Euskalkien lexiko aberastasuna ikusgai ipini dute Zabalgunean

Euskalkien lexiko aberastasuna ikusgai ipini dute Zabalgunean

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaian, ardia ez da bakarrik esnea eta artilea ematen duen azienda; Euskal Herriko beste eskualde batzuetan kukuso edo arkakuso deitzen duten intsektua ere bada. Hemengo arin beste leku batzuetan agudo, azkar, fite, zalu, zalui edo zalhe esaten da. Euskarak euskalkiz euskalki eta hizkeraz hizkera duen aberastasunaren adibide bi baino ez dira. Horiek eta gehiago Euskara ibiltaria erakusketan ikusi daitezke, berba bakoitza mapan dagokion lekuan kokatuta. Bilboko Zabalgunea eraikinean atondu dute, eta maiatzaren 27ra bitartean egongo da ikusgai, astegunetan, 08:00etatik 20:00etara.

Euskaltzaindiak 1983an sortu zuen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa dago erakusketaren oinarrian. Orotara, hamabi liburukik osatuko dute. Asteon aurkeztu da zazpigarrena, erakusketa inauguratzeko ekitaldian. Adolfo Arejita Akademiako Iker Saileko buru eta atlasaren arduradunak azaldu duenez, etxeari, laborantza tresnei eta urari buruzko lexikoari eman diote garrantzia. “Nekazaritza mundutik aparteko jendearentzat arrotzak dira, baina landa ingurukoentzat ere hainbat kontzeptu ezezagunak dira, dagoeneko desagertu direlako”.

Orain arteko liburukietan bildutako adibideak aukeratu, eta paneletan atondu dituzte erakusketarako. Horrez gainera, atlasa sortzeko lanetan erabili duten materiala ere badago ikusgai. Besteak beste, herriz herri bete zituzten inkestak. Euskaltzaindiak berak, erakunde publikoek eta hainbat komunikabidek sustatu dute —tartean dago BERRIA—. Lexikoan, morfologian eta sintaxian hizkuntzak dituen aldaketak erakustea da helburua.

“Ondarea da jaso duguna, eta hurrengoengan proiektatu nahi duguna. Normalean, ondarea une jakin baten argazki estatikoa izaten da. Baina gure kasuan etorkizuna ere eduki dezala nahi dugu”, adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haren ustetan, euskarak “hizkuntza bizia izaten jarraitzeko, ezinbestekoa izango du herri hizkerek gordetzen duten altxor hori berreskuratu eta erabiltzea”.

Iritzi berekoa da Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria: “Atlasa etorkizuneko euskararen oinarrietako bat izango da”. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaio bildutakoa gizarteari itzultzea. Eta, haren ustetan, atlasa ezagunago egiten lagunduko du erakusketak. “Denentzat dauka interesa: euskaldun arruntak etorriko dira, euskara ikasten ari direnak, ikastetxeetako ume eta gazteak, eta baita turistak ere”, iragarri du euskaltzainburuak.

Urrutiak eta Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu dute herri hizkerak ezinbestekoak direla euskara batuarentzat. Eta alderantziz. “Euskara estandarizatuaren sustraiak, arima eta odola euskalkietan eta herri hizkeretan daude”.