Haur eta gazteentzako 120 film Zinetxiki zikloan

N. S. O.

Zinetxiki zikloa iritsi da, lehenengoz, Bilbora. Batik bat, haur eta nerabeentzako filmak eta jarduerak prestatu dituzte. Denera, 120 film eskainiko ditu, familia osoarentzako saioetan eta ikastetxeetan egin dituzten emanaldietan banatuta. Hamabost herrialdetan ekoitzitako lanak dira. Joan den astean hasi zen, eta gaurtik domekara bitartean, 38 saiorekin gozatzeko aukera izango da.

Hainbat kategoriatan nazioarteko lehiaketarako deialdia eginda, 500 lanetik gora jaso dituzte: film laburrak eta film luzeak. Horietatik 51 aukeratu dituzte sei kategoriatan parte hartzeko: adinaren arabera bereizitako lau atal, Egile Berrien lanen aurkezpena eta Zine Eskolek egindako filmen aurkezpen atala. Zinema egileen belaunaldi berrien aldeko apustua egin du Zinetxikik.

Haur eta nerabeentzako zinema zikloak programa berezi bat eskaini du eskoletarako: haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko zikloetarako. Hainbat ikastetxetako 1.500 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte saio horietan guztietan. Ziklo bakoitzerako proiekzio bereziak antolatu dituzte. Horrez gain, ikasleek eskoletan lan ditzaketen gida didaktikoak banatu dituzte antolatzaileek, osagarri moduan.

Jatorrizko bertsioak

Lehiaketatik kanpo, Zinetxikik hainbat film emango ditu jatorrizko bertsioan. Saio horiek Bilborocken, Arte Ederren Museoan, Docken, El Carmen aretoan, Itsasadarra Itsas Museoan eta Fnac saltokian izango dira.

Japoniar Animazioaren atzera begirakoa da nabarmendu daitekeen sailetako bat. Hayao Miyazakiren lanak ditu protagonista. Bihar eta etzi bi film proiektatuko dituzte: Nausicaä eta Arrietty. Biak ala biak El Carmen aretoan ikusi ahalko dira, 19:00etatik aurrera.

Estreinaldiak atalerako animazioko zazpi film luze eta film labur bakarra iritsi dira, lehenengoz, Bilbora. Bihar Mune, Ilargiaren zaindaria ikusi ahalko da, Arte Ederren Museoan, 18:30etik aurrera.

Haurrak, protagonista

Beste Begirada atalerako hainbat adinetako umeak protagonista dituzten filmak aurkeztu dituzte. Errealitate sozial desberdinei buruz ikuspuntu komuna duten lanak dira. Igandean, Danimarkako Antboy eta Mexikon egindako Little Boy emango dituzte.

Sail berezia antolatu dute Zinetxiki zikloan Zinearen Magia eta Iraganerako Bidaia ataletarako. Animazioko zineman aitzindari izan diren hainbat egileren lanak bildu dituzte bertan. Igandean hamabost saio eskainiko dituzte, Arte Ederren Museoan eta El Carmen aretoan. AEBetako, Brasilgo, Frantziako, Suitzako eta Erresuma Batuko lanak izango dira. Film laburrak dira guztiak. Filmik luzeenak 20 minutuko iraupena du. 11:30ean hasita emango dituzte.

Haurren Nazioarteko Lehiaketaren barruan parte hartzen duten hainbat film ere ikusteko aukera izango da datozen egunetan. Nazioarteko lehiaketako egileen, Zinema Eskoletakoen eta egile berrien lanak ere emango dituzte.