gailurretik begira
Natalia Salazar Orbe
Iraganeko gertaerek eta kulturak jartzen dute geroaren oinarria. Herriak gaur egun direna bilakatu dira mendeetan izandako esperientzien eta egindako hautuen ondorioz. Garrantzitsua da, beraz, iragan hori ezagutzea, eta antzinako pasarteen eskutik gaur egungo historia ulertzea. Horixe bera proposatzen dute aldundiak antolatu dituen ibilbide historikoek. Ekain, uztail eta abuzturako Bizkaiko hainbat altxor arkeologiko bisitatzeko eta horien historia ezagutzeko aukera emango dute. Mende luzeetan atzera egiteko bidaia abian da.
Lurralde osoaren garapen historikoa laburbiltzen duten bi ibilbide nagusik osatzen dituzte bisita gidatuok: Malmasingo ibilbide historikoak eta Urdaibaiko ibilbide historikoak. Historiaz betetako zazpi leku esanguratsutara eramango dituzte herritarrak: Ereñozar gaztelura, Arrolako Oppidumara, Tribisburuko nekropolira, Foruko multzo historikora, Finagako San Martin ermitara, Malmasingo gotorlekura eta Arrigorriagako San Pedro ermitara.
Bisitak hasita daude. Hil honetan, Malmasingo ibilaldi historikoari ekin diote. Asteburuetan egiten dituzte. Datu garrantzitsuak utzi dituzte agerian altxor arkeologiko horietako bakoitzean egindako ikerketek. Finagako San Martin ermita Basaurin dago. Duela gutxi induskatu zuten, eta, bertan egindako ikerlanean jasotako datuei esker, Ibaizabal-Nerbioi Barrenaren azken 2.000 urteetako historia berreraiki ahal izan dute. Tokiko indigenen kulturako zenbait hilarri erakutsiko dizkiete bisitariei. K.o. III. mendetik V. mendera arte erromatarren garaiko ehorzketa nekropoli bat egon zen leku horretan. Gutxienez, zazpi hilobi aurkitu dituzte bertan.
Handik Malmasingo gotorlekura egingo dute bidea, oinez. A-8 errepideko tunelengatik da ezagun Malmasin. Horien gainean, 361 metrora, historia aberatsa gordetzen duen kastroa dago, ordea. Erromatarrak Bizkaira iritsi aurretik egindako gotorlekuaren aztarnak aurkituko dituzte bisitariek bertan. Ibaizabal-Nerbioi Barreneko herrigune garrantzitsu bat izan zen. Bilbo eta inguruetako lehen herrixka indigena, hain zuzen. K.a. IV. mendean sortu zuten herrixka. Bunker moduan eraiki zuten, oso zaila zen-eta arerioak bertan sartzea. Erromatarrak iritsi eta urte batzuetara, egonkortasuna ezarri zen. Hala, herritarrak inbasioen beldurra galduz joan ziren, eta, apurka, mendi hegaletan jarri zituzten euren etxeak.
Mendi hegal horietako batean dago Bizkaiko aztarnategi enblematikoenetako bat: Abrisketako San Pedro. Arrigorriagan dago. Bizkaian zutik dirauen eraikinik zaharrena da. Egiturari zein eraikuntzari dagokienez, hainbat garaitako kultura elementuak biltzen ditu: erromatarrak, berantiarrak, erromaniko aurrekoak eta erromanikoak. Eraikin horren fatxada da, seguruenik, arreta gehien ematen duena. Harrian zizelkatutako bi bikotek egiten diete harrera bisitariei. Horietako batek plazer fisikoen tentaldiei buruzko ohartarazpena egiten du. Jarrera erotikoan ageri da. Erdi biluzik dauden bi pertsonak osatzen dute beste bikotea. Elbarriak dira. Jarrera desafiatzailean ageri dira, dantzan eta indar erakustaldia egiten.
Ibilbidea egiteko hiru aukera aurreikusi dituzte. Lehenengoa Basauriko San Migeletik abiatzen da, autobusez, eta Finagako San Martin ermita eta horren ingurua bisitatzea du helburu. Bigarrenak, Arrigorriagako Andra Maria Magdalena elizan abiatuta, Abrisketako San Pedro ermitara autobusez joatea aurreikusten du. Hirugarren planak barne hartzen du aztarna arkeologiko guztiak ezagutzeko aukera: Finagarako ermitara arte autobusez eramango dituzte bisitariak. Han, gida batek tokiko historia azalduko die. Malmasingo gotorlekurako eta San Pedro ermitarako bidea oinez egingo dute, ostean.
Urdaibaira saltoa
Uztaila iritsitakoan aldatu egingo dituzte ibilbideak. Mundakako itsasadarraren arrora egingo dute salto udako hilik beroenak izan ohi direnetan. Arratzun, Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoa izango dute aztergai; Foruan, Tourseko San Martin elizaren inguruan dagoen multzo historikoa bisitatuko dute; Bermeo eta Busturia artean dago Tribisburuko nekropolia; eta, azkenik, Ereñozarko San Migel ermita-gazteluak liluratuta utziko ditu bisitariak, egiturak berak duen historiagatik zein lekuak eskaintzen duen ikusmira zirraragarria dela eta.
K.a. IV. mendera iritsiko dira bisitariak ibilbide horri esker. Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten, K.a. IV. mendean, eta, K.o. I. mendera arte, Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatuta dago. 16 hektarea hartzen ditu. Era horretako gotorlekuak oso ohikoak izan ziren Burdin aroan. Horixe da Bizkai osoan egoerarik onenean dagoena; Arrolakoa, hain zuzen ere.
Bertan izan zen bizimoduari buruzko ezagutza osatzeko, Arrolagune Interpretazio Zentrorako bisita aurreikusi dute. Bere aldirik oparoeneko —K.a. II. eta I. mendeetan— herrixkaren historia eta kulturaren alderik aipagarrienak azalduko dizkiete bertan. Garai hartako etxolak zer-nolakoak ziren ezagutuko dute bisitariek. Horrekin batera, eguneroko lanabesak ere jaso dituzte, zeramikak eta bestelako tresnak, adibidez.
Arratzutik Forura iritsita, Elexaldeko muinoan dagoen herri erromatarra ezagut daiteke. Oka ibaiaren ezkerraldean kokatuta dago, Urdaibai haranaren bihotzean. K.o. I.engo mendean sortu zuten. 2012ra arte egindako indusketek agerian utzi dute hamalau eraikin izan zirela; mota eta erabilera askotarikoak. Etxolez eta etxeez gain, jarduera ekonomikoaren erakusgarri diren bestelako elementuak ere aurkitu zituzten: burdina urtzeko labe metalurgiko asko, eta hainbat burdinola. Lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiltzen zituzten horiek guztiak.
Bizkaitarren arbasoek K.o. I. eta III. mendeen artean zeuzkaten hileta ohiturak azalduko dituzte Tribisburuko nekropolian, Busturia eta Bermeoko lurrak hartzen dituen eremuan. Orain arte, hamar hilobi egitura aurkitu dituzte bertan. Horietan, hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak sartzen zituzten; azken horiek ere, erraustuta. Gorpua egurrez egindako sutearekin errausten zuten, haren objektu pertsonalekin eta hurbilekoek egindako eskaintzekin batera.
Gailur batean emango diete bukaera bisita guztiei: Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Bertan egin duten ikerketa arkeologikoak argi erakusten du Erdi Arotik gaur egunera arteko sekuentzia historikoa. Hainbat garaitako nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek egituratzen dute aztarnategia. Erdi Aroko gazteluen garaiak, haranak zaintzen zituzten gotorlekuak eta bizkaitar haien bizimoduak eta sinesmenak ditu ardatz magiaz beteriko ingurune horrek.
Legenda handien agertokia
Natalia Salazar-Aitziber Laskibar
Izen handiz beteko da Sondika gaur eta bihar. Musikan legenda bihurtuta dauden talde ospetsuz. Kartelburua ikusi besterik ez dago: Van Morrison handia, Gloria, Here Comes the Night, Brown Eyed Girl edo Moondance abesti...
Soundek bustitako itzulera
Aitziber Laskibar Lizarribar
Mugimendu berritzailea izan zen, eraldatzailea, 80ko hamarkada hasieran estilo berriak aurkitzeko bidean murgildu eta musika bizitzeko modu oso batekin uztartu zuena: Getxo Sound mugimendua izan zen. Pop-rock alternatiboa e...
Artearen zurrunbiloa kalean
Natalia Salazar Orbe
Adinez nagusi bihurtu da; heldua, erabat. Eta inoiz baino indartsuago iritsi da. Leioako XVIII. Umore Azoka erreferente bihurtu da bertako zein nazioarteko artisten artean. Horren adierazle, 50 konpainia izango dira azokan, atzo ha...
Kaleko artea, bazter guztietara
Lander Muñagorri Garmendia
Erdigunetik atera, eta auzoetara ere kultura eskaintza eramatea. Hitz bitan, hori litzateke Udaberrian Eszena Kalera zirkuituaren izaera eta asmoa. Orain arte, Bilboko auzoetara urtero eramaten zituzten kale arteetako ikuskizunak, baina aurten lehen aldiz zirkuitu gisa diseinatu dituzte maiatz eta ekainean eskainiko dituzten ikuskizun guztiak. Eta, halako zirkuitu bat antolatzen hasita, Euskal Herriko kale arteen zirkuiturik handiena antolatu dutela azaldu du Bilboko Udalak. Denetara, hemezortzi euskal talderen 50 emanaldi programatu dituzte Udaberrian Eszena Kalera zirkuituaren barruan. Zirku, clown, magia eta antzerki formatuan eskainiko dituzte horiek guztiak.
Bilbo erdigunetik kanpora eraman dute zirkuitua, eta hori izan daiteke haren bereizgarri nagusietako bat. Izan ere, behin ikuskizun bat antolatzen hasita, horiek nekez iristen dira Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda edo Atxuriko auzoetara. Bada, kasu honetan hori lortu nahi izan da, ikuskizunak auzo denetara zabaltzea. "Programazioa deszentralizatu nahi izan dugu horrela, auzoetako herritarrek etxetik gertu ere halako ekintzez gozatzeko aukera eduki dezaten", azaldu du Pedro Ormazabal Bilboko Udaleko kultura programatzaileak. Zirkuitu hau, gainera, Bilboko Kalealdia jaialdiaren aurrekari gisa ere uler daiteke, Udaberriak Eszena Kalera amaitu eta berehala izango baita kaleko arteen jaialdia ere.
Auzoz auzoko eskaintza hori programatzeko garaian, gainera, bertako jaiekin edo beste ekitaldi batzuekin bat egin zezaten saiatu direla azaldu du Ormazabalek. "Ezer ez dagoen une batean zirku edo bestelako ikuskizun bat antolatu beharrean, kalean giroa dagoen garai batean programatzen saiatu gara". Hori dela eta, orain arte antolatu izan dituzten emanaldiek erantzun ona izan dutela azpimarratu du kultura programatzaileak. "Herritarrentzat positiboa da, jaietako egitaraua askotarikoagoa bihurtzen delako, eta baita konpainientzat ere, beti egongo delako halakoetan jende gehiago". Horregatik guztiagatik, aurten ere harrera beroa izatea aurreikusten du.
Udaberrian Eszena Kalera zirkuitua maiatzaren 1ean abiatu zen, eta ekainaren amaierara arte iraungo du. Ormazabalek ontzat eman du orain arte egindako emanaldien erantzuna.
Ikusle denentzat
Programa deszentralizatu bat ez ezik, programa demokratiko bat ere diseinatu dutela azaldu du kultura programatzaileak. Izan ere, halako ikuskizunetara joaten den jendea denetarikoa izaten dela dio: gazte eta heldu, eta era guztietako pertsonak. "Kalean denen eskura egoteak hori ekartzen du: arte mota hori denen eskura geratzen dela". Halako ikuskizunak ikustera ohituta ez dauden pertsonengana iristeko ere baliagarriak dira, "eta, horrek antzoki batera sartzeko ateak irekitzen ez baditu ere, ikuskizun horiek denengana iristeko" balio dutela adierazi du. Gainera, ikusleak ikuskizunaren parte bihurtzeko aukera izaten dute kasu askotan, eta hori beti aberasgarria dela dio.
Akaso horregatik, zenbait sektorek askotan gutxietsi izan dute kaleko artea. "Bigarren mailako gisa hartu izan da, baina, egia esan, goi mailako ikuskizunak izaten dira", Ormazabalek azpimarratu duenez. Gero eta gehiago, gainera. Izan ere, genero gehiago lantzen dituzte kaleko arteetan, zirku garaikidea izan, dramaturgia izan. "Gaur egun, denetarik egiten da: ez da malabarismoetara soilik mugatzen". Horrek guztiak berarekin ekarri du kaleko arteek gero eta onarpen zabalagoa edukitzea. "Duela zenbait urte, ez zen ohikoa herriko jaietan kaleko arteetako ikuskizun bat kontratatzea, baina gaur egun gero eta arruntagoa da".
Kaleko arteen alde positiboak nabarmendu ditu Ormazabalek. Izan ere, esan du gisa horietako ikuskizunak baliagarriak direla kalearen eta inguruko plazen inguruan herritarrek duten pertzepzioa aldatzeko. "Beti modu berean ikusten den plaza batean kaleko ikuskizun bat ikusiz gero, ordutik aurrera inguru horrekin duzun pertzepzioa aldatu egiten da". Horregatik bakarrik baldin bada ere, emanaldi horiek Bilboko auzoetara eramatea positiboa dela adierazi du.
Bi emanaldi asteburuan
Maiatza hastearekin batera abiatu zen Udaberrian Eszena Kalera zirkuitua, eta asteburu honetan bi emanaldi izango dira. Gaur bertan, Santutxuko Karmelo plazan, Trapu Zaharrak konpainiaren Etsita! ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan. Txurdinaga auzoko Grupo Garaizar-en, bestalde, Cia Trotamundos taldearen Historia de un baúl emanaldia izango da bihar, ordu berean. Datorren asteburuari begira, berriz, hainbat emanaldi izango dira auzo ezberdinetan. Orduan izango da, aldi berean, Leioako Umore Azoka jaialdia. Ormazabalek, ordea, ez du uste horrek eraginik izango duenik. "Auzoan zerbait prestatzen baldin bada, ez dut uste jendea bertatik mugituko denik; beraz, ez zait iruditzen eragin handirik izango duenik". Deszentralizazio hori eskertzen baitute auzoetako biztanleek.
Ikuskizuna hastear dago
Natalia Salazar Orbe
Adin txikikoak zein helduak eta adinekoak, eskutik helduta; lurrean eserita edo zutik; adi-adi begira. Txundituta. Barreari ezin eutsi. Hainbat belaunaldi elkartzeko gaitasuna duten ikuskizunak dakartza, aurten ere, Arrigorriagako ...
Karrantzaren zertzeladak, munduan barrena
Natalia Salazar Orbe
Paper zuriaren aurrean paratu. Begirada altxatu, eta paisaiak, herri baten ohiturek zein arkitekturak erakutsi eta iradokitzen dutena interpretatu. Arnasa hartu, gozatu. Errotuladoreari, boligrafoari edo denetariko lumei heldu, eta...
Filmek trailerrik ez zutenekoa
Alaitz Armendariz
Publikoa kontsumitzera erakartzeko, teknologia berriak ezinbestekoak dira gaur egun. Berdin dio zein arlo izan: elikagaiak, autoak, arropa, filmak, musika... Guztiek beharrezkoa dute publizitatea arrakasta izateko, eta publizitate hor...
Festa giroak erakarrita
Natalia Salazar Orbe
Oporraldiek iradokitzen duten Bilbo basamortu hutsaren irudia atzean uzteko bidea zabalik da. Euskal Herriko kultura, gastronomia eta aisialdiaren erakusleku bihurtuta dago egunotan hiria. Basque Fest jaialdian murgilduta, jai eremu erraldoi bat osatu dute haren txokoetan antolatu dituzten jarduera guztiek; 200 inguru, eta gehienak, doakoak. Hirira bisitariak erakartzea eta Bilbotik ateratzen ez diren herritarrek aisiarako aukera zabal bat izatea du helburu, atzo hasi eta domekara bitarte.
Iazko arrakasta oinarri hartuta, jarduerarik erakargarrienek lekua izango dute, aurten, berriz ere. Apustu berriei ere heldu diete, ordea: esaterako, Guggenheim museoko atrioa lehenengoz bilakatuko da jaialdiaren agertoki. Crazy Hospital taldeak ikuskizuna taularatuko du bertan. Bitxia da break dance-a eta trikitia nahastuta sortu duten fusio berria.
Museoak protagonismo berezia hartuko du, bere 20. urteurrenean. Estilo eta genero artistiko askoren arteko fusio gehiagoren lekuko izango da egunotan. Euskal dantzak eta Txalaparty saioak ere hartuko ditu. Musika elektronikoa eta txalaparta fusionatzen ditu azken horrek.
Frank Gheryk diseinatutako eraikinaren kanpoaldea ere aprobetxatu dute, aurreko urteetan bezala. Han izango dira erraldoiak, buruhandiak, dantzak eta txalaparta, besteak beste.
Artxanda aisialdirako eremu bihurtu dute. Trikiti doinuz bustitako erromeriak jai giroan murgilduko du hiriaren balkoia, igandean. Euskal dantzak ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hirigunetik gertu, eta, aldi berean, naturaren bihotzean izango dira; paraje ikusgarrian.
1936ko gerran lubakiz bete zen eremu hori. Aurten, Durango, Gernika-Lumo eta beste hainbat herriren bonbardaketen 80. urteurrena da. Gertatutakoa gogorarazteko espresuki sortutako antzezlan bat ikusi ahalko da jaialdian: Gernika. Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Gorka Hermosa eta Jesus Prieto Piti musikariak elkartu ditu lan horrek. Gaur taularatuko dute, Plaza Barrian.
Memoria, iragana eta etorkizuna uztartuko ditu Basque Festek. Enkarterri Fashionbox-ek bertako gazte sortzaileen proposamenik onenak ezagutzera emango ditu. Areatzako oholtzetan jarriko dute erakusketa ibiltari hori.
Txoko Gourmet izango da, zalantzarik gabe, bertako zein kanpoko bisitari gehien erakarriko duen ingurua. Areatzan kokatuta, dozena bat eskualde turistikoren produktuak hartu ditu. Bakoitzak erakusleku bat du. Bertan, erakargarritasun turistiko, gastronomiko eta enologikoak emango dituzte ezagutzera. Horietara joaten direnek produktuak doan dastatzeko aukera dute. 36 dastatze prestatu dituzte horretarako. Ondoko hauek dira Areatzan ordezkaritza duten eremu turistikoak: Arabako Errioxa, Bizkaiko Euskal Kosta, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri, Tolosaldea, Urola Kosta eta Euskal Kostako geoparkea.
Gastronomiak eta sukaldaritzak Bilboko kulturatik bereizi ezineko arloak dirudite. Egitarauan leku nabarmena hartu dute. Basque Fest Gastronomy tailerrak antolatu dituzte. Mokadu berritzaileak egiteko ikastarook familientzat zein helduentzat dira. Goizez egiten dituzte lehenengoak, eta arratsaldez bigarrenak. Parte hartu ahal izateko, izena eman behar da Plaza Biribileko lehen zenbakian dagoen Turismo Bulegoan.
Orain arte Bilbon egin dituzten era horretako jaialdien artean handiena da aurtengoa. Euskal abangoardiaren eta kulturaren ekitaldi gisa definitu du udalak. Herritarrentzat zein bisitarientzat erakargarria den ingurune bilakatu dute hiriburua. Gastronomia, dantza, bluesa, rocka, herri kirolak, antzerkia, haurrentzako animazioa, tailerrak, azokak, bidaia gidatuak itsasadarrean, kalejirak, DJak... Denetariko jarduerak antolatu ditu Bilboko Udalak beste administrazio publikoekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean. Lan horretan parte hartu dute hainbat merkatari elkartek —Bilbao Erdigunea, Bilbao Dendak eta Zazpi Kaleak—, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, kultur eragileek, eskualde turistikoek eta enpresa pribatuek.
Bost ataletan banatu dituzte jaialdiaren egitarauaren barruan antolatutako jarduera guztiak: Gourmet, Musika, Kultura, Sport eta Market, hain zuzen ere. Horiek baliatuta, euskal kulturaren esentzia osoa jaso gura dute.
Musika eta animazioa
Bilboko kaleak musikaz blai daude jada. Kalejira eta emanaldiak bereziki turista gehien dagoen eremuetan egingo dituzte: Ledesman, Villariasen, Pozan, Garcia Riveron, Zazpikaleetan, Areatzan, Plaza Barrian eta Guggenheim museoan. Zuzeneko musikak eta DJen emanaldiek Martzana kaia ere girotuko dute.
Areatza bilakatu da jaialdiaren zentro neuralgiko. Bertan antolatu dituzte jardueretako asko eta asko. Txoko Gourmet eremuaz gain, Sport Basque Fest ere han dago. Kirolari eta tradizioari lotutako hamaika ekitaldiren agertoki bihurtu da: herri kirolak, frontoia, baserri jokoak eta lehiaketak izango dira. Bilboko historia ezagutzeko ibilbide antzeztuak eta itsasadarra umore giroan zeharkatzeko bidaiek osatzen dute eskaintza.
Bost eguneko jaialdiak festaren erritmoan dantzan jarriko du hiria. Iaz, 73.000 lagun erakarri zituen. Euskal unibertsoaren adierazpen kultural eta artistikoari ateak zabaldu dizkio.