Albisteak

Frontoian ere eredu izan nahian

Frontoian ere eredu izan nahian

Pello A. Zuazo

Txapelketa honek interes itzela sortu du. Final egunean frontoia gainezka zegoen eta kriston giroa sortu zen". Iker Amarika Bizkaiko Pilota Federazioko lehendakariordeak argitu duenez, joan den igandean egin zen Emakume Cup txapelketaren finala, eta 600 pertsonatik gora bildu ziren Larrabetzuko pilotalekuan. Hori gutxi ez, eta ekitaldia Euskal Telebistan ere emititu zuten, "audientzia emaitza paregabeak" lortuz. Lehen Mailako finalean Irati Etxebarria eta Patri Espinar gailendu ziren (22-11), eta, Bigarren Mailakoan, Lutxi Fonseca eta Iratxe Ibarrak eraman zuten txapela (22-8).

Bizkaiko Pilota Federazioak dituen datuen arabera, eskola mailan berrogei neska inguruk jokatzen dute esku pilotan Bizkai osoko zenbait elkartetan. Neska horiek, federatu mailara heltzen direnean, jarraipena izan dezatela da Amarikaren arduretariko bat. "Haur mailan beste kirol batzuk aukeratu behar izaten dituzte, edo pilota munduan jarraitu nahi badute, derrigortuta joaten dira pala mundura edo erremintara. Horregatik ez ditugu emakumeak ezagutu esku pilotan".

Hori lortzeko asmoz, iaz Emakume Cup esku-pilota txapelketa jarri zuten martxan. "Iaz, lehenengoz, zuriz jantzita irten ziren emakumeak frontoira. Iaz, lehenengoz, emakumezkoen txapelketa ofizial bat gauzatu zen. Eta iaz, lehenengoz, emakumezkoen esku-pilota elkarte bat sortu zen".

Aurten bigarren txapelketa antolatu dute, eta urtebeteko tarte horretan, 35 lizentzia berri egin dituzte federatu mailan Bizkaiko Pilota Federazioan. Hortaz, gaurko egunez 35 emakume pilotari federatu daude Bizkaian. Horietatik hogeik eman dute izena Emakume Cup txapelketan. "Gehienek bi urte inguru daramatzate pilotan jokatzen, eta mailak parekatzea oso zaila da oraindik". Horrela bada, Amarikak azaldu duenez, bi maila sortu behar izan dituzte, eta bakoitzean bost bikote lehiatu dira.

Bizkaian emakume pilotarien bi elkarte daude: Larrabetzuko Txokoan emakumeen pilota elkartea eta Zornotzako Lagun Onak pilota elkartea. Dena den, elkarte horietan hainbat herritako pilotariak batzen dira: Markina-Xemein, Laukiz, Garai eta Usansolokoak, esate baterako. "Adin tarte zabala dago pilotarien artean: gazteenak 14 urte ditu, eta zaharrenak, 47", azpimarratu du Amarikak. Larrabetzun, 22 pilotari entrenatzen dira, eta Zornotzan, hamar, eta denak dira federatuak. Halere, norbere kontura entrenatzen diren pilotariak ere badaude.

Ofizialtasuna helburu

Amarikak argi dauka lortutakoa ez dela gauza makala: "Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Errioxan ez dago emakumeen esku-pilota txapelketa ofizialik. Eta emakume federatuak egon badaude, baina gehienek palan jokatzen dute. Horregatik izan du Bizkaiko txapelketa horrek izan duen oihartzuna".

Bizkaian antolatzen da Emakume Cup, eta Bizkaiko pilotariek bakarrik parte har dezakete lehiaketan. "Esku pilota modalitatean, hauxe da emakume federatuen txapelketa bakarra Euskal Herri guztian. Inguruko lurraldeetan ez dago horrelakorik", nabarmendu du Amarikak.

Haren esanetan, joan den urteko txapelketaren arrakastaren harira, emakumeen lehen pilota elkartea sortu zen Larrabetzun: Txokoan. Eta elkarte horren ekimena ikusirik, mugimendua sortu da beste toki batzuetan ere: besteak beste, Iruñean Aldatze elkartea sortu dute berriki. "Larrabetzuko emakume baten ahizpak jarri du martxan esku-pilota talde hori Iruñean. Larrabetzuko emakumeak izan dira aitzindariak, eta euren esperientzia hori hedatzen ari dira".

Horrela bada, Bizkaiko Pilota Federazioak Txokoan elkartearekin elkarlanean sortu du Emakume Cup. Nolanahi ere, orain arte ez dira geldirik egon, eta iaz bestelako lehiaketa batzuk ere egin zituzten. Bizkaia-Nafarroa Topaketa egin zuten, non larrabetzuarrek iruindarren kontra jokatu zuten. Eta azaroan, Lehenengo Emakume Pilotarien Topaketa antolatu zuten Larrabetzuko pilotalekuan. Bartzelonako bi bikotek, Errioxako bikote batek, Arabako beste batek, eta Nafarroako eta Bizkaiko bikote guztiek parte hartu zuten topaketa horretan.

Hastapen horietan, entrenamenduetarako zein lehiaketetarako materiala Bizkaiko Federazioak eman dio Txokoan elkarteari. Amarikak bere ikuspuntua adierazi du: "Pilotan jokatzen hasteko, eta taldea eta zaletasuna sortzeko, behar-beharrezkoa ikusten dugu laguntza ematea". Hori horrela, federazioak Anoetako Otero pilotagile kooperatibari pilota bereziak egiteko enkargua egin dio: kadete mailako tamaina duten pilota goxoak. Eta, gainera, babesteko eskularruak ere eman dizkiete pilotariei. "Batzuek babesteko eskularruekin jokatzen dute, eta beste batzuek, esparatrapuarekin edo esku-hutsik. Bakoitzak nahi duen bezala". Bestalde, emakumeei egokitutako praka zuriak ere prestatu dituzte. Eta babesle ugari lortu dituzte txapelketa finantzatzeko.

Bai iazko eta bai aurtengo txapelketak eragin handia izan dute. Izan ere, Amarikak argitu duenez, orain arte ez da inolako ekinaldirik egon. "Txapelketa horiei esker, Larrabetzuko taldea egonkortu da, Zornotzan beste talde bat dago, eta Iruñean eta Bartzelonan ere taldeak sortu dira. Duela gutxi jakin dugunez, Mexikon ere badabiltza zerbaitetan. Esku-pilota modalitatean emakume gehiago sar daitezela da gure helburua, eta horrela, frontoietan emakume pilotarien presentzia areagotzea".

Altzairuaren amildegia

Altzairuaren amildegia

Ainhoa Larrabe Arnaiz, Ez da ezustean iritsi. Euskal altzairugintzaren beheraldiaren zerrendan, kaltetuen arteko beste bat da Tubos Reunidos enpresa. Traparango Galindo kalean dagoen Productos Tubulares adarrak aldi baterako erregulazio dosierra aurkez...

Iñigo Cabacas hil eta ia lau urtera, justizia urrun dagoela salatu dute

Iñigo Cabacas hil eta ia lau urtera, justizia urrun dagoela salatu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Iñigo justizia. Txartel horiek eskuetan dituztela atera dira kalera, beste behin, Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, Iñigo Cabacas zenaren gurasoak. Berriro joan dira Bilboko epaitegi aurrera, eta berriro jaso dute herritarren babesa. Agintariek, instituzioek eta justiziak baztertu egin dituztela sentitzen dute, eta seme zutenaren lagunengan, Iñigo Gogoan plataformarengan zein herritarrengan sentitzen dute berotasuna. Horien laguntzarekin egin dute azken protesta ere, instrukzio fasearen beste diligentzia bat egitekoa zela eta. Lau urte igarota epaiketarik ez dela izan salatu dute.

2012ko apirilaren 5 hartan Cabacasi heriotza ekarri zioten gertaerak jasotzen dituen bideo bat aztertzeko lanean aritu diren poliziek deklaratu zuten asteartean Bilboko epaitegian, peritu gisa. Athleticen zalea hil zuen pilota zein ertzainek jaurti zuen erakusten ote duten aztertu dute, ondorio argirik gabe. Bideokonferentziaz eman dituzte azalpenak Espainiako poliziek, eta, familiak uste zuenaren kontra, ez dira Bilbon egon. Elkarretaratzea egin du, hala ere, Iñigo Gogoan herri ekimenak. Cabacas hil zela ia lau urte igaro direla eta auziak instrukzio fasean jarraitzen duela salatu dute, eta gaineratu ez direla ardurak kitatu eta epaiketarik ere ez dela oraindik egin.

Etor daitekeenarekin, gainera, ez dago baikor plataforma. Auziak ekaina du instrukzio fasea amaitzeko epea. Orduan erabakiko du Ana Torres instrukzio epaileak auzitara eraman edo ez. "Oraindik ez da epaiketarik egin, eta ez dakigu egingo den ere", adierazi du kezkatuta David Gonzalezek, Iñigo Gogoan ekimeneko kideak. "Hori jendeak ez luke ulertuko; eta, lehenik eta behin, Manuk eta Finak, Iñigoren gurasoek, ez lukete inolaz ulertuko".

Inguruan ziren gurasoak; betaurreko ilunekin, eta goibel. "Garai txarra" igaro du amak, beste behin. Heriotzaren urtemuga gerturatzen denean ezinegona gailentzen zaio, eta tristurak harrapatzen du; areago, semea hil zutenen ardurarik ez dela kitatu ikusita eta justizia eskatzeagatik jaso dituzten erantzunak entzunda.

Pentsaezina egiten zaien arren, badakite gerta litekeela auzia epaiketarik gabe ixtea. Ez dute horretan pentsatu ere egin nahi. Sinestezina egiten zaie aukera bera: "Lotsagarria litzateke epaiketarik ez egitea; jaio izanaren lotsa izango nuke", adierazi dio Manu Cabacasek Bizkaiko Hitzari.

Iñigo Gogoan herri ekimenaren ustez, hainbeste luzatu den instrukzio fasearen ondoren "hain inputazio gutxi" egoteak "galderak" eragiten ditu. "Auzia urteetan luzatu da ez zela ezer gertatu ondorioztatzeko, errudunik ez dagoela esateko?".

Inputaziorik ezean, Cabacasen heriotzaren arduradun gorenak ez dituztela epaituko segurua dela salatu du: operazioa antolatu zutenak eta kalexkara indar guztiarekin sartzeko agindu zutenak ez direla akusatuen aulkian eseriko, eta zalantzan dagoela norbait epaituko ote duten.

Hala ere, lanean jarraituko dutela ziurtatu du. Cabacasentzat justizia eskatzen jarraituko dutela, gomazko balen debekua eskatuko dutela, eta Polizia ereduari buruzko eztabaida sakona egin dadin lan egiten segituko dutela.

Aitortzarako plazatxoa

Aitortzarako plazatxoa

Aitziber Laskibar Lizarribar
Herritik urrun hil zuten Yolanda Gonzalez Deustuko Erriberako gaztea. Madrilen bahitu, torturatu eta hil zuten Langileen Alderdi Sozialistako militante zena eskuin muturreko kideek, 19 urte bete berri zituela, ikasketak egi...

“Alternatibak badirela erakusteko sortu dugu herri unibertsitatea”

“Alternatibak badirela erakusteko sortu dugu herri unibertsitatea”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Martxoaren 14, 15 eta 16an batuko dira ehunka gazte, Leioako Campusean, sortu nahi duten hezkuntza ereduari buruz eztabaidatzeko. Interesa duen guztiari parte hartzeko gonbita egin dio Aitziber Duartek (Laudio, 1996), Leioako Herri Unibertsitatearen sustatzaileetariko batek: "Joan nahi duenak, estera eta lo-zakua hartu, ilusioa poltsan sartu, eta hara joatea besterik ez du; ongi-etorria izango da".

Zer da Leioako Herri Unibertsitatea?

Duela bi urte abian jarri genuen proiektu alternatibo bat da, herritik eta herriarentzako filosofian oinarrituko den hezkuntza baten alde borrokatzeko eredu gisa eraiki genuena. Aurrerapausoak ematen saiatzen gara guk nahi dugun hezkuntza eredu horretara hurbilduz joateko.

Zer da gaur egungo hezkuntzatik gustuko ez duzuena?

Azken batean, sartzen zara klasera, entzuten duzu irakaslearen txapa guztia, eta helburua da informazio hori guztia barneratzea, gero, azterketan, botatzeko. Ez da metodorik erabiltzen ikasleak benetan ikasteko. Gaur egungo hezkuntza eredua guztiz elitista da; enpresa pribatuetara bideratutako hezkuntza ematen digute, eta gure jakintza ez da enpresa horien beharretatik harago joango. Horren harira, eta gero eta gehiago jasaten ditugun inposaketak ikusirik, alternatibak badaudela erakusteko sortu dugu herri unibertsitatea.

Eta nola azalduko duzue alternatibak badaudela?

Jende askoren lanarekin eta ilusio handiarekin. Ikasleok —irakasle batzuen laguntzarekin eta herriko hainbat eragilerekin— hitzaldiak edo tailerrak antolatu ditugu. Aurten ahalegin berezia egingo dugu tailer horietan pedagogia askatzailea aplikatzeko: hau da, erakusteko badagoela alternatiba bat irakasle-ikasle eredu hori apurtzeko eta denok ikasteko elkarrengandik.

Zer-nolakoa da aldarrikatzen duzuen hezkuntza sistema?

Batetik, pedagogia askatzailea nahi dugu, parte hartzaileagoa. Herritik eta herriarentzat izango den zerbait eraiki nahi dugu, eta guztion eskura egongo dena. Diru sarrerak problema izango ez diren hezkuntza sistema bat; gure hizkuntza propioan —euskaraz— ikasteko arazorik izango ez den hezkuntza bat nahi dugu. Denontzat balio duen hezkuntza bat, ez soilik enpresa pribatuari begira dagoen, jende oso konkretu bati bideratua den eta gero eta burgesagoa den hezkuntza bat. Eduki propioak landu nahi ditugu, eta kritikotasuna aplikatu. Zeren, gaur egun, irakasleak botatzen du informazioa, zalantzan jartzeko aukerarik gabe ikasi behar du ikasleak, eta azterketa bete. Kito. Ez bazara azterketa betetzeko gai, ez zara gai unibertsitatean egoteko. Guk ez dugu horretan sinesten. Badaude beste eredu batzuk; Finlandiakoa eta Txilekoa, adibidez, non zure inteligentzia edo gaitasuna ez den mugatzen ordubetean paperean idatzitakora.

Nolakoak izango dira hiru eguneko eskolak?

Aurten, planteamendua aldatu egin dugu, eta hiru ildo nagusi proposatu ditugu. Lehenengo bi egunetan eztabaidatu eta ondorio batzuk aterako ditugu. Gero, oinarri horien gainean aurrerapauso bat eman nahi dugu.

Zeintzuk dira ildo nagusi horiek?

Hiru zapalkuntza nagusiak: genero, nazio eta klase zapalkuntzak. Lehenengo bi egunetan informazioa jasoko dugu ikasle, irakasle zein herri eragileengandik; denon artean jakintza eta informazioa jasoko dugu, eta alternatiba eredu batzuk ezagutuko ditugu. Hirugarren egunean, guk, ikasle ikuspuntutik, zapalkuntza horiei aurre nola egingo diegun pentsatzea da helburua. Horrez gain, herri unibertsitatearen nondik norakoen inguruan ere hausnarketa egingo dugu hirugarren egunean: hemendik aurrera zer nahi dugun eta herri unibertsitatea nola garatuko dugun.

Zer-nolako hizlariak izango dituzue?

Baditugu Jule Goikoetxea, Nekane Jurado, Iñaki Gil de San Vicente, Arantxa Arruti. Baditugu bertsolariak: Jone Uria, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz. Nahi duten ikasleek nahi duten gaiei buruzko klaseak emango dituzte. Eta fakultateetako irakasleek ere parte hartuko dute. Miren Artetxe hezkuntzako irakaslea da, Jule Goikoetxea Gizarte Komunikazio Zientzietako fakultatekoa... Arte Ederretatik, adibidez, Saioa Olmok tailer bat egingo du generoaren inguruan. Artearen merkantilizazioari buruz ere hausnartuko dugu Museoak vs gaztetxeak saioan: espazioen arabera nola baloratzen den artea. Bestalde, Brasilgo MSTkoak etorriko dira, baita Kataluniako ordezkaritza bat ere. Gainera, lehenengo bi egunetan elikadura burujabetza landuko dugu.

Zer esan nahi du horrek?

Unibertsitatean jango diren produktu guztiak hemengo ekoizleenak izango dira. Hitzaldi bat ematen ere parte hartuko dute horiek.

Nola antolatu zarete?

Prestaketa lana fakultateka antolatzen da; fakultate bakoitzean sustatzaile talde bat sortzen da, eta talde hori arduratzen da bere fakultateari dagozkion gaiarekin lotutako hitzaldiak proposatu eta lotzeaz. Baina, gero, herri unibertsitatea bateratua da.

Norentzat da?

Ikasleentzat batik bat. Hala ere, iaz irakasleek hitzaldiak bakarrik eman zituzten, eta hori gainditzeko ahalegina egin dugu; irakasleak ere gonbidatu ditugu parte hartzera. Unibertsitateko langile eta eragileentzat ere zabalik dago. Azken finean, parte hartu nahi duen edozeinentzat da. Argi izan behar da ikasleok aldaketa nahian sortutako proiektua dela, baina proiektu horretan sinesten duen eta babestu nahi duen edonorentzat zabalik dago. Animatzen ditugu guztiak parte hartzera.

Hirugarren urtea da aurtengoa. Eman dute fruiturik aurreko saioek? Ikusi da urratsen bat?

Lehen urtean 350 ikasle inguru aritu ziren; iaz, 550 ikasle. Beraz, ikusten da badagoela gorakada. Azpimarratzekoa da joan den urtean ordu bakoitzean zortzi hitzaldi genituela aldi berean, eta aurten bederatzira igo behar izan dugula ez zitzaizkigulako sartzen hitzaldi guztiak.

Hiru egunetatik haratago, saioa amaitzean, uzten du hondarrik?

Joan den urteko balorazioa egitean, ondorioztatu genuen oso ondo dagoela hiru egunetan hainbeste jendek parte hartzea baina ondoren ez zela izan herri unibertsitatearen jarraitutasunik. Aurten, horregatik planteatu dugu hirugarren egunean praktikan jartzea aurreko egunetan ateratako ondorioak. Adibidez, ikusten bada campusean talde feminista bat behar dela, hori sortzeko eta lanean hasteko. Aurtengo helburua hau da: batutako indar guztiei forma ematea, hurrengo astetik aurrera proiektu berriak martxan jartzea eta unibertsitateari urte osoko jarraipena ematea; ekintza iraunkor bat bihurtzea.

Altxorren kutxak, denen esku

Altxorren kutxak, denen esku

Natalia Salazar Orbe

Itsasoak indar berezia dauka Bizkaian. Haren astinduek erne mantentzen dituzte segurtasuna bermatzeko erantzukizuna dutenak. Aldi berean, kresalak emandako bizigarriak eta kostaldeko kulturak aberastu egiten dute herrialdea, eta altxor bihurtu. Aberastasun horrez jabetuta, Euskal Kostaldeko Altxorrak izeneko egitasmoa abiatu dute hileon. Hala, denetariko ikusleentzako dozenaka jarduera prestatu dituzte 32 museo eta kulturgunetan. Martxo osoan izango dira, besteak beste, familientzako tailerrak, haurrentzako jokoak, bisita gidatu bereziak, doako sarrerak, dastatzeak, itsasoko txangoak, ibilbideak eta zuzeneko ikuskizunak.

BAKIOKO TXAKOLINGUNEA

Etzi hasita, martxoko igande guztietan Txakolingunea doan bisitatzeko aukera izango da, Bakion. Goizez aurkituko dute zabalik bisitariek. Bestalde, hilaren 12an, Euskal kostaldeak, itsas erasoak eta euskal defentsa izango ditu hizpide Jose Manuel Mates Luque arkeologoak. Doan entzun ahal izango dira haren ikerketen emaitzak, 12:00etatik aurrera.

BALEONTZIA, BERMEON

Berriz ere aukera emango dute bisitariek Bermeoko Aita Guria baleontzia barrutik ezagut dezaten. Historian atzera egingo dute hara bertaratzen direnek, eta XVI. mendeko arrantzaleek baleak nola harrapatzen zituzten ezagutu ahalko dute. Hilaren 18, 19 eta 20an doan sartu ahalko da arrantzaren historia gordetzen duen ontzira.

Herrian bertan bestelako aukerak ere izango dira. Familiak eta umeak izango dituzte jomuga horietako gehienek. Arrantzale Museoak ateak doan zabalduko ditu bisitari ororentzat hilaren 25ean eta 26an. Opari bat ere jasoko dute joaten direnek. Horrez gain, familientzako eta umeentzako tailerrak prestatu dituzte. Aste Santura begira antolatu dituzte tailer horiek. Kostaldeko altxorrak ezagutzeko hainbat ekintza jostagarritan parte hartuko dute haurrek. Bestalde, Gaztelugatxeko Donieneri buruzko jarduera dibertigarriak jasoko dituzte lehenengoan.

Horrez gain, hilaren 19an, Itsaspeko Zinea zikloaren barruan, dokumentalak emango dituzte museoan bertan.

ARKEOLOGIAZ, BILBON

Apaingarriek historian zehar izan duten garrantzia emango du ezagutzera Bilboko Arkeologi Museoak. Apain-mahaiko istorioak erakusketa ikusteko bisita gidatuak egingo dituzte gaur hasita, hileko ostiral guztietan. Antzinatik saiatu dira gizonak eta emakumeak euren itxura zaintzen, naturak euren esku jartzen zizkien baliabide oro erabiliz: produktu kosmetikoak eta olio lurrinduak, tinduak eta maskarak, bitxiak, diademak, belarritakoak eta koroak zein ileordeak erabiltzea ohikoa zen estatus soziala eta nagusitasuna erakusteko.

Gai berari lotutako tailerrak prestatu dituzte datorren astetik aurrera, hileko zapatuetan. Erromatar garaiko jantziak eta apaingarriak emango dizkiete ezagutzera. Ostean, norberak bere apaingarria sortuko du. Biak ala biak doako saioak izango dira.

ITSASOA, ELEIZ MUSEOAN

Bizkaian egunerokoan erabiltzen diren objektu asko helarazi ditu itsasoak, elikagaiak eta oihalak, kasurako. Horiekin batera, artelanak ere iritsi dira, besteak beste, honelakoak: alabastro ingelesak, erretaula eta koadro flandriarrak, Alemaniako zilarrezko kopak eta Mexikoko eta Peruko urrezko objektuak. Pieza horiek, haien ibilbideak zein hartzaileak bisita gidatuen bidez ezagutzeko aukera izango da Bilboko Eleiz Museoan. Baita objektu horiek bere garaian bizkaitarrei eragiten zizkieten inpresioak ere.

ITSAS MUSEOAN, INGELESEZ

Zer dago itsasoan? Izaki errealak eta ametsetakoak? Galdera horri erantzuteko tailerra prestatu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Collage edo marrazkiak erabiliz, euren istorioa zelan sortu irakatsiko diete 4 eta 12 urte arteko haurrei. Hilaren 20an egingo dute ingelesezko tailerra. Bestalde, Aste Santuan etxeko txikienek Euskal kostaldeko altxorrak aurkitu beharko dituzte.

NATURA, BERTATIK BERTARA

Busturialdeko paisaia bertatik bertara gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Hilaren 19an eta 20an, Ogoñorako ostera egingo dute; itsasontziz aterako dira Bermeoko portutik eta Izaro irla igarota iritsiko dira lurmuturrera. Bidaia kostaldeko inguru naturala eta biodibertsitatea ezagutzeko balia dezakete bisitariek. Ereñozar mendi tontorrerainoko ibilbidea da Busturiko interpretazio zentroak egiten duen bigarren eskaintza. Mendiko ibilbide gidatua martxoaren 28rako aurreikusi dute. Batean zein bestean parte hartu gura duenak izena eman behar du.

ELKANOREN ABENTURAK

Juan Sebastian Elkanok munduari bira nola eman zion ezagutu ahalko dute ume eta gurasoek jarduera dibertigarrien bitartez, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Datorren asteko zapatuan egingo dute doako tailerra. Martxoaren 26 eta 27an sarrera librea izango da, gainera. Aste Santuko egunetan hara joaten diren 5 eta 10 urte arteko umeek Euskal Herriko altxorrak aurkitu beharko dituzte, joko dibertigarriz baliatuta.

GATAZKATIK BAKERA

Aktibismorako sarbidea ardatz hartuta, elkarrizketa saioak eta laborategia antolatu ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Zapalduen antzerkia, bakea gatazkatik eraikitzen izango dute aztergai. Datorren asteko asteburuan egingo dituzte jardunaldiok. Egun horietan librea izango da sarrera. Bisita gidatuak eta familientzako tailerrak ere ez dira faltako.

BURDINA ITSASORA

Euskal Herriko burdinaren itsas ibilbideak ardatz hartuta, bisitaldi gidatua eta erakusketa egingo dituzte, bihar, Muskizko Pobaleko Burdinolan. Xabier Armendariz itsasgizon, argazkilari eta historialaria eta Luisma Turuelo Pobaleko errementaria izango dira gidariak.

Basotik burdinolarako ibilbide tematikoa egingo dute, bestalde, hilaren 19an eta 20an. Uraren eta basoaren eta burdingintza tradizionalaren artean egon den lotura estua erakutsiko dute. Txondor txiki batean egur-ikatza nola egiten den ere ikusi ahalko dute parte hartzen dutenek.

ITSASOAN GALDUAK GOGOAN

Gure itsasoan galdutakoen itsasontziak erakusketarako sarrera doan eskainiko du hil osoan Plentziako Plazentia Butron museoak. Roberto Hernandezen akuarelak jaso ditu. Eskualdeko marinelen izenean, bertako itsasontzien irudiak ageri dira.

ITSASONTZI PIRATARA

Marinel korapiloak egiten ikasteko tailerra antolatu du Rialia industria museoak, Portugaleten. Tailerra itsasontzi pirata batean gauzatuko dute, hilaren 20an. Egun horretan bertan, itsasontziak egin eta nabigatzeko gai diren probatu ahalko dute 3 eta 10 urte arteko umeek. Euririk ez bada, puzgarriak ere izango dituzte.

Bestalde, film eta dokumentalen emanaldiak prestatu dituzte hainbat egunetan. Euskal Herriko arrantza eta burdina izango dituzte ardatz saioek.

Bizkaiko Zubia ezin zitekeen gera era horretako jardunaldietatik kanpo. Hala, gizadiaren ondare izendatu zuteneko mendeurrena eta haren historia gogorarazteko hitzaldia eskainiko du Javier Goitiak, Santa Klara kulturgunean. Hilaren 10ean izango da. Joan gura duenak izena eman behar du, sarrera doakoa bada ere. Egun horretan bertan, zubira bisita teknikoa egiteko aukera emango dute.

ENKANTEA, SANTURTZIN

Antzina enkanteak nola egiten ziren ezagutzeko simulazioak egingo dituzte Santurtziko Arrantza Kofradian. Gau osoa Abran arrantzan pasatu ondoren, itsasontziak portura itzultzen ziren. San Pedro kofradiako txirrinak jo bezain laster, sardina saltzaileak korrika iristen ziren eta enkanteari hasiera ematen zitzaion. Prozesua bertatik bertara ezagutu ahalko da hilaren 19an eta 20an.

Santurtzik arrantzarekiko eta itsasoarekiko izan duen lotura estuarekin jarraituz, Agurtza atunontzia ezagutzeko, bisita gidatu antzeztuak egingo dituzte enkantearen egun beretan. Agurtza osorik geratzen diren zurezko arrantzontzietako azkenetako bat da. Horrez gain, Santurtziko Itsasoa Interpretazio Zentroak ateak zabalduko ditu doan, asteburuetan.

SARRERAK, MERKEAGO

Jarduera berezirik antolatu ez arren, sarrerak merkeago edo doan eskainiko dituzten kulturgune batzuk ere badira. Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center da horietako adibide bat. Domekan doan bisitatzeko aukera emango du. Antzeko eskaintza egin du Getxoko Aquariumak ere, hilaren 20rako. Lekeition, Dolarea eta Itsasargia bisitatzeko sarrerak euro batean izango dira bihar eta datorren zapatuan.

Oztopoak trenaren errailei

Oztopoak trenaren errailei

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Anbotok zaintzen du Atxondo. Margolana balitz legez, Mariren egoitza da etxe gehienen leihoetako paisaia. Baina azkar alda liteke hori. Haitzak ikusi beharrean, 1,5 kilometroko luzera eta 60 metroko altuera duen porlanezko bidezubia da atxondarrek leihora ateratzean izango duten paisaia, AHTaren lanak hasiz gero. Elorriokoarekin batera, derrigorrezko desjabetzeak egin gabe dituen zati bakarra da Bizkaian. Adifek ekainean adjudikatu zituen lur horietako lanak, 67,8 milioi euroan, eta desjabetze prozesuari ekin dio berehala. Espainiako Gobernuko ordezkaritzan aktak sinatzeko ordua zuten Atxondo eta Elorrioko lurjabeek hilaren 2an. Ez dute berehala etsi, ordea. Aktak sinatzeari uko egin, eta helegiteak aurkeztu dituzte bi udalerrietako udalekin, desjabetze prozesuan "akatsak" daudela argudiatuta. Badakite edonoiz beraien lursailetara joan daitezkeela, baina, ilunenean ere argia ikusten dute atxondarrek, David Cobos alkatearen arabera. "Egunero ari gara irabazten. Lanak hasi gabe igarotzen den egun bakoitza garaipen bat da".

25 familiaren baino gehiagoren lurretatik igaroko da tren lasterra Atxondon, eta, lanak abiatzeko, lursailak desjabetu behar ditu lehenik eta behin Adifek. Euskal Y-aren lanak adjudikatu eta hilabetera, aktak sinatzeko ordua jarri zien enpresak udaletxean. Ez zuten egin, eta Espainiako Gobernuko ordezkaritzan hitzordua jarri zieten gero. Horri ere uko egin diote jabeek, eta helegitea ere jarri dute. Eta azaldu du zergatia Cobosek: "Legeak jasotzen du aktak jabeen lursailetan sinatu behar direla. Akten helburua lur eremuen deskribapena egitea da. Lursailean zer dagoen jasotzea, alegia. Helburua hori bada, logikoena da jabeek beren eremuan sinatzea aktak, zer dagoen eta zer ez zehazteko".

Kalteak aztertzeko premia

Legeari tiraka ari dira atxondarrak Euskal Y-ak herria gurutzatuko zuela jakin zutenetik. Xehe-xehe aztertzen ari dira tren lasterraren lanak abiatzeko txosten eta arauak. Eta horietan aurkitutako okerretatik tiraka dabiltza 2003tik. Tren lasterrak herrian eragingo lituzkeen kalteak aztertzeko ikerketa egitea eskatu zion EAJren udal gobernuak MECSA aholkulari enpresari urte horretan. AHTak ingurumenean kalte handiak eragingo zituela azalarazi zuen ikerketak, askoren artean. Eta, lanek aurrera eginez gero, herriak erakargarritasuna galdu eta biztanleria galtzeko aukera zegoela jasotzen zuen. "Txostenak azaltzen zuen aukera guztien artean herritarrentzat txarrena zen bidea marraztu zela". Are gehiago, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriagoak ziren egitasmoak ere jasotzen zituen.

Jaurlaritzak eta Madrilek aholkulari enpresaren azterketan jasotzen zen bide alternatiboa aintzat hartzeko konpromisoa hartu zutela azaldu du Cobosek. Eta bide berria marrazteko hainbat saio egin zituzten herrian ere. "Zundatzeak egin zituzten herriko hainbat lursailetan, eta Abadiño eta Elorrioko bideak ere aldatu zituzten Atxondoko tartea aldatzearekin batera".

Kalte gutxiago eragiten zuen bidea marraztu zen. Baina horrek ez du esan nahi proiektu berriak ingurumenean kalterik eragiten ez duenik. Eta hori da, hain zuzen, udalak egin zuen eskaera: tren lasterraren bide berriak ingurumenean zuen eragina aztertzeko txostena eskatu zuen. "Proiektu aldaketa batek ere ingurumenean eragingo dituen kalteei buruzko txostena jaso behar du, legez". Eskaera egin eta berehala iritsi zitzaien erantzuna. Bide aldaketa bertan behera utzi, eta tren lasterraren jatorrizko proposamenari eutsi zion Jaurlaritzak berriz. Atxondo herriari kalte handiena eragiten dion proiektua, alegia. Erabaki horren atzean eragin politikoa dagoela uste du Cobosek.

Buelta hasierako geltokira, beraz. Eta buelta lehenengo proposamena aztertzera. Hasierako bideak eragingo dituen kalteetan jarri dute lupa orain Atxondon. "Euskal Y-a aurkeztu zenean, eragingo dituen gutxieneko kalteak aztertu ziren, eta azpiegitura guztiari zegokion datuak jaso zituzten egindako txostenean. Oso orokorra da". Azterketa egin zutenetik hona, herriko ingurumenean aldaketak izan direla uste du alkateak, eta duela hogei urteko datuak ezin daitezkeela aintzat hartu gaur egungo lan bat egiteko. Kexa horren aurrean jaso duten erantzuna azaldu Cobosek: "Madrildik esan digute lanak 2006an hasi zirela, eta hori baliatzen dute azterketa baliozkoa dela argudiatzeko. Lanak Urbinan hasi zituzten, eta Atxondo oraindik ez dute ukitu".

"Ez du zentzurik"

Trenak ez du zentzurik, Cobosen arabera. Eta Madrilen ere azpiegituraren bideragarritasuna zalantzan jartzen dutela uste du. "Diotenez, 2020rako eraikita egongo da. Baina hasierako lanak dira bukatuko dituztenak. Gero, zerbitzua eman eta mantendu egin behar da". Gaur-gaurkoz dauden azpiegituren zaman, beste karga bat sartzea ekarriko du AHTak, haren ustez. Bizkaiko hainbat azpiegituraren egoera jarri du horren adierazle gisa; Supersur, Artxandako tunelak, Autzagane eta Ermuko saihesbidea, besteak beste. "Horiek ordaindu eta mantendu ezinik gabiltza, eta AHTa gehitu nahi diogu horri. Euskal Herria hipotekatu nahi dute, gizarte zerbitzuetatik murriztu, azpiegitura horiek guztiak ordaindu ahal izateko".

Gero eta gehiago dira tren lasterraren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten datuak. Espainian, Madril eta Sevilla elkartzen dituen tren lasterra egiteko 47.000 milioi inbertitu zituzten, eta 14.200 jaso dituzte, 1992an martxan jarri zutenetik hona. Erabilerak ez du inbertsioa estali. AHTari dagokionez, oraindik ere, ez dute zehaztu txartelen prezioa zein izango den. Baina ez da tren lasterraren gauza ezezagun bakarra. Europa eta Espainiako tren lasterren sarearekiko loturak kolokan daude oraindik. Euskal Y-a Europarekin lotzeko Bordele eta Hendaia arteko zatiari dagokionez, 2032ra arte ez du ezer erabakiko Frantziako Gobernuak. Eta Gasteiz eta Burgos arteko lanak ere geldi daude.

AHTaren lanak bertan behera uztea zentzudunena dela dio alkateak. "3.000 milioi euro gastatu diren arren, hobe da hasita dagoen lana bukatu gabe uztea, azpiegitura bukatzeko gehiago inbertitu eta mantenurako beste horrenbeste gastatu behar bada". Argi dio Atxondok bide horretan lan egiten jarraituko duela.

Agertokiak, euskaraz blai

Agertokiak, euskaraz blai

Natalia Salazar Orbe

Euskarazko arte eszenikoen sorkuntza ikusgarri egitea. Berau bultzatu eta sustatzea. Helburu horiexek ditu Leioan bost urte bete berri dituen Kultur Maratilak. Hala jaso du Ixiar Rozas idazleak jaialdirako idatzi duen olerkian ere: "Pieza bat egiten ari zarela / pieza bat egiten ari zarela esatea / edo esan gabe / pieza bat egiten ari zarela / ikusgarri egitea". Artedrama Antzerki Laborategiak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak elkarlanean antolatzen duten jaialdia saio freskagarriz betetako egitaraua abiatu berri du. Atzo egin zuten estreinaldia, eta domekara bitartean euskaraz sortu, garatu eta taularatutako lanak eskainiko dituzte.

Diziplina anitzeko sorkuntza obrak ikusteko aukera emango du Kultur Maratilak. Atzoko estreinaldiaren ostean, beste bost ikuskizun daude oholtza gainera igotzeko gogotsu. Khea Ziater konpainiak Malmö aurkeztuko du gaur. Arlo estetikoan zein narratiboan antzerkia eta zinea lotzen dituen kodeen bilaketan oinarritzen den proiektu independentea aurkeztuko du taldeak. Sentimenduetan barrena bidaia bat egiten duen istorio bat kontatuko diote ikusleari. Bi pertsonaren arteko harremana kolpetik aldatuta sortzen den egoerak eragiten dituen sentimenduak eta jazoerak azalduko dira Khea Ziaterren ikuskizunean.

Antzerki saioaren ostean, olerkigintza eta musika nahastu eta tartekatuko dituen saioa eskainiko dute hiru artistak: Harkaitz Cano, Petti eta Joxan Goikoetxeak Gau beranduan taularatuko dute. Idazle bat, abeslari bat eta musikari bat elkartuko ditu oholtza gainean ikuskizunak. Gaueko hiru hontzek istorioak, pertsonaiak, mamuak edo ametsak uxatu eta erakarriko dituzte.

Bihar musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna aurkeztuko dute Idurre Azkuek eta Joseba Irazokik: Dantza gurea. Soinuaren bibrazioek gorputzari nola eragiten dioten aztertzen saiatuko dira dantzaria eta musikaria. Aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola egiten duen dar-dar, eta harengan zer arrasto uzten dituen azalduko dute. Musikariak eskainitako kontzertu dantzatua eta dantzariak dantzatutako musika kontzertua da ikusleak aurkituko duena.

Musika dantzatua eta dantza musikatua biltzen dituen ikuskizun horren ostean, Joseba B. Lenoir Gang iritsiko da: hainbat musika talderen ekarpenak biltzen dituen saioa. Willis Drummond taldeko Felix eta Xan kideak eta Napoka Iriako Miren eta Ander elkartuko dira Joseba B. Lenoir Gangekin batera.

Domekarako utzi dute publiko askotarikoena erakar dezakeen ikuskizuna: Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre elkarrekin ariko dira oholtza gainean Heroiak antzezlanean. Soldadu ohien egoitza batean bizi diren gerrako hiru beteranoren bizipenak azaltzen dira lan horretan. Egoitza horretatik ihes egin behar dutela erabaki dute. Baina ez dute lan erraza izango: bata herrena da, beste batek agorafobia du, eta, hirugarrena, maiz zorabiatzen da buruan daukan metraila puska baten ondorioz.

Musika, interpretazioa, olerkigintza, dantza eta antzerkiaz gain, erakusketa bat ere jaso du Kultur Maratilak. Jose Pablo Arriagaren Etxetik gertu lana ikusgai dago Kultur Leioan. Eskultura eta pintura lanak baliatuta osatu du erakusketa. Domekara bitartean bisita daiteke. Humanitateagan konfiantza izateak gero eta zailago dirudien garaietan munduari baikortasunez egiten dion begirada jaso du artista markinarrak.

Ikuskizun bakanetarako sarrerak zein bonoak eskuratzeko aukera ahalbidetu dute jaialdiaren sustatzaileek. Sei eta hamar euro artean daude salgai saioetako sarrerak. 30 euroko bonua eskuratuta, ikuskizun guztiez gozatu ahalko dute ikusleek.

Diziplina askotarikoak lantzeko eginahal horretan aurten ere asmatu dute Kultur Maratilaren antolatzaileek. Denetarik, denetariko gustuentzat, programatu dute. Dena ala dena, euskaraz sortua eta taularatua. Euskarak kaleen antzera agertokiak ere busti ditzan, eta euskarazko lan horiez gozatzeko ikuslerik falta ez dadin. Oihala altxatu dute, eta hasi da ikuskizuna.