Antzerkigintzaren zaindari

Antzerkigintzaren zaindari

Natalia Salazar Orbe

Artearekin berarekin batera garatu da BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia. Duela hogei urte sortu zen, Barakaldon. Egin duen ibilbide luze horretan hainbat gauza aldatu dira antzerkiaren eta interpretazioaren munduan. Besteak beste, Dantzerti sortu da: Arte Dramatikoko eta Dantzako goi mailako tituluak eskuratzeko eskola. Garrantzitsu deritze Fernando Montoia BAIko zuzendariak era horretako aurrerapausoei.

Lana ez da izan erraza. 1996a zen BAIk ateak zabaldu zituenean. “Antzerki trebakuntzaren alorrean gauza gutxi zegoen gure inguruan”. Hala gogoratu ditu hastapenak Montoiak. “Orain, askoz aukera handiagoa dago: zentroak zabaldu dituzte, beste antzerki eskola batzuk daude, leku asko daude monografikoak ikasteko edo antzerki ikasketak egiteko”.

Arte dramatikoa irakasten dute Barakaldoko ikastegian. Orokortasun horren barruan hainbat alor aurkitzen dituzte. “Antzerki eskola baten moldean jaio ginen: gorputz atala, interpretazio atala, antzerki fisikoaren atala, ahots atala eta antzerkiaren teoria lantzen genituen”. Urteek aurrera egin ahala, ikastaro espezifikoagoak barneratu dituzte: antzerki zuzendaritza, dramaturgia zein eszenografiarekin lotutako hainbat alorrena. “Ahalik eta izaera osatuena ematen saiatu gara”. Hala, gero eta gehiago espezializatu eta profesionalizatu dira.

Gaur egun, hogei ikasletik gora ari dira BAIn alor profesionalean. Haurrentzat ere oso erakargarria da antzerkia. Ehun inguru ari dira ikastegiak eskaintzen dituen tailerretan. Helduentzako tailerrei dagokienez, berrogei ikasle inguru dituzte.

ACT jaialdia

Zerbaitek bultzada eman badio BAIri, ikastegiak antolatzen duen ACT nazioarteko antzerki jaialdiak eman dio. Hamahiru urte daramatza martxan nazioarteko lan laburren antzerki topaketa horrek. Helburu bikoitzarekin abiatu zuten. Batetik, ikasleak, ikastegiko ikasketak bukatuta, konpainia berriekin harremanetan jartzea ahalbidetzeko. Bestetik, konpainia horiek guztiek kongresu erako topaketa bat egiteko aukera izateko, elkar ezagutzeko.

Herrialde bakoitzeko egoera zein den aztertzeko ere aproposa da topaketa. “Euskal Herriko aktoreei eta hemen lanak sortzen ari direnei ateak zabaltzeko modu bat da; kultura benetan balioesten duten leku interesgarrietarako ateak zabaltzen dizkie jaialdiak”. Esperientzia horrek duten helburu nagusia lortzeko bidea eman die: “Ikasleek eskolatik kanpo lan munduan leku bat aurkitu ahal izatea, erabat korapilotsua den eremu artistikoan”.

Antzerki eskolari indargune handia eman dio nazioartean egindako lanak. “Truke asko egin ditugu, irakasleenak zein ikasleenak”. Amsterdam, Londres, Paris, Txekia zein Berlingo eskola eta zentroekin dituzte harremanak. “Trebakuntzaz gain, ikerketa lana eta pedagogikoa izan da gurea; oso polita”.

Behar hori “oso nekagarria” izan da, baina baita “esker onekoa ere”. Sortu zenetik hogei urte igaro diren honetan, ereindakoa biltzen ari dira. “Orain ari gara jasotzen lan horren guztiaren fruituak”.

Europan, aurreratuago

Inbidia sentitzen du Montoiak Europako beste herrialde batzuetan kultura zelan baliosten duten ikusita. “Zenbait herrialdetan artistak zelan dauden ikusi eta hemengo egoerari erreparatuta, aurrehistorian gaude”.

Hala, herrialde horiek kulturaren alorrean egiten ari direnari erreparatu eta zuzenean kopiatu behar dela deritzo. “Zenbait gauza begien bistakoak dira: hasteko, kulturari ezarritako BEZa desagerrarazi behar da”.

Dena den, badira urteekin hobera egin duten hainbat kontu. “Esaterako, Bilbo hiriak kultur eskaintza handia du. Lehenago ez geneukan eskaintza hori guztia. Agintariak gero eta gehiago jabetzen ari dira kultura industria bat dela eta irabazi ekonomikoak sorraraz ditzakeela. Hala ere, aurrerapauso asko eman behar ditugu oraindik mapan leku interesgarri batean kokatzeko”.

Barakaldon aurkitu dute euren lekua; erabat finkatuta daude. Gero eta babes handiagoa sumatzen dute. Arazo ekonomikoei aurre egitea lan zaila bada ere, “leku interesgarrian kokatzea” lortu dute, bereziki, ikerkuntzari dagokionez. “Guretzat prozesu bat izan da ibilbide osoa, ez soilik aktoreak trebatzekoa, baita guretzako ikasketa prozesua ere”.

Bizkaiko Antzerki Ikastegiaren urteurren borobila ospatzeko, hainbat jarduera gauzatzen ari dira urte osoan. Gaur bertan, Inprobisatze Match deritzon saio bat aurkeztuko dute Barakaldo Antzokian. “Eskolako irakasgai bat ikusleekin partekatzeko aretora eramatea bezalako esperientzia bat da. Interpretazio teknika oso dibertigarria eta eraginkorra da; ikusteko oso polita”.

Bi aktore taldek osatutako ikuskizuna da. “Bertsolaritza eran, bat-batean ariko dira aktoreak. Ikus-entzuleek gaiak proposatu behar dituzte, eta gero lanik gustukoena zein izan den bozkatu behar dute. Jai giroa sortzen da. Eskola ireki baten antzekoa da, publiko eta guzti”.

Urteko hirugarren hiruhilekoan eskolari buruzko argitalpen bat aterako dute. Horrez gain, Bagatzako kale antzerki jaialdian parte hartuko dute. Bestalde, BAD eta ACT jaialdietan ariko dira, eta Bilbon eta Barakaldon auzora begira eskola irekiak antolatuko dituzte. Hogei urteko ibilbideari merezi duen ospakizuna emateko festa bat ere prestatuko dute. Bertan, ikastegitik pasatutako ahalik eta ikasle gehien elkartzen saiatuko dira.

Antzerkigintza eta kulturarekiko babes handiagoa eskatu du Montoyak. “Artistei eta konpainiei babesa emanez gero, profesionaliza daitezen uzten badiezu, egiten duten lanetik bizitzeko aukera ematen badiezu, gero eta hobeto egingo dute euren lana. Hala, euren herriko izena mapan kokatuko duten produktuak sortuko dituzte. Begi bistakoa da”.