N. S. O.
Bilboko Udalak eskatutako ikerketa batek ebatzi du Artxondoko harrobia betetzeko proiektuak ez duela errespetatzen Pagasarrirako Plan Berezia. Hain zuzen ere, proiektu hori gauzatzeko Cementos Rezola enpresari emandako baimenak ez du legea bet...
Gizartea
Ijitoen egun handia
Aitziber Laskibar Lizarribar
Asko dira gure artean. 10.000 ijito baino gehiago bizi dira Bizkaian, Kale Dor Kayiko elkartearen kalkuluen arabera. Baina ezezagunak dira herritar gehienentzat. Haiekiko irudi okerra dago, oro har, eta urrutitik begiratzen...
Lau urteren ostean, zauria ezin itxi
Natalia Salazar Orbe
Urteurren latza dakar asteburuak. Bihar lau urte beteko dira Ertzaintzaren pilotakada batek buruan jo eta lau egunetara Iñigo Cabacas Basauriko gaztea hil zela. Familiak eta lagunek ez dute ahazten. Ezta gutxiago ere. Justizia eskatzen dute. Izan ere, argitasun baino iluntasun handiagoarekin jarraitzen du, lau urteren ostean, heriotza hura argitzeko auziak.
Egunotan bereziki dute gogoan gertatutakoa. Bihar, omenaldia egingo diote Cabacas hil zuten leku berean: Maria Diaz de Haro kaleko Kirruli tabernaren aurrean. 12:30ean jarri dute ordua. Auzia argitu eta gaztearen heriotzaren inguruan egondako erantzukizunak argi daitezela eskatzeko aldarrikapenarekin bat egin duten kultura eta kirol arloko pertsonen berri emango dute bertan. Bestalde, iganderako manifestaziora deitu dute. 17:30ean aterako da, Justizia Auzitegitik, eta Cabacas pilotakadaz jo zuten leku berean bukatuko da. Joan den asteazkenean giza katea egin zuten, gaztearen lankideek deituta. Plaza Biribiletik atera ziren, eta PSE-EEren egoitzan bukatu zuten protesta. Beste ekitaldi batzuk ere izan dira asteon: EHUko Leioako campusean bata. Athleticen partida hasi aurretik gaztea hil zuten lekuan atzo egin zutena bestea.
Auzi haren inguruan gauza asko daude argitzeke oraindik. Senide eta lagunek ez dakite nork jaurti zuen Cabacas hil zuen pilota. 2012ko apirilaren 5 hartan gertatutakoa ez da argitu, eta epaiketarik ere ez dute egin.
Datorren astelehena hitzordu garrantzitsu bat izan daiteke: ertzain bat deklaratzera deitu dute. Hain zuzen, Cabacasen heriotza eragin zuen pilota bota baino lehenago, une hartan han istilurik ez zegoela esan zien operazioa Deustuko ertzain etxetik zuzentzen ari zirenei. Baita esku hartzeko arrazoirik ikusten ez zuela ere.
Ertzain hark emandako argibideak horiek izan arren, Ugarteko esaten zaion Ertzaintzako arduradunak "guzti-guztiarekin sartzeko" aginduari eutsi zion. Hala entzun dakioke argia ikusi zuten ertzainen arteko grabazioetan. Lekuko gisa besterik ez zuen deklaratu Ugarteko-k.
Asteleheneko deklarazioaren arabera, gerta liteke diligentzia gehiago eskatu behar izatea. Hala iragarri dio berriki Jone Goirizelaia abokatuak BERRIA egunkariari. Orain arte, bost ertzain daude ikerturik auzibidean.
Iñigo Gogoan plataformak "lotsagarria eta mingarria" deritzo oraindik ere justizia eskatu behar izateari. Eginbehar horretan ez dute amore emango, eta azken muturrera arte defendatuko dute justizia eskubide hori. "Europara joan behar badugu, Europara joko dugu", iragarri zuten joan den asteartean David Gonzalez eta Oier Amorrortu plataformako kideek.
Bi helbururekin sortu zen plataforma: Iñigo Cabacasen heriotza "zigorrik gabe" gera ez dadin lan egitea, eta horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeak bilatzea. Sinetsita daude "nahikoa zantzu" badaudela auzitara joateko. Hala ere, auziaren instrukzioa egiten ari den Bilboko epaileak hartu behar du erabaki hori. Ekaina da horretarako epemuga. Dena den, epeak luzatzeko aukera ere aurreikusten du legeak. Hortaz, posible da epaiketa, egiten bada, atzeratzea.
Justizia, zentzu zabalean
Epaileak auzia artxibatzea erabakitzea ez lukete begi onez ikusiko. Hain zuzen, gertatutakoa argitzeko "interes falta" dagoela erakutsiko luke horrek. Instrukzio fasean gabeziak antzeman dituzte, plataformako kideek zein familiaren abokatuak salatu dutenez.
Bestalde, justizia zentzu zabalean eskatzen dute. Maria Diaz de Haro kalean apirilaren 5 hartan egindako oldarraldia beharrezkoa ote zen argitu beharraz mintzatu da abokatua, han istilurik ez zegoela eta pilotak zer distantziatik jaurti zituzten kontuan hartuta. Hala, erabaki haren arduradunak epaitu eta bakoitzak izan zuen erantzukizuna ebatzi beharko litzatekeela sinetsita dago Goirizelaia. Izan ere, Cabacas jo zuen pilota nork bota zuen zehaztea familiarentzat bereziki garrantzitsua bada ere, orain arte ikerketak ez du emaitzarik izan. Hori ez du oztopo ikusten "arduradunei beste maila bateko erantzukizunak egozteko".
Bestalde, plataformak Ugarteko gisa ezagutzen den ertzainburuaren jarrera deitoratu du. Azken horrek salaketa jarri du familiaren abokatuaren eta Gara egunkariaren eta Naiz atari digitalaren aurka. 777.000 euroko kalte-ordainak eskatu dizkie, auziak "kalte psikologikoak eta ibilbide profesionalaren amaiera" ekarri dizkiola argudiatuta. Cabacas larri zauritu zuten kalean "guzti-guztiarekin sartzeko" zioten grabazioak argitaratu izanagatik jarri du salaketa. Gertatutakoaren ostean hori nola den posible galdetu du plataformak.
Gurasoen etsipena
Iñigo Cabacasen gurasoentzat suertatu da gogorren egoera hori guztia. Zuten seme bakarra hiltzeaz gain, ez dute era horretako gertakari baten aurrean espero zuten babesik jaso. Ez instituzioen aldetik, bederen. "Gugandik ihesi ibiltzen dira, EAJkoak ere bai. Badirudi geuk haiei egiten diegula kalte", adierazi du Fina Lizeranzu amak. Segurtasun Sailak auzia argitzeko emandako laguntzari ez deritzote nahikoa, gainera.
Gizartearen erreakzioari dagokionez, "sentsazio gazi-gozoa" sorrarazi dio Manu Cabacasi, zendutako gaztearen aitari. "Jende asko gurekin egon da, baina egon behar zuten batzuk ez dira egon. Eta hori oso tristea da, Iñigori gertatutakoa edozeini gertatu ahal zitzaiolako". Ideologia politikoez harago, bidegabekeria baten aurrean erreakzio irmoa eta gertatutakoa argitzea nahiko lukete. Ezker abertzalearekin identifikatu badituzte ere, argitu dute ez direla ez ezkerrekoak ez eskumakoak. Eta gaineratu laguntza eta babesa denei eskatu dietela.
Justizia besterik ez dute eskatzen. "Hori baino ez, geuk ere dolua egin ahal izateko behintzat", adierazi du Lizeranzuk. Semearen argiak bizirik jarraitzen du haien zein gertatutakoa deitoratzen duten herritarren bihotzetan.
Kutsadura nuklearrari etena
Natalia Salazar Orbe
Ukrainako haurrak hotzak direla esaten dugu beti. Eta, sarri, ez dugu ulertzen hori. Badirudi umeak ez digula maitasunik adierazi nahi. Ez dakigu zer dagoen maitasuna adierazteko arraro deritzogun modu horren atzean". Udan Txernoby...
Baserrien iraunkortasunari eutsita, kalitatea du ardatz Bizkaia Esneak
Karrantzako larre zabal eta berdeak dituzte bizileku bertako behiek. Natura bizian igarotzen dute urtea, hotzak bestelako beharrizanak sortzen dizkien arte. Dena den, orduan ere Bizkaiko udalerririk zabalenean hazitako belarra dute elikagai. Lehengai ...
Oroimenerako tokiak
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Aurten, 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Eta 80 urte herritarrak altxamendu horri eusteko defentsa sarea eraikitzen hasi zirela. Francoren aldeko indarrei aurre egiteko, lubakiz, metrailador...
Oihal betean iritsitako eskola
Natalia Salazar Orbe
Kostatu egiten da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kaian geldi dagoen Atyla eskola ontzia Europa iparraldeko itsaso hotzetan gora eta behera irudikatzea. Geldi ageri da XIX. mendeko egurrezko goleta ikusgarria, lasai asko, itsasad...
Institutu berria Pagasarribiden
Bilbon Pagasarribide Bigarren Hezkuntzako institutua eraikiko duela iragarri du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Bi lerro izango ditu; horietan, 200 ikasle hartu ahalko ditu .Duela hainbat urte agindutakoa betetzeko prozesua abiatu du...
Eskolak, bertako jaki eske
Kattalin Barber
Zer jan, hura izan. Azken urteetan gero eta gehiago entzuten den esaera da, elikadurari buruzko kezka areagotu egin baita. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio egoki jateari, eta eskola jantokietara iritsi da eztabaida. Durangaldean, esaterako, bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko elkartu da guraso talde bat: zazpi ikastetxetako guraso elkarteek indarrak batzea erabaki dute Berton Bertokoa izendaturiko egitasmoan. Lehen urratsa egin dute, eta manifestu bat sinatu dute eskola jantokietako jakien kalitatea hobetzeko asmoz. "Umeak eskubidea du ganorazko elikadura izateko, eta hortik abiatu da gure eskakizuna", adierazi du Alex Azpiri egitasmoaren kideak eta Atxondoko eskolako ordezkariak. Jantokietan euren seme-alaben elikadura osasuntsua, bertakoa eta sasoikoa izatea eskatzen dute.
Eskualde osora zabalik
Durangoko Landako eta Zabalarra, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta, eta Atxondo eta Elorrioko eskolek bat egin dute Berton Bertokoa egitasmoan. Azpirik azaldu duenez, atxikimenduen bila arituko dira hemendik aurrera, "eragin esparrua hedatzeko". Eskualdeko gainontzeko ikastetxeentzat ere "ateak zabalik" dituztela nabarmendu du: "Proiektua eskualde mailakoa izatea gustatuko litzaiguke; finean, zenbat eta eskola gehiago batu, orduan eta indar handiagoa lortuko dugu".
Zelaieta eskolako ordezkari Atxarte Agirrek argi du zer bultzatu nahi duten: ikastetxeetan eskaintzen den jakien kalitatea hobetzea. "Ez dugu nahi gure gain hartzea jantokien kudeaketa, eredua hobetzea baizik. Eta horretarako, uste dugu aukerarik onena bertakoa eta sasoikoa kontsumitzea dela, eta jaki horiek guztiak bertan presta daitezela eskatzen dugu", nabarmendu du. Haurrak ondo hazi eta garatzeko ezinbestekotzat jotzen dute elikadura zaintzea, eta, jakiek berezko propietateak gal ez ditzaten, sukaldean bertan prestatzea galdegin dute.
Proiektuak, gainera, umeen elikaduran eragiteaz gain, inguruan ere onurak ekarriko lituzkeela seguru daude: eskualdeko ekonomia indartuko lukeela, eta nekazaritza eta baserriko bizimodua bultzatuko lukeela, besteak beste. "Horretaz gain, baserriak bizirik irautea bermatzen lagunduko genuke, eta gure ohitura eta jakituria mantendu", gaineratu du. Sustatzaile ari diren gurasoek beti eman diote garrantzi handia umeek jaten dutenari, baita garapen iraunkorraren ereduari eta elikadura subiranotasunari ere.
Jaurlaritzaren zeregina
Berton Bertokoa egitasmoko kideek badakite, hala ere, ez dela haien ardura eskoletako jantoki eredua aldatzea, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Aldarrikapena egin eta kezka azaleratzea nahi dute, eta ahal den neurrian, "gizartean eragin".
Eskola jantokien kudeaketa catering enpresa handien menpe dago Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan, eta berriki 18,4 milioiko isuna jarri diete zortzi enpresari, Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera lehiaren oinarrizko arauak urratu eta "merkatua banatu" zutelako eskoletako jantokien zerbitzuan. Auzia, gainera, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara ailegatu da, eta bertan izan dute hizpide eskoletako jangelen auzia. Adostu zutenaren arabera, eskola bakoitzak bere jangela eredua aukeratu ahal izango du aurrerantzean. "Umeen elikadura negozio bihurtu da catering enpresekin; umeen elikaduraren merkantilizazioa gertatu da, baina argi izpiren bat ikusten hasi gara", iritzi dio Azpirik. Puri-purian dago gaia, eta egitasmoaren kideen aburuz, "mugimenduak egon daitezke hemendik aurrera".
Bi mila ume inguru
Gaur egun, Durangaldeko zazpi eskola horietan 2.000 ume inguruk bazkaltzen dute egunero jantokietan. "Pentsa ezazu zer-nolako eragina izango lukeen gure eskualdean 2.000 menu horiek bertako produktuekin eginak izateak; bada, menu horiek guztiek, beste era batera kudeatuta, eskualdeko ekonomia indartuko lukete, eta lanpostuak sortuko lirateke", hausnartu du Maiztegi ikastetxeko ordezkari Egoitz Ortiz de Zaratek. Eskolaz eskola egoera desberdina da, baina helburu bera dute guztiek: eskoletan bertan kozinatzea, gertuko eta garaiko produktuak erabiliz.
Atxondoko eskolak, adibidez, ez du sukalderik. Catering enpresa batek eramaten du jatekoa prestatuta. Beste eskola batzuetan, enpresak jakiak eramaten ditu, eta bertan prestatzen dituzte. Hala egiten dute, esate baterako, Iurretan. Azkenik, bada eskolaren bat non enpresak janaria erdi prestatuta eramaten dien, egoitzako sukaldean azken beroaldia eman, eta ondoren zerbitzatzen duten. Edozein kasutan, lehengaiak kanpotik jasotzen dituzte eskola guztietan.
Agirrek azaldu duen moduan, hainbat guraso 2015-2016 ikasturtearen hasieran biltzen hasi ziren, gaiarekin kezkatuta, eta gutxika-gutxika gorpuztu zuten haien asmoa. "Nola erein dituzte gure seme-alabek jantokietan jaten dituzten produktuak? Zer-nolako baldintzetan? Nondik datoz? Ongarri kimikoak erabili dituzte?". Hausnarketa dator galderen ondoren, eta oraindik hastapenetan dauden arren, kezka aldarri bihurtu da dagoeneko. Sindikatu, kultur eragile eta elkarteen babesa bilatuko dute orain, eta bide horretan, elkarlanean arituko dira. Ekainean, gainera, egitasmoa zabaltzeko eta ezagutzera emateko jaia antolatuko dute proiektuaren sustatzaile izan diren eskola horietakoren batean. Finean, konpromisoa hartua dute Durangaldeko zazpi ikastetxe horiek, elikaduran hezteko eta eskualdean eragiteko ere baliatu nahi dituztelako jantokiak.
Erakundeek Ibaiondoko hezkuntza publikoa utzita daukatela salatu dute
Natalia Salazar Orbe
Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak hezkuntza eredu horretan sumatu dituen gabeziei aurre egiteko baliabideak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari. Erakunde biek hartuak zituzten konpromisoak betetzeko eskatu dute. Leku kopurua handitzea eta "eskola politika klasista eta baztertzaileak" alde batera uztea dago euren aldarrikapenen oinarrian. Eta argi dute itunpeko ikastetxeei eskaintzen dieten arreta ez daukatela eskola publikoekin. Garcia Rivero, Miribilla, Mujika, Pagasarribide, Iruarteta, Gallegorria, San Adrian eta Ezkurtze zentroetako guraso elkarteek egin dituzte salaketak.
Aferaz afera aletu ditu antzeman dituzten arazoak Jokin Alberdi Ibaiondo barrutiko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateko kideak. Hainbat zentro handitu eta beste berriren bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak eta udalak zuten konpromisoa gauzatzea da aldarrikapenetako bat. Solokoetxen, Atxurin, Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean hamabi urte daramatzate Emilio Campuzano institutuko heziketa zikloetarako zentro bat eskatzen. Helburua da bertako instalazioetan beste zentro bat izatea, barrutiaren beheko alde osorako Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa emateko. Asmoa, baina, bertan behera geratu zen, Jaurlaritza eta udala ez zirelako ados jarri.
Duela bost urte heldu zioten berriz ere eskaerari. Izan ere, gaur egun Garcia Rivero, Mujika eta Miribillako ikasleek, behintzat, hiru zentrotan egin behar dute euren hezkuntza ibilbidea: "Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa zentro desberdinetan egiten dute. Ez da logikoa. Beraz, aldarrikapen historiko honi heldu diogu".
Solokoetxen iaz Batxilergoa egiteko lerroa zabaldu zuten. Hala ere, eskas deritzote eskaintzari. "Hemendik hiru urtera gainezka egingo du: Mujika eta Miribillatik datozen D ereduko ikasleek hura dute erreferentziazko zentro. Horregatik beteko da. Beraz, DBH eta Batxilergo ikasketak egiteko zentro indartsu bat behar dugu. Eta, oraingoz, adabakiak jartzen besterik ez dira ari".
Jaurlaritzaren konpromisoa badute. Duela bizpahiru urte agindu zieten Zorrotzaurren egingo zutela Emilio Campuzanoko heziketa zikloetarako zentroa. Hiru urte barru zentro hori prest izatea nahiko lukete guraso elkarteek. Hala ere, Bilboko Eskola Kontseiluak esan die 2018aren bukaera aldera arte ez diotela entregatuko eraikina egiteko lursaila Jaurlaritzari. "Horrek dena atzeratuko luke. Beraz, obrak azkartzeko presioa egiten ari gara".
Hazkunde demografikoa ere etsai dute erlojuz kontrako afera horretan. "Ibaiondo barrutiko goiko aldera —Miribilla, San Adrian eta Iralaberrira— familia asko joan ziren, etxebizitza ugari egin zirelako". Hala, lau urtetik gora dira Jaurlaritzak "hiruzpalau obra handi egiteko" konpromisoa hartu zuela. Besteak beste, Pagasarribiden DBH ere sartzeko eraikin berri bat egin behar zuten, eta San Adrian handitu. Hala ere, ez dute horrelakorik egin.
Ikastetxe publikoetan gabezia horiek daude, baina itunpekoek, aldiz, bestelako onurak izan dituztela salatu du Alberdik. "Azken bost urteetan Abusu eta Miribillako zentroetan obra garrantzitsuak egin dira; publikoan baino askoz azkarrago. Hau ez da itunpeko ikastetxeen aurkako kritika bat, administrazioen jokabidearen aurkakoa baizik".
Adibiderik argiena Urretxindorra ikastola handitzeko lanak direla azaldu du. Mercadona supermerkatu kateak bertan saltoki bat zabalduko duela eta, udalak Hiria Biziberritzeko Plan Berezi baten izapideak azkartu dituela diote. "Era horretako presarik ez du izan Zorrotzaurreko lanekin. Horrek agerian uzten du eskola publikoak merkataritza zentroaren atzetik jartzen dituztela. Udalaren lehentasuna da hirian Mercadona egotea, eskola publikoen arazoak konpondu ordez".
Eskola klasisten aurka
Leku kopuruak handitu beharraz gain, aberatsen eta pobreen eskola ereduen aurkako aldarrikapena ere egin du Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak. Alberdik nabarmendu du behe klasekoen kontzentrazioa gertatzen dela zentro askotan. Hala, eskola batzuk bigarren mailako bihurtu dira, besteak beste emaitzen aldetik. Jaurlaritzak erraztu duen politika bat dela deritzo. Hala ere, familien aurreiritziei ere egotzi die erruaren zati bat.
Egoera horri buelta emateko konponbidea badutela sinetsita daude. Frogatu ere egin dute bertako ikastetxe batean. Zazpikaleetan dagoen Mujika eskola publikoan egin zuten esperientziak bermatzen du euren proposamena. "Oso matrikula gutxi zituen, leku ugari geratzen ziren hutsik. Orain, ez da plaza hutsik geratzen".
Duela urte batzuk Atxurin lekurik gabe geratu ziren hogei familia inguruk hara jo zuten euren seme-alabak eskolatzera. Lerro bakarreko eskola bat da, eta orduan A eredua besterik ez zuen. D eredua ezarri zuten, eta, gaur egun, gorengo mailetan A eredua badago ere, gainerako guztiak D ereduko gelak dira. Hala, bospasei urtetan erabat aldatu da ikastetxearen egoera. "Talde handi bat horretan inplikatzea da gakoa. Guk hasi genuen bidea, baina gure atzetik familia konprometitu gehiago etorri ziren, eta gehienbat etorkinak zituen ikastetxea normalizatzea lortu genuen".
Izan ere, sinetsita daude eskolek auzoaren errealitatearen isla izan behar dutela. Atxurin hori betetzen dela dio Alberdik. "Hori onuragarria da. Batzuek esaten dute gero eta etorkin gehiago dagoela. Gure eskolan %10 inguruan dira etorkinak. Kopuru hori errealitate soziologikoaren parekoa da. Eta hori da nik nire haurrentzako gura dudana: eskolan auzoaren isla izan dezala".
Horretarako erakundeen konpromiso handia eskatu du. "Baliabide gehiago jarri behar dituzte, diskriminazio positiboa egin behar dute matrikulazio eremuan eta jendea animatu behar dute". Gogora ekarri du eurak ate irekien egun batera gonbidatu zituztela Mujika zentroan. "Guk ere aurreiritziak izan genituen". Baina aurrera egin zuten eta pozik daude lortutakoarekin. Miribillan ere lortu zuten A eredua kentzea. Beraz, Alberdik argi du zein den bidea. "Asko kostatzen da, norbere seme-alaben hezkuntza lehentasuna delako. Hala ere, askotan, pixka bat arriskatuta, askoz gehiago lortzen da".