Hitzek utzitako ondarea josiz

Hitzek utzitako ondarea josiz

Natalia Salazar Orbe

Nire aipamenak izango dira beste laurogei urtean”. Hala iragarri zuen Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolariak. Eta asmatu egin zuen gipuzkoarrak. Txirrita eta aurten euren jaiotzen zein heriotzen urteurrenak betetzen dituzten egileak gogoan izango dituzte hileon, Durangon, Hitzari Gorazarre zikloaren bidez. Gaur hasi eta azaroaren 18ra bitartean hainbat jarduera eta ekitaldi egingo dituzte literaturaren arloan garrantzi berezia izan duten egileak gogora ekarriz.

“2016 urte berezia da literaturaren arloan, hainbat idazleren urteurrena delako. Entzutetsuenak Shakespeare eta Cervantes dira, baina badira beste hainbat ere”. Gertuagora etorri, eta hemengo idazleak ekarri ditu gogora Eneko Barberena Plateruena kafe antzokiko zuzendari eta Hitzari Gorazarre zikloaren antolatzaileak. 400 urte igaro dira William Shakespeare eta Miguel de Cervantes literatura ingelesaren eta espainiarraren adierazlerik nagusienak hil zirela. Aldi berean, 150 urte igaro dira Evaristo Bustinza Lasuen Kirikiño irakasle, poeta, kazetaria eta idazlea jaio zela; 110, Felipe Arrese Beitia idazle eta poeta hil zela; eta, 80, Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita hil zela. Durangon gertaera horien inguruan zerbait euskaraz egin behar zutela iritzita, herriko zenbait eragile elkartu ziren. Berbarok, Karrika antzerki taldeak, Plateruena kafe antzokiak, Udal Bibliotekak, San Agustin kulturguneak eta Gerediaga elkarteak antolatu dute zikloa, udalaren laguntzarekin.

Hala, herritarrei idazle horiek eta haien obra gogorarazteko ahalegina egingo dute herrian. Josemari Carrereren Ipuin berriak saioak emango die hasiera jardunaldiei, gaur. “Egile horiek oinarri hartuta, ipuin kontaketa egingo du. Denak josten saiatuko da ipuinen bidez”.

Miguel de Cervantesen obra ezaguna izango du hizpide hilaren 9an Koldo Izagirre idazleak. Musde Kixot zaldunaren mentura ikaragarriak euskaldunon munduan izenburupean, hitzaldia emango du Plateruena kafe antzokian. Modu bitxi batean egingo du Euskal Herriarekiko, eta, zehatzago, Bizkaiarekiko lotura: “Kixote obran dagoen euskaldunon presentzia aztertuko du. Zehatzago, bizkaitarrak azaltzen diren pasarteen berri emango du. Koldok ohiko zorroztasun eta umorez aztertuko du nola agertzen garen islaturik obran”.

Bertsolariek hartuko diete lekukoa ipuinei eta kontakizunei. Hala ere, ikus-entzuleek ez dute ohiko bertso saiorik espero behar. Bertso trama antolatu dute azaroaren 11rako. Josu Goikoetxeak idatzitako trama irakurriko du egileak berak, eta narrazio hori bertsoarekin uztartuz joango dira. Horretarako, lau bertsolarik hartuko dute parte ekitaldian: Jon Maia, Miren Amuriza, Eneko Abasolo Abarkas eta Txaber Altubek. “Bertsolariak Josuk egindako narrazio horretan kokatzen joango dira, eta narrazio horretan parte hartuko dute bertsoak abestuz”.

Azaroaren 12rako bi ekitaldi prestatu dituzte. Hozkailu barruan lotan literatur instalazioa aurkeztuko dute Miriam Peñak eta Peru Magdalenak, batetik. 9 eta 12 urte arteko haurrentzat da, eta parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du.

Durangoko kaleetan barrena ere literatura ibilbidea egiteko aukera eskainiko du Gerediaga elkarteak. Hain zuzen, Durangaldeko idazleak Durangon zehar ibilbide literarioa antolatu du. “Durangoko kaleetan hainbat erreferentzia daude idazleei eta literaturari buruz”. Hainbat idazle izango dituzte hizpide: Bizenta Mogel, Felipe Arrese Beitia, Kirikiño… “Durangon idazleek duten isla agerrarazteko” baliatuko dute ibilbidea. Hor parte hartzeko ere beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Irakurle kluba ezin zen geratu ziklo horretatik kanpo, noski. Hala, azaroko saioan, Shakespeareren Hamlet obra aztertuko dute. Hilaren 16an izango da. Danele Sarriugartek dinamizatu eta gidatuko du saioa.

Idazle ingelesak protagonismo berezia hartuko du Durangoko zikloan. Karrika antzerki taldeak ere inspirazio iturri gisa hartu du azken egunean taularatuko duen antzezlana konposatzeko: Deshakespearezioa lana egiteko, Shakespeareren hainbat testu uztartu ditu taldeak. “Horiek oinarri hartuta, gaur egungo testuingurura ekarri, eta jolas egingo dute. Hainbat atalez egindako obra bat izango da”. 22:00etan antzeztuko dute.

Denak dira estreinaldiak

Barberenak ez du izan askoz gehiegi aurreratzerik zikloko antzezlan, hitzaldi eta bestelako jarduerei buruz. Izan ere, ekitaldi eta lan guztiak ziklo horretarako espresuki sortuak dira. “Dena estreinatuko da zikloaren barruan”.

Euskarazko sorkuntzari eta euskarazko sormen lanari bultzada emateko modu bat ere bada Hitzari Gorazarre. Abenduan herrian bertan egingo den Durangoko Disko eta Liburu Azokaren atarietan gauzatuko dute. Hala ere, “ekimen independente bat” da: “Argi genuen 2016an egin behar genuela. Abenduan azokak duen protagonismoa ikusita, eta urrian herrian jaiak izanik, azaroa zen datarik aproposena”. Zikloak ez du jarraipenik izango, printzipioz. “Unean uneko zerbait izan da”.