Ollerietako liskarren aurkako neurriak eskatu dituzte auzokoek

Ollerietako liskarren aurkako neurriak eskatu dituzte auzokoek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko Ollerietako auzokideei pazientzia amaitu zaie. Urteak daramatzate Los Pitxis ezizenarekin ezaguna den familia batekin liskarretan, eta salatu dute udalak ez diela jaramonik egiten. Sarri jo dute instituzioetara laguntza eske, azken hamar urteetan. Eta behin baino gehiagotan entzun dituzte udal ordezkarien hitz onak, arazoa konponbidean jarriko dutela dioten adierazpenak. Baina auzoko egoera okerrera egiten ari dela diote “beldurra” argudiatuta izen-abizenik eman nahi ez duten auzokideek. Familia horren lapurreta eta eraso etengabeak jasaten dituztela kontatu dute, eta “ikaraz” bizi direla. Elkarren ondoan bizi diren arren ezin direla elkarrekin bizi.

Azkenaldian gogortu egin da egoera, eta auzokideak antolatu egin dira. Txandaka, gau osoak ere egin dituzte euren etxe inguruan zaintza lanetan. Liskarren iturri den familia auzotik kanporatu dezatela eskatzeko, sinadurak biltzen ari dira. 2.500 baino gehiago jaso dituzte Internet bidez, eta 500 baino gehiago aurrez aurre. Dirua biltzen ere ari dira. “3.500 euro behar ditugu Pitxien aurkako auzi eskea aurkezteko”. Abokatu bat hartzea da helburua.

Liskarrak areagotu direnez eta horiek hedabideetan oihartzuna izaten ari direnez, gaiari buruzko agerraldia egiteko beharra ikusi zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak joan zen astean. Udaletxean bertan egindako prentsaurrekoan, Ollerietako egoera “hobetu” arte ez duela etsiko agindu zuen. Gogor lan egingo duela. Are: azaldu zuenez, udala “urtetan” ari da lan horretan. Udaleko bost sail arazoari irtenbidea eman nahian ari direla esan zuen, eta horiek aldundiarekin, fiskaltzarekin, Ertzaintzarekin eta Jaurlaritzarekin ari direla elkarlanean.

Hitz horiek “hutsalak” iruditu zaizkie erasoak salatu dituztenei. Antzeko adierazpenak gehiegitan entzun dituztela ohartarazi dute: “Dagoeneko ez dugu sinesten”. Agerraldia udaletxeko erosotasunetik egin izanak, gainera, areagotu egin die mesfidantza: “Ollerietatik egin behar luke osteratxoa, eta auzokideok jakin dezagula alkatea gurekin dagoela. Baina jendea nekatuta dago alkatearen gezurrekin”.

Egoera ikusirik, auzokoek beraiek erabaki dute udaletxera joatea. Oraingoan, ez hitz egitera soilik, baizik eta protesta publikoa egitera. Aurki udaletxe aurrean manifestazioa egingo dutela iragarri dute. “Ea horrela entzuten gaituzten”.

Plan oso baten beharra

Atxurigorri elkarteak ere bere iritzia emateko beharra sentitu du azken asteetan. Kezkatuta dago Ollerietan gertatzen ari denarekin, baina baita horren inguruan ematen ari diren zenbait erantzunekin ere: “Mezu xenofobo eta alderdikoien erabilera salatu dugu. Jendearen asperraldia ulertzen dugun arren, ez gaude ados aurrez aurreko istiluekin, sinadura bilketekin eta hedabideetan zein sare sozialetan zabaldu diren argudio su-eragileekin”. Baina azken asteetan sortu diren auzotarren mugimenduekin bat datozela diote: “Gatazkari irtenbidea emateko beharrezko neurriak har ditzatela administrazioei exijitzearekin bat gatoz”. Izan ere, uste dute ez dela “behar den beste lan” egiten ari. Hargatik, auzoarentzat “plan oso bat” eskatu dute,”egungo egoera komunitatearen baitan eta denboraren perspektibarekin aintzat hartuko duena”. Goazen Bilbao eta PP alderdiek ere diagnosi eta neurri okerrak erabiltzea egotzi diote udalari, eta luzera begirako plangintza oso bat eskatu dute.