Soundek bustitako itzulera

Soundek bustitako itzulera

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mugimendu berritzailea izan zen, eraldatzailea, 80ko hamarkada hasieran estilo berriak aurkitzeko bidean murgildu eta musika bizitzeko modu oso batekin uztartu zuena: Getxo Sound mugimendua izan zen. Pop-rock alternatiboa edo indie-rocka oinarri zuten taldeek sortu zuten. Kostaldeko herri horretan indartsu garatu zen, eta inguruetan ere hedatu zen haren eragina. Filosofia haren hondarrak berriz piztuko dituzte asteburu honetan Getxon bertan, talaia paregabean: Algortako Portu Zaharrean.

Mugimendu hura omendu nahian, San Miguel Getxo Music & Food jaialdia antolatu du Getxoko Think Chic agentziak. Bertan duenari balioa eman nahi dio egitasmoak. Hartarako, musika izango du protagonista nagusi, baina ez bakarra. Bertako musikarien doinuez ez ezik, jendeak jakiez eta parajeaz ere gozatzea du helburu.

“Getxo Sound mugimenduak talde askoren sorrera eragin zuen herrian; musikariek elkar ezagutzea, elkartzea eta talde on asko sortzea ekarri zuen. Ederra izan zen, eta iruditu zitzaigun une egokia izan zitekeela Getxon gaur egun dauden taldeak biltzeko”, azaldu du egitasmoaren zergatia Macarena Bergaretxek, jaialdiaren sustatzaileak.

Baina ez zuen kontzertu soila egin nahi. Ohiko formatuetatik haratago joan nahi zuen. “Algortako Portu Zaharreko pasealekutik bizikletan nindoala, paisaiari begira nengoela, Portu Zaharreko zelaigunean agertoki bat irudikatu nuen. Pentsatu nuen zoragarria litzatekeela bertako taldeen kontzertuak egitea paraje horretan, itsasoaren gain-gainean”, azaldu du. Eta mugitzen hasi zen.

Egitasmoa are borobilagoa izan zitekeen, hala ere. “Bai Getxon eta bai Euskal Herri osoan ondo pasatzea gustatzen zaigu; baina, musikaz gain, janari eta edari onaren inguruan ondo pasatzea”. Horrela mamitu zen Getxo Music & Food. Portu Zaharreko zelaigunearen erdigunean jarritako agertokian, Getxoko bertako 11 taldek joko dute asteburuan, eta, zelaigunea askotariko janariak eskainiko dituzten foodtruck furgonetek inguratuko dute.

Gainontzeko parte hartzaile guztiak bezala, Getxokoak izango dira janaria kalean sartzen duten postuak. Askotariko jakiak eramango dituzte zazpi furgonetak: aperitiborako itsaskia, kalitate handiko hanburgesak, txipiroiak era askotan prestatuta, groumet saltxitxak hot dog eran, sandwich osasungarriak, argentinar eta japoniar janaria uztartzen dituen fusio sukaldaritza, eta krepe, goofre, izozki eta irabiakiak salduko dituena. “Gustu guztietarako jakiak egongo dira: janari tradizionala gustatzen zaienentzat, janari amerikarra gustuko dutenentzat eta sukaldaritza berritzailea atsegin dutenentzat”, azaldu du Bergaretxek, eta nabarmendu du oso kalitate oneko lehengaiak erabiltzen dituztela ziurtatu dutela guzti-guztiek. “Xehetasun guztiak zaintzen saiatu gara; benetan kontzertu onak eskainiko dituzten taldeak lotzeko ahalegina egin dugun bezala, indar egin dugu foodtruck saltzaileek kalitate handiko janaria eskain dezaten”.

Janaria salduko duten postuen aurrean, edarien saltokiak egongo dira. Getxoko Udalaz gain, San Miguel garagardo etxea jaialdiaren laguntzaile da. Ondorioz, etxe horretako garagardoa besterik ez da egongo, eta alkoholik gabeko edaria.

Hartara, Bergaretxe seguru dago bai bihar eta bai etzi Algortan egun-pasa ederra egiteko osagai guztiak egongo direla. “Gainera, eguraldi ona iragarri dute! Jaialdia arrakastatsua izateko ezinbesteko baldintza da, kalean izango baita”.

Hain zuzen, gaueko kontzertuen eredutik alde egin nahi izan dute antolatzaileek. “Eguneko jaialdia izango da, eguerdi aldean hasi eta iluntzeko bederatzietan amaituko dena”.

Denetariko musika

Kontzertuei dagokienez, mota askotako musikariak entzungo direla azaldu du Getxoko Think Chic agentziako kideak: “Adin guztiengan pentsatu dugu. Rockero zaharrak izango ditugu, talde kontsakratuak, talentu handia erakutsi duten gazteen talde hasi berriak…”. Aukeraketa egitea kosta egin zaiela aitortu du. Eta ez da harritzekoa: Ehun musika taldetik gora daude Getxon, eta asko izan dira jaialdian parte hartzeko irrika adierazi dutenak. “Agertoki paregabea da Algortakoa”.

Musikari gazte eta hasi berriei leku egiteko ahalegina egin dute antolatzaileek. Horietako birekin jam session bana antolatu dute bihar eta etziko, bazkalondorenerako. Herriko talde gazte batek ordu erdi edo 40 minutuko kontzertua egingo du lehenik, eta, gero, haiekin jo edo abestu nahi dutenak eurekin agertokira igotzera gonbidatuko dituzte.

80ko hamarkadako mugimendu hartan bezala, bertako musikariek elkar ezagutu eta harremantzea du helburu egitasmoak. Orduko hartan etxeetako garajeetan elkartzen ziren bezala, talaia paregabean elkartuko dira orain.