Denetarik, nonahi

Denetarik, nonahi

Natalia Salazar Orbe

Kultur jarduerek eta ikuskizunek beteko dituzte datozen asteetan Bilboko auzo eta txoko guztiak. 180 ikuskizun eta jarduera baino gehiago jasota iritsi da Kultura Kalez Kale kanpaina. Maiatzean eta ekainean aukera zabala eskainiko diete denetariko gustuak dituzten ikus-entzuleei. Zirkua, clown erakusketa, magia, antzerkia, ipuin kontalariak, zinema aire zabalean, hitzaldiak, kontzertuak zein kaleko bandek eskainiko duten musika animazioa eta bestelakoak ez dira faltako, orain artean bezala, udara bitarteko egunetan ere.

Hirian erreferentzia bilakatu diren programek osatzen dute eskaintza zabal horren atal handi bat. XII. Magia Topaketak dira horietako bat. Hogei mago inguru eramango dituzte programa horren barruan Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetara. Bertan zein nazioartean gero eta indar eta oihartzun handiagoa hartzen ari diren profesionalak batuko dituzte maiatzean. Adin guztietako ikus-entzuleek saio ugariz gozatzeko aukera izango dute. Hilaren 18an, esaterako, David Blancok eta Asier Kidamek Mr White esan Alakazam ikuskizuna taularatuko dute. Euskara eta ingelesa uztartzen dituen saioa da.

Folkloreak presentzia handia hartuko du. Hirian tradizio handienetakoa duen Dantza Plazetan egitasmoaren barruan, plaza eta bide publikoetan erromeria herrikoiak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiko dituzte hainbat taldek.

Fanfarre klasikoenaren soinuak eta animazioak zein bestelako estilotakoek girotuko dituzte inguruak. Guretzat Fanfarria, Sugarri eta Ardoa Barrura dira lehenengo taldeko adibide batzuk. Eta Orkestra Elektrotxarangak, Kuklux Band Fanfarriak zein Molto Vivacek emango diete dantzaldiei kutsu berritzaileagoa.

Hirugarren urtez jarraian euskal musikarien zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera emango die ikus-entzuleei Euskarazko Musika Lehena Barrutian programak. Ziklo horretako emanaldiak Deustuko hainbat agertokitara eramango dituzte. Ekainean izango dira horiek. Besteak beste, Aire Ahizpak zein Txuma Murugarren zuzenean ikusteko aukera izango da.

Zinemak protagonismo berezia du proposamen guztien artean. Zorrotzako Udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua zabalduko du. Programa horretako saioetan bi film jaialditan ikusitako lan onenen aukeraketa bat eskainiko dute. Hain zuzen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (Zinebi) eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoko (FANT) lanak eskainiko dituzte.

Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak ohikoa bilakatu den aire zabaleko zinema saioa hartuko du ekainaren bukaera aldera, FAS zineklubarekin lankidetzan. Aurten prestatu duten ekitaldian Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin eskainiko dute. Aurkezpen ekitaldi horretan taldeko kideren bat izango dela iragarri dute.

BLV-ART, ekainera

Berrikuntza gisa, orain arte urrian egiten zen BLV-ART egitaraua ekainera aurreratu dute. Ibaiondoko barrutiak hartuko du. Abangoardiako arte jarduerak eramango dituzte Bilbo Zaharreko inguru guztietara.

Adin guztietako ikus-entzuleentzako kale antzerkia eta zirkua ez dira faltako hirian. Barre konpainia, Domi Circo, Panta Rhei zein Rojo Telon euskal konpainiek familiako kide guztiek ondo pasatzeko egin ohi duten lanari eutsiko diote Kalez Kale programaren barruan ere.

Kalearen erabilera dute bereizgarri saio guztiek. Doan izango dira, gainera. Kultur proposamenak auzoetara eramatea du xede kanpainak. Kaleak animatu ere egin gura dituzte, eta biztanleen partaidetza eta haiekin izan beharreko harremanak sustatu. Dagoeneko, oihala altxatu dute Bilbon.