Albisteak

Teknologiak ez du generorik

Teknologiak ez du generorik

Oihana Cabello

Susan Wojcicki , Steve Jobs, Bill Gates, Sheryl Sandberg, Mark Zuckerberg, Ginni Rometty... Izen ezagunak, baina batzuk besteak baino ezagunagoak. Zientzia eta teknologiaren munduan emakumeek gero eta leku gutxiago dute, eta, horrekin kezkatuta, proiektu berritzailea garatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar fundazioak: Inspira Steam. Zientzia eta teknologia ardatz hartuta, ingeniaritza, artea eta matematika ere landu dituzte. Innobasqueren eta Espainiako Gobernuaren menpekoa den Zientzia eta Teknologiarako Fundazioaren laguntza izan dute, eta egin dituzte lehenengo tailerrak.

Bilbo eta inguruetako ikastetxeetan, Basaurin, Iurretan, Loiun eta Gernikan egin dituzte lehen saioak. Gernika BHIn abenduan amaitu zuten tailerra, eta balorazio ona egin du tailer horren arduradun eta dinamizatzaile Zaloa Campillo gernikarrak. Ingeniaria da, telekomunikazio eta industria arloetako espezializatua. Gaur egun, Euskal Herriko telekomunikazio ingeniarien elkargoko kudeatzailea da.

Campilloren esanetan, ume eta gazteek zientzia eta teknologia nola ikusten eta ikasten duten aztertu nahi dute, eta, bide batez, ikasleak zientziara hurbildu. "Ingeniaritza eskolan, Deustuko Unibertsitatean, ikasle kopuruak behera egin du, eta neskak gero eta gutxiago dira. Gaur egun, ikasleen %20 edo %10 dira", zehaztu du Campillok.

Beraz, ikastetxeetan eman dituzten tailerrek helburu zehatz bat dutela azaldu du gernikarrak: "Gazteek, eta gazteen artean neskek, erreferente modura erabil dezaketen norbait izatea; eta haien ingurukoa balitz, hobeto". Hartara, zientzian edo teknologian ari den emakumezko baten erreferentzia izanda, haren pausoei jarrai diezaieketela dio Campillok. "Horregatik, tailer denetako dinamizatzaileak emakumezkoak gara".

Kontzientzia hartu

Gernika-Lumoko institutuko ikasleekin kasu errealak eta praktikoak landu dituzte tailerrak izan dituen zazpi saioetan. Campillok dioenez, "gauza onak eta txarrak azaldu dizkiegu parte hartu duten hogei ikasleei". Hala, emakume zientzialariek egunerokoa nola bizi duten, lana bilatzeko orduan zer-nolako trabak eta zailtasunak izaten dituzten, edota lanean zer desberdintasun pairatu behar dituzten ere argi eta garbi azaldu dute tailerretan. "Kontzientzia hartu behar dute, etorkizunean egoera horiei nola aurre egin ikasteko", adierazi du tailerraren dinamizatzaileak; "horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu mutilek ere saioren batean parte hartzea".

Neskak teknologiaren mundura hurbiltzea du xede proiektuak, baina mundu horren ezagutza kontzientea izanda. Campilloren hitzetan, jakin behar dute titulazio horiek beraientzat ere badirela, ikasteko gai direla, eta mutilen eskubide berberak dituztela.

Irtenbide ugari

Arlo horretan lana badago emakumeentzat, baina sarritan ikasleek ez dituzte ezagutzen zientzia eta teknologiako ikasketek ematen dituzten irtenbideak. "Ordenagailuak konpontzetik harago doa gure lana. Informatika ingeniariek gaur egun hainbat arlotan lan egiten dute. Esate baterako, sakelako telefonoetarako aplikazioak diseinatzen. Telekomunikazioan adituak diren ingeniariak, bestalde, kriminologoak izan daitezke, telefonoetako datuak berreskuratzen edo aztertzen. Gainera, robotika, elektronika eta komunikazioa ere menperatzen dutenez, hainbat arlo dituzte zabalik: medikuntzarena, esaterako. Mediku batek Gurutzetako ospitaletik Los Angelesen —AEBetan— egingo duten ebakuntza bat gidatu behar badu, ingeniari batek bitartekoak jar ditzake hori posible egiteko. Edo ebakuntza mota batzuk egiteko robotak asma ditzake".

Bizkaian eta Gipuzkoan garatu dute proiektua ikasturte honetan. Hamabi ikastetxetan aritu dira lanean, eta horietan, denetara, hemeretzi talde sortu dituzte.

Andreen begirada munduari

Andreen begirada munduari

Natalia Salazar Orbe

Zein da argazkiko emakumea? Non dago? Zeri begira? Zeini begira? Zer ote du gogoan? Zer egin du justu argazkia atera aurretik? Zer egin du justu argazkia atera ondoren? (...)" Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileari Maria Concepcion, argazkilariaren alaba lanak sortzen dizkion galderak dira; argazkiko emakumeari begira jarri, eta hausnarketa sakon batek iradokitakoak. "Zer dela eta aukeratu du Eulalia Abaituak? Nola ezagutu zuten elkar?" Garaiari erreparatutako galderak ere sorrarazi dizkio. Eta hala helarazi dizkie irakurleei: "Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretrata zaitzaten? Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretratatzeko? (...) Zer uste duzu zuk, irakurle?"

Emakume baten ikusmirak jasotako hamasei argazkiren bilduma osatu du Euskal Museoak; beste hamasei emakumek irudiok iradokitako pentsamenduak eta sentimenduak gaur egunera ekarri dituzte. Horixe jasotzen du Estereoskopiak: 16+16 erakusketak. Bi eduki bat eginez osatu dute lagina. Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilariak (Bilbo 1853-1943) ateratako argazkiak, batetik. Eta hark jasotakoei begiratuta, gaur egungo beste hamasei emakumek egindako hausnarketak, bestetik.

Duela ia ehun urteko egunerokoaren ondarea iritsi da gaur egunera, Abaituari esker. Iraganari buruzko ia begirada guztiak gizonen ikusmiratik aterata iristen dira, gehienetan. Gainera, sarri asko, begirada horien bidez historiako pasarte garrantzitsuak edo gertakari historiko handiak besterik ez dira islatzen. Horien bidez, ordea, zaila da arbasoen egunerokoari, haien lanari, esfortzuari eta aisialdiari buruzko daturik eskuratzea.

Protagonista ezezagunak

Eulalia Abaituaren lanak horixe eskaintzen du. Eta Euskal Museoak apustu egin du XX. mendearen hasierako pertsona ezezagunen keinuok jasotzeko. Harrituta begiratzen diote askok kamerari. Eta kamera horrek atzean zuen emakumeak begirada berezia eman zien. Horri guzti horri formatu bitxia eman diote museoan, ohikoarekin hautsita. Hiru dimentsiotan ikusteko argazkiak paratu dituzte hormetan. Erakusgai jarri dituztenak anaglifo kopiak dira. Alegia, erliebezko irudiak retro argiztatutako pantailen barruan erreproduzitzeko teknika baliatu dute. Hiru dimentsioko irudiok ikusteko, betaurreko bereziak erabili behar ditu bisitariak.

Hamasei idazleek ere betaurrekook jantzita osatu dituzte argazkien kontaketak. Irakurketok ez dituzte jaso idatziz. Bisitariak ez ditu aurkituko argazkien ondoan. Emakume baten ahotsean entzungo ditu, audiogiden bidez. Ahots bera erabili dute irakurketa guztiak ozen azaltzeko. Bakar bat da desberdina: Uxue Alberdiren hausnarketa. Egilearen beraren ahotsean kantatutako koplen bidez jarri dio musika Atsoa argazkiari.

Sarriugartez eta Alberdiz gain, ondoko beste hamalau emakume hauek jarri dizkiete berbak irudiei: Katixa Agirrek, Aurelia Arkotxak, Yolanda Arrietak, Leire Bilbaok, Itxaro Bordak, Tere Irastorzak, Karmele Jaiok, Mariasun Landak, Miren Agur Meabek, Laura Mintegik, Lourdes Oñederrak, Eider Rodriguezek, Ana Urkizak eta Arantxa Urretabizkaiak.

Erakusketa ikusteko ibilbide finkorik ez dago zehaztuta. Gerturatzen denak nahi duen norabidean abia dezake XX. mende hasierarako bidaia.

Ikusle ugari erakartzen ari da eskaintza bitxia. Museoak Eulalia Abaituari erakusketa bat eskaintzen dion zazpigarren aldia da ondokoa. Eta, hala ere, askok ezagutu ere ez du egiten Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zena. Formatuaren bitxikeriak harrapatu egiten ditu haur eta helduak. Begi batean kolore urdina eta bestean gorria duten betaurrekoak jantzi, eta, argazkietako pertsonak gerturatzen ikusita, irribarre urduriak ateratzen zaizkie iraganeko irudien ordez efektu bereziak ikustera ohituta dauden gazteei ere.

Hausnarketarako tartea

Deskribapen hutsak zein interpretazio eta irakurketa sakonak egin dituzte idazleek. Eider Rodriguezek eman dio azalpena Lurra lantzen laiekin argazkiari, eta gaur egungo egoerarekin ere parekatu du laian ari den taldeak iradokitzen diona. Gizon eta emakumeak ari dira bi ziriak lurrean sartu, oinarekin zanpatu eta soroaren barrunbeak ukitu ostean lurra altxatu eta biziberritzen. Denak elkarrekin. "Gu ez gara aldizkari femeninoetan agertzen den mundu murritz horretan kabitzen, ez gara txapeldunari lore sorta emateaz edo balkoiko geranioak ureztatzeaz arduratzen garenak, geure lur eremua loreontzi baten azalera baino askoz handiagoa baita, begira bestela lurraren izerdia gure besapeetan behera korritzen, errekatan, ur jauzietan". Emakumeen egitekoak eta egunerokoak askotan zabaldu nahi diren estereotipoez harago doazela azaldu du hala. Ez gaur egun soilik; iraganean ere, oraindik aitortu ez zaizkien lan ugari eta nekezak egiten zituztela emakumeek. Abaituak irudiz jaso zuena berbaz azaldu du Rodriguezek.

Bi emakume errekan ageri dira beste batean. Haitzen gainean jarrita: bata, oihalez betetako otzara bat buru gainean duela, zutik; bestea, makurtuta, ura hartzeko itxuran. Gizonak protagonista dituen irudirik ere badago. Peoiak eremu basogabetu batean beharrean lana da horren eredu bat. Beharginak lanean ageri dira. Batzuk geldi, Abaituaren kamerari begira, harrituta. Itxuraz eraikitzen ari diren bidea gaur egungo herritarrek zapaltzen dutena balitekeela pentsaraztera bultzatzen du bisitaria Katixa Agirrek.

Idazleak aitzindaritzat ditu protagonistak. Bai beharginak eurak, bai Eulalia Abaitua. Argazkilariak merezi duen protagonismoa aitortu aldera, haren bizitza markatu zuten Bilboko lekuetan barrena ibiltzeko bisita gidatua antolatu du museoak, biharko. 11:30ean abiatuko da Eulalia Abaituaren Errepublika independentea, Begoñako katedraletik.

Argazkiek gaur egun sortzen duten jakin-mina nagusi da irakurketetako askotan. Hala transmititzen diote hausnarketek bisitariei ere. Nortzuk ote ziren, zehatz, Eulalia Abaituak erretratatu zituen protagonistok? Zergatik eta nola aukeratu zituen? Egindako argazkien kopiarik eramango ote zuten etxera? Argazkirako jarrita daude denak, ala batzuk benetan harrapatu zituen eguneroko eginbeharretan? Eta argazkiaren ostean, zer? Zer-nolakoa zen garai hartan bizitzea? Iragan hark sortu du gaur egungo ondarea; eta etorkizunekoa eraikitzeko bidea ere bada. Hausnarketarako eta gozamenerako irudi sorta zain izango du orok, martxora bitartean.

Mendekua mendeku truk

Mendekua mendeku truk

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ez zen tiro hotsik Bizkaian 1937ko urtarrilean, frontea gelditu baitzuen neguak. Baina bake girorik ez zegoen lurraldean. Pikotxen eta aitzurren zaratak hiriburuaren inguruko landa eremuetan; lubakiak egiteko milaka lur tona, aurrera eta atzera. Hotza eta nekea. Geldiunerik ez. Bilbo defenditzeko sistema eraiki beharra zegoen; Burdin Hesia, altzairuzko gerrikoa ala herio gerrikoa: defentsa militarretik harago, esperantzaren ikurra zen. Gerrarako prestatzen ari ziren Bizkaian. Baina atsedenik ez zuen ematen zeruak: danba! Heriotz kolpeak berriz, hiriburuan. Bonben zartadek eman zioten urte hasierari ongietorria Bilbon; ez ezkilek. 1937ko urtarrilaren 4an, berriz erori ziren bonbak. Hamaikagarren erasoa, hamaikagarren hildakoa. Ezin gehiago jasan, haserre ziren hiriburuko herritarrak. Faxistak preso zeuden espetxeetara martxa egin zuten, urtarrilaren 4 hartan. Mendeku gosez ala amorruz, erasoz hartu zituzten espetxeak. 224 preso hil zituzten sarraskian.

Faxisten bederatzi bonba hegazkinek eta hamabi ehiza hegazkinek zeharkatu zuten hiriburuko zerua 1937. urteko laugarren egunean, eta hamazortzirekin itzuli ziren arratsaldean. Bost herritar larriki zauritu ziren bi erasoen ondorioz, eta sei lagun hil; tartean, Arazeli Oses 18 urteko emakumea. Berriz ere bonbak. Berriz ere hilotzak. Eskarmentua hartua zuten ordurako errepublikanoek, eta hegazkinak prest zituzten Leioako Lamiako aerodromoan, faxistek arratsaldean egin zuten bigarren erasoaldiari aurre egiteko.

Bonbaketari faxistak Bilboko zeruan agertu eta segidan abiatu ziren hegazkin errepublikazaleak defentsan. Alemaniako Junker 52 motako hegazkin bat eraistea lortu zuten, Alonsotegin. Jausgailuz egin zuten salto bi pilotuek: Adolf Herrmann eta Karl Gustav Schimth alemaniarrek. Enekurin lurreratu zen Schimth, eta Gobernuaren ordezkaritza zegoen Carlton hotelera eraman zuten handik. Ez zuen zorte bera izan Herrmannek. Hiriburuan lurreratu bezain pronto hil zuten tiroz.

Faxistek hiriburuaren aurka egindako hamaikagarren aire erasoa zen urtarrilekoa. Sutan ziren herritarrak horregatik, eta giroa leherrarazi zuten azken bonbek. Erasoen helburua herritarrak aztoratzea zela zioen sortu berri zen Eguna euskarazko lehen egunkariak: "'Bilbao' gain arerioen egazkiñak oraintsurengo jaurti eben sua, e`ria ezerestu eta bi´rinduteko barik, [...] oke´raren adizkidiak eta betiko saspikiak nastea so´rtu eta basakeriak egingo ebezan itxaropenez. Euren guraria lortu ete eben? Betiko gaizkiñak eta saspikiak nastea so´rtu ta eriotzia erein guraz jagi ziranik ezin ukatu". Ezin da jakin faxisten helburua zein izan zen zehazki: izua sortzea, herritarrak aztoratzea, ala biak. Baina erantzuna izan zuten jaurtitako obus-en zartadek. Hainbat herritar eta miliziano elkartu, eta manifestazio espontaneoa sortu zuten hiriburuan, leherketen ondoren. Hildako pilotu alemaniarraren gorpua hartu, eta Bilbaina gobernuaren egoitzara egin zuten lehenik, gobernuko ordezkariei preso hartutako Schimth pilotuaren burua eskatuz. Baretu baino, are gehiago oldartu zen giroa handik gutxira, Bilbainan bildutako jendetzak Begoña auzora egin baitzuen gero.

Erasoa kartzeletan

Begia begi truk, hortza hortz truk. Mendeku bila jo zuten errepublikaren aldekoek Begoñako lau espetxeetara. Uztailaren 18ko kolpe militarrarekin bat egin zuten 2.000 lagun baino gehiago zituzten preso Larrinagako Espetxe Probintzialean, Karmeloko komentuan, Galera etxean eta Aingeru Jagolearen komentuan. Presondegietako zaintzaileek babestutako hesiak gainditu eta lau kartzelak jazarri zituzten herritarrek. Hiru orduz iraun zuen erasoak, eta ehunka hildako eragin zituen altxamenduak: 109 preso hil ziren Aingeru Jagolearen espetxean, 53 Larrinagakoan, 52 Galera etxean eta sei Karmelokoan.

Berehalakoa izan zen Jaurlaritzaren erantzuna. Espetxeetara bertara egin zuten Telesforo Monzon, Juan Astigarrabia eta Juan Gracia gobernuko hiru kontseilariek, oldarraldiari amaiera emateko helburuarekin. Erasoa gaitzetsi eta jazarpenaren arduradunak epaitzeko asmoa erakutsi zuen gobernuak segituan. Eguna egunkariak jaso zuen Jaurlaritzaren jarrera. "Lauga´ren eguneko gabean egindako gaiztakeriak eztabe atxekirik. Ez alpe´rik bilatu. Zuzentza egitiaren etzirala izan esan geinke, gaiztakeriari bide emon eta asatutia´ren baño". 48 herritar auzipetu zituzten gertakariengatik. Baina ez zen epaiketarik egon. Ez, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Bizkaiaren aurkako erasoa abiatu zuen Mola jeneralak martxoan, eta indar guztiak gerra frontearen lehen lerroan jarri zituen gobernuak horregatik.

Urtarrileko hura ez zen izan errepublikaren aldeko eremuan egindako preso hilketa bakarra. Aire erasoen ondoren, antzeko jazarraldiak izan ziren Donostiako Ondarretako kartzelan, Tolosakoan eta Irungo espetxean, besteak beste. Aurrez, Bilboko itsasadarrean ere izan zen antzeko pasarte bat, 1936ko irailaren 25ean. Cabo Quilates eta Altuna Mendi itsasontziak espetxe bihurtuak zituen Bizkaiko Defentsa batzordeak, eta, matxinatuekin bat egitea leporatuta, jendez beteak zeuden. Aire eraso baten ondoren, ontzietara jo zuen milizianoz eta zibilez osatutako talde batek, eta 70 preso hil zituzten gertakarietan.

Mendekuaren mendekua

Presoen aurkako erasoak ez ziren ahanzturan erori. Kontrara. Ekainean, faxistek Bilbo hartu eta berehala, urtarrilaren 4ko hilketak mendean hartzeko ardura hartu zuten frankoren aldekoek. Mendekua hartu zioten mendekuari. Espetxeen aurkako jazarraldian parte hartzeagatik fusilatu zituzten hainbat herritar: Elvira Martinez santurtziarra eta Ana Naranjo sestaoarra, tartean. Eta erasoan zuzenean parte hartu zutenez gain, gertakariak saihesteko "ezer egin ez zutenak" ere zigortu zituzten frankistek. Alfredo Pañeda eta Marcelino Hernandez espetxe zaindari bilbotarrak, kasurako.

Bonbardaketak eta tropen arteko borrokaldiak bukatu ziren 1937ko udan. Gerra baten bukaera izan zen hura, eta beste gerra baten hasiera. Fusilatzeek, garroteek eta ziegek hartu zuten bonba eta balen lekua. Jazarpenaren aro berri bat abiatu zuten faxistek, eta zigorra zuen ezaugarri nagusi. Hasieratik utzi zuten argi Francoren aldekoek. Bilbo hartu eta bi egunera fusilatu zituzten Evencio Alonso, Fidel Irure, Fidel Iza eta Emiliano Alvarez suhiltzaileak, bonben suak itzaltzen aritu izanagatik.

Hamabi espetxe Bilbon

Espetxeak berriz betetzeko hustu zituzten frankistek. Guztiz aldatu zen hiriburuko espetxeetako presoen izaera ideologikoa: Errepublikaren aldekoek bete zituzten ordura arte Errepublikaren aurkakoek bete zituzten ziegak. Are gehiago, txiki geratu ziren espetxeak hainbeste preso sartzeko, eta beste hainbat eraikin egokitu behar izan zituzten frankistek. Bilboko presondegien kopurua da horren erakusle nagusia. Hamabi presondegi izan ziren hiriburuan, eta espetxe bihurtu zituzten ikastetxe edota kultura zentroak izandako hainbat eraikin: Arriaga antzokia, Deustuko Unibertsitatea, Eskolapioen ikastetxea, Orueko txaleta, Tabakalera eraikina eta Zezen Plaza, tartean.

Bizkaiko lurraldean izandako espetxe eta kontzentrazio esparruak ikertu ditu Ascension Badiola historialariak, eta aurkitu dituen datuak Cárceles y campos de concentración de Bizkaia liburuan bildu ditu. Dioenez, 1937. urtearen amaieran, 29.350 preso zeuden Bizkaia osoan. Eusko Jaurlaritzak zerabiltzan datuen arabera, 1937ko amaieran 7.933 preso zeuden Bilbon; horietatik 2.136, Larrinagako kartzelan. Espetxeaz gainera, exekuzio gunea ere bazen Larrinagakoa, eta heriotza zigorrera kondenatuta zeudenak eraman ohi zituzten hara. Ignacio Unzeta preso egondakoaren lekukotzaren arabera, astebetean 200 preso fusilatu zituzten han, eta beste zortzi hil zituzten garrotean. "Horietako bati garrotea ematen ari zitzaizkionean, tramankulua matxuratu egin zen, eta, konpontzen zuten bitartean, presoa berpiztera eraman zuten, arazoa konpondutakoan lana bukatu ahal izateko".

Ezaguna da Urduñako kontzentrazio esparruko baldintzen gogortasuna. Unerik latzenean, 4.131 herritar izan ziren han preso. Gutxiago ezagutzen da Deustuko Unibertsitatean egokitu zuten kontzentrazio esparruarena. Frankistek Bilbo hartu eta berehala jarri zioten giltzarrapoa hiriburuko unibertsitateari, eta 1940ra bitarte milaka izan ziren handik igaro ziren herritarrak. Garairik gogorrenean, 4.460 preso ere izan zituen; han sartzen ziren halako bi. Datu gutxi daude Deustukoaren inguruan, baina 187 preso hil zirela jasotzen dute hainbat iturrik. Badiolak bildutako lekukotzen arabera, preso batek baino gehiagok euren buruaz beste egin zuten leihotik behera botata. Espetxe baldintzen egoeraren berri ematen dute gertakari horiek. Debekatuta zegoen espetxetako leihoetatik begiratzea, eta Eskolapioen ikastetxean, tiroz hil zuten preso bat leihotik burua ateratze hutsagatik.

Bizkaian, Zornotza eta Durangoko espetxean giltzapetu zituzten emakume gehienak. Baina Bilboko Orueko txaletean ere hainbat andre izan zituzten preso. Berez, 30 lagunentzako tokia zuen etxeak, eta 700 emakume ere izan ziren giltzapetuta. Lekukotzen arabera, 40 emakume inguruk egiten zuten lo 5,5 x 4,5 metroko gela batean.

Mundua, eder eta gordin

Mundua, eder eta gordin

Natalia Salazar Orbe

Azeri baten itzalaren babesean ezkutatzen dira hegaztiak, landareak, itsaspeko mundua, ugaztunak, bestelako animaliak eta paisaiak. Natura bizia, basatia, gordina zein gizakiaren esku hartzeak sortutakoa jasotzen du Izadiaren argazkilariak 2016 erakusketak, Bilboko Ondarearen Aretoan. Aurtengo Wildlife Photographer of The Year lehiaketan parte hartu eta saritu dituzten edo aipamenak jaso dituzten lanak daude ikusgai bertan: 85, denera.

Itzal eta silueta ikusgarriak islatu dituzte egileetako askok. Erresuma Batuko Richard Peters egilearen Ibiltaria itzalen artean argazkiak egiten dio harrera bisitariari aretoaren sarreran. Hura da lehiaketako argazki irabazlea. Azeri bat janari eta abentura bila hirian murgildu den antzera abiatzen da erakusketaren bidaia ere.

Begiak aretoko argiztapenera egokitu bezain laster jakin-minaren gosea pizten da. Hula ibaiean arrantzan arratsean Juan Carlos Muñozen lanean, zankaluze bat janari bila ari da arrain haztegi batean, sakonera gutxiko uretan. Zer dago ur azpian? Zer ezkutatzen du ilunabarrak? Hegaztiaren ikusmiraren inbidia sortzen da naturak ezkutatzen duena sumatu nahiez.

Itzalek kolore biziei eman diete lekukoa barnealdean. Harrituta begiratzen duen zingira hontzak areto zabalerako bidea zabaltzen du, bere begi sakonen bidez, barrenera sartzeko gonbita eginez. Matteo Lonati italiarraren Argituta izeneko lan horrek ematen dio bukaera hegaztien atalari.

Natura hila

Natura bizia gailentzen da erakusketan, baina natura hilak ere leku garrantzitsua hartzen du. François Nowickiren Zutik lana da horren adierazle nagusietako bat. Hontza bati atera zion argazkia, zuhaitz hil baten barrenean. Hontzek habiak egiteko zuhaitz hilek urte luzez izan duten garrantzi handia azpimarratu nahi zuen artistak berak: "Espero dut aurrerantzean ere horrela izatea, eta zuhaitza ez botatzea", adierazi du.

Gauez ibiltzea maite duen hegaztiak ortzadarraren koloreak lumetan zabaltzen dituen basoilarra du atzetik. Eguzkiaren izpiek basoilarraren lumetan islatuta sortutako dirdirak jaso ditu Bernt Ostus norvegiarrak. Barrurago, lehoien arteko Maitasuna euripean argazkiak xehetasun osoz irudikatzen ditu abereon keinuak, eta baita burua astintzean askatzen diren euri tantak ere.

Mundua iruditan, eta, aldi berean, hura deskubritzeko bidea. Horixe bera azaltzen du argazki lagin horrek. Bizitzaren zikloa dakar gogora Alemaniako Dirk Funhoffek Lehen begirada munduari lanarekin. Itsas txakur gris bat erditzen ageri da. Irudia ez da nolanahikoa, ordea: zaku bitelinoaren barruan dagoen arren, kumeak begiak zabalik ditu. Mundua ezagutzeko irrikaz dago, datorrenaren jakin-minez. Hala sentiarazten du bisitaria bera ere.

Ekosistemen garrantzia eta iraupena ezin era horretako lagin batetik kanpo geratu. Kamtxatka penintsulako Kurika aintziran (Siberia, Errusia) hartz arre bat ageri da, izokinak harrapatu nahian. Uda guztietan hartz mordoa elkartzen dira han, urtaro horretan milioi eta erdi izokin baino gehiago joaten baitira arrautzak errutera. Hartzek ondo elikatu behar dute hibernatzeko nahikoa baliabide izateko. Hori dela eta, 25 arrain baino gehiago hartu behar dituzte egunean. Argazkiko hartz gazteak ez dauka behar besteko trebetasunik oraindik, ordea. Izokinek alde egiten dioten unea harrapatu du argazkilariak.

Beraz, argazki aproposa, profesionalak hausnartu ostean lortu nahi zuen perfektua, ez da bat-bateko klik batekin ateratzen. Lan ordu asko eta esfortzu handia dituzte atzean erakusgai dauden argazkiek. Laurent Geslin frantziarrak milaka ordu eman zituen Suitzan katamotz herabe bat kamerarekin harrapatu nahian.

Gizakiaren esku hartzea

Hegaztiak eta ugaztunak ez dira protagonista bakarrak. Armiarmak, barraskiloak, Komodoko dragoiak, dortoka gazteak itsasorako bidean hondar beroa zeharkatzen... Denetariko espezieak biltzen ditu erakusketak, euren habitatean. Eta gizakiaren esku hartzea ere ezin zen kanpoan gelditu. Batzuetan, naturaren isla magikoa itzali eta gizakiaren zakarkeria geratzen da agerian. Murtzian, izkirak harrapatzeko sare batean harrapatuta geratu den itsas zaldia da horren eredu.

Bestalde, kontzentrazio esparruak gogorarazten ditu foka batek. 2001. urtera arte, Errusiako Medni uharteko itsas lehoiak zenbaki batzuekin markatzen zituzten, haien jokabidea kontrolatu eta migrazio ibilbideak aztertzeko. Argazkikoak M352 hizkia eta letrak dauzka; Sergei Xaninena da obra.

Argazkien edertasuna eta zabaldu gura duten mezuari buruzko informazioa emateaz gain, azalpen tekniko eta artistikoak ere jaso ditu Ondarearen Aretoak lan bakoitzaren ondoan. Hala, trebakuntzarako funtzioa ere betetzen du erakusketak, argazkilaritza zaleei teknika askotarikoak erabilita lor ditzaketen emaitzak ikasteko aukera ere emanez. Gero eta gehiago baitira munduaren irudiak jasotzeko argazkilaritzara jotzen duten zaleak.

Ozeanoak izar koloretsuak zelan besarkatzen dituen; marrazki bizidunetakoa dirudien inurri bat goroldio baten zurtoinetik ur tantak edaten; eta ekinodermo izeneko itsasoko izaki bizidunaren egitura bitxia, batetik. Aurrez aurre, zaborrez betetako eremu batean janari bila ari diren zikoina zuriak ageri dira. Mundua bera da: eder eta gordin.

Kortako behien txapelak

Kortako behien txapelak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Enbor zatiak, lantzen ari diren egurrak, baserriko lan tresnak. Mahai luzea, mantel koadroduna duena. Bi aldeetan banku bana, otordu jendetsuak hartzeko modukoak. Harrizko horma sendoak. Ez du abererik, ez da korta. Ez da lantegia ere. Baina Txirri eta Garbiñeren korta da, azken urteetan hainbat txapel ehuntzen ikusi duen elkargunea. Bizkaiko azken lau bertsolari txapelketetako txapeldunak bertatik atera dira. Han batzen dira, duela dozena bat urte ingurutik, hiru abere horiek: Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes. "Gu Txirri eta Garbiñeren kortako behiak gara". Harro errepikatzen dute hirurek nolakotasun hori; nabarmentzen dute, aldarrikatzen. "Anaiari esan diodanean hona gentozela, bera ere Txirri eta Garbiñeren kortako behia dela esan dit", dio Fredi Paiak Xabi anaiari buruz. Asteon egindako hitzordura joateko gogoz geratu dela hura ere. Egun ez da behien bilkuretara joaten, baina bai hasierako urteetan. 2006an Bizkaiko txapela irabazi zuenean, Larrabetzuko korta bereziko parte zen.

Etxahun Lekueren gurasoak dira Txirri eta Garbiñe. Larrabetzuko etxean duten behealdeari esaten diote korta, lehen hala zelako. Bertso txapelketak dituzten garaietan, han batzen dira Lekue, Paia eta Estiballes entrenatzeko, eta azken lau edizioetako Bizkaiko txapeldun bihurtu dira. Aurten, Lekuek jantzi du txapela; duela bi urte Paiak; eta 2012an eta 2010ean, Estiballesek.

Hirukoteak ez du gogoan zehazki noiz hasi ziren Larrabetzun batzen; "2004 edo 2005ean izango zen". Orduko hartan Xabi Paya ere aritzen zen haiekin —eta txapela lortu zuen—, eta, gerora, "urteren batean", Ibon Ajuriagojeaskoa ere izan dute kide. Azken hiru urteetan, Beñat Ugartetxea dute bidaide. "Aurreko finalean sartu zenean geugaz zebilen". Aurten ere finalean sartu izana saritzat dute, eta gustura daude laurak lortutakoaz.

Konfiantzaren uzta

"Giroa" dute gakotzat. "Elkartzea bera ez da arraroa", dio Paiak, entrenamenduetarako erabiltzen duten mahai handiaren bueltan: "Beste hainbat bertsolari ere batzen dira entrenatzeko, bertso eskoletakoak eta, baina hemen sortzen den giroa berezia da". Urteetan ondutako konfiantzaz gain, lekuak berak ere zerikusia duela seguru daude hiru txapeldunak. "Gu geu Larrabetzuko eskoletan geratuko bagina, adibidez, gela batean, gain behera egingo luke honek". Tabernan izaten dute hitzordua, eta kortara joaten dira jarraian: mahaiaren bueltan egiten dituzte batak besteari proposatutako ariketak, elkarrekin egiten dute kantuan, argitzen dituzte zalantzak eta aztertzen ikuspegi desberdinak, eta bakoitzaren lanak emandako onenei zein txarrenei buruz hausnartzen dute. Saioaren aurretik, entrenamenduan bertan, eta ondoren. "Asko laguntzen du geroko afariak ere".

Txirrik eta Garbiñek prestatzen diete saioaren ondorengo afaria, asteazkenero; "tira, Garbiñek gehiago", aitortu du Paiak. Elkarrekin afaltzen dute guztiek, "eta hor sortzen da elkarrizketa beste era batera, lasai...".

Euren arteko konplizitateak ematen dien aberastasuna eztabaidaezina da. "Etxahun Larrabetzuko bertso eskolan dabil, eta hor ere kantatzen du; Fredi Algortako bertso eskolako kidea da; eta ni, Santutxuko eskolakoa", dio Estiballesek. "Baina gero hirurok gauza komun asko ditugu, eta elkarregaz konfiantzan eta gustura sentitzen gara".

Aspalditik dute laguntasun hori, Jon Lopategiri esker bertsotan elkar topatu zuten garaietatik. Ez dute ahazteko Lopategik Bizkaiko bertsolari gazteak nola hartu eta batu zituen. Nola eramaten zituen hara eta hona bere autoko maletategian, eta nola entrenatzen zituen etenik gabeko kantu saioetan. "Errendimendu Handiko Zentroa zen hura!", dio barre artean Paiak. "Orduan ez ziren haurrentzako aulkitxoak behar, eta maletategian joaten ginen", oroitu du Estiballesek. "Orain, umeak barnetegira eramateko aseguruak ere egin behar dira!". Barre artean gogoratzen dituzte haurtzaro eta nerabezaroko garai haiek, Lopategirekiko miresmena dariela. "Giltzarria izan zen nire bertsolaritza bidean, beragatik izan ez balitz ez nukeelako jarraituko bertsotan. Bakarrik geratu nintzen herriko bertso eskolan, eta berak hartu ninduen", azaldu du Lekuek.

Aspalditik dute, beraz, hiru txapeldunek laguntasun eta talde sentimendua. "Hemen ibili aurretik ere elkarregaz asko kantatu dugu. Gauza asko bizi izan ditugu, elkarregaz bertso afari askoren ostean geratu gara, elkarri konfidentzia asko egin diogu".

Berezitasunetatik edaten

Batzen diren bertsolari bakoitzaren berezitasunak ere badira guztiek jasotzen duten aberastasunaren giltzarri, haien hitzetan. "Oso bertsolari diferenteak gara, eta, era berean, nahiko maila pareko bertsolariak", zehaztu du Lekuek. Bakoitzak baditu bere indarguneak eta bere ahulguneak, eta bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu: "Arlo oso desberdinetako ekarpenak egiten ditugu", azaldu du aurtengo txapeldunak. "Nik agian gehiago lantzen dut errima edo puntuak zelan lotu; Fredik gehiago egiten du orokorrean gaiari nondik oratu; Arkaitzek ideietan egiten du indar; eta Beñatek umorerako daukan gaitasun hori besteok ez daukagu. Denok gara oso diferenteak".

Bakoitzak duen onena ematen dio hurkoari, eta, txapeldunen esanetan, nabaritzen dute kortako entrenamenduen ondoren norberak "koska bat" egiten duela gora.

Gustura egoten dira txapelketa sasoietako asteazkenero. "Aurreko txapelketan esaten genuen txapelketako onena eguaztenetako entrenamendua zela: hemen egon, kantatu, gero afaldu, berba egin... Brometan esaten genuen, baina bromen artean egia gordetzen da", aitortu du Paiak. "Broma da, baina egiatik dezente dauka, bai", erantsi du Lekuek.

Aurtengoa da horren guztiaren adierazle. Txapelketan aurkezteari uko egin arren, asteazkeneroko entrenamenduetan egon dira Paia eta Estiballes. Sekula baino finago, gainera. Eskertuta agertu da aurtengo txapelduna. Eta harrituta ere bai: "Beñat eta biok izan gara formalenak arlo horretan. Ni bertan bizi naizenez errazago dudalako, eta Beñat gutxi huts egitekoa delako. Hauek biek beti dauzkate beste kontu batzuk. Ba, esango nuke aurten izan dela gutxien huts egin duten urtea. Inoiz baino formalago ibili dira! Eguaztenero-eguaztenero etorri dira, eta etorri gaiegaz, aholkuegaz gainera". Eurek ez diote ezetz: "Aurreko urteetan desberdina zen", Paiaren hitzetan: "Etortzen ez bazinen, ez zinen entrenatzen, eta zeure buruaren kalte izango zen. Aurten, etortzen ez bazinen, arazoa zen agian ez zirela hauek entrenatzen, eta orduan pisua handiagoa zen".

Botilero sentsaziorik ez dutela diote, hala ere, Paiak eta Estiballesek. "Lagun sentsazioa" dela dutena. Eta, lehenago ere, gainontzekoak laguntzen aritu zaizkiela. Berezi sentitu dute aurtengo txapelketa. "Ahots berriei leku uzteko" eta "neke puntu bategatik" lehian ez aritzeko erabakita, entzuleen eserlekuetatik jarraitu zuten larunbatean finala, elkarren ondoan. Oholtza gainean ziren guztiak lagunak dituzten arren Lekuerekin "talde sentimendua" dutela eta, berak irabaztea nahi zutela aitortu dute; "baina ez beste norbaitek irabazterik ez dugulako nahi".

Eta pozarren daude emaitzarekin: "Guretzat, Etxahunek irabaztea bada ziklo bat borobiltzea", azaldu du Estiballesek. Ziklo bat amaitu den galdetuta, argi erantzun du: "Orain, Etxahunena hasten da".

Lekuek txapela irabazi eta "merezimenduz irabazi" duelako oso pozik dagoela adierazita, "zapatuko poztasuna" oraindik mantentzeko arrazoi gehiago ere badituela azaldu du Paiak: "Ikusi genuen gazte asko datozela, eta onak". Estiballesek eta biek lehian parte ez hartzeko hartutako erabakiak horiei leku egiten utzi ahal izan diela pentsatzeak ere asebetetzen du. Eta taula gaineko irudiak utzi zion "Bizkaiko bertsolaritzaren ikuspegiak". Etorkizuna ikusi du. Estiballesek ere ez aurkezteko erabakia hartuta "erreleboaren ardura" ondo betetzen lagundu duen sentsazioa du, eta gustura dago.

"Aurtengoak badauka 2006ko txapelketaren antz apur bat", hausnartu du Lekuek. "Hori izan zen lehen txapelketa Igorrek [Elortza] eta Unaik [Iturriaga] parte hartu ez zutena. Ordura arte bagenekien Unai eta Igor egongo zirela, buruz burukora pasatuko zirela eta oso saio ona egingo zutela. Maila bat ziurtatuta zegoen. Baina, horiek kendu zirenean, finalean sartu ginen zortziek genuen ardura zen ahalegindu behar genuela hori igar ez zedin; guk ere maila bat ziurtatu behar genuen. Aurten ere eduki dugu horretatik: lortu behar genuen Arkaitz eta Fredi egon barik ere final on bat egiten".

Alor horretan aldaketak etorriko diren esperantza du Paiak: "Azken hogei urtean bi figura zentral izan ditugu Bizkaiko bertsolaritzan. Unai eta Igor egon ziren, eta gero gu ginen gazteak. Agian, hemendik aurrera ez dira egongo bi figura zentral buruz burukoak egiten hamar urtez".

Irailean hasi zituzten kortako entrenamenduak amaitu dituzte oraingoz. Hurrengo hitzordua urtarril erdialderako dute, Lekueren gurasoekin. Ohitura dutenez, asteazkenero afaltzen eman dietenak afaltzera gonbidatzen dituzte txapelketa amaitu ondoren. Gerora Larrabetzun batuko dira, berriro, irailetik aurrera, Euskal Herriko txapelketa baitu Lekuek. Beraz, entrenamenduei ekingo diete, berriro, Txirri eta Garbiñeren kortako behiek. Hortik aurrera Bizkaiko aurtengo txapeldunak egingo duen bideari buruz, "ikusiko dugu", dio.