Kultura

Haur eta gazteentzako 120 film Zinetxiki zikloan

N. S. O.

Zinetxiki zikloa iritsi da, lehenengoz, Bilbora. Batik bat, haur eta nerabeentzako filmak eta jarduerak prestatu dituzte. Denera, 120 film eskainiko ditu, familia osoarentzako saioetan eta ikastetxeetan egin dituzten emanaldietan banatuta. Hamabost herrialdetan ekoitzitako lanak dira. Joan den astean hasi zen, eta gaurtik domekara bitartean, 38 saiorekin gozatzeko aukera izango da.

Hainbat kategoriatan nazioarteko lehiaketarako deialdia eginda, 500 lanetik gora jaso dituzte: film laburrak eta film luzeak. Horietatik 51 aukeratu dituzte sei kategoriatan parte hartzeko: adinaren arabera bereizitako lau atal, Egile Berrien lanen aurkezpena eta Zine Eskolek egindako filmen aurkezpen atala. Zinema egileen belaunaldi berrien aldeko apustua egin du Zinetxikik.

Haur eta nerabeentzako zinema zikloak programa berezi bat eskaini du eskoletarako: haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko zikloetarako. Hainbat ikastetxetako 1.500 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte saio horietan guztietan. Ziklo bakoitzerako proiekzio bereziak antolatu dituzte. Horrez gain, ikasleek eskoletan lan ditzaketen gida didaktikoak banatu dituzte antolatzaileek, osagarri moduan.

Jatorrizko bertsioak

Lehiaketatik kanpo, Zinetxikik hainbat film emango ditu jatorrizko bertsioan. Saio horiek Bilborocken, Arte Ederren Museoan, Docken, El Carmen aretoan, Itsasadarra Itsas Museoan eta Fnac saltokian izango dira.

Japoniar Animazioaren atzera begirakoa da nabarmendu daitekeen sailetako bat. Hayao Miyazakiren lanak ditu protagonista. Bihar eta etzi bi film proiektatuko dituzte: Nausicaä eta Arrietty. Biak ala biak El Carmen aretoan ikusi ahalko dira, 19:00etatik aurrera.

Estreinaldiak atalerako animazioko zazpi film luze eta film labur bakarra iritsi dira, lehenengoz, Bilbora. Bihar Mune, Ilargiaren zaindaria ikusi ahalko da, Arte Ederren Museoan, 18:30etik aurrera.

Haurrak, protagonista

Beste Begirada atalerako hainbat adinetako umeak protagonista dituzten filmak aurkeztu dituzte. Errealitate sozial desberdinei buruz ikuspuntu komuna duten lanak dira. Igandean, Danimarkako Antboy eta Mexikon egindako Little Boy emango dituzte.

Sail berezia antolatu dute Zinetxiki zikloan Zinearen Magia eta Iraganerako Bidaia ataletarako. Animazioko zineman aitzindari izan diren hainbat egileren lanak bildu dituzte bertan. Igandean hamabost saio eskainiko dituzte, Arte Ederren Museoan eta El Carmen aretoan. AEBetako, Brasilgo, Frantziako, Suitzako eta Erresuma Batuko lanak izango dira. Film laburrak dira guztiak. Filmik luzeenak 20 minutuko iraupena du. 11:30ean hasita emango dituzte.

Haurren Nazioarteko Lehiaketaren barruan parte hartzen duten hainbat film ere ikusteko aukera izango da datozen egunetan. Nazioarteko lehiaketako egileen, Zinema Eskoletakoen eta egile berrien lanak ere emango dituzte.

Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre biharko finalaurrekoan

Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre biharko finalaurrekoan

N. Salazar Orbe

Aukera guztiak zabalik daude. Gauza bakarra da jakina: txapela orain arte eskuratu ez duen bertsolari batengana joango dela. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa emozioz beterik ari da jokatzen aurten, eta, motorrak ondo berotuta, azken txanpan sartu aurreko bidean da. Lehenengo finalaurrekoa lehiatzeko eguna iritsi da. Bihar egingo dute, Markina-Xemeinen. Sei lehiakideak erabakita daude: Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria, Joseba Barandiaran, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Txaber Altube.

Saio "erakargarria" iragarri du txapelketako arduradun Jone Narbaizak: iazko finalista bi daude —Uria eta Bartra—. Lehen aldiz txapelketan kantatu duen gazteetako bat ere badago —Altube—. Beste bi beteranoagoak dira —Abarkas eta Barandiaran—. Horrek guztiorrek egiten du Markinako kartela askotariko: "Esperientziadunak eta gazteak elkartuko dira, eta orekatuta dago gizon eta emakumeen presentzia".

Gazteak, ugarituz

Gero eta bertsolari gazte gehiago ari dira parte hartzen txapelketan. Udazkeneko faseko kanporaketetara sailkatu ziren 25 bertsolarietatik seik lehenengoz kantatu dute txapelketan. "Horrek esan nahi du badatozela belaunaldi berriak". Udaberriko fasera 56 bertsolari aurkeztu ziren. Handik 25 igaro ziren udazkeneko kanporaketetara. "Oso positiboa da horietatik sei izatea lehenengoz kantatzen dutenak".

Bertsolari gazteak eta helduak jarriko ditu, aurrez aurre, biharko saioak. Esperientzia dute alde batzuek. Hala ere, horrek ez du emaitza bermatzen. "Badaude zenbait gazte fresko-fresko datozenak, eta ondo ari direnak. Baina esperientzia beti da lagungarria oholtza gainean, jendaurrean eta epaileen aurrean presiopean kantatzeko. Beldurrik ez duten gazte ugari ere badago, ordea".

Finalaurrekoez gain, finalaren emaitza ere zehaztu gabe dago. "Jakin badakigu txapela buru berri batera joango dela; eta erakargarritasun handia dauka horrek. Ikusteko dago baita ere nortzuk sailkatuko diren finalera".

Abenduaren 17ko finala baino lehen hiru finalaurreko lehiatuko dira. Hamazortzi bertsolarik kantatuko dute saio horietan, eta horietatik bost aurreko txapelketetan finalista izanak dira. Gainerako hamahiruak sailkatu egin dira: bost kanporaketetako irabazleak izan dira, eta gainerako zortziak puntuazioagatik pasatu dira.

Orain arteko saioetan maila "ona" erakutsi dute bertsolariek. "Saio guztiak ez dira ateratzen berdin. Denetarik dago, baina saio batzuk bereziki ondo atera dira". Beraz, Bizkaiko Bertsozale Elkartea "pozik" dago txapelketak egin duen ibilbidearekin.

Gainerako saioak

Biharkoaren ostean, Basaurin izango da hurrengo saioa. "Saio orekatua eta maila altukoa" iragarri du Narbaizak: aurreko finaletik Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia iritsiko dira. Gazteen ordezkari gisa, Aitor Bizkarra eta Imanol Uria ariko dira. Eta "esperientziadunak" Joseba Artza eta Beñat Ugartetxea izango dira. "Denetarik izango du; orekatua izango da".

Larrabetzukoa izango da azken agertokia. "Azkena beti da erakargarria, hor erabakiko da-eta nortzuk sailkatuko diren finalera". Horrez gain, "esperientzia gehiagodun bertsolariak" ariko dira kantuan. Eta Etxahun Lekuek etxean kantatuko du. "Hor erabakiko da finala. Plaza polita izango da".

Biharko saioan garaile ateratzen den bertsolaria zuzenean pasatuko da finalera. Gainerakoek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera. Sarrerak aurretik zein egunean bertan eros daitezke. Finalaurrekoak eta finalekoak Bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Txarteldegiak 16:00etan zabalduko dituzte. Abian da ofiziotan zein kartzelan onena ematen saiatuko diren bertsolarien ikuskizuna.

Musika, alde guztietatik

Musika, alde guztietatik

Natalia Salazar Orbe

Musikarekiko lotura estua dauka Urduña herriak. Datuek hala uzten dute agerian: 4.000 biztanle pasatxo ditu, eta musika talde ugari; denetarikoak: Santa Zezilia musika banda, abesbatza bat, Getxa Goi txistulari taldea, Kolektibo Liborio musika taldeen elkartea, hainbat musikari profesional eta euskal musika tresnen Fita Fik eskola. Era horretako herri bat izanik, aspalditik ospatzen dute musikarien eguna. Azken urteetan, denek elkarrekin antolatu dute. Hala, hilaren 22a Santa Zezilia eguna dela eta, Urduñako Musika Astea egingo dute.

Gaur hasita, bi asteburutarako hogei kontzertutik gora prestatu dituzte, eta hainbat jarduera. Betiere, "musika bizitzara ekartzeko asmoz. Nahiz eta berez Urduña herri musikala izan, eta musikarekin harreman zuzena duen". Hala azaldu du Eriz Perezek. Santa Zezilia bandarekin batera Musika Astea antolatzen duen Kolektibo Liborio elkarteko kidea da, eta Kultura zinegotzia.

Denetariko musika estiloez gozatzeko aukera emango du jaialdiak: rock, blues, pop, jazz, runba... Aurten berritasunak ere izango dira, gainera: "Bolero talde bi izango dira, rockabilly taldeak, flamenkoa, kubatar musika eta funkya. Denetarik dago entzuteko. Edozein gunetan edozein kontzertu" aurkituko dute bertakoek eta bisitariek.

V. Poteo Musikalaren barruan egingo dira kontzertu gehienak, Kolektibo Liborio elkarteak antolatuta. Bospasei tabernatan egiten dira saioak, aldi berean. Eguerdi edo gau aldera antolatzen dituzte kontzertuok. "Urduñan, jende ugari elkartzen duten lekuak dira tabernak". Hala, musika eramaten dute gune horietara. Virginia Alonso eta The Pushermen ariko dira gaur, lehen saioan.

Bihar eta etzi egingo dituzte aldi berean talde gehien elkartuko duten bi saioak. Arrakasta handiko ekitaldia izan ohi da. "Jendeak eskuko egitaraua hartzen du, eta tabernaz taberna joaten da leku bakoitzean zer dagoen entzutera".

Jarduera berezia

Urteekin kontzertu saioak antolatzen eta egokitzen asmatu dute. "Lehen aldian hamar kontzertu egin genituen aldi berean. Baina jendea kexatu egin zen, ezin zituztelako talde guztiak ikusi. Beraz, moldatu egin ditugu". Jarduera "bitxia" da. Eta, aurten, taberna gehiagok bat egin dute proiektuarekin.

Herriko musikari askoren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du jaialdiak. Beti izaten dute lekua Musika Astean. The Pushermen, Versen, Peri & Gros, Siroka... Harrobi handia eta kalitatezkoa eta profesional mordoa dituzte Urduñan.

Agertokiei dagokienez, hainbat izango dira: Romulo, Mugalde eta Amnesia Inn tabernak, besteak beste. Foru plaza, gaztetxea, Alondegia, Andra Mari eliza eta herriko kaleak ere astinduko dituzte batzuen eta besteen soinuek.

Izan ere, musika modernoaz gain, klasikoak eta herrikoiak ere izango dute lekua. Urduñako musika taldeen kontzertuak emango die hasiera ospakizunei, gaur. Hainbat taldek parte hartuko dute: Fita Fik musika eskolak, Biguri eta Barcina jota abeslariek, herri kantak abesten dituen taldeak, Fernando Egiluzek, Urduñako Oilarrak taldeak, Getxa Goi Txistu taldeak, Urduñako Abesbatza elkarteak eta Santa Zezilia bandak.

Bestelako jarduera bitxi bat ere prestatu du bandak berak: Kontzertua familian. Datorren asteko ostiralean egingo dute, Alondegian. Zinemako, telebistako eta telesailetako soinu banden abestien kontzertua emango dute. Jarduera horrek ez daukala berritasunik aitortu du bandak berak. Baina, musikaz gain, bideo zatiak eta mozorroak ere baliatuko dituzte.

Familia osoarentzako ikuskizuna izango da. Hala iragarria zuen Jesus Urrutia Graciak. Santa Zezilia bandaren zuzendari gonbidatua da bera: "Denek gozatuko dute, adina gorabehera. Oso melodia ezagunak ditugu esku artean: Game of Thrones telesailarena eta The Magnificent Seven filmarena, kasurako. Haurrentzako filmen doinuak ere izango dira. Musikaren festa handi bat izan dadin saiatuko gara".

Berritasunak eta emozioak ematen diote xarma musikari, haren esanetan. "Jendeak gustuko izaten du musika klasikoa, eta ez da galdu behar; beti egongo da hor. Esperimentatzeko aprobetxatu behar dugu, ordea, eta gauza berriak egin behar ditugu".

Urteetan musika talde edo eragile bakoitzak bere kabuz antolatzen zituen musika emanaldiak bateratu egin ditu Musika Asteak. Santa Zezilia bandak lan handia egin du hainbat urtetan. Hala sinetsita dago Eriz Perez. "Oso garrantzitsua da musika banda bat izatea Urduña bezalako herri txiki batean. Tradizio handiko elkartea da". Taldeak egitarau propioa du jaialdiaren barruan.

Musika Astearen sustraiek heldu diote Urduñari; urteekin finkatu egin da jaialdia. "Jendea zain izaten da, euren agendetan sartua izaten dute". Etorkizunean ere bide horretatik jarraitzeko modua izan nahiko lukete. Eta berritasunak ere ez dituzte baztertu. "Ondo legoke pauso bat aurrera ematea". Hori lortzeko bidea egiten lagunduko dieten bidelagunen bila jarraitzen dute. "Bisitariei bertaratzeko deia egin nahi diegu. Asteburu bakar batean hogei kontzertutik gora ikusi ahal izango dituzte gurea bezalako herri txiki batean".

Aldaketen hiriburua

Aldaketen hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Begi birekin begiratu beharrean, bi objektiborekin begiratzen zion Jesus de Etxebarria argazkilari bizkaitarrak munduari (Bilbo; 1882-1962). Argazki kamera hartu, eta hiru dimentsiotan Bilbo betieretzeko saioa egin zuen. Modernoa ...

Hitzek utzitako ondarea josiz

Hitzek utzitako ondarea josiz

Natalia Salazar Orbe

Nire aipamenak izango dira beste laurogei urtean". Hala iragarri zuen Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolariak. Eta asmatu egin zuen gipuzkoarrak. Txirrita eta aurten euren jaiotzen zein heriotzen urteurrenak betetzen dituzten egileak gogoan izango dituzte hileon, Durangon, Hitzari Gorazarre zikloaren bidez. Gaur hasi eta azaroaren 18ra bitartean hainbat jarduera eta ekitaldi egingo dituzte literaturaren arloan garrantzi berezia izan duten egileak gogora ekarriz.

"2016 urte berezia da literaturaren arloan, hainbat idazleren urteurrena delako. Entzutetsuenak Shakespeare eta Cervantes dira, baina badira beste hainbat ere". Gertuagora etorri, eta hemengo idazleak ekarri ditu gogora Eneko Barberena Plateruena kafe antzokiko zuzendari eta Hitzari Gorazarre zikloaren antolatzaileak. 400 urte igaro dira William Shakespeare eta Miguel de Cervantes literatura ingelesaren eta espainiarraren adierazlerik nagusienak hil zirela. Aldi berean, 150 urte igaro dira Evaristo Bustinza Lasuen Kirikiño irakasle, poeta, kazetaria eta idazlea jaio zela; 110, Felipe Arrese Beitia idazle eta poeta hil zela; eta, 80, Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita hil zela. Durangon gertaera horien inguruan zerbait euskaraz egin behar zutela iritzita, herriko zenbait eragile elkartu ziren. Berbarok, Karrika antzerki taldeak, Plateruena kafe antzokiak, Udal Bibliotekak, San Agustin kulturguneak eta Gerediaga elkarteak antolatu dute zikloa, udalaren laguntzarekin.

Hala, herritarrei idazle horiek eta haien obra gogorarazteko ahalegina egingo dute herrian. Josemari Carrereren Ipuin berriak saioak emango die hasiera jardunaldiei, gaur. "Egile horiek oinarri hartuta, ipuin kontaketa egingo du. Denak josten saiatuko da ipuinen bidez".

Miguel de Cervantesen obra ezaguna izango du hizpide hilaren 9an Koldo Izagirre idazleak. Musde Kixot zaldunaren mentura ikaragarriak euskaldunon munduan izenburupean, hitzaldia emango du Plateruena kafe antzokian. Modu bitxi batean egingo du Euskal Herriarekiko, eta, zehatzago, Bizkaiarekiko lotura: "Kixote obran dagoen euskaldunon presentzia aztertuko du. Zehatzago, bizkaitarrak azaltzen diren pasarteen berri emango du. Koldok ohiko zorroztasun eta umorez aztertuko du nola agertzen garen islaturik obran".

Bertsolariek hartuko diete lekukoa ipuinei eta kontakizunei. Hala ere, ikus-entzuleek ez dute ohiko bertso saiorik espero behar. Bertso trama antolatu dute azaroaren 11rako. Josu Goikoetxeak idatzitako trama irakurriko du egileak berak, eta narrazio hori bertsoarekin uztartuz joango dira. Horretarako, lau bertsolarik hartuko dute parte ekitaldian: Jon Maia, Miren Amuriza, Eneko Abasolo Abarkas eta Txaber Altubek. "Bertsolariak Josuk egindako narrazio horretan kokatzen joango dira, eta narrazio horretan parte hartuko dute bertsoak abestuz".

Azaroaren 12rako bi ekitaldi prestatu dituzte. Hozkailu barruan lotan literatur instalazioa aurkeztuko dute Miriam Peñak eta Peru Magdalenak, batetik. 9 eta 12 urte arteko haurrentzat da, eta parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du.

Durangoko kaleetan barrena ere literatura ibilbidea egiteko aukera eskainiko du Gerediaga elkarteak. Hain zuzen, Durangaldeko idazleak Durangon zehar ibilbide literarioa antolatu du. "Durangoko kaleetan hainbat erreferentzia daude idazleei eta literaturari buruz". Hainbat idazle izango dituzte hizpide: Bizenta Mogel, Felipe Arrese Beitia, Kirikiño... "Durangon idazleek duten isla agerrarazteko" baliatuko dute ibilbidea. Hor parte hartzeko ere beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Irakurle kluba ezin zen geratu ziklo horretatik kanpo, noski. Hala, azaroko saioan, Shakespeareren Hamlet obra aztertuko dute. Hilaren 16an izango da. Danele Sarriugartek dinamizatu eta gidatuko du saioa.

Idazle ingelesak protagonismo berezia hartuko du Durangoko zikloan. Karrika antzerki taldeak ere inspirazio iturri gisa hartu du azken egunean taularatuko duen antzezlana konposatzeko: Deshakespearezioa lana egiteko, Shakespeareren hainbat testu uztartu ditu taldeak. "Horiek oinarri hartuta, gaur egungo testuingurura ekarri, eta jolas egingo dute. Hainbat atalez egindako obra bat izango da". 22:00etan antzeztuko dute.

Denak dira estreinaldiak

Barberenak ez du izan askoz gehiegi aurreratzerik zikloko antzezlan, hitzaldi eta bestelako jarduerei buruz. Izan ere, ekitaldi eta lan guztiak ziklo horretarako espresuki sortuak dira. "Dena estreinatuko da zikloaren barruan".

Euskarazko sorkuntzari eta euskarazko sormen lanari bultzada emateko modu bat ere bada Hitzari Gorazarre. Abenduan herrian bertan egingo den Durangoko Disko eta Liburu Azokaren atarietan gauzatuko dute. Hala ere, "ekimen independente bat" da: "Argi genuen 2016an egin behar genuela. Abenduan azokak duen protagonismoa ikusita, eta urrian herrian jaiak izanik, azaroa zen datarik aproposena". Zikloak ez du jarraipenik izango, printzipioz. "Unean uneko zerbait izan da".