Albisteak

Zezen plazaren galerak hamar bider handitu dira, ikusle faltagatik

Zezen plazaren galerak hamar bider handitu dira, ikusle faltagatik

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko Vista Alegre zezen plaza gain behera doa. Nabarmen azken bi urteetan. 2013ra arte kontu ekonomikoak irabaziekin ixten bazituen ere, hurrengo urtetik aurrera galerak ekarri ditu urteko balantzeak. Abiadura handia hartu du beherakadak, gainera. Aspaldiko sasoi onetatik urrun, ia 75.000 euroren irabaziak izan zituen zezen plazak duela hiru urte. Hurrengo urtean, ia 15.000 euroren galerak; eta, iaz, 153.350 euro ingurukoak.

Joerak atzera bueltarik gabekoa dirudi, eta Vista Alegreko Administrazio Batzordeak alarma piztu du. Azken bi urteetako emaitza txarrak aurreko urteetan pilatutako diruarekin ordaindu diren arren, kutxan gordetakoa amaitzen ari da. Zerbait pentsatu beharra dago.

Erabilera berriak behar ditu plazak. Horretan ados daude guztiak: bai Vista Alegreko Administrazio Batzordeko kideak eta bai udal talde guztietako ordezkariak. Kontuan hartu behar da Vista Alegreren jabetza erdia Bilboko Udalarena dela, eta beste erdia Miserikordiarena. Aldi berean, udalak du Miserikordiaren jabegoaren %50.

Zezenketak bai ala ez

Denak datoz bat zezen plazak zezenketak ez diren jarduerak hartu behar dituela. Baina udal talde batzuek uste dute zezenketak bertan behera uzteko baliatu behar dela momentua, eta beste batzuk ez daude zezenketak kentzeko prest; ez dute gai hori eztabaidaren mahaira eraman ere egin nahi. Jarrera kontrajarriak agerian geratu dira Ricardo Barkala Espazio Publikoaren Erabilerarako zinegotziak udaletxean alderdietako ordezkariei azalpenak emateko egindako batzordean. Vista Alegreko administratzailea ere bada Barkala, eta erakundearen azken bilerari buruzko informazioa emateko egin du agerraldia. Zezen plazaren kudeatzaileak bestelako ekitaldiak egiteko aukera aztertzen ari direla jakinarazi du Barkalak. Hainbat enpresarirekin harremanetan daudela eta plazara zezenketak ez diren beste ekitaldi batzuk eramaten saiatzen ari direla.

Ez dela erraza aitortu du, hala ere. Azpiegituraren beraren egiturak mugak dituela zenbait jarduera erakartzeko. Luis Egiluz PPren ordezkariak gaineratu du beste arrazoi bat: Bilbon eta inguruan badira zezenketak ez diren ekitaldietarako egokiagoak diren lekuak. Euskalduna jauregia, Bilbo Arena, Casilla eta BEC aipatu ditu. Hala ere, Vista Alegren kontzertu, zirku eta azokaren bat egin izan dela gogoratu, eta horietan sakondu behar dela azaldu du; hori dela zezen plazak urtea galerarik gabe amaitzeko modu bakarra. EAJk eta PSEk bezala, erabilera handitu nahi du PPk, baina, betiere, zezenketei eutsita.

EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok, berriz, zezenketak kentzearen aldeko apustua egin dute. "Bada garaia aitortzeko zezen plaza ez dela errentagarria", adierazi du Lander Etxebarria EH Bilduren ordezkariak azpiegituraren norabidea aldatu beharra azalarazteko: "Errentagarria balitz ere, horren aldeko apustua egingo genuke? Animalien tratu txarra oinarri duen jardueraren aldeko apustua egiten jarraituko da?".

Goazen Bilbaoko Samir Ladhou zentzu berean mintzatu da. "Zezenen sarraski" gisa izendatu ditu zezenketak, eta animalien sufrimendua amaitzeko garaia dela adierazi du. Zezen plaza bestelako jarduera batzuetara soilik bideratzeko eskatu du.

Baita Udalberriko Carmen Muñozek ere, beste zertzelada bat gehituta: "Zentzuzkoena litzateke diru galera amaitzea diru publikoarekin laguntzen diren zezenketak ezabatuta". Hain zuzen, zezenketak ofizialki diru publikoarekin laguntzen ez diren arren, praktikan hala egiten dela ohartarazi du. Gogoratu du udalak 20.000 euro bideratzen dituela zezenketetarako abonamenduak erostera, eta hori "ezkutuko diru laguntza" dela iruditzen zaio.

Hala ere, Barkalak argi utzi du: "Administrazio batzordearen bide orrian ez da aurreikusten zezenketak kentzea". Gaur egun bestelako jarduera batzuk ere Vista Alegrera eramaten saiatzen ari direla errepikatu du, eta bi hilabete barru dauden proposamen eta aukeren berri emateko konpromisoa hartu du.

Bestalde, administrazio batzordeak zezen plazaren eragin ekonomikoa aztertzeko ikerketa bat eskatuko duela ere jakinarazi du zinegotzi jeltzaleak. Alde horretatik, Aste Nagusian egiten diren zezenketek ekonomiari on egiten diotela nabarmendu dute zezenketen aldekoek.

Denetarik, nonahi

Denetarik, nonahi

Natalia Salazar Orbe

Kultur jarduerek eta ikuskizunek beteko dituzte datozen asteetan Bilboko auzo eta txoko guztiak. 180 ikuskizun eta jarduera baino gehiago jasota iritsi da Kultura Kalez Kale kanpaina. Maiatzean eta ekainean aukera zabala eskainiko diete denetariko gustuak dituzten ikus-entzuleei. Zirkua, clown erakusketa, magia, antzerkia, ipuin kontalariak, zinema aire zabalean, hitzaldiak, kontzertuak zein kaleko bandek eskainiko duten musika animazioa eta bestelakoak ez dira faltako, orain artean bezala, udara bitarteko egunetan ere.

Hirian erreferentzia bilakatu diren programek osatzen dute eskaintza zabal horren atal handi bat. XII. Magia Topaketak dira horietako bat. Hogei mago inguru eramango dituzte programa horren barruan Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetara. Bertan zein nazioartean gero eta indar eta oihartzun handiagoa hartzen ari diren profesionalak batuko dituzte maiatzean. Adin guztietako ikus-entzuleek saio ugariz gozatzeko aukera izango dute. Hilaren 18an, esaterako, David Blancok eta Asier Kidamek Mr White esan Alakazam ikuskizuna taularatuko dute. Euskara eta ingelesa uztartzen dituen saioa da.

Folkloreak presentzia handia hartuko du. Hirian tradizio handienetakoa duen Dantza Plazetan egitasmoaren barruan, plaza eta bide publikoetan erromeria herrikoiak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiko dituzte hainbat taldek.

Fanfarre klasikoenaren soinuak eta animazioak zein bestelako estilotakoek girotuko dituzte inguruak. Guretzat Fanfarria, Sugarri eta Ardoa Barrura dira lehenengo taldeko adibide batzuk. Eta Orkestra Elektrotxarangak, Kuklux Band Fanfarriak zein Molto Vivacek emango diete dantzaldiei kutsu berritzaileagoa.

Hirugarren urtez jarraian euskal musikarien zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera emango die ikus-entzuleei Euskarazko Musika Lehena Barrutian programak. Ziklo horretako emanaldiak Deustuko hainbat agertokitara eramango dituzte. Ekainean izango dira horiek. Besteak beste, Aire Ahizpak zein Txuma Murugarren zuzenean ikusteko aukera izango da.

Zinemak protagonismo berezia du proposamen guztien artean. Zorrotzako Udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua zabalduko du. Programa horretako saioetan bi film jaialditan ikusitako lan onenen aukeraketa bat eskainiko dute. Hain zuzen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (Zinebi) eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoko (FANT) lanak eskainiko dituzte.

Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak ohikoa bilakatu den aire zabaleko zinema saioa hartuko du ekainaren bukaera aldera, FAS zineklubarekin lankidetzan. Aurten prestatu duten ekitaldian Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin eskainiko dute. Aurkezpen ekitaldi horretan taldeko kideren bat izango dela iragarri dute.

BLV-ART, ekainera

Berrikuntza gisa, orain arte urrian egiten zen BLV-ART egitaraua ekainera aurreratu dute. Ibaiondoko barrutiak hartuko du. Abangoardiako arte jarduerak eramango dituzte Bilbo Zaharreko inguru guztietara.

Adin guztietako ikus-entzuleentzako kale antzerkia eta zirkua ez dira faltako hirian. Barre konpainia, Domi Circo, Panta Rhei zein Rojo Telon euskal konpainiek familiako kide guztiek ondo pasatzeko egin ohi duten lanari eutsiko diote Kalez Kale programaren barruan ere.

Kalearen erabilera dute bereizgarri saio guztiek. Doan izango dira, gainera. Kultur proposamenak auzoetara eramatea du xede kanpainak. Kaleak animatu ere egin gura dituzte, eta biztanleen partaidetza eta haiekin izan beharreko harremanak sustatu. Dagoeneko, oihala altxatu dute Bilbon.

Bidesarien zama bikoitza

Bidesarien zama bikoitza

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ezohiko abiadura kontrolak jarri zituzten joan den larunbatean A-8 autobidean. Legez, debekatuta dago errepide azkarretan 60 kilometro orduko abiaduran baino motelago joatea, eta, hain zuzen, hori saihesteko neurriak jarri zituen ...

Abisuaren hotsa berriz piztuta

Abisuaren hotsa berriz piztuta

Oihana Cabello

Orain hamar urte, Astra Unceta y Cia enpresako teilatuan zegoen sirena jaitsi zuten Gernika-Lumoko lau gaztek. Orain jakin dute dagoeneko eraitsita dagoen fabrika hartatik atera zuten sirena izan zela 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioaren aire erasoaren abisua eman zuena. Sabadelleko Historia Museoaren lankidetzari esker egiaztatu dute Sabadelleko La Electricidad enpresak fabrikatutakoa dela, 1936eko abendua baino lehen.

Astra arma lantegia okupatu zuten herriko gazteek 2005eko abenduan, eta, handik hilabete batzuetara, teilatuan zegoen sirena hura berreskuratu behar zutela erabaki zuten Aritz Jauregik, Antxon Gorriñok, Axular Aranak eta Urko Fernandezek. Pentsatu eta egin. "Astra okupatu genuenok argi genuen enpresan zeuden balio historikodun gauzak gorde egin behar zirela", diote. Astrako teilatuan zegoen sirena bonbardaketa sasoikoa izan zitekeela jakin zuten, Gernikazarra Historia Taldeari esker. Gogoan dute bat-bateko gauza izan zela: "Garagardo batzuk hartzen ari ginela komentatu genuen sirena hori berreskuratu beharko genukeela, eta, momentuan, gehiago pentsatu gabe, enpresa zaharrera sartzea erabaki genuen".

Ez zen lan erraza izan. Lauretako batek zaintzailea zaintzen zuen bitartean, beste hirurek teilatura heltzea lortu zuten. "Ordubete eman genuen enpresa barruan bueltaka, teilatura nondik igo ez genekielako. Azkenean, teilatura joateko tranpala aurkitu genuen, eta handik igo ginen". Sirena askatzeak lan handia eman zien, eta teilatutik jaisteak are handiagoa, pisutsua delako; 40 kilo inguru izango ditu.

Sirena konpondu

Astratik atera zutenean sirena egoera oso txarrean zegoela gogoan dute. "Herdoilduta zegoen, eta ezinezkoa zen egoera horretan martxan jartzea". Hala, lagun batekin harremanetan jarri, eta berak hartu zuen konpontzearen ardura.

Javier Fernandezek Muxikako Inama enpresan lan egiten zuen sasoi hartan, eta sirena hara eramatea erabaki zuen. Bere nagusia zen Jon Mikel Gainzarekin hitz egin, eta, haren eta Manu Zendagortaren laguntzarekin, sirena konpontzeko lanetan hasi ziren. Eginbehar horretan, Gernikako Caldereria Calguer enpresaren laguntza ere izan zuten. Azkenean, sirena leheneratzea eta berriro martxan jartzea lortu zuten. "Gogoan dut probatu genuen momentua: langileei abisatu gabe jarri genuen martxan, eta produkzioa eten egin zuten, alarmaren batek jo zuelakoan", dio Fernandezek.

Sirena konponduta, hurrengo urtean —2007an— Astrako teilatuan jarri zuten, eta bonbardaketaren urteurren horretan gerra garaiko sirena hori entzun zen berriro Gernika-Lumon.

Duela 18 bat urte hasi zen Gernika Batzordea bonbardaketa egunean sirena jartzen; Maier lantegiko sirena zaharra, hain zuzen. 2007tik aurrera, ordea, bi dira Gernika-Lumon entzuten diren sirenak.

Lobak egitasmoko kideei esker, gainera, Astrako sirena zaharrak berezko itxura berreskuratu du. Sabadelleko Historia Museoko ikerlariek aurkitutako plano eta argazki zaharren artean dago Gernikako sirenarena. Fernandezek azaldu duenez, argazki horregatik jakin ahal izan dute sirena nolakoa zen, eta Bengozarra enpresak egin du falta zitzaion kono itxurako kapela.

Sabadellen beste bat

Dena den, Gernikako sirena gerra garaikoa dela ez da istorio honek eman duen ezusteko bakarra. Izan ere, ikerketen ondorioz jakin dute Sabadelleko udaletxeko teilatuan dagoen sirena ere garai hartakoa dela. Sabadelleko Historia Museoko teknikari Gines Ribek esan bezala, egun esanguratsuetan, alderdi politikoen bilkuretan eta beste zenbait ekitalditan jotzen duen sirena da, "betidanik hirian entzun izan dena". Ribek bazekien udaletxean sirena bat dagoela, eta teilatura igotzea erabaki zuen, nolakoa zen ikusteko. Gero, hari buruz ikertzen hasi ziren. "Gernikako sirenari buruz ari ginela, artxiboko kide bati bururatu zitzaion Sabadelleko udaletxeko dokumentuen artean arakatzea, ea inoiz sirenarik erosi den lekukotasunik zegoen".

36ko gerrako espediente bat aurkitu zuen, eta ikertu ondoren baieztatu dute Sabadelleko udaletxean dagoen sirena hori 1937an erosi zutela eta Sabadelleko herritarrei bonbardaketa arriskuen abisua eman ziela hainbatetan; baita 1939. urtean Sabadell hiriaren irteera bonbardatu zutenean ere.

Urtero sirena piztu

Sirena horiek berreskuratzearen prozesuaren berri bisita gidatu batean eman zuten Astran, apirilaren 30ean. Astrako babeslekuan hasita, bonbardaketa egunean bunker horrek eta Talleres de Guernica enpresan zegoen beste babesleku batek inguruko fabriketako langileei babesa eman ziela kontatu zuen Gernikazarra Historia Taldeko Jose Angel Etxaniz Txato-k.

Astra eraikinean amaitu zuten bisita. Han azaldu zuen Lobak egitasmoko kide Oier Plazak beraien asmoa dela urteurren bakoitzean gerrarekin sinbologiaren batekin lotura dutenek piztea Astrako sirena zaharra. Hala, 1937ko bonbardaketaren egunean sirena jo zuen Antonio Foruriaren seme Jose Luis Foruriak piztu zuen sirena iaz. Hain zuzen, haren alaba Idoia Foruriak Gernikazarrako kide Txato Etxanizengana jo zuen iaz, bonbardaketan sirena piztu zuena bere aitona izan zela esanez. "Antonio Foruriari buruz ez dakigu askorik", dio Plazak. "Astrako atezaina zen, eta enpresa ondoan zegoen etxe batean bizi zen. Bonbardaketaren ostean, Santurtzira alde egin zuen, eta, handik egun batzuetara Gernikara bueltatu zenean, lanetik kanporatu egin zuten, lanpostua uzteagatik. Bere etxea ere beste pertsona batzuek okupatu zuten, eta ezin izan zuen berreskuratu. Ondoren, Talleres de Guernican hasi zen lanean".

Aurten, Siriatik heldutako bi lagunek piztu dute sirena bonbardaketaren urteurrenaren egunean. Gainera, lehenengo aldiz, Astran dagoen babesleku barrutik bertatik piztu dute. Yahia Koddo eta Ruba Hassan dira bi siriar horiek, eta beraientzat esperientzia oso berezia izan dela adierazi dute: "Batez ere, siriarrengan izan dugu pentsamendua. Han ez dago abisua ematen duen sirenarik, jendeak babesa bila dezan".

Bonbardaketa bizi izan zuten gernikarrak ere izan zituzten gogoan sirena piztean. "Zein zaila izan behar duen gaur egun oraindik une hori berriro gogoratzeak", zioten. "Sirian edo hemen, bonbardaketen uneak presente ditugu oraindik. Azken finean, gizakia delako sufritzen duena, han eta hemen".

Merkataritza guneei buruzko herri galdeketa eskatu dute Abadiñon

Merkataritza guneei buruzko herri galdeketa eskatu dute Abadiñon

Natalia Salazar Orbe

Abadiñoko Udalak Murueta auzoko lursail batzuei kalifikazioa aldatzeko harturiko erabakiak uste baino zalaparta handiagoa sortu du herrian. +Kaleartean plataforman batu diren merkatariek eta sindikatuek herri galdeketa eskatu dute. Lursail horiek lur komertzial moduan kalifikatzeak Durangaldearentzat "ondorio larriak" izango dituela uste dute. Hala, sinadurak biltzen hasi dira, herritarrek erabakitzea ahalbidetuko duen galdeketa eskatzeko.

Herri egitasmo hori udalaren osoko bilkuran aurkeztu ahal izateko, Abadiñon bozka dezaketen biztanleen %10en babesa behar dute. "550 sinadura inguru lortu behar ditugu". Hala zehaztu du Ander Cimas Matienako merkatariak. Eta gehienak bihar lortu nahi dituzte, herrian festak ospatzen dituztela baliatuta. Maiatzaren azken aldera izango den osoko bilkura baino lehen denak bilduak izan behar dituzte.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko prozesuaren barruan, ezer eraiki ezin den lurrak merkataritza lurzoru bihurtu gura ditu udalak. Prozesu hori guztia azkartu egin du, gainera. Mercadona eta Lidl han ezartzeko nahia dago presaz hartutako erabakiaren atzean.

Emaitzaz harago

Herritarrek Abadiñon Mercadona bat gura duten ala ez erabakitzea baino askoz gehiago da jokoan dagoena, Goretti Galan herriko merkatariaren aburuz. "Erabaki hau oso garrantzitsua da herriarentzat. Beraz, zergatik ez galdetu herritarrei?. Ondorioak ez dituzte pairatuko merkatariek soilik. Ezta Abadiñok bakarrik ere. Zaldibar eta Berriz ere herri txikiak dira. Eta horietan ere eragina izango du. Gure inguruan horrenbeste makrosupermerkatu baldin badaude, jendea ez da joango herrietako dendetara".

Murueta auzoko lursailen kalifikazioa aldatzeak ondorio bikoitza izango lukeela dio plataformak. Batetik, aurrekari bat sortuko lukeela, "nahieran aukeratutako tokietan enpresa handien ezarpena errazteko orduan". Izan ere, "udalak irizpide objektiborik erabili gabe eman eta kalifikatzen ditu lurrak", Galanen hitzetan. Bestalde, iruditzen zaio luzera begira maila ekonomikoa murriztu egingo dela nahiz eta luze gabe diru sarrerak lortu. "Ondorioz, biztanleen erosahalmena ere murriztuko da".

Arauak bi enpresa handiren mesedetan aldatzeak Durangaldeko biztanleen bizitza baldintzatuko duela sinetsita daude plataformako kideak. Hori dela eta, beharrezkotzat jo dute erabaki horrek herriaren baimena izatea "etikoki eta politikoki".

Bizitza eredua kolokan

Cimasek eta Galanek argi azaldu dute merkatarientzako arazo bat izateaz gain Abadiñokoaren moduko erabakiek bizitza eredua jar dezaketela kolokan. Lehenengoaren esanetan, "komertzioa herriaren kanpoaldean jarriz gero, herritarrak etxetik autora joango dira, handik merkataritza guneetara, eta, horietatik, lanera. Era horretan, herriak, pixkanaka, hiltzen joango dira. Barakaldon eta Basaurin ikusi dugu hori".

Segurtasuna ere izan du hizpide: "Zenbat eta jende gutxiago ibili herrian, orduan eta segurtasun gutxiago egongo da; argi gutxiago ere izango da kaleetan. Faktore askotan du eragina saltoki handien aldeko apustuak".

Bestalde, Galanek kritikatu egin du horren azkar gauzatu izana Lidl eta Mercadonaren saltokiak jartzeko lurren kalifikazioa aldatzeko prozesua. "Egun batetik bestera egin dute hori, baina beste gauza batzuetarako oztopoak jartzen dituzte".

Denetariko herritarrek osatzen dute +Kaleartean plataforma: Abadiñoko merkatariek; Dendak Bai, Euskaldendak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteko kideek, eta EHNE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. Alderdiez harago doan egitasmoa dela argi utzi dute hala deitzaileek.

Euskalkien lexiko aberastasuna ikusgai ipini dute Zabalgunean

Euskalkien lexiko aberastasuna ikusgai ipini dute Zabalgunean

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaian, ardia ez da bakarrik esnea eta artilea ematen duen azienda; Euskal Herriko beste eskualde batzuetan kukuso edo arkakuso deitzen duten intsektua ere bada. Hemengo arin beste leku batzuetan agudo, azkar, fite, zalu, zalui edo zalhe esaten da. Euskarak euskalkiz euskalki eta hizkeraz hizkera duen aberastasunaren adibide bi baino ez dira. Horiek eta gehiago Euskara ibiltaria erakusketan ikusi daitezke, berba bakoitza mapan dagokion lekuan kokatuta. Bilboko Zabalgunea eraikinean atondu dute, eta maiatzaren 27ra bitartean egongo da ikusgai, astegunetan, 08:00etatik 20:00etara.

Euskaltzaindiak 1983an sortu zuen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa dago erakusketaren oinarrian. Orotara, hamabi liburukik osatuko dute. Asteon aurkeztu da zazpigarrena, erakusketa inauguratzeko ekitaldian. Adolfo Arejita Akademiako Iker Saileko buru eta atlasaren arduradunak azaldu duenez, etxeari, laborantza tresnei eta urari buruzko lexikoari eman diote garrantzia. "Nekazaritza mundutik aparteko jendearentzat arrotzak dira, baina landa ingurukoentzat ere hainbat kontzeptu ezezagunak dira, dagoeneko desagertu direlako".

Orain arteko liburukietan bildutako adibideak aukeratu, eta paneletan atondu dituzte erakusketarako. Horrez gainera, atlasa sortzeko lanetan erabili duten materiala ere badago ikusgai. Besteak beste, herriz herri bete zituzten inkestak. Euskaltzaindiak berak, erakunde publikoek eta hainbat komunikabidek sustatu dute —tartean dago BERRIA—. Lexikoan, morfologian eta sintaxian hizkuntzak dituen aldaketak erakustea da helburua.

"Ondarea da jaso duguna, eta hurrengoengan proiektatu nahi duguna. Normalean, ondarea une jakin baten argazki estatikoa izaten da. Baina gure kasuan etorkizuna ere eduki dezala nahi dugu", adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haren ustetan, euskarak "hizkuntza bizia izaten jarraitzeko, ezinbestekoa izango du herri hizkerek gordetzen duten altxor hori berreskuratu eta erabiltzea".

Iritzi berekoa da Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria: "Atlasa etorkizuneko euskararen oinarrietako bat izango da". Horregatik, garrantzitsua iruditu zaio bildutakoa gizarteari itzultzea. Eta, haren ustetan, atlasa ezagunago egiten lagunduko du erakusketak. "Denentzat dauka interesa: euskaldun arruntak etorriko dira, euskara ikasten ari direnak, ikastetxeetako ume eta gazteak, eta baita turistak ere", iragarri du euskaltzainburuak.

Urrutiak eta Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu dute herri hizkerak ezinbestekoak direla euskara batuarentzat. Eta alderantziz. "Euskara estandarizatuaren sustraiak, arima eta odola euskalkietan eta herri hizkeretan daude".

Sudur gorriak baino gehiago

Sudur gorriak baino gehiago

Natalia Salazar Orbe
Estreinaldiz josita iritsi da Arrigorriagara aurten Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Euskal Herrian lehenengoz eskainiko dituzten zortzi ikuskizun taularatuko dituzte; tartean, Japoniatik eta Kanadatik iritsitako Merikoren...

San Frantzisko zenaren oinak

San Frantzisko zenaren oinak

Aitziber Laskibar Lizarribar
Lur azpian egon dira urte luzeetan. Ilunpetan, ezkutuan. 2007. urtean aurkitu zituzten lehen arrastoak, aparkaleku bat egiteko lanak hasi zituztenean. Arrastoen garrantziaz ohartu, eta geldiarazi egin zituzten lanak; bertan...