Bihotzetik egindako jaialdia

Bihotzetik egindako jaialdia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kale antzerkia, txotxongiloa, clown-a, mikro-antzerkia. Euskarazkoak, gaztelerazkoak eta mutuak. Kalean, merkatuan, eskolan, plazan. Modu, baldintza eta formatu askotan eginak, baina ardatza argi dutenak: antzerkia. Gaur hasi eta igandera bitartean, antzerkiak hartuko ditu Barakaldoko Bagatza auzoko txokoak, lehen aldiz egingo den Bagatza Antzerki Jaialdian.

Programazio zabala prestatu dute jaialdiak iraungo duen hiru egunetarako. Euskal Herriko talde eta emankizun entzutetsuak izango dira Barakaldoko auzoan. Aurrekontu txikiarekin. “Bihotzetik” emandako laguntzari esker.

Izan ere, auzoko hainbat talderen eta elkarteren grina izan da jaialdia antolatu duena. Ideia Malas Compañias zirku taldean piztu zen, bertako Mikel Pikazak azaldu duenez. Euren auzoan antzerki jaialdi bat egiteko ideia sortu, aukera lantzen hasi, eta laguntzaile bila hasi ziren. “Bidelagun horietako gehienak elkarteak dira; gure auzoko taldeak”. Malas Compañias zirkuko kideek Bagatzako Jai Batzordearengana jo zuten, jaialdia egiteko ideiarekin. “Gure auzoan kultur eragile nagusia da, dinamikoa, jende asko mugitzen duena eta indarra duena”, arrazoitu du zergatia.

Aurten 50 urte bete dituen Ibarra-Kaldu dantza taldea ere bildu zuten taldean. “Auzoko kultur erreferente handia da”. Sasiburu euskara taldea eta BAI antzerki eskola gehitu ziren proiektura. Bagatzan du eskola BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak. “Oso interesgarria iruditu zitzaigun eskolak auzoan parte hartzea”. Proposatu, eta egin: jaialdirako emanaldia prestatu dute antzerki eskolako ikasleek, eta eskolan bertan plazaratuko dute, bihar gauean. Beste zerbait ere lortuko da horrekin, sustatzaileen esanetan: eskola auzora zabaltzea.

Bestelako ikastetxeak ere proiektuan inplikatzen saiatu dira jaialdiaren bultzatzaileak. Eta jaso dituzte fruituak: Ibaibeko ikastetxeak bat egin du proiektuarekin, eta guraso elkartea prestaketetan bidaide izatea lortu dute.

Auzoa berpizten

Auzoko merkatu zaharra ere bai. Gain behera doa aspaldian Santa Teresa merkatua. Beste garai batean mugimendu eta zalaparta handiko gune zena hilzorian dago. 45 bat postu dituen eremua da, baina, egun, ia-ia denak itxiak ditu. Zortzi bat besterik ez dira geratzen martxan.

Egoerari buelta emateko aukera ikusi zuten antzerki jaialdiaren bultzatzaileek, eta eremuari bestelako erabilera bat ematen saiatzea erabaki zuten. “Merkatuari balioa eman nahi genion espazio sozial moduan ere; erakutsi nahi genuen beste erabilera bat izan dezakeela gure merkatu zaharrak”. Esan eta egin. Laguntzaile taldera sartu da Santa Teresa merkatua, eta kultur eremu bihurtuko da egun batez. Antzerki jaialdiko emanaldietako bat han izango da.

Hori guztia izango da jaialdiaren ezaugarri nagusietakoa: auzoko eragileen inplikazioa. Eta ez da kasualitatea. Pikazak azaldu du zergatia: “Gure auzoak ezaugarri berezi batzuk ditu. Jende asko bizi da bertan, baina ez dago azpiegitura kultural eta sozial publikorik; ez dago kultur etxerik, ez dago udalak jarritako gizarte etxerik… Gure auzoan dinamika eta programazio kultural eta sozialak auzoko eragileek egiten dituzte. Hamarkada luzeetan ez dugu izan udal programaziorik”.

Horiek hala, jaialdia auzoari bizitza eman eta udala inplikatzeko modu gisa ikusi zuten sustatzaileek. “Iaz ezin izan genuen jaialdia egin, ez genuelako udalaren babesa lortu; baina, aurten, gobernu berriarekin, beste jarrera bat sumatu dugu; laguntzera animatu dira”. Eta, hein batean, horrek ahalbidetu du jaialdia: “Gure medioekin soilik ezinezkoa genuen halako zerbait egitea”.

Lehen oinarria izan nahia

Gustura dago, beraz, Pikaza. Aurten lortu dute, eta, oraingoz, oso harrera ona izan du, gainera, egitasmoak. Prestaketa lanetarako eragileen eskutik jasotako laguntzaz gain, kalean sumatzen dute ilusioa. Eskoletan ere bai. “Badirudi jendeak nahi duela kaleari eta gure auzoko beste hainbat txokori bizitza ematea”. Sare sozialetan ere arrakasta izan du proposamenak. “Lehen bi egunetan, 400 atsegin dut jaso genituen”. Hortaz, asteburua ere arrakastatsua espero du. “Zer gertatuko den jakin barik, orain arteko harrera ikusita, baikor izateko moduan gaude”.

Aurrera begira, Bagatza Antzerki Jaialdia urteroko hitzordu bilakatzea nahiko lukete sustatzaileek. Baina badakite eginkizun zaila dela, eta, beraz, oraindik ezin dela halakorik iragarri. “Horrelako jaialdi batek jende askoren laguntza eta ekarpena behar ditu; baliabideak behar ditu”, dio Pikazak. Eta, aurten, jaialdian parte hartuko duten konpainiek jarri dituzte baliabide gehienak. “Jaialdia jaiotzen lagundu dute, eta ekarpen handia egin dute, baina hori ezin da urtero egin”.

Hain zuzen, antolatzaileak beraiek harrituta daude antzerki taldeen eskuzabaltasunarekin. “Nahiko genukeen programazioaren zerrenda egin genuen, eta b plan bat ere bai, zaila baitzen gure zerrenda betetzea. Baina deitu genituen talde guztiek eman ziguten baiezkoa”.

Hortaz, eskaintza aberatsa eta orekatua josi dutela dio Pikazak. Euskararen presentzia ziurtatu dute. “Zirku pixka bat egongo da; antzerki puroagoa, eta moldagarriagoa dena ere bai”. Txotxongiloak. Haurrentzako emanaldiak, ikusle guztientzat direnak eta espresuki helduentzako eginak.

Sendoa da, beraz, egitaraua, eta apustua denboran mantendu nahi luke Pikazak. Baina, horretarako, udalaren aldetik ere “konpromiso sendoagoa” behar litzatekeela ohartarazi du. “Aurtengoa bihotzetik egindako jaialdia izango da; bai antolakuntzak, bai elkarteek, bai konpainiek bihotzez egindakoa. Hemendik aurrera ere bihotza jarriko dugu, baina ekonomiak baldintzatuko du jaialdiaren etorkizuna”.