Aitortzarako plazatxoa

Aitortzarako plazatxoa

Aitziber Laskibar Lizarribar

Herritik urrun hil zuten Yolanda Gonzalez Deustuko Erriberako gaztea. Madrilen bahitu, torturatu eta hil zuten Langileen Alderdi Sozialistako militante zena eskuin muturreko kideek, 19 urte bete berri zituela, ikasketak egiten zituen hirian. Urrun dago 1980ko otsailaren 1 hura. Eta haren senide, lagun eta auzokideek urrunduta sentitu dute gertatutakoa; baztertuta haien hurkoaren memoria. 36 urte geroago, lasaitua hartu dutela nabari zaie. Horrenbeste denboran itxarondako aitortza ofiziala beren begiekin ikusi dute: Yolanda Gonzalezek badu bere plazatxoa bere herriko bere txokoan, Bilboko Deustuibarrean.

Auzokideek hala esaten zioten, aurrez ere, Deustuko Erriberaren 57 eta 59 zenbakien artean dagoen guneari. Aurrez ere bazuen Yolanda Gonzalez plazatxoa zioen plaka: hondo urdinaren gainean hizki zuriz idatzia, Bilboko armarri eta guzti; Bilboko kale izen guztiek dutenaren moduko euskarrian. Baina ez zen ofiziala. Ez zen udalak jarria. Auzokideek beraiek egin eta ipini zuten plazatxo berean. Asier Gonzalezek desestali zuen plaka hura duela bi urte, auzokideen txalo artean. Eta orduan iragarri zuten sinadura bilketa egingo zutela Bilboko Udalari izen hori ofizial egin zezan eskatzeko. Ordura arteko ezezkoen aurrean iragarri zuten ahalegin berria.

Auzokide tematiak

Urtebete lehenago, horma irudi koloretsua egin zuten auzokideek gune horretan bertan. Mendi berde, zeru urdin eta izar gorriaren ondoan marraztu zuten Gonzalezen irudia. Yolanda gogoan zuen idatzirik aldamenean. Eta haren jaiotza eta heriotza datak. Udalak, ordea, ezabatu egin zuen. Hainbat liskarren ondoren, lortu zuten ez ezabatzeko konpromisoa udalaren aldetik. Herritarrek berriz margotu zuten irudi bera.

Han jarraitzen du horma irudiak, eta han jarraitzen du Yolanda Gonzalez plazatxoa dioen plakak. Auzokideentzat lehengoa ez zen gezurretakoa, ez zen faltsua. Baina oraingoa ofiziala da, udalak jarria eta Bilboko kale izendegian jasoa. Eskertu dute hori lagun eta senideek; gurasoek eta urtetan arrebaren memoria aldarrikatzeko borrokan buru-belarri aritu den Asier Gonzalezek.

Gaur zortzi egin zen plazatxoaren inaugurazio ofizialean egon zen Asier Gonzalez, eta hark desestali zuen plaka, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoria Institutuko zuzendariarekin. Alboan zen Eugenio Gonzalez aita. Plakaren erreplika jaso zuen, hunkituta, alkatearen eskutik. Ama, osasun arazoak zirela medio, ezin izan zen ekitaldian egon. Familiak dantzariaren ohorezko agurra eta lore sorta jaso ondoren, Deustuibarreko auzo elkartearen lana, alkatearen erabakia, udaleko alderdien jarrera eta ekitaldi “sinbolikoa” eskertu zituen omenduaren nebak.

Bilbok Gonzalezekin “zorra” zuela aitortu zuen Aburto alkateak, eta, familiaren sufrimendua eta mina ezabatzea ezinezkoa den arren, omenaldiarekin eta aitortzarekin udalak zor hori kitatu duela sentitzen duela. Hildakoaren etxetik 50 metrora dagoen txokoari haren izena jarrita, Gonzalez “bilbotarren eguneroko bizimoduan” sartu dela adierazi zuen. “Betiko” egongo dela, gainera. Izan ere, Zorrotzaurreko inguru guztiak izango duen aldaketaren ondorioz Deustuko Erribera ere goitik behera eraldatuko den arren, “Bilbo berri horretan” Gonzalezek bere txokoa izango duela agindu zuen.

Ekitaldi instituzionala amaituta, “inaugurazio herritarra” ere izango du aurki plazatxoak, Bizkaiko Hitza-k jakin duenez. Apirilean izango da, auzo elkarteak antolatuta, eta Gonzalezek Madrilen, hil zutenean, zituen lagunak ere bertan izango dira.