Kultura

Antzerkigintzaren zaindari

Antzerkigintzaren zaindari

Natalia Salazar Orbe
Artearekin berarekin batera garatu da BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia. Duela hogei urte sortu zen, Barakaldon. Egin duen ibilbide luze horretan hainbat gauza aldatu dira antzerkiaren eta interpretazioaren munduan. Besteak beste, Da...

Danborrek astindutako festa

Danborrek astindutako festa

Natalia Salazar Orbe
Ranplanplan, rapetaplan, rataplan. Perkusio doinuz zipriztinduko da bihar Zornotza. Euskal Herriko batukada taldeak eta perkusioa maite duten zaleak elkartuko dira bertan, Euskal Herriko Batukaden IV. Topaketan. Aurten, berritasun ...

Regueibertsoa hauspo

Regueibertsoa hauspo

Aitziber Laskibar Lizarribar

Regueifa eta bertsoa. Bertsoa eta regueifa. Euskara eta galegoa. Kantua. Errima. Bat-batekotasuna. Inprobisazioa. Ahozkotasuna. Hizkuntza. Jolasa. Horiek guztiak eta gehiago landu dituzte 80 bat ikaslek asteotan. 30 arratiarrek eta 50 galiziarrek. Euskaraz eta galegoz. Galizian eta Bizkaian. Eta oparoa izan da emaitza: nork bere hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura sendotu du, eta gazteek kulturen arteko konplizitateak josi dituzte. DBHko ikasleek. Arratiako institutukoek, eta Coruña, Pontevedra eta Lugokoek. Hizkuntza jolas gisa bizi izan dute, eta bertsolaritza zein regueifa hauspotuta atera dira. Horixe izan da Regueibertso egitasmoa. Maiatzaren 2tik 5era Galizian, eta 13tik 16ra Arratian.

Galiziako bat-bateko koplen tradizioa da regueifa, eta bertsolaritzaren antzeko oinarriak ditu. Baina ahul dabil azken urteetan, galtzetik gero eta gertuago. "Bertako askok ez dute ezagutu ere egiten", azaldu du Iñaki Iturriotzek. Bertsolaritza irakaslea da Iturriotz Arratiako institutuan, eta ikasleekin ibili da Regueibertso egitasmoan.

Zenbait galiziar kezkatuta zeuden euren kulturaren zati bat gain behera zegoelako, eta hortik sortu dute esperientzia. Kasualitatez kasik. Kanpin batean elkar ezagutu zuten arratiar batek eta galiziar batek; kulturaz eta inprobisazioaz hizketan hasi, eta galiziarrak aitortu zuen euskaldunei inbidiaz begiratzen ziela: Galizian regueifa ez dela bertsolaritza Euskal Herrian bezain kutuna, ez dela zaintzen, eta galtzen ari dela. Hain zuzen, regueifa berreskuratzeko lanean dabilenetako bat da irakasle galiziar hura. Bere herrian bertsolaritza eskolan lantzen zela azaldu zion bizkaitarrak, eta esperientzia ezagutzeko irrika sortu zitzaion irakasle galiziarrari.

Galiziarrentzat eredu

Euskal Herriko esperientzia ezagutzekotan geratu ziren, eta Arratiara etorri zen galiziarra, beste batzuen ahotik entzuna zuena bertatik bertara ikustera. "Bertsolaritzak Euskal Herrian duen montajea ikusi nahi zuen; bertso eskolak, hezkuntza arautuan ematen diren klaseak... nola sustatzen ari den bertsolaritza gazteen artean", dio Iturriotzek. Galiziarrek ere halako zerbait nahiko luketela azaldu du; antzeko zerbait eraiki, baina euren eredu propioan oinarrituta. "Horregatik ezagutu nahi zuten bertsolaritzaren mundua; ez hemengoa kopiatzeko, adibide moduan hartu eta eurena eraikitzeko baizik". Eta horrela hasi zen elkarlana. Ikasleek esperientzia trukea egiteko aukera aztertu, proposamena landu, eta hilabete gutxira gauzatu da.

Ez zalantza gutxirekin, halere. Bertsolaritzaren eta regueifaren oinarriak berak izan arren, euskaraz kantatzen dute batzuek, eta galegoz besteek. Elkar ulertuko zuten gazteek? Horixe zuten kezka nagusi egitasmoaren sustatzaileek. Baina sorpresa atsegina hartu dute. "Oso bitxia da. Galizian egon ginenean, Santiagon egin genuen ekitaldian, guk euskaraz kantatu genuen, eta eurek, galegoz; gero gu hasi ginen eurekin regueifatzen... Itzelezko giroa sortu zen". Zergatia argi du Arratiako institutuko irakasleak: "Azken finean, hizkuntzaren gainetik dago inprobisazioaren bat-bateko hori. Bat-batean sortu eta abesten duzunean sortzen den magia horrek ez du hizkuntzarik behar; berdin da euskaraz, galegoz edo katalanez aritu, orduantxe bat egiten baitute hizkuntza guztiek".

Larunbatean Igorren egin zuten ekitaldi nagusian ere "magia" bera sortu zela dio; konplizitate sendoak eraiki zituela bat-bateko kantuak, batzuk euskaraz eta besteak galegoz aritu arren. Are, norbere hizkuntza internazionala izan daitekeela ere frogatu zuten ikasleek, Iturriotzen hitzetan: adierazteko eta elkar ulertzeko ez dela gaztelerara jo beharrik. Hala, nork bere hizkuntzari balioa emanda eta albokoarenera hurbilduta norbere hizkuntzarekiko lotura indartu egin dela frogatu dutela dio.

Aberatsa izan da esperientzia, beraz, bai bizkaitarrentzat bai galiziarrentzat. Euskararentzat eta galegoarentzat, bertsolaritzarentzat eta regueifarentzat. Horri guztiari hauspoa eman zaiola iruditzen zaio Iturriotzi. Eta hunkituta dago, bere ikasleak eta galiziarrak bezain hunkituta. Are, nork bere herrietan jaso duten laguntza eta giro ona ikusita. Esker oneko hitzak besterik ez dute guztiek, eta gurasoek, inguruko udalek zein herritarrek emandako laguntza eskertu ditu irakasleak.

Bidaiak amaituta, aurrera begira jarri dira guztiak. Errepikatu beharreko bizipena dela diote: "Egingo dugu Regueibertso bi; ez dakigu noiz eta zelan, baina egingo dugu, seguru; honek izango du jarraipena". Egitasmoaren sustatzaile diren Arratiako institutua, Bertsozale Elkartea eta Arratiako Bertso Eskola apustuaren aldekoak dira.

Denetarik, nonahi

Denetarik, nonahi

Natalia Salazar Orbe

Kultur jarduerek eta ikuskizunek beteko dituzte datozen asteetan Bilboko auzo eta txoko guztiak. 180 ikuskizun eta jarduera baino gehiago jasota iritsi da Kultura Kalez Kale kanpaina. Maiatzean eta ekainean aukera zabala eskainiko diete denetariko gustuak dituzten ikus-entzuleei. Zirkua, clown erakusketa, magia, antzerkia, ipuin kontalariak, zinema aire zabalean, hitzaldiak, kontzertuak zein kaleko bandek eskainiko duten musika animazioa eta bestelakoak ez dira faltako, orain artean bezala, udara bitarteko egunetan ere.

Hirian erreferentzia bilakatu diren programek osatzen dute eskaintza zabal horren atal handi bat. XII. Magia Topaketak dira horietako bat. Hogei mago inguru eramango dituzte programa horren barruan Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetara. Bertan zein nazioartean gero eta indar eta oihartzun handiagoa hartzen ari diren profesionalak batuko dituzte maiatzean. Adin guztietako ikus-entzuleek saio ugariz gozatzeko aukera izango dute. Hilaren 18an, esaterako, David Blancok eta Asier Kidamek Mr White esan Alakazam ikuskizuna taularatuko dute. Euskara eta ingelesa uztartzen dituen saioa da.

Folkloreak presentzia handia hartuko du. Hirian tradizio handienetakoa duen Dantza Plazetan egitasmoaren barruan, plaza eta bide publikoetan erromeria herrikoiak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiko dituzte hainbat taldek.

Fanfarre klasikoenaren soinuak eta animazioak zein bestelako estilotakoek girotuko dituzte inguruak. Guretzat Fanfarria, Sugarri eta Ardoa Barrura dira lehenengo taldeko adibide batzuk. Eta Orkestra Elektrotxarangak, Kuklux Band Fanfarriak zein Molto Vivacek emango diete dantzaldiei kutsu berritzaileagoa.

Hirugarren urtez jarraian euskal musikarien zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera emango die ikus-entzuleei Euskarazko Musika Lehena Barrutian programak. Ziklo horretako emanaldiak Deustuko hainbat agertokitara eramango dituzte. Ekainean izango dira horiek. Besteak beste, Aire Ahizpak zein Txuma Murugarren zuzenean ikusteko aukera izango da.

Zinemak protagonismo berezia du proposamen guztien artean. Zorrotzako Udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua zabalduko du. Programa horretako saioetan bi film jaialditan ikusitako lan onenen aukeraketa bat eskainiko dute. Hain zuzen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (Zinebi) eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoko (FANT) lanak eskainiko dituzte.

Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak ohikoa bilakatu den aire zabaleko zinema saioa hartuko du ekainaren bukaera aldera, FAS zineklubarekin lankidetzan. Aurten prestatu duten ekitaldian Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin eskainiko dute. Aurkezpen ekitaldi horretan taldeko kideren bat izango dela iragarri dute.

BLV-ART, ekainera

Berrikuntza gisa, orain arte urrian egiten zen BLV-ART egitaraua ekainera aurreratu dute. Ibaiondoko barrutiak hartuko du. Abangoardiako arte jarduerak eramango dituzte Bilbo Zaharreko inguru guztietara.

Adin guztietako ikus-entzuleentzako kale antzerkia eta zirkua ez dira faltako hirian. Barre konpainia, Domi Circo, Panta Rhei zein Rojo Telon euskal konpainiek familiako kide guztiek ondo pasatzeko egin ohi duten lanari eutsiko diote Kalez Kale programaren barruan ere.

Kalearen erabilera dute bereizgarri saio guztiek. Doan izango dira, gainera. Kultur proposamenak auzoetara eramatea du xede kanpainak. Kaleak animatu ere egin gura dituzte, eta biztanleen partaidetza eta haiekin izan beharreko harremanak sustatu. Dagoeneko, oihala altxatu dute Bilbon.

Sudur gorriak baino gehiago

Sudur gorriak baino gehiago

Natalia Salazar Orbe
Estreinaldiz josita iritsi da Arrigorriagara aurten Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Euskal Herrian lehenengoz eskainiko dituzten zortzi ikuskizun taularatuko dituzte; tartean, Japoniatik eta Kanadatik iritsitako Merikoren...

San Frantzisko zenaren oinak

San Frantzisko zenaren oinak

Aitziber Laskibar Lizarribar
Lur azpian egon dira urte luzeetan. Ilunpetan, ezkutuan. 2007. urtean aurkitu zituzten lehen arrastoak, aparkaleku bat egiteko lanak hasi zituztenean. Arrastoen garrantziaz ohartu, eta geldiarazi egin zituzten lanak; bertan...

Ikusten ez den Bilbo

Ikusten ez den Bilbo

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Itogina, inork zeharkatzen ez dituen tunel luze eta isilak eta inora eramaten ez duen atea. Anton Goiri bilbotarrak prestatutako argazki erakusketaren hiru ale dira horiek. Azalpenik eman gabe, nekez asma liteke argazkietako irudi...

Goi mailako musika, eskura

Goi mailako musika, eskura

Natalia Salazar Orbe

Basaurira kalitatezko musika zikloa eramateko helburuz sortu zen MAZ jaialdia, eta iritsi da, beste urtebetez. Bosgarren aldia du aurtengoa. Eta hasieran zuen ilusioz ez eze, esperientziak emandako indarrez lurreratuko da gaur. Lau egunez Euskal Herriko eta nazioarteko artistek hartuko dituzte herriko kaleak eta Social antzokia.

Nabarmentzeko hainbat ikuskizunek osatzen dute aurtengo egitaraua. Gaurkoan nazioarteko hiru artista handi ariko dira Social antzokian: The Long Ryders, The James Hunter Six eta Dan Stuart. Ikuskizun nagusia euren eskutik dator. Hala azaldu du Ibai Villapun MAZ Basauriko komunikazio arduradunak: "Lehen aldiz goi mailako kartel hirukoitza daukagu. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra gurean egingo dute, gainera".

Lehenengoa 1980ko hamarkadan Los Angelesen sortutako Paisley Underground soinuaren ordezkari esanguratsuenetakoen taldea da. Final Wild Songs izeneko lana argitaratu berri dute, eta taldearen formazio klasikoarekin aurkeztuko dute kontzertuan.

Bestalde, munduko soul eta rhythm and blues musikari interesgarrienetako gisa definitu dute James Hunter. Hold on! lan berria aurkeztuko du The James Hunter Six bere taldearekin batera.

Dan Stuartek Green on Red taldea sortu zuen 1980ko hamarkadan. Post-punk eta alt-country estiloak lantzen zituen bertan. Basaurira bakarka eta akustikoan aurkeztuko duen kontzertuarekin iritsiko da.

Nazioartean ospetsu egin diren taldeez gain, kalean edonoren esku jarriko dituzten saioek ere indar handia hartuko dute aurten. "Gero eta izen gehiago eta gero eta potoloagoak agertzen dira egitarau horren barruan". Sonic Trash, Rubia eta Joseba Irazoki eta Lagunak azpimarratu ditu, besteak beste.

Ikusle batzuk eta besteak desberdindu beharraz jabetu dira MAZ Basauriko antolatzaileak. "Kaleko publikoak ez dauka zerikusirik antzokiko publikoarekin. Askotan, bertatik pasatzen den edozein herritar izaten da emanaldia ikustera geratzen dena, eta horrek balio handia dauka guretzat".

Rock estiloak publiko zabalagoa behar du gaur egun iraun nahi badu. "Eta doako kontzertuok, askotan, hasiera batean inongo interesik ez zuen publiko baten arreta bereganatzeko gaitasuna izaten dute". Izan ere, kontzertuak jende asko ibiltzen den kaleetan jartzen dituzte. "Musikariak publiko horrengana gerturatzen ditugu; ez alderantziz".

Bertakoei lekua

Euskal Herriko doinu eta taldeek leku handia hartuko dute MAZ Basaurin. Gasteiztik Moonshine Wagon iritsiko da. Folk, hillbilly eta bluegrass estiloak lantzen ditu hirukoteak. We Are Standard ziren getxoztarrak WAS gisa eraldatuta agertuko dira agertoki gainean datorren asteko ostiralean. Egun horretan bertan argitaratuko dute Gau Ama. Pop elektronikoaren eta dantzatzeko musikaren aldeko apustuari eusten dio taldeak. Hala ere, bertako kutsua ematen dieten tresna eta baliabideak darabiltzate abestietan; besteak beste, txalaparta eta alboka.

Bestalde, Burgosko (Espainia) La Maravillosa Orquesta del Alcohol (La M.O.D.A.) izango da, bihar, Social antzokian. Musika akustikoa eskusoinu, banjo, mandolin eta saxofoiarekin batera nahasten du seikoteak. Taldearen musikak oinarria folk, country eta bluesean badu ere, izpiritua gertuago dute punk eta rock-and-roll estiloetatik.

Bistakoa da bost urtean estilistikoki garapena izan duela kontzertu zikloak. Hasieran soinu alternatiboak nagusitu ziren, oro har. Iaz hasi ziren Basaurin historikoki oso ondo funtzionatu duten beste estilo batzuk gehitzen. "Aurten, adibidez, La M.O.D.A. dator, printzipioz estilo ez hain alternatiboetara gerturatzen diren artistek osatutako taldea. Azken bi urteetan musika beltza ere gehitu dugu; aurten, The James Hunter Sixekin. Rock klasikoagoa ere iaz agertu zen. Nahiz eta pauso horiek eman, soinu alternatiboagoak ere mantendu ditugu: WAS, Yellow Big Machine, Sonic Trash... Guztiak uztartuta emaitza aberatsagoa eta eskaintza oparoagoa lortzen dugula uste dugu".

Txikiak ere, protagonista

Helduen antzera, eta, haiekin batera, musikaz eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan dezaten, etxeko txikientzako espresuki prestatutako saioak izango dira bihar. Herriko kaleetan izango da kultura bizi horrez gozatzeko aukera. TxikiMAZeko ikuskizunak Gacela Thomson talde bilbotarrak eta Txiki Txiki Rock antzezlanak osatuko dituzte aurtengoan. Azken hori euskara hutsean egingo duten lana da. TxikiMAZ bera ere "finkatu egin da".

Kanpora begira Basauri "mapan jartzea" lortu dute. Fest sarietan bost izendapen jaso zituen iaz; eta Iberian Festival Awardseko bi mailatan finalista izan zen.

Barrura begira dute egiteko gehiago. Basauri "mapa kulturalean modu deigarrian jartzeko eta herriko ostalaritzari laguntzatxo bat emateko" sortu zuten. Hala ere, "elkarlan handiagoa" nahiko lukete herriko ostalarien eta jaialdiaren antolatzaileen artean, "emaitzak are hobeak izateko. MAZ Basaurik herriaren ondare izan behar du, eta horrela sentitu behar dute herritarrek eta agenteek. Hor badago zer hobetu: jaialdia herriaren beharren zerbitzura dago; ez alderantziz".

MAZ Basaurik inguruko gainerako zuzeneko musika eskaintzaren osagarri izan behar zuela argi izan dute hastapenetik. "Badira nahikoa jaialdi, eta ez genuen izan nahi zerrenda horretara batzen zen beste bat". Hala, jaialdi batek dituen gauzarik onenak dituzte —giroa, musika...—, jaialdiek dauzkaten gauza txarrak baztertuta. "Guk ez daukagu ilara amaigaberik eta sarrera edo edarien salneurri garestirik; eta gurera oso erraz eta eroso irits daiteke".

Bihotzetik egindako jaialdia

Bihotzetik egindako jaialdia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kale antzerkia, txotxongiloa, clown-a, mikro-antzerkia. Euskarazkoak, gaztelerazkoak eta mutuak. Kalean, merkatuan, eskolan, plazan. Modu, baldintza eta formatu askotan eginak, baina ardatza argi dutenak: antzerkia. Gaur hasi eta igandera bitartean, antzerkiak hartuko ditu Barakaldoko Bagatza auzoko txokoak, lehen aldiz egingo den Bagatza Antzerki Jaialdian.

Programazio zabala prestatu dute jaialdiak iraungo duen hiru egunetarako. Euskal Herriko talde eta emankizun entzutetsuak izango dira Barakaldoko auzoan. Aurrekontu txikiarekin. "Bihotzetik" emandako laguntzari esker.

Izan ere, auzoko hainbat talderen eta elkarteren grina izan da jaialdia antolatu duena. Ideia Malas Compañias zirku taldean piztu zen, bertako Mikel Pikazak azaldu duenez. Euren auzoan antzerki jaialdi bat egiteko ideia sortu, aukera lantzen hasi, eta laguntzaile bila hasi ziren. "Bidelagun horietako gehienak elkarteak dira; gure auzoko taldeak". Malas Compañias zirkuko kideek Bagatzako Jai Batzordearengana jo zuten, jaialdia egiteko ideiarekin. "Gure auzoan kultur eragile nagusia da, dinamikoa, jende asko mugitzen duena eta indarra duena", arrazoitu du zergatia.

Aurten 50 urte bete dituen Ibarra-Kaldu dantza taldea ere bildu zuten taldean. "Auzoko kultur erreferente handia da". Sasiburu euskara taldea eta BAI antzerki eskola gehitu ziren proiektura. Bagatzan du eskola BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak. "Oso interesgarria iruditu zitzaigun eskolak auzoan parte hartzea". Proposatu, eta egin: jaialdirako emanaldia prestatu dute antzerki eskolako ikasleek, eta eskolan bertan plazaratuko dute, bihar gauean. Beste zerbait ere lortuko da horrekin, sustatzaileen esanetan: eskola auzora zabaltzea.

Bestelako ikastetxeak ere proiektuan inplikatzen saiatu dira jaialdiaren bultzatzaileak. Eta jaso dituzte fruituak: Ibaibeko ikastetxeak bat egin du proiektuarekin, eta guraso elkartea prestaketetan bidaide izatea lortu dute.

Auzoa berpizten

Auzoko merkatu zaharra ere bai. Gain behera doa aspaldian Santa Teresa merkatua. Beste garai batean mugimendu eta zalaparta handiko gune zena hilzorian dago. 45 bat postu dituen eremua da, baina, egun, ia-ia denak itxiak ditu. Zortzi bat besterik ez dira geratzen martxan.

Egoerari buelta emateko aukera ikusi zuten antzerki jaialdiaren bultzatzaileek, eta eremuari bestelako erabilera bat ematen saiatzea erabaki zuten. "Merkatuari balioa eman nahi genion espazio sozial moduan ere; erakutsi nahi genuen beste erabilera bat izan dezakeela gure merkatu zaharrak". Esan eta egin. Laguntzaile taldera sartu da Santa Teresa merkatua, eta kultur eremu bihurtuko da egun batez. Antzerki jaialdiko emanaldietako bat han izango da.

Hori guztia izango da jaialdiaren ezaugarri nagusietakoa: auzoko eragileen inplikazioa. Eta ez da kasualitatea. Pikazak azaldu du zergatia: "Gure auzoak ezaugarri berezi batzuk ditu. Jende asko bizi da bertan, baina ez dago azpiegitura kultural eta sozial publikorik; ez dago kultur etxerik, ez dago udalak jarritako gizarte etxerik... Gure auzoan dinamika eta programazio kultural eta sozialak auzoko eragileek egiten dituzte. Hamarkada luzeetan ez dugu izan udal programaziorik".

Horiek hala, jaialdia auzoari bizitza eman eta udala inplikatzeko modu gisa ikusi zuten sustatzaileek. "Iaz ezin izan genuen jaialdia egin, ez genuelako udalaren babesa lortu; baina, aurten, gobernu berriarekin, beste jarrera bat sumatu dugu; laguntzera animatu dira". Eta, hein batean, horrek ahalbidetu du jaialdia: "Gure medioekin soilik ezinezkoa genuen halako zerbait egitea".

Lehen oinarria izan nahia

Gustura dago, beraz, Pikaza. Aurten lortu dute, eta, oraingoz, oso harrera ona izan du, gainera, egitasmoak. Prestaketa lanetarako eragileen eskutik jasotako laguntzaz gain, kalean sumatzen dute ilusioa. Eskoletan ere bai. "Badirudi jendeak nahi duela kaleari eta gure auzoko beste hainbat txokori bizitza ematea". Sare sozialetan ere arrakasta izan du proposamenak. "Lehen bi egunetan, 400 atsegin dut jaso genituen". Hortaz, asteburua ere arrakastatsua espero du. "Zer gertatuko den jakin barik, orain arteko harrera ikusita, baikor izateko moduan gaude".

Aurrera begira, Bagatza Antzerki Jaialdia urteroko hitzordu bilakatzea nahiko lukete sustatzaileek. Baina badakite eginkizun zaila dela, eta, beraz, oraindik ezin dela halakorik iragarri. "Horrelako jaialdi batek jende askoren laguntza eta ekarpena behar ditu; baliabideak behar ditu", dio Pikazak. Eta, aurten, jaialdian parte hartuko duten konpainiek jarri dituzte baliabide gehienak. "Jaialdia jaiotzen lagundu dute, eta ekarpen handia egin dute, baina hori ezin da urtero egin".

Hain zuzen, antolatzaileak beraiek harrituta daude antzerki taldeen eskuzabaltasunarekin. "Nahiko genukeen programazioaren zerrenda egin genuen, eta b plan bat ere bai, zaila baitzen gure zerrenda betetzea. Baina deitu genituen talde guztiek eman ziguten baiezkoa".

Hortaz, eskaintza aberatsa eta orekatua josi dutela dio Pikazak. Euskararen presentzia ziurtatu dute. "Zirku pixka bat egongo da; antzerki puroagoa, eta moldagarriagoa dena ere bai". Txotxongiloak. Haurrentzako emanaldiak, ikusle guztientzat direnak eta espresuki helduentzako eginak.

Sendoa da, beraz, egitaraua, eta apustua denboran mantendu nahi luke Pikazak. Baina, horretarako, udalaren aldetik ere "konpromiso sendoagoa" behar litzatekeela ohartarazi du. "Aurtengoa bihotzetik egindako jaialdia izango da; bai antolakuntzak, bai elkarteek, bai konpainiek bihotzez egindakoa. Hemendik aurrera ere bihotza jarriko dugu, baina ekonomiak baldintzatuko du jaialdiaren etorkizuna".

Kultura astintzeko kimuak

Kultura astintzeko kimuak

N. Salazar - A. Laskibar

Euskal kulturarentzat itsasargia izan nahi duen jaialdia hegaldi betean ari da Bilbon. Udaberrian, euskara hutsean egiten den jaialdi handi bat eraman du Loraldiak Bilbora. Denetariko diziplinak uztartzen dituzten ikuskizunak taularatzen ari dira: dantza, bertsolaritza, artea, musika, literatura eta antzerkia. Eta berritasunez beterik iritsi da. Lanetako asko jaialdirako propio sortutakoak dira. Bestalde, zortzi ikuskizun eskainiko ditu, estreinakoz. Primaderako festibala loratu da.

Astebeteko ibilbidea egin du aurtengo Loraldiak. "Zabal loratuta" deskribatu du jaialdiaren hasiera Imanol Agirre zuzendari artistikoak. Larunbatean hasi zen jaialdia, eta lehen egunen balorazio "oso positiboa" egin du. Datuz lagundu du azalpena: "Oso pozik gaude. Bidador pastorala bete egin zen, eta Hip Hop eta Beatbox jaialdiak 300 pertsona elkartu zituen, gazteak gehienak. Hor dago ardoa emanaldian, 60 pertsona inguru elkartu ziren, eta oso sentipen onarekin atera ziren denak. Alos Quartet taldeak Campos antzokian platea bete zuen. Amaia Lauzirikak Cafe Bar Bilbaon emandako ikuskizunak 50 ikusle batu zituen...".

Bi heren geratzen zaizkio orain jaialdiari, apirilaren 24ra arte, eta orain arteko harrerari eutsiko diotela espero dute antolatzaileek. Asteburuan bi estreinaldi eskainiko dituzte horretarako. Bihar, bata: Laboa jazz ikuskizuna, Iñaki Salvador, Anjel Unzu, Ainara Ortega eta Maria Berasarterekin. Eta, igandean, bestea: Aukeran dantza taldeak Maurizia taularatuko du.

XIX. mendeko lore jokoek euskal kulturgintza sustatu eta hari prestigioa emateko zuten helburuari eutsi dio Bilboko jaialdiak. Bilboko bihotzetik mundura begira abiatzen den sormenaren festa emankorrak bigarren aldia du aurtengoa.

Helburu jakin batzuekin sortu zuten jaialdia, iaz. Hala azaldu du Imanol Agirre antolatzaileak: "Nahi dugu euskal kultura ikusgarri jartzea; nahi dugu erdal mundua euskal kulturara ekartzea; nahi dugu sortzaileentzako espazio erreferentzial bat sortzea; nahi ditugu estreinaldiak eta produkzio propioak sortu...". Oraingoan, dimentsioa da aldatu dutena. Asteburu bateko jaialditik abiatu zenak hiru asteburu hartu ditu aurten.

Gaur egungo kultura etorkizunari begira jarri dute. Horixe da, hain justu, iaz hastapenak egin zituen topaketak eskaini nahi duena. Horretarako, berritzaile izan behar dutela badakite. Eta lan horretan ari dira, buru-belarri.

Denera 40 ekitaldi inguru aurkeztuko dituzte, era guztietako formatuetan. Horiek guztiak hartzeko, hiriko hamahiru espazio baliatuko dituzte: Azkuna zentroa, Arriaga antzokia, Campos antzokia, Cafe Bar Bilbao kafetegia, Ribera kafetegia, Rekalde aretoa, 7 kaleak aretoa, Guggenheim museoa, Kafe Antzokia, La Fundicion aretoa, Arte Ederren Museoa eta Itsasadarra itsas museoa.

Denetariko hiztunak eta adin guztietako herritarrak ditu jomuga jaialdiak: umeentzako antzerkia eta musika eskainiko dituzte; gazteentzako emanaldiak, eta helduentzako ikuskizunak. Bateko eta besteko zaleek aurkituko dute zerbait erakargarri udaberrian loratzen den festibalean.

Aurtengoa bukatu gabe dagoela, datozen bi urteetara begira ere jarriak dira antolatzaileak. Asmoa sormen mundu berritzaileena erakartzea da. Besteak beste, euskarazko opera bat estreinatu gura dute. Euskal sortzaileek badute jada landu eta hazitako lanak loratutako ikuskizun gisara aurkezteko agertokia.