Aldaketen hiriburua

Aldaketen hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Begi birekin begiratu beharrean, bi objektiborekin begiratzen zion Jesus de Etxebarria argazkilari bizkaitarrak munduari (Bilbo; 1882-1962). Argazki kamera hartu, eta hiru dimentsiotan Bilbo betieretzeko saioa egin zuen. Modernoa dirudi teknikak, baina XX. mende hasieran egin zuen lan hori. Argazkilariaren bildumatik hamasei argazki aukeratu, eta erakusketa jarri dute ikusgai Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Betaurreko berezi batzuk jantzita, joan den mendeko hiriburuko gizartearen lagin bat ikusi ahal izango du bisitariak bertan. Urtarrilaren 15era bitarte egongo da zabalik.

Ilusio bat dirudite Etxebarriaren lanek. Lehen begiratuan, irudi lezake argazkietako elementuak irudietatik atera eta ukitu ere egin daitezkeela. Hori zen, hain zuzen ere, argazkilari bilbotarraren helburua. Bilbo ahalik eta errealen betieretu nahi izan zuen. Eta XX. mende hasierako hiriburuko herritarrak jarri zituen kameraren objektiboaren aurrean horretarako. Eraldaketa industrial eta politikoan murgilduta zegoen hiriburua Etxebarriaren garaietan. Eta itsasadarraren inguruan antolatzen hasi zen hiriburuko eta herrialdeko ekonomia.

Orduko aldaketa horiek irudietan gorde zituen argazkilariak. Euskalduna ontziolako langileak, Artxandako nekazarien errealitatea eta hiriburuko meategietako lanak dira hiru dimentsiotan jaso zituen gaietako batzuk. Orduko landa eremuaren eta itsasadarrean indarra hartuz joan zen industriaren uztarketa erakusten zuten irudiak ikus daitezke Itsasadar Museoan. Eta, irudi bidez, historiaren kronika txiki bat egiten du erakusketak.

Hiru dimentsiotako Bilbo

Duela ehun urteko Bilbo ageri da Etxebarriaren lanetan. Eta nabariak dira hiriburuak ordutik hona jasan dituen aldaketak. San Luis izeneko meategiaren irudia da berezienetako bat. Iraganeko Bilbo eta gaur egungoaren aldaketaz jabetzeko aukera ematen du Miribilla auzoan zegoen mea zuloaren irudiak. Hiriburuko auzo berrienetakoa da Miribilla, eta, XX. mendeko iragan meatzari hori gogoratzeko, meategiaren izena du kale batek orain.

Berritzailea izan zen Etxebarriak erabilitako teknika. 1852an egin zuen lehen kamera estereoskopiko binokularra John Benjamin Dancer britainiarrak. Eta urte gutxira erosi zuen Etxebarriak berritzailea zen kamera eredu horretako bat. Modakoa zen argazkiak ateratzeko teknika hori, eta familia burges bateko partaide izatean, horrelako gailuak lortzeko baliabide ekonomikoak bazituen Etxebarriak. 2.000 xafla baino gehiago egin zituen argazkilariak bere bizitzan. Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Paris eta Londresen ere aritu zen irudiak hartzen.

Giza ikusmena erreproduzitzeko saiakera egiten dute kamera estereoskopikoek. Bi objektibo erabiliz, bi argazki ateratzen dizkio gai berari, bata eta bestearen artean 65 milimetroko distantzia utziz. Irudi bat urdinez jartzen da, eta bestea, gorriz. Kolore bera duten betaurrekoak erabiliz, begi bakoitzak irudi ezberdina ikusi eta hiru dimentsiotako efektua lortzen da.

Ikusleak XX. mende hasierako Bilbora jauzi egitea lortzen du Etxebarriak teknika horren bidez. Kartoizko betaurrekoak ematen dituzte museoan irudiak hiru dimentsiotan ikusi ahal izateko. Baina, argazkiez gain, bestelako materialak ere jarri dituzte ikusgai erakusketan. Tartean, Etxebarriak erabiltzen zituen egurrezko betaurrekoak eta bere bizitzan erabilitako argazki kamerak.