Gorbeia inguruko ipuin, mito, istorio eta hizkerek badute gordelekua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mari Anbotokoa. Jentilak. Gizotsoa. Aduak. Laminak. Sorginak. Sarri agertzen dira Bizkaiko mitologia, istorio eta ipuinetan. Deabrua, landareak, arimak eta animaliak ere bai. Kantak. Usadioak. Pasadizo aberatsak gordetzen ditu herri memoriak, herri hizkera aberatsean. Baina gordeegi daude gaur egun; ezkutuegi. Lehen herri osoak ezagutzen zituen mitoak gutxi batzuek gordetzen dituzte egun; adinean gora doazenek, gainera. Hori da Gorbeialdeko kasua, esaterako. Mendeetan ahoz ahoko tradizioari esker bizirik mantendu diren ehunka ipuin, istorio, pertsonaia eta kontakizun ditu. Hizkera berezian gordeak eta kontatuak. Horiexek betikotzeko helburuz, urteetan ondutako lana liburu mardul batean jaso du Juan Manuel Etxebarria Aiesta filologo, ikertzaile eta idazleak: Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II liburuan.

Jose Migel Barandiaranen taldekide izana da Etxebarria, eta egun Euskaltzaindiko kide da. Bilketa sakona egin du, 1975. urtean hasi zenez geroztik. “Urte horretan sartu nintzen On Jose Migel Barandiaranen Etniker-Bizkaia taldean”, kontatu ditu lanaren lehen urratsak Deustuko Unibertsitateko irakasle emerituak. “Bileretako batean, Gorbeialdean entzundako mito bat kontatu nion Barandiarani”. Etnografo ohoretsuak ea kontakizuna non jaso zuen galdetu zion; berezia eta balio handikoa zela entzundakoa. Ikertzaileak azaldu zion ez zela espresuki haren bila ibili; bere herrian, Zeberion entzuna zuela, eta bazekizkiela antzeko kontu gehiago ere.

Barandiaranek bultzatuta eta haren metodologiei jarraituta, lanean hasi zen Etxebarria. 1995. urtean argitaratu zen lehen emaitza. Hamar herritan jasotako 200 bat mitorekin, liburua kaleratu zuen.

Kontakizun asko kanpoan geratu zitzaizkion, ordea. Eta, liburua argitaratu ondoren ere, ez zen geldirik geratu. Zeberion hasi, eta inguruetako herrietara zabaldu zuen ikerketa, Gorbeia inguru osora. Beste 450 kontaketa batu ditu, orain, zenbaki berrian. 102 berriemaile entzun, haietako bakoitzaren esanak hitzez hitz transkribatu, eta 788 orriko lan batean jaso ditu. 23 herritako kontakizunak dira bertan bildutakoak: Zeberio, Ubide, Otxandio, Zeanuri, Areatza, Artea, Arantzazu, Igorre, Dima, Lemoa, Bedia, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Arrankudiaga, Laudio, Arrigorriaga, Elexalde Basauri, Arakaldo, Orozko, Baranbio, Zollo eta Bilbokoak. Baranbio eta Zollo ez dira herri gaur egun, baina hizkera eta istorio bereziak mantentzen dituztela eta, hala mantendu ditu filologoak. Bilbori dagokionez, Malmasin ertzeko kondairak eta hizkera jaso ditu, Gorbeialdekoarekin lotura aurkitu duelako bertan.

Zehaztasuna

Zehaztasuna izan du oinarri nagusi Etxebarriak lanean. Zorrotza da horretan. Izan ere, badaki galtzear diren esapide eta istorioak direla batutakoak, eta, geroari begira, ondarea ahalik eta fidelen gordea utzi nahi du. Ondorengo ikerketak oinarri okerretik abiatuko lirateke bestela. Hori dela eta, transkripzioak bertsio bitan eskaini ditu idazleak: etnotestua du orri bakoitzaren alde batek, entzundakoak ahalik eta modurik zehatzenean jasotzeko bertsio fonologikoan idatzia. Beste aldeak bertsio etimologikoa du, jasotakoa errazago uler dadin.

Balio horixe goraipatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak liburuaren aurkezpenean: “Zertarako den baliagarria? Euskararen nondik norakoak ezagutu eta katebegia ziurtatzeko. Zinezko corpusak egiteko. Gerorako oinarri sendoak jarriko ditu horrek”.

Eta, helburu horrekin, elkarlanean aritu dira bai idazlea bera, eta bai Euskaltzaindia eta Deustuko Unibertsitatea. Elkarlanean aurkeztu dute liburua, eta horixe txalotu du Jose Antonio Rodriguez Ranz Deustuko Unibertsitateko erakunde harremanetarako errektoreordeak: “Nik beti diot gure herriaren izaera eta gaitasuna ez dagoela tamainan, baizik gauzak egiteko eran; elkarlanean”. Bide beretik segitzeko asmoa azaldu du gainera. “Gure izate kolektiboaz ari gara”. Oraingoan, Gorbeialdeko “memoria biziaz”.