Ainhoa Larrabe Arnaiz
Itogina, inork zeharkatzen ez dituen tunel luze eta isilak eta inora eramaten ez duen atea. Anton Goiri bilbotarrak prestatutako argazki erakusketaren hiru ale dira horiek. Azalpenik eman gabe, nekez asma liteke argazkietako irudi...
Albisteak
Bizkaibus: hiru urtean hirugarrena
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Geldi. Hala egongo dira datorren asteazkenean hasi eta ekainera bitarteko hainbat egunetan Bizkaibuseko autobusak. Lanuzteak iragarri dituzte UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek. Eta azken urteetako irudi bera errepikatuko da...
Ospitalera heltzeko bide luzearen lehen pausoa
Aitziber Laskibar Lizarribar
Aurrera doaz Urdulizko ospitalea egiteko lanak. Aurreikuspenen arabera, ekainean abiatuko ditu lehen zerbitzuak erizaindegi berriak, eta datorren urteko martxoan espero da martxa betean egotea. Argitu gabeko galderak, halere, asko dira oraindik, eta ez dago argi arazo nagusia nola konponduko den: bertara nola iritsi.
Horixe da Uribe Ospitalea Plataformaren kezka nagusia. Herri askotako herritarrentzako azpiegitura izanik, ezinbestekotzat du garraio publikoaren alde egitea; Bizkaibusen zerbitzua areagotu eta moldatzea oinarrizkoa dela dio. Eta, borroka luze baten ondoren, argi izpi bat ikusi du: EAJk, orain arte erantzun zehatzik eman gabe egon eta gero, pauso bat eman berri du: Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierriko alkate jeltzaleek Bizkaibus zerbitzua indartzeko eskatu diote Bizkaiko Aldundiari. Plataformak luzaro egin dituen eskaeretako bat bere egin dute jeltzaleek, eta berebiziko garrantzia du horrek, protestarien ustez. Izan ere, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k plataformaren aldarriak babestu eta defendatu dituzten arren, aldundia gobernatzen duen alderdiaren keinuak balio praktikoa izan dezake.
Aurreko ostegunean egin zuen eskaera publikoa EAJk. Urratsa ikusarazi zuen hedabideei oharra bidalita. Erandio, Barrika, Mungia, Gorliz eta Gamiz-Fikako alkateak Vecinte Reyes Bizkaiko Garraio diputatuarekin bildu zirela jakinarazi zuen: "Alkateek foru arduradunari adierazi diote Bizkaibus linea batzuk aldarazteko beharra ikusten dutela, Urdulizko ospitalea irekitzen den unetik aurrera, Uribe Kostako, Mungialdeko eta Txorierriko herritarrek ospitalearekin lotura izan dezaten". Plataformak egindako eskaera bere egin zuen, hitzez hitz, kasik: "Ezinbesteko jotzen dugu ospitalea garraio publikoarekin konektatzea".
Hartarako, alkate batzuek ospitalerako linea zuzena eskatu dute; beste batzuek, metroarekiko lotura hobetzea, eta, besteek, maiztasuna areagotu eta ibilbide edo geltokiak moldatzea.
Diputatuaren agerraldia
Handik egun gutxira iritsi da diputatuaren pausoa iragartzen duen ekintza: Batzar Nagusietako garraio batzordean agerraldia egingo du Reyesek, Urdulizko ospitaleari lotutako asmoen berri emateko. "Diputatuak azaldu du aztertu egin behar dela Urdulizen aurten zabalduko den ospitaleak garraio publikoari dagokionez eragingo duen egoera, ospitalearen eraginpeko eremuko biztanleak haraino joan daitezela errazteko", dio aldundiak bidalitako oharrak. Eskaera astelehenean egin zuen Reyesek, eta hurrengo garraio batzordean egin lezake agerraldia.
Itziar Iratzagorria Uribe Ospitalea Plataformako kideak begi onez hartu du ordezkari jeltzaleen pausoa: "Zer edo zer lortu dugu". Hala ere, agintariek proposatuko dutena aztertu beharko dela zehaztu du, eta, edozein kasutan, Bizkaibus zerbitzua areagotzeaz gain beste neurri batzuk ere hartu behar direla.
Urdulizi ez ezik, Arrietari, Gamizi, Fruizi, Bakiori, Mungiari, Gatikari, Jataberi, Lemoizi, Laukizi, Meñakari, Plentziari, Gorlizi, Barrikari, Sopelari, Berangori eta Getxori eragingo die ospitale berriak. Herri horietako guztietako gaixoak hartuko ditu erietxeak, eta horrek nabarmen eragingo dio mugikortasunari. Herri horietako milaka auto ibiliko dira Urdulizerako joan-etorrian.
Horrek errepideak egokitzea eskatzen duela ohartarazi du plataformak. "Ez dute sarbideei buruzko azterketarik egin, eta sarbide egokiak behar dira", adierazi du Iratzagorriak. "Ospitalerako dagoen errepidea Urdulizera sartzeko dagoen sarbide normala da, baina horrek ez ditu beharrezko baldintzak betetzen". Plataformako kideak azaldu duenez, ospitalerako sarrerek bazterbide zabalagoak eta zoru lodiagoa behar ditu, legez, eta ez du sakangunerik izan behar, besteak beste. "Gauza horiek ez dira kontuan hartu", kexu da Iratzagorria.
Aparkalekuak ere kezkatua du plataforma. Dagoeneko zaila da Urdulizen aparkatzea, eta, ospitalea zabaltzen denean, milaka auto gehiago izango dira egunero. Arazoari aurre nola egin erabakitzeko herritarren iritzia galdetzeko eskatu du Iratzagorriak.
Ospitale aurrean hiru solairuko parking bat aurreikusita dagoela azaldu du. Urdulizko Udalak eta Osakidetzak akordioa egin zutela, eta parkingaren gastu guztiak Urdulizko Udala ordaintzekotan geratu zela. Izugarria iruditu zaio hori plataformari: "Ezin da onartu". Parkinga egiteko zortzi milioi euroren aurrekontua iragarrita dago. Eta Urdulizko Udalak bost milioiko aurrekontua izaten du urte osorako. Tratua onartuz gero udala zor handian sartuko litzatekeela abisu eman du. Zerbitzua inguru handi batentzat izango denez, gastua guztien artean ordaindu behar litzatekeela dio. Arazo horiei guztiei aurre egiteko, eragileen arteko elkarlana eta koordinazioa eskatu ditu.
Bizitza gidatzeko erreminta
Natalia Salazar Orbe
Edonora iristeko aukera ematen du. Atari batetik bestera iristeko ibilgailurik azkarrena da. Ekonomikoa da. Bizikleta da. Hala deskribatu du Biziz Bizi elkarteko kide Javi Umaranek. "Ez du alde txarrik. Etxetik bizikletan atera zai...
Galdakaoko Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu du oposizioak
Aitziber Laskibar Lizarribar
Galdakaon egiten ari diren bi lan handitan irregulartasun larriak gertatzen ari direla eta, bi dimisio eskaera jarri ditu mahai gainean oposizioak: Amaia Betolaza zinegotzi jeltzalearena eta Cirilo Davila komunikazio ardura...
Goi mailako musika, eskura
Natalia Salazar Orbe
Basaurira kalitatezko musika zikloa eramateko helburuz sortu zen MAZ jaialdia, eta iritsi da, beste urtebetez. Bosgarren aldia du aurtengoa. Eta hasieran zuen ilusioz ez eze, esperientziak emandako indarrez lurreratuko da gaur. Lau egunez Euskal Herriko eta nazioarteko artistek hartuko dituzte herriko kaleak eta Social antzokia.
Nabarmentzeko hainbat ikuskizunek osatzen dute aurtengo egitaraua. Gaurkoan nazioarteko hiru artista handi ariko dira Social antzokian: The Long Ryders, The James Hunter Six eta Dan Stuart. Ikuskizun nagusia euren eskutik dator. Hala azaldu du Ibai Villapun MAZ Basauriko komunikazio arduradunak: "Lehen aldiz goi mailako kartel hirukoitza daukagu. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra gurean egingo dute, gainera".
Lehenengoa 1980ko hamarkadan Los Angelesen sortutako Paisley Underground soinuaren ordezkari esanguratsuenetakoen taldea da. Final Wild Songs izeneko lana argitaratu berri dute, eta taldearen formazio klasikoarekin aurkeztuko dute kontzertuan.
Bestalde, munduko soul eta rhythm and blues musikari interesgarrienetako gisa definitu dute James Hunter. Hold on! lan berria aurkeztuko du The James Hunter Six bere taldearekin batera.
Dan Stuartek Green on Red taldea sortu zuen 1980ko hamarkadan. Post-punk eta alt-country estiloak lantzen zituen bertan. Basaurira bakarka eta akustikoan aurkeztuko duen kontzertuarekin iritsiko da.
Nazioartean ospetsu egin diren taldeez gain, kalean edonoren esku jarriko dituzten saioek ere indar handia hartuko dute aurten. "Gero eta izen gehiago eta gero eta potoloagoak agertzen dira egitarau horren barruan". Sonic Trash, Rubia eta Joseba Irazoki eta Lagunak azpimarratu ditu, besteak beste.
Ikusle batzuk eta besteak desberdindu beharraz jabetu dira MAZ Basauriko antolatzaileak. "Kaleko publikoak ez dauka zerikusirik antzokiko publikoarekin. Askotan, bertatik pasatzen den edozein herritar izaten da emanaldia ikustera geratzen dena, eta horrek balio handia dauka guretzat".
Rock estiloak publiko zabalagoa behar du gaur egun iraun nahi badu. "Eta doako kontzertuok, askotan, hasiera batean inongo interesik ez zuen publiko baten arreta bereganatzeko gaitasuna izaten dute". Izan ere, kontzertuak jende asko ibiltzen den kaleetan jartzen dituzte. "Musikariak publiko horrengana gerturatzen ditugu; ez alderantziz".
Bertakoei lekua
Euskal Herriko doinu eta taldeek leku handia hartuko dute MAZ Basaurin. Gasteiztik Moonshine Wagon iritsiko da. Folk, hillbilly eta bluegrass estiloak lantzen ditu hirukoteak. We Are Standard ziren getxoztarrak WAS gisa eraldatuta agertuko dira agertoki gainean datorren asteko ostiralean. Egun horretan bertan argitaratuko dute Gau Ama. Pop elektronikoaren eta dantzatzeko musikaren aldeko apustuari eusten dio taldeak. Hala ere, bertako kutsua ematen dieten tresna eta baliabideak darabiltzate abestietan; besteak beste, txalaparta eta alboka.
Bestalde, Burgosko (Espainia) La Maravillosa Orquesta del Alcohol (La M.O.D.A.) izango da, bihar, Social antzokian. Musika akustikoa eskusoinu, banjo, mandolin eta saxofoiarekin batera nahasten du seikoteak. Taldearen musikak oinarria folk, country eta bluesean badu ere, izpiritua gertuago dute punk eta rock-and-roll estiloetatik.
Bistakoa da bost urtean estilistikoki garapena izan duela kontzertu zikloak. Hasieran soinu alternatiboak nagusitu ziren, oro har. Iaz hasi ziren Basaurin historikoki oso ondo funtzionatu duten beste estilo batzuk gehitzen. "Aurten, adibidez, La M.O.D.A. dator, printzipioz estilo ez hain alternatiboetara gerturatzen diren artistek osatutako taldea. Azken bi urteetan musika beltza ere gehitu dugu; aurten, The James Hunter Sixekin. Rock klasikoagoa ere iaz agertu zen. Nahiz eta pauso horiek eman, soinu alternatiboagoak ere mantendu ditugu: WAS, Yellow Big Machine, Sonic Trash... Guztiak uztartuta emaitza aberatsagoa eta eskaintza oparoagoa lortzen dugula uste dugu".
Txikiak ere, protagonista
Helduen antzera, eta, haiekin batera, musikaz eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan dezaten, etxeko txikientzako espresuki prestatutako saioak izango dira bihar. Herriko kaleetan izango da kultura bizi horrez gozatzeko aukera. TxikiMAZeko ikuskizunak Gacela Thomson talde bilbotarrak eta Txiki Txiki Rock antzezlanak osatuko dituzte aurtengoan. Azken hori euskara hutsean egingo duten lana da. TxikiMAZ bera ere "finkatu egin da".
Kanpora begira Basauri "mapan jartzea" lortu dute. Fest sarietan bost izendapen jaso zituen iaz; eta Iberian Festival Awardseko bi mailatan finalista izan zen.
Barrura begira dute egiteko gehiago. Basauri "mapa kulturalean modu deigarrian jartzeko eta herriko ostalaritzari laguntzatxo bat emateko" sortu zuten. Hala ere, "elkarlan handiagoa" nahiko lukete herriko ostalarien eta jaialdiaren antolatzaileen artean, "emaitzak are hobeak izateko. MAZ Basaurik herriaren ondare izan behar du, eta horrela sentitu behar dute herritarrek eta agenteek. Hor badago zer hobetu: jaialdia herriaren beharren zerbitzura dago; ez alderantziz".
MAZ Basaurik inguruko gainerako zuzeneko musika eskaintzaren osagarri izan behar zuela argi izan dute hastapenetik. "Badira nahikoa jaialdi, eta ez genuen izan nahi zerrenda horretara batzen zen beste bat". Hala, jaialdi batek dituen gauzarik onenak dituzte —giroa, musika...—, jaialdiek dauzkaten gauza txarrak baztertuta. "Guk ez daukagu ilara amaigaberik eta sarrera edo edarien salneurri garestirik; eta gurera oso erraz eta eroso irits daiteke".
Hegazti migratzaileen bidaide
Ander Zarraga
Neguaren bukaerarekin batera antzarek urtero egiten duten iparralderako migrazioan, Nils Lagerlof txikia zeramaten beraiekin antzarek, Suedian zehar itzulia egitera. 1909an Nobel saria jaso zuen Selma Lagerlofen istorioa da. Bird Centerrekoei atentzioa eman zien. Bidaia polita iruditu zitzaien antzarekin egitekoa, eta eurek ere antzeko zerbait antolatzea erabaki zuten. Liburu horrek bultzatu zituen Bird Centerrekoak Birdflyway egitasmoa sortzera.
Hegaztien migrazio bidea esan nahi du Birdflyway hitzak, eta izen horixe hartu du Urdaibai Bird Centerrek sortu duen egitasmo berritzaileak, Gautegiz Arteagan. Migratzean Europako herrialdeetatik pasatzen diren hegaztien geralekuak erakargarri turistiko bateratu gisa bultzatzea da egitasmoaren asmoa. Txoriak aitzakia hartuta, natur turismoa bultzatzeko helburuarekin sortutako egitasmoa da Birdflyway.
Bisitariei emango zaien pasaportea izango da abiapuntua. Liburuxkan, bisitatzen dituzten tokien zigilua jarriko zaie parte hartzaileei. "Txoriekin lotuta dagoen erromesen bide bat egitea bezalakoa izango da, baina bizi osoan zehar egin daitekeena". Horrela azaltzen dute laster izango duten zeregin berria Urdaibai Bird Centerreko kideek.
Maiatzaren 8an, Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunarekin batera jarriko da martxan proiektua: ingurumen naturala eta hegaztien behaketa ezaugarri komun dituzten zentroak elkarlanean arituko dira turismoa elkarlanean bultzatzeko, eta horretan arituko da Urdaibai Bird Center ere.
Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Portugalgo, Herbehereetako, Ingalaterrako, Eskoziako, Galesko, Finlandiako eta Suediako hamasei zentro batu dira ekimen horretara. Oraingoz, herrialde guztietako zentroen erantzuna oso positiboa izan dela azaldu dute antolatzaileek, eta etorkizunean antzeko espazio gehiago batzea espero dute.
Txorien ibilbidea
Hasiera batean, antzarek Iberiar Penintsulatik Eskandinaviara egiten duten migrazioaz baliatzea pentsatu zuten sustatzaileek. Baina horrek Ingalaterrako eta Eskoziako zentroak loturarik gabe uzten zituela eta, arrano arrantzalearen ibilbidea ere gehitzea erabaki zuten. Ondorioz, antzararen eta arrano arrantzalearen migrazio bidaia dira Birdflyway-ren ikurrak; hori bilakatu da zentro guztien lotura.
Horren guztiaren xedea ingurumenari lotutako familia turismoa erakartzea da. Izan ere, 2015ean Arteagako behaketa zentroa bisitatu zuten 28.000 pertsonetatik %90 familiak izan ziren. Bestalde, hegaztien behaketa urteko sasoi guztietan egiten denez, udako eta Aste Santuko denboraldietatik kanpo ere erakarri nahi dituzte turistak egitasmo horren bitartez.
Erronkak
Erronka zehatzak izango dira horretarako amua: zentro bakoitzak argazkiak oinarri dituen erronka bat proposatuko die bisitariei, bertako zigilua lortu ahal izateko. Hala, bisitariek argazkiak atera behar izango dituzte proposatzen zaizkien tokietan, bertan izan direla frogatzeko. Hori egindakoan, zigilua eta opari txiki bat lortuko dute sari modura.
Busturialdearen kasuan, sei toki esanguratsu bisitatzeko proposatuko zaie parte hartzaileei; horietako lau bisitatu direla frogatu, eta orduan jarriko zaie zigilua liburuxkan. Santimamiñeko kobazuloak, Foruko herrixka erromatarra, Atxarreko San Pedro basetxea, Gernikako Arbola, Elantxobeko portua eta Urdaibai Bird Center dira bertan proposatzen diren tokiak. "Ibilbide historikoa antolatu dugu hemen", zehaztu dute interpretazio zentrokoek.
Bestalde, Urdaibai Bird Centerren Europan zehar partaide diren beste zentroak emango dira ezagutzera, eta alderantziz. Panel informatiboak jarriak dituzte zentro batzuetan, bisitariak egitasmo berria eta horren parte diren espazioak ezagutzen has daitezen.
Aurrerapen gisa, streaming bidez eta pantaila handietan beste zentroetan gertatzen dena zuzenean ikusi ahal izango dela aurreratu dute Bird Centerrekoek: "Neguan hemen egon diren txoriak udan Suedian habia jartzen ikusi ahal izango ditugu zuzenean".
Errentagarritasuna
Antolatzaileen lehen kalkuluen arabera, Andaluziako Doñana, Avilako El Oso, Palentziako La Nava eta Busturialdeko zentroen artean hiru milioi euroren diru sarrerak jasotzea espero dute, lehen urtean. "Egindako merkatu ikerketak oso emaitza onak eman ditu", azaldu dute Urdaibaikoek.
Busturialdean bakarrik turistek 225.000 euro utziko dituztela aurreikusi dute Bird Centerrekoek. Diru sarrera horiek ostalaritzaren eta eragile turistikoen artean banatuko direla aurreikusten dute. Eta, egitasmoak sor dezakeen erakartze efektua dela eta, gero eta atxikimendu gehiago biltzea espero dute Bird Centerreko kideek. Jada, Espainiako Gobernuaren laguntza jaso dute proiektua aurrera eramateko, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere espero dute.
Ez hori bakarrik; inguruko enpresen babesa izaten ari direla ere azaldu dute Bird Centerreko sustatzaileek, eta Itsasmendi Txakoli bodegarekin elkarlanean hasi direla, haien botiletan bertako hegaztien irudiak ager daitezen.
Martxoan egin zen Monfragueko Nazioarteko Ornitologia Azokan aurkeztu zuten Bridflyway, eta bertan turismoaren inguruko enpresa askok aintzakotzat hartu zuten, berritzaile eta original gisa. Familia eta talde bidaiak herrialde edo eskualde multzo batean sartzeko aukerak enpresen arreta erakarri zuela diote sustatzaileek, eta epe laburrean elkarlanean hasteko aukerak ere sortu zirela.
Adierazpen askatasuna, auzitan
Natalia Salazar Orbe
Algortatik Hanka taldeak antolatutako manifestazio batean parte hartu zuten hamasei lagunek isuna jaso dute. Legezkoa zen protesta batean ari ziren. Ekitaldia egin zuten bitartean Poliziak ez zuen inor identifikatu. Hala ere, handi...
Herritarrak ikasle eta irakasle
Natalia Salazar Orbe
Teknologia berriek egunerokoa asko erraztu badute ere, harremanak hoztu egin diren froga bat baino gehiago aurki daiteke nonahi. Bi lagun elkarren ondoan eserita, sakelako bana eskuan dutela eta elkarri aurpegira begiratu ere egin ...
Bihotzetik egindako jaialdia
Aitziber Laskibar Lizarribar
Kale antzerkia, txotxongiloa, clown-a, mikro-antzerkia. Euskarazkoak, gaztelerazkoak eta mutuak. Kalean, merkatuan, eskolan, plazan. Modu, baldintza eta formatu askotan eginak, baina ardatza argi dutenak: antzerkia. Gaur hasi eta igandera bitartean, antzerkiak hartuko ditu Barakaldoko Bagatza auzoko txokoak, lehen aldiz egingo den Bagatza Antzerki Jaialdian.
Programazio zabala prestatu dute jaialdiak iraungo duen hiru egunetarako. Euskal Herriko talde eta emankizun entzutetsuak izango dira Barakaldoko auzoan. Aurrekontu txikiarekin. "Bihotzetik" emandako laguntzari esker.
Izan ere, auzoko hainbat talderen eta elkarteren grina izan da jaialdia antolatu duena. Ideia Malas Compañias zirku taldean piztu zen, bertako Mikel Pikazak azaldu duenez. Euren auzoan antzerki jaialdi bat egiteko ideia sortu, aukera lantzen hasi, eta laguntzaile bila hasi ziren. "Bidelagun horietako gehienak elkarteak dira; gure auzoko taldeak". Malas Compañias zirkuko kideek Bagatzako Jai Batzordearengana jo zuten, jaialdia egiteko ideiarekin. "Gure auzoan kultur eragile nagusia da, dinamikoa, jende asko mugitzen duena eta indarra duena", arrazoitu du zergatia.
Aurten 50 urte bete dituen Ibarra-Kaldu dantza taldea ere bildu zuten taldean. "Auzoko kultur erreferente handia da". Sasiburu euskara taldea eta BAI antzerki eskola gehitu ziren proiektura. Bagatzan du eskola BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak. "Oso interesgarria iruditu zitzaigun eskolak auzoan parte hartzea". Proposatu, eta egin: jaialdirako emanaldia prestatu dute antzerki eskolako ikasleek, eta eskolan bertan plazaratuko dute, bihar gauean. Beste zerbait ere lortuko da horrekin, sustatzaileen esanetan: eskola auzora zabaltzea.
Bestelako ikastetxeak ere proiektuan inplikatzen saiatu dira jaialdiaren bultzatzaileak. Eta jaso dituzte fruituak: Ibaibeko ikastetxeak bat egin du proiektuarekin, eta guraso elkartea prestaketetan bidaide izatea lortu dute.
Auzoa berpizten
Auzoko merkatu zaharra ere bai. Gain behera doa aspaldian Santa Teresa merkatua. Beste garai batean mugimendu eta zalaparta handiko gune zena hilzorian dago. 45 bat postu dituen eremua da, baina, egun, ia-ia denak itxiak ditu. Zortzi bat besterik ez dira geratzen martxan.
Egoerari buelta emateko aukera ikusi zuten antzerki jaialdiaren bultzatzaileek, eta eremuari bestelako erabilera bat ematen saiatzea erabaki zuten. "Merkatuari balioa eman nahi genion espazio sozial moduan ere; erakutsi nahi genuen beste erabilera bat izan dezakeela gure merkatu zaharrak". Esan eta egin. Laguntzaile taldera sartu da Santa Teresa merkatua, eta kultur eremu bihurtuko da egun batez. Antzerki jaialdiko emanaldietako bat han izango da.
Hori guztia izango da jaialdiaren ezaugarri nagusietakoa: auzoko eragileen inplikazioa. Eta ez da kasualitatea. Pikazak azaldu du zergatia: "Gure auzoak ezaugarri berezi batzuk ditu. Jende asko bizi da bertan, baina ez dago azpiegitura kultural eta sozial publikorik; ez dago kultur etxerik, ez dago udalak jarritako gizarte etxerik... Gure auzoan dinamika eta programazio kultural eta sozialak auzoko eragileek egiten dituzte. Hamarkada luzeetan ez dugu izan udal programaziorik".
Horiek hala, jaialdia auzoari bizitza eman eta udala inplikatzeko modu gisa ikusi zuten sustatzaileek. "Iaz ezin izan genuen jaialdia egin, ez genuelako udalaren babesa lortu; baina, aurten, gobernu berriarekin, beste jarrera bat sumatu dugu; laguntzera animatu dira". Eta, hein batean, horrek ahalbidetu du jaialdia: "Gure medioekin soilik ezinezkoa genuen halako zerbait egitea".
Lehen oinarria izan nahia
Gustura dago, beraz, Pikaza. Aurten lortu dute, eta, oraingoz, oso harrera ona izan du, gainera, egitasmoak. Prestaketa lanetarako eragileen eskutik jasotako laguntzaz gain, kalean sumatzen dute ilusioa. Eskoletan ere bai. "Badirudi jendeak nahi duela kaleari eta gure auzoko beste hainbat txokori bizitza ematea". Sare sozialetan ere arrakasta izan du proposamenak. "Lehen bi egunetan, 400 atsegin dut jaso genituen". Hortaz, asteburua ere arrakastatsua espero du. "Zer gertatuko den jakin barik, orain arteko harrera ikusita, baikor izateko moduan gaude".
Aurrera begira, Bagatza Antzerki Jaialdia urteroko hitzordu bilakatzea nahiko lukete sustatzaileek. Baina badakite eginkizun zaila dela, eta, beraz, oraindik ezin dela halakorik iragarri. "Horrelako jaialdi batek jende askoren laguntza eta ekarpena behar ditu; baliabideak behar ditu", dio Pikazak. Eta, aurten, jaialdian parte hartuko duten konpainiek jarri dituzte baliabide gehienak. "Jaialdia jaiotzen lagundu dute, eta ekarpen handia egin dute, baina hori ezin da urtero egin".
Hain zuzen, antolatzaileak beraiek harrituta daude antzerki taldeen eskuzabaltasunarekin. "Nahiko genukeen programazioaren zerrenda egin genuen, eta b plan bat ere bai, zaila baitzen gure zerrenda betetzea. Baina deitu genituen talde guztiek eman ziguten baiezkoa".
Hortaz, eskaintza aberatsa eta orekatua josi dutela dio Pikazak. Euskararen presentzia ziurtatu dute. "Zirku pixka bat egongo da; antzerki puroagoa, eta moldagarriagoa dena ere bai". Txotxongiloak. Haurrentzako emanaldiak, ikusle guztientzat direnak eta espresuki helduentzako eginak.
Sendoa da, beraz, egitaraua, eta apustua denboran mantendu nahi luke Pikazak. Baina, horretarako, udalaren aldetik ere "konpromiso sendoagoa" behar litzatekeela ohartarazi du. "Aurtengoa bihotzetik egindako jaialdia izango da; bai antolakuntzak, bai elkarteek, bai konpainiek bihotzez egindakoa. Hemendik aurrera ere bihotza jarriko dugu, baina ekonomiak baldintzatuko du jaialdiaren etorkizuna".