Iñigo Cabacas hil eta ia lau urtera, justizia urrun dagoela salatu dute

Iñigo Cabacas hil eta ia lau urtera, justizia urrun dagoela salatu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Iñigo justizia. Txartel horiek eskuetan dituztela atera dira kalera, beste behin, Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, Iñigo Cabacas zenaren gurasoak. Berriro joan dira Bilboko epaitegi aurrera, eta berriro jaso dute herritarren babesa. Agintariek, instituzioek eta justiziak baztertu egin dituztela sentitzen dute, eta seme zutenaren lagunengan, Iñigo Gogoan plataformarengan zein herritarrengan sentitzen dute berotasuna. Horien laguntzarekin egin dute azken protesta ere, instrukzio fasearen beste diligentzia bat egitekoa zela eta. Lau urte igarota epaiketarik ez dela izan salatu dute.

2012ko apirilaren 5 hartan Cabacasi heriotza ekarri zioten gertaerak jasotzen dituen bideo bat aztertzeko lanean aritu diren poliziek deklaratu zuten asteartean Bilboko epaitegian, peritu gisa. Athleticen zalea hil zuen pilota zein ertzainek jaurti zuen erakusten ote duten aztertu dute, ondorio argirik gabe. Bideokonferentziaz eman dituzte azalpenak Espainiako poliziek, eta, familiak uste zuenaren kontra, ez dira Bilbon egon. Elkarretaratzea egin du, hala ere, Iñigo Gogoan herri ekimenak. Cabacas hil zela ia lau urte igaro direla eta auziak instrukzio fasean jarraitzen duela salatu dute, eta gaineratu ez direla ardurak kitatu eta epaiketarik ere ez dela oraindik egin.

Etor daitekeenarekin, gainera, ez dago baikor plataforma. Auziak ekaina du instrukzio fasea amaitzeko epea. Orduan erabakiko du Ana Torres instrukzio epaileak auzitara eraman edo ez. “Oraindik ez da epaiketarik egin, eta ez dakigu egingo den ere”, adierazi du kezkatuta David Gonzalezek, Iñigo Gogoan ekimeneko kideak. “Hori jendeak ez luke ulertuko; eta, lehenik eta behin, Manuk eta Finak, Iñigoren gurasoek, ez lukete inolaz ulertuko”.

Inguruan ziren gurasoak; betaurreko ilunekin, eta goibel. “Garai txarra” igaro du amak, beste behin. Heriotzaren urtemuga gerturatzen denean ezinegona gailentzen zaio, eta tristurak harrapatzen du; areago, semea hil zutenen ardurarik ez dela kitatu ikusita eta justizia eskatzeagatik jaso dituzten erantzunak entzunda.

Pentsaezina egiten zaien arren, badakite gerta litekeela auzia epaiketarik gabe ixtea. Ez dute horretan pentsatu ere egin nahi. Sinestezina egiten zaie aukera bera: “Lotsagarria litzateke epaiketarik ez egitea; jaio izanaren lotsa izango nuke”, adierazi dio Manu Cabacasek Bizkaiko Hitzari.

Iñigo Gogoan herri ekimenaren ustez, hainbeste luzatu den instrukzio fasearen ondoren “hain inputazio gutxi” egoteak “galderak” eragiten ditu. “Auzia urteetan luzatu da ez zela ezer gertatu ondorioztatzeko, errudunik ez dagoela esateko?”.

Inputaziorik ezean, Cabacasen heriotzaren arduradun gorenak ez dituztela epaituko segurua dela salatu du: operazioa antolatu zutenak eta kalexkara indar guztiarekin sartzeko agindu zutenak ez direla akusatuen aulkian eseriko, eta zalantzan dagoela norbait epaituko ote duten.

Hala ere, lanean jarraituko dutela ziurtatu du. Cabacasentzat justizia eskatzen jarraituko dutela, gomazko balen debekua eskatuko dutela, eta Polizia ereduari buruzko eztabaida sakona egin dadin lan egiten segituko dutela.