Frontoian ere eredu izan nahian

Frontoian ere eredu izan nahian

Pello A. Zuazo

Txapelketa honek interes itzela sortu du. Final egunean frontoia gainezka zegoen eta kriston giroa sortu zen”. Iker Amarika Bizkaiko Pilota Federazioko lehendakariordeak argitu duenez, joan den igandean egin zen Emakume Cup txapelketaren finala, eta 600 pertsonatik gora bildu ziren Larrabetzuko pilotalekuan. Hori gutxi ez, eta ekitaldia Euskal Telebistan ere emititu zuten, “audientzia emaitza paregabeak” lortuz. Lehen Mailako finalean Irati Etxebarria eta Patri Espinar gailendu ziren (22-11), eta, Bigarren Mailakoan, Lutxi Fonseca eta Iratxe Ibarrak eraman zuten txapela (22-8).

Bizkaiko Pilota Federazioak dituen datuen arabera, eskola mailan berrogei neska inguruk jokatzen dute esku pilotan Bizkai osoko zenbait elkartetan. Neska horiek, federatu mailara heltzen direnean, jarraipena izan dezatela da Amarikaren arduretariko bat. “Haur mailan beste kirol batzuk aukeratu behar izaten dituzte, edo pilota munduan jarraitu nahi badute, derrigortuta joaten dira pala mundura edo erremintara. Horregatik ez ditugu emakumeak ezagutu esku pilotan”.

Hori lortzeko asmoz, iaz Emakume Cup esku-pilota txapelketa jarri zuten martxan. “Iaz, lehenengoz, zuriz jantzita irten ziren emakumeak frontoira. Iaz, lehenengoz, emakumezkoen txapelketa ofizial bat gauzatu zen. Eta iaz, lehenengoz, emakumezkoen esku-pilota elkarte bat sortu zen”.

Aurten bigarren txapelketa antolatu dute, eta urtebeteko tarte horretan, 35 lizentzia berri egin dituzte federatu mailan Bizkaiko Pilota Federazioan. Hortaz, gaurko egunez 35 emakume pilotari federatu daude Bizkaian. Horietatik hogeik eman dute izena Emakume Cup txapelketan. “Gehienek bi urte inguru daramatzate pilotan jokatzen, eta mailak parekatzea oso zaila da oraindik”. Horrela bada, Amarikak azaldu duenez, bi maila sortu behar izan dituzte, eta bakoitzean bost bikote lehiatu dira.

Bizkaian emakume pilotarien bi elkarte daude: Larrabetzuko Txokoan emakumeen pilota elkartea eta Zornotzako Lagun Onak pilota elkartea. Dena den, elkarte horietan hainbat herritako pilotariak batzen dira: Markina-Xemein, Laukiz, Garai eta Usansolokoak, esate baterako. “Adin tarte zabala dago pilotarien artean: gazteenak 14 urte ditu, eta zaharrenak, 47”, azpimarratu du Amarikak. Larrabetzun, 22 pilotari entrenatzen dira, eta Zornotzan, hamar, eta denak dira federatuak. Halere, norbere kontura entrenatzen diren pilotariak ere badaude.

Ofizialtasuna helburu

Amarikak argi dauka lortutakoa ez dela gauza makala: “Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Errioxan ez dago emakumeen esku-pilota txapelketa ofizialik. Eta emakume federatuak egon badaude, baina gehienek palan jokatzen dute. Horregatik izan du Bizkaiko txapelketa horrek izan duen oihartzuna”.

Bizkaian antolatzen da Emakume Cup, eta Bizkaiko pilotariek bakarrik parte har dezakete lehiaketan. “Esku pilota modalitatean, hauxe da emakume federatuen txapelketa bakarra Euskal Herri guztian. Inguruko lurraldeetan ez dago horrelakorik”, nabarmendu du Amarikak.

Haren esanetan, joan den urteko txapelketaren arrakastaren harira, emakumeen lehen pilota elkartea sortu zen Larrabetzun: Txokoan. Eta elkarte horren ekimena ikusirik, mugimendua sortu da beste toki batzuetan ere: besteak beste, Iruñean Aldatze elkartea sortu dute berriki. “Larrabetzuko emakume baten ahizpak jarri du martxan esku-pilota talde hori Iruñean. Larrabetzuko emakumeak izan dira aitzindariak, eta euren esperientzia hori hedatzen ari dira”.

Horrela bada, Bizkaiko Pilota Federazioak Txokoan elkartearekin elkarlanean sortu du Emakume Cup. Nolanahi ere, orain arte ez dira geldirik egon, eta iaz bestelako lehiaketa batzuk ere egin zituzten. Bizkaia-Nafarroa Topaketa egin zuten, non larrabetzuarrek iruindarren kontra jokatu zuten. Eta azaroan, Lehenengo Emakume Pilotarien Topaketa antolatu zuten Larrabetzuko pilotalekuan. Bartzelonako bi bikotek, Errioxako bikote batek, Arabako beste batek, eta Nafarroako eta Bizkaiko bikote guztiek parte hartu zuten topaketa horretan.

Hastapen horietan, entrenamenduetarako zein lehiaketetarako materiala Bizkaiko Federazioak eman dio Txokoan elkarteari. Amarikak bere ikuspuntua adierazi du: “Pilotan jokatzen hasteko, eta taldea eta zaletasuna sortzeko, behar-beharrezkoa ikusten dugu laguntza ematea”. Hori horrela, federazioak Anoetako Otero pilotagile kooperatibari pilota bereziak egiteko enkargua egin dio: kadete mailako tamaina duten pilota goxoak. Eta, gainera, babesteko eskularruak ere eman dizkiete pilotariei. “Batzuek babesteko eskularruekin jokatzen dute, eta beste batzuek, esparatrapuarekin edo esku-hutsik. Bakoitzak nahi duen bezala”. Bestalde, emakumeei egokitutako praka zuriak ere prestatu dituzte. Eta babesle ugari lortu dituzte txapelketa finantzatzeko.

Bai iazko eta bai aurtengo txapelketak eragin handia izan dute. Izan ere, Amarikak argitu duenez, orain arte ez da inolako ekinaldirik egon. “Txapelketa horiei esker, Larrabetzuko taldea egonkortu da, Zornotzan beste talde bat dago, eta Iruñean eta Bartzelonan ere taldeak sortu dira. Duela gutxi jakin dugunez, Mexikon ere badabiltza zerbaitetan. Esku-pilota modalitatean emakume gehiago sar daitezela da gure helburua, eta horrela, frontoietan emakume pilotarien presentzia areagotzea”.