Noiz bihurtu ote nintzen ume heldu. Noiz laga ote zioten nire beldurrek eta ziurgabetasunek zilegi izateari. Noiz heldu ote nintzen hartu beharreko erabakien ozeano batean korrontearen aurka igeri egitera. Noiz? Ni ez naiz konturatu ere egin trantsizio horretaz. Eta hori asko esatea da, bizitza trantsizioa baita.
27 urte ditut. Gero eta «oraindik gaztea zara-eta!» gutxiago entzuten ditut, eta gero eta bekoki zimurtu gehiago ikusten ditut, «zer egin nahi duzu?» galderari sorbalden goranzko keinuaz erantzuten diodanean. Eta nire bekokian zimur zantzu txiki bat edota buruan ile urdin berri bat aurkitzen dudanero konturatzen naiz jada ez naizela hain-hain gaztea. Baina nire gorputzak hain maistraki ulertu duen denboraren kontzeptua ez da heldu nire barruko umera: eskolako patioan alde batetik bestera korrika pasatzen zen umea, eskuak buruan baloiak jo ez zezan; horixe bera naiz orain ere.
Eta orduko ume hark baloiak jotzea baino gehiago, ikaskideek baloiak jo zuela ikusteak beldurtzen zuen moduan, oraingo ume hau beldurtzen dute erabakiak hartzeak baino gehiago, erabakien ondorioek. Bueno, ez; beldurtu agian ez da berba zuzena, uste dut beldurtu baino gehiago deseroso sentiarazten nauela erabaki beharrak. Niri ez balegokit bezala, hori helduei baino ez balegokie eta ni heldua ez banintz legez.
Hortxe nago ni, zubi dardarti eta trakets, zain, zilegitasuna, ziurtasuna edo 30 urteak noiz helduko: hirurak gauza bera balira legez
Baina, antza, hori ere bada heltzea. Konturatzea gidalerrorik ez dagoela, ez dagoela halako kontsentsu bat erabaki bat ona edo txarra den baloratzeko; umetatik buruan nituen egitura argi eta zehatzak desegiten direla eta ez dagoela burdinbide argi eta zurrun bat hari jarraitzeko. Beti da «hori norberak erabaki behar du». Etengabe erabaki behar du norbera horrek, hau ala beste, zuri edo beltz, A ala B; eta askotan erdibideak ez dira aukera. Eta nik ez dakit ezer, ez jakitearren ez dakit zutabe hau zelan amaitu ere; ez baitut transzendentalegia izan nahi, baina gaiari arintasun gehiegizkorik ere ez diot egotzi nahi.
Eta horretan guztian aurkitzen naiz ni, umezaroaren eta helduaroaren arteko trantsizioan banengo legez, baina guztiz gauzatu barik oraindik. Norabait korrika hasi nahi eta ezinean, nora joan asmatu ezinda: hanka bat umezaroan, beste bat helduaroan. Oraindik gazteegia erabaki drastiko eta transzendetalak hartzeko —«Zuk zer dakizu, bada, bizitzaz, ume?»—, baina «orain egiten ez baduzu, noiz egingo duzu?». Eta hanka batek gauza bata eta besteak bestea esaten didaten artean, hortxe nago ni, zubi dardarti eta trakets, zain, zilegitasuna, ziurtasuna edo 30 urteak noiz helduko: hirurak gauza bera balira legez, hamarkada aldatzeak ganorazko heldu bihurtu eta umetan gurasoak ikusten nituen gisako heldu zuzena bihurtzeko zain.