Ikusten ez den Bilbo

Ikusten ez den Bilbo

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Itogina, inork zeharkatzen ez dituen tunel luze eta isilak eta inora eramaten ez duen atea. Anton Goiri bilbotarrak prestatutako argazki erakusketaren hiru ale dira horiek. Azalpenik eman gabe, nekez asma liteke argazkietako irudiak non hartu dituen. Eta hori da, argazkilariaren arabera, erakusketak duen indarguneetako bat. Tokian baino gehiago, irudiak sortzen duen sentipenean jarri du arreta kamera hartzean. “Bakoitzak bere interpretazioa egiten du”. Bilboko metroko barrunbeetan atera ditu argazkiak Goirik hamar argazkiko Concrete erakusketarako. Hamar alek osatzen dute saila, eta maiatzaren 28ra bitarte dago ikusgai, hiriburuko Michel Majuto galerian.

Betoi altzairudun eraikinak argazki guztietan agertzen dira. Eta hori erabili du erakusketari izena emateko; ingelesez betoi izendatzeko hitza, alegia: Concret. Konkretu hitzarekin egon daitekeen nahasmen horrekin ere jolastu nahi izan duela aitortu du argazkilariak, irriz. “Hain zuzen, erakusketa konkretutasunaren aurkakoa da, erabat”.

Sona handia dute Norman Foster arkitekto britainiarren eraikinek. Munduko hainbat txokotan utzi du bere sinadura, eta diseinatzen dituen eraikinek duten formagatik dira ezagunak. Bilbon, metroa egiteko lana hartu zuen arkitektoak. Hiriburua metroarekin batzen duten kanpoaldeko kristalezko sarbideak dira esanguratsuenak: fosterito gisa ezagutzen direnak, alegia. Baina oso bestelakoa da Fosterren eraikuntzak lur azpian duen diseinua eta estetika, eta arkitekto britainiarraren alderik ilunena ekarri du lehen planora Goirik. “Argazkiak ikuste hutsarekin ez da asmatzen non aterata dauden. Izan litezke babesleku batean ateratakoak, edo zigor gela batean. Ez duzu pentsatu ere egiten horren atzealdean Fosterren lana dagoenik”. Berezitasun hori du erakusketak. Ikusten ez den hori erakusten duelako, eta, ikusten dena ikusi ahal izateko, eraiki diren espazio horiek guztiak agertzen dituelako.

Espazio bereziak

Sortutako espazio horiei zentzua aurkitzen saiatu da Goiri. Eta Atea izena duen argazkian egin du geldialdia argazkilariak. “Paradoxikoa da inora eramaten ez zaituen ate batekin topo egitea; metro eta erdiko murrua zeharkatu, eta atearen bestaldean urpetuta dagoen gela txiki bat baino ez dagoela ikustea”. Eta Itogina izenekoa ere aipatu du norabide berean. “Altzairua du Bilboko metroak oinarrian, eta izugarria da horren indartsua den material batean urak hartzen duen lekua. Gogorra bezain hauskorra da”.

Toki gehienetan aurkitu du ura Goirik metroaren barrunbeetara egin duenean. “Lurpean dago metroa, eta, hainbat tokitan, erreka ondoan daude tunelak eginda. Neoprenoarekin ere sartu behar izan dut, galeria batzuk zeharkatzeko gerriraino iristen zelako ura”. Goizaldean egin ditu argazkiak, metroak geldi dauden orduetan. Eta lur azpiko iluntasunak eta isiltasunak bere kasa lan egiteko aukera eman diola dio argazkilariak. “Ez zen argirik iristen, eta nik neuk sortutako argiarekin jolasteko aukera izan dut argazki guztietan”. Argazkietan argiztapen berezia lortu du horrekin. “Argazkiak baino gehiago, margolanak dirudite batzuk”.

Madrilen bizi da gaur egun Goiri. Han aurkeztu zuen erakusketa lehenbizi, eta harrera ona izan zuela adierazi du. “Hainbat pieza saldu nituen Madrilen”. Baina argazkiak sorterrira ekarri eta bertan aurkezteak “ilusio berezia” egiten diola aitortu du. “Jaioterrira bueltatu eta bertako eraikuntza handienetako baten irudiak erakutsi ahal izatea oso berezia da niretzat”. Pieza bakoitzak 3.000 euroko prezioa du.