Legea ez dute betearazi

N. S. O.

Bilboko Udalak eskatutako ikerketa batek ebatzi du Artxondoko harrobia betetzeko proiektuak ez duela errespetatzen Pagasarrirako Plan Berezia. Hain zuzen ere, proiektu hori gauzatzeko Cementos Rezola enpresari emandako baimenak ez du legea betetzen, ebazpen horren arabera. Hala jakinarazi du Ekologistak Martxan taldeak.

2015eko irailean ekin zion Cementos Rezola Arrigorriagako enpresak Bolintxuko harrobi ohia berriz betetzeari. Auzo elkarteek zein ekologista taldeek ezinegona agertu dute orduz geroztik. Zalantzan jarri dituzte enpresaren proiektuaren legezkotasuna eta Bilboko Udalak eman zion lizentzia. Harrobiko ekosistemetan izan zezakeen eraginari buruzko kezka ere sortu zaie.

Orain, udalak berak Orbela aholkularitza enpresari eskatutako ingurumen txostenak arrazoia eman die. Pagasarri Mendirako Plan Bereziak ezarritakoari dagokiona kontuan hartuta egin behar zuen enpresak txostena.

Ekologistak Martxan elkarteak salatu du udalak lau hilabetez izan duela gordeta txostena. Bien bitartean, enpresaren jarduerek plan bereziak babestutako naturguneak suntsitzen jarraitzen zutela azaldu dute.

Txostenaren xehetasunak

Orbelaren txostenak hainbat arau-hauste jaso ditu. Besteak beste, Cementos Rezolaren proiektuaren helburua ez dela ekosistema berrezartzea dio: “Harrobiko soberakinen biltegi iraunkor bat litzatekeela interpretatzen dugu”. Eta plan bereziak debekatzen duen jarduera bat dela gaineratu du.

Proiektuak, harrobian zegoen hezegunea onera ekarri ordez, haren zati bat suntsitu duela dio txostenak. Plan bereziak espresuki jaso zituen hezegunea babestu eta bertako ekosistema leheneratu beharra.

Gainera, baliteke lanek bertan sortutako ekosistema arriskuan jartzea. Isuritako betegarria belatz handi bikotearen habiatik gertu dagoela dio. Betelan hori aurreikusi bezala garatuz gero, “babestutako espezie hori desagertzea eragin lezake”. Baieztapen horren harira, Ekologistak Martxan elkarteak gogora ekarri du Aldundiak 2000. urteaz geroztik egiten diola jarraipena espezie horri harrobian.

Hala, datu horiei erreparatuta, azterketa egin duen enpresak dio ez dela bete Ingurumen Sailak egindako txosten loteslea, proiektua ez datorrelako bat plan bereziak jasotzen duenarekin.

Horrez gain, proiektua gauzatzeko fasean ere irregulartasunak aurkitu ditu azterketak. Besteak beste, ondokoak: baimendu gabeko pistak zabaldu ditu enpresak, plan bereziak baimendu gabeko lurrak mugitu ditu, eta materia geldoak goitik behera isuri dituzte.

Irregulartasunok kontuan hartuta, Cementos Rezolari harrobia betetzeko emandako baimena kentzeko eskatu dio Bilboko Udalari Ekologistak Martxan taldeak. Harrobiko ekosistema berreskuratzeko proiektu bat ere galdegin diote. Azkenik, erantzukizun politiko eta legalak argitzea nahi dute.

EH Bilduk eta Udalberrik ere bat egin dute aldarrikapen horiekin. Oso larritzat jo dute Orbela enpresari eskatutako txostena lau hilabetez gorde izana. Ingurugiro sailak “nahita ezkutatu duela” sinetsita daude. Gogora ekarri dute “informazioa gordeta egon den denbora tartean gai horren inguruko hainbat agerraldi eta udalbatza” egin direla. Alkateari erantzuleak bilatzeko ere eskatu diote.