Gizartea

Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Natalia Salazar Orbe

Bilbotarrek irailaren 1etik aurrera jakingo dute OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga zenbat ordaindu beharko duten. Bizkaiko Foru Aldundiak ondasun higiezinen katastroaren berrikusketa egin du, eta %316 handitu da Bilbon horien balioa. Udalak OHZ arautzeko onartutako ordenantza berriak neurri zuzentzaileak jaso ditu zergaren hazkundea ez dadin horrenbestekoa izan. Oraingoz xehetasun handirik ematerik ez dagoen arren, datu orokorrak ondoko hauek dira: zergadunen %51k orain arte baino gehiago ordainduko dute zerga hori; gainerakoek, gutxiago. Bestalde, ordainagirien %45 merkatuko dira, edo 20 eurotik behera garestitu.

Bizitegi erabilerarako etxebizitzei dagozkie ordainagirien %87. Kasu horietan, bilbotarren %23ri 20 eurotik behera garestituko zaie zerga; %19ri, 20 eta 60 euro artean; eta, azkenik, %7ri 60 eurotik gora garestituko zaie .

Zerga mota berriak onartuta, udalak bi milioi euro gehiago eskuratuko ditu. Udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik onartu zuen udalbatzak datorren urteko tasa eta zergen zenbatekoa bere horretan uztea. OHZ eta gainbalioaren eta estolderiaren zergak dira atal horretan aldatuko dituzten bakarrak. Horiek kalkulatzeko, aldundiak berrikusi dituen katastro balioak erabiltzen dira.

Alderdien irizpideak

PPk zergen jaitsiera defendatu zuen joan den asteko osoko bilkuran. Oposizioko gainerako alderdien ustez, bertan behera geratu da zerga politika justuago eta aurrerazaleago batekin baliabide gehiago eskuratzeko aukera. EH Bildu abstenitu egin zen OHZ berriari buruzko bozketan. Hala ere, tasen kontra bozkatu zuen. Lander Etxebarriak emandako argudioetako bat ondoko hau izan zen: "Ez da bereizketarik egiten multinazional baten edo saltoki bat jarauntsi duen familia baten irabazien artean".

Udalberriko bozeramaile Carmen Muñozek "justizia irizpideak" eskatu ditu OHZ ezartzeko orduan. "Kopurua bera baino gehiago, progresibitatea da uztartu beharrekoa". Antzeko irizpideari eutsi dio Goazen taldeak ere. Francisco Samirren esanetan, zerga eguneratuta udalak bilduko dituen diru sarrera berri horiek ez dituzte "aberatsek soilik ordainduko; goialdeko eta periferiako auzoetatik" iritsiko dira.

Osoko bilkuran eztabaidatu zituzten gaien artean, alderdi guztiak ados jartzea lortu zuenik ere izan zen. Zazpikaleetan taberna gehiago zabaltzeko mugak onartu zituzten denek; PP abstenitu egin zen. Ingurune horretan era horretako lokal gehiegi daudela iritzita hartu dute erabakia. Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako kontrako txostena kontuan hartu gabe onartu dute, beraz, Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Berezia. Antzeko erabakia hartu du udal plangintzako aholku batzordeak hirigunerako.

Era horretako lokalentzako gehienezko dentsitatea zehaztu du udalak. Hark emandako datuen arabera, Zazpikaleetako hogei kale eta plaza ingurutan dentsitate hori gainditu da jada. Hori dela eta, ezin izango dira lokal gehiago zabaldu. Neurri horretatik kanpo geratzen dira barrarik ez duten jatetxeak eta alkoholik saltzen ez duten lokalak.

Zazpikaleetan betidanik egon diren merkatarien eta tabernen arteko oreka lortzea du helburu neurriak. Izan ere, 2008 eta 2015 urteen artean %15 egin du gora taberna eta jatetxe kopuruak. Garai berean, denden kopurua %11 murriztu da. Hain zuzen, 36 ostalaritza lokal zabaldu ziren —273 daude denera—, eta 79 saltoki txiki itxi dituzte —623 daude guztira—.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren ustez, udalak hartutako neurriak ez dira beharrezkoak. Hala, "kalte gutxiago" eragingo duten neurriak hartzeko eskaera egin dio. Juan Mari Aburto alkatea "pozik" azaldu da auzokide, ostalari eta merkatarien artean izandako adostasunagatik. Neurriaren helburua "bilbotarrentzako Zazpikale hobeak" izatea dela dio.

Galdeketen araudia

Herritarren galdeketak arautzeko araudia osatzeko konpromisoa hartu du udalak. Udalberrik egindako proposamena onartu du udalbatzak, aho batez. Datorren urtean egingo dute. Pozik azaldu da Muñoz: "Galdeketak egin egin behar dira, baina horretarako arauek eta irizpideek ezarrita egon behar dute". Galdeketa horiek ez dira aintzat hartzekoak izango, baina udalak biztanleria zabal baten irizpideen aurka egitea zailago izango duela uste du. Zezenketei buruzko kontsulta du hark buruan, besteak beste. Baina ez da bakarra izango: "Herritarrek galdeketak egiteko ate bat zabalduko da araudiari esker".

Zorrek ito duten golf zelaia

Zorrek ito duten golf zelaia

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Polemika ugariren iturburua izan da Ganguren mendilerroan Artxanda golf elkarteak bultzatutako azpiegituraren eraikuntza. Eta zeresana ematen ari da oraindik ere. Luxuzko gune izateko pentsatutako egitasmoa hutsik geratu da. Joan ...

Adimena, gurpil gainean

Adimena, gurpil gainean

Aitziber Laskibar Lizarribar
Euren azkartasuna lehian jarriko dute ingeniaritzako ikasleek datozen egunetan; jakintza eta adimen azkarra gurpil gaineko abiadura eta energia eraginkorraren bidez frogatuko dute Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakul...

Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin

Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Herri euskaldunak ez dira horren euskaldunak. Erdalduntzen ari dira. Eta alderantziz gertatzen ari da erdaldunak diren herrietan; gero eta euskaldunagoak dira. Hori da Iñaki Iurrebaso soziologoak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako udalerrietako bilakaera soziolinguistikoa aztertu ondoren atera duen ondorioetako bat. Uemaren eskariz, herri euskaldunetako egoera aztertu du Iurrebasok Soziolinguistika Klusterrean. 1981etik 2011ra arteko datuak bildu ditu ikerketan, eta euskararen arnasguneak "arriskuan" daudela jasotzen da txostenean.

Gero eta gehiagotan erabiltzen da arnasgune hitza. "Demografia aldetik euskara 'bere habian' sentitzen den bilgune" gisa definitu zuen Joshua Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzainak terminoa; "inoren xaxatze eta erasorik gabe, euskalduna 'etxean' sentitzen den eremu" gisa. Izaera hori eman zaie euskararen arnasguneei ere. Herritarren %70 baino gehiago euskaldunak diren herriak dira zerrenda horretan jartzen direnak, eta, Bizkaian, ezaugarri horiek betetzen dituzten 57 udalerri daude. Baina erdalduntzen ari dira. Eta horiek babesteko neurriak hartzea beharrezkoa dela uste du Patxi Juaristi EHUko irakasleak. "Euskarak beharrezkoak ditu arnasguneak. Horietatik zabaltzen da hizkuntza eta trakzio lana egiten dute inguruko herrietako errealitatearekiko".

Zenbat eta abiapuntu erdaldunagoa, orduan eta gehiago handitu da udalerri horietako euskaldunen kopurua. Eta, alderantziz, udalerri euskaldunenek, atzera egin dute; bereziki, euskaldunenak zirenen artean. "Zenbaki absolutuei begiratuta, ematen du euskararen erabilera gorantz doala, eta gaur egungo diskurtso nagusia ere hori da: gero eta euskaldun gehiago dagoela. Baina indartsuen dagoen tokietan, ahultzen ari da". Hala uste du Juaristik. Analisi horrekin bat egin du Ibon Aginaga Uemako euskara teknikariak ere: "Herri euskaldunenetan gertatu da beherakadarik handiena, eta herritar askorentzat oharkabean geratu da hori".

Euskaldunak, erdaldunago

Muturrak jarri ditu Aginagak euskarak duen joera azaltzeko adibide gisa. Bizkaiko mapan desagertzen ari dira euskararen ezagutza indizeak %90-100 ala %0-20 bitartean zituzten udalerriak. "Gaur egun, ia ez dago euskaldun elebakarra den udalerririk. Herri euskaldunetan, euskararen ezagutza etengabe doa beherantz; erdaldunetan, aldiz, gorantz ari da pixkanaka". Maruri-Jatabe, Gamiz-Fika eta Fruizekoak dira jaitsiera horren adierazle diren udalerri argienak. Abiapuntua oso goian zuten hirurak, eta euskaldunen ehunekoak nabarmen egin du behera azken urteetan.

Gamiz-Fikan, adibidez, %94,9 ziren euskaldunak 1981ean, eta orain, berriz, %73,1. Eta etxeko hizkuntza gisa nagusiki euskara erabiltzen dutenen kopurua erdira jaitsi da 20 urtean. %86,3 ziren 1991n, eta %43,3 dira orain. Biztanleria asko handitu da Gamiz-Fikan, eta egoera soziolinguistikoa aldatzea ekarri du horrek, besteak beste. Fruizen ere 25 puntu egin du bera euskaldunen kopuruak. %97,6 ziren euskaldunak 80ko hamarkadaren hasieran, eta, %73,1 inguru dira orain.

Arnasgune izan diren eta oraindik ere hala diren herriak dira aipatutako biak. Baina euskaldunen beherakada horri arreta jarri ezean, alda liteke errealitate hori. Hala gertatu da, adibidez, Bakio, Sukarrieta, Mundaka eta Lezaman. Arnasguneen mapan koloreztatuta zeuden herriak dira lau horiek. Baina bestelako egoera dute orain. Bakion. euskaldunen portzentajea %73,9 zen, 1991n, eta hamar puntu egin zuen behera 20 urtean: %58,2 dira orain. Antzeko joera izan du Sukarrietak ere: %78tik %65,6era pasatu da azken urteetan. Mundakan, %87,6 ziren euskaldunak, 1991n, eta %66,2 dira orain. Lezaman, %75etik %62,2ra jaitsi da kopurua.

Busturialdeko eta Lea Artibaiko eskualdeetan biltzen dira herririk euskaldunenak. Eta datu orokorrak bat datoz herrietako joerarekin. Busturialdean, 1991n, %75,7 ziren euskaldunak, eta %72,1era jaitsi da. Berdin, Lea Artibain ere: 2011n %87n zegoen euskaldunen portzentajea, eta zazpi puntu egin du behera.

Alderantzizko joera izan dute lurraldeko beste herri batzuetan. Eta euskara ikusezina zen toki askotan, espazioa irabazi du azken urteetan. Ezkerraldeko eta Enkarterrietako udalerrietan izan dira aldaketarik nabarmenenak. Zallan, Sopuertan, Galdamesen eta Ortuellan igo da gehien euskaldunen portzentajea, hogei puntutik gora. Galdamesen, adibidez, %0,5 ziren euskaldunak 1981. urtean, eta, azken ikerketaren arabera, %22,2 dira orain euskaldunak herrian.

Udalerri txiki eta euskaldunak hauskorrenak direla uste du Aginagak, aldaketa txiki batek nabarmen eragin dezakeelako egoera soziolinguistikoan. "200 biztanleko herri batean hogei etxebizitza egin eta euskaraz ez dakiten zenbait pertsona agertzeak, epe motzean hizkuntza ohiturak alda litzake, eta herriak bere izaera galtzea ekar lezake". Diagnostiko horietatik abiatuta, administrazio alorrean lan egiteko ez ezik, herritarrengan eragiteko egitasmoak ere martxan jartzea erabaki zuten Ueman. "Herri euskaldunetako herritarrak duten zereginaz kontziente izatea nahi dugu".

Eragile asko dago mapa soziolinguistikoaren aldaketa horretan. "Azken hamarkadan udalerri euskaldunetan izan den etxebizitza parkearen hazkundea eta biztanleriaren mugimendua aztertuta, ez da harritzekoa hizkuntzaren ehunekoa jaistea oso euskaldunak ziren udalerrietan". Eta egin ez denean jarri du arreta euskara teknikariak: "Ez dugu aintzat hartu egoera soziolinguistikoa hizkuntza politika ez diren gainontzeko politiketan. Arnasguneak politikaren erdigunean kokatzea beharrezkoa da. Euskara zerbitzuetatik atera, eta zeharka landu behar dugu gai hau, ezinbestean".

Gero eta herritar gehiagok dute euskararen ezagutza Bizkaian. Hala azaltzen dute ikerketek. Eta, Juaristiren arabera, hezkuntzan zein administrazioan euskararen erabilera bultzatzearen alde agertzen dira lurraldeko herritarrak. Gaia ikertzen ari da, eta dio, oro har, herritarrek jarrera baikorra dutela euskararen eta haren erabilera bultzatzeko egitasmoen inguruan. Baina bada harrituta utzi duen zerbait: "Euskara ez da euskal identitatearekin lotzen". Hau da, euskaldun izatea ez da euskararen ezagutzarekin lotzen.

Politikotasuna

Hutsune nabaria ikusten du irakasleak pentsamolde horretan. "Kontzientzia eta hizkuntzaren garrantzia falta nabariak dira". Eta ezagutza eta erabileraren arteko banaketan egin du indar. "Euskararen ezagutzak gora egin du. Baina trabatu egiten gara erabileran. Kontzientzia arazoa dago hor. Militantzia lana eskatzen du, dena ez dago eginda".

Politikotasunarekin lotu du hori Juaristik. Izan ere, gero eta gehiago dira euskara politikatik aldendu behar dela aldarrikatzen duten diskurtsoak. Baina ez dator horrekin bat Juaristi. "Abertzaletasunetik eta ideologia politikoetatik aldentzen baldin bada, nork babestuko du hizkuntza? Osagai ideologikoa kentzen baldin bazaio, nork egingo du euskararen alde?". Abertzale direnen eta euskararen erabileraren artean lotura handia dagoela dio, eta aldagai ideologiko hori beharrezkoa dela. "Euskararen aldeko kontzientzia bat sortu du abertzaletasunak, eta politikatik gero eta gehiago aldendu, kontzientzia ere gero eta gehiago galduko da".

Aldaketa garai batean dago Euskal Herria. "Ekonomikoki eta sozialki, aldatzen ari da. Eta birdefinitzen eta birkokatzen ari da gizartea. Hizkuntzaren auzian aldaketa hori nola kokatzen dugun da gakoetako bat".

Etxebizitza, gizarteratzeko tresna

Etxebizitza, gizarteratzeko tresna

Natalia Salazar Orbe
Mila lagun etxerik gabe bizi dira Bizkaian; kalean, bazterketa egoeran. Askok arazo psikologikoak dituzte, eta, sarri, ez dituzte onartzen aterpetxeek eskaintzen dizkieten baliabideak. Ostatu duina da gura eta behar dutena. Halakor...

Oporretako oreka ariketak

Oporretako oreka ariketak

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Atsedena hartzeko izan ohi dira udako oporrak. Edo horretarako baliatzen dituzte herritar askok. Baina atsedenaldi horretan bada aztoratzen denik ere. Oporrik ez duten guraso askoren buruhaustea da haurraren zaintza egun hauetan. ...

Kamiñaldeko lanen kostua berriz aztertuko dute erakundeek

Kamiñaldeko lanen kostua berriz aztertuko dute erakundeek

Pello A. Zuazo

Ondarroako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia berriz bildu ziren joan den ostiralean Kamiñaldeko lanen inguruan berba egiteko. Batzar horretan Zunbeltz Bedialauneta alkateak bigarren finantziazio plan bat aurkeztu zuen apirilean eroritako mendi hegala egonkortzeko lanen kostuari aurre egiteko. Datozen egunetan aldundiko teknikariak Ondarroara joango dira lanak zelan doazen ikustera, eta kostuak nola merkatu daitezkeen aztertuko dute. Izan ere, erorketa gertatu zenetik, udalak arazoak izan ditu finantziazioa lortzeko, eta konponbide bat bilatu asmoz, behin eta berriz batzartu da aldundiarekin.

Apirilean, krisi-mahaia eratu zuten udaletxean zenbait eraikuntza eta geologia enpresarekin. Eta egoera zein zen aztertu ostean, egun horretan bertan udala aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu zen. Lanen kostuei aurre egiteko finantziazio plan bat sortzeko beharra ikusi zuten, eta bai aldundiak, bai Jaurlaritzak, datu guztiak aztertzeko denbora eskatu zuten. Kostuei buruzko azalpena emana du Bedialaunetak: "Etxeen konponketak egiteko 200.000 euro aurre-ikusi dira; mendi magalaren konponketa lanetarako, 12-13 milioi; eta, horrez gain, desjabetzeen kontua ere hor dago. Guztira, gehienez, 17 milioi euroko gastua da".

Gerora, udalak proiektua bidali zion aldundiari, eta batzarra eskatu. "Guk beti batzarra nahi izan dugu, baina hirutara: Jaurlaritza, aldundia eta udala. Baina Jaurlaritzak ezezkoa ematen zigun, argudiatuz udalerria aldundiak babestu behar zuela". Horrela bada, aldundiak 1,5 milioi euro jarriko zituela hitz eman zuen. Ostera, udalak berak aurretik 1,3 milioi euroko partida bideratu zuen lan horietarako. "Lanak lehenbailehen hasi eta amaitu behar dira. 200.000 metro kubiko harri kendu dira, baina guzti hori solte dago, ez da egonkorra. Momentuz, hasierako gastu guztiak guk bakarrik ordaindu ditugu: lanean dabiltzan enpresak, geologoak...", aitortu du Ondarroako alkateak.

Jaurlaritzaren zain

Negoziazioan Jaurlaritza falta zenez, Bedialaunetak laguntza eskatu zion aldundiari, bitartekari lanak egin zitzan. Eta azkenik, ekainaren 9an Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuarekin batzartzea lortu zuten. "Ordura arteko prozesu guztia nola joan den azaldu genion. Eta eurek, berriz ere, esan ziguten mendiaren hegaleko lanen kostua euren eskumenetatik kanpo geratzen dela, eta tramite guztiak aldundiarekin egin behar genituela". Dena den, Jaurlaritzak Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru laguntzekin herritarrei babesa ematen jarraituko duela baieztatu zien udal ordezkariei.

Batzar hartatik irteterakoan, Bedialaunetak adierazpenak egin zituen hedabideen aurrean, esanez, finantziazio arloan instituzioek ez zutela Ondarroa behar den beste babesten. "Hori esan ondoren, Ana Oregik eta Iñigo Urkullu lehendakariak Ondarroa ez zutela bakarrik utziko eta beti hor egon direla esan zuten twitterren". Eta, liskarraren ondorioz, Oregik beste finantziazio plan egiteko eskatu zion udalari.

Joan den ostiralean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin bildu zen Ondarroako alkatea. Finantziazio plan berria aurkeztu zuen eta aldundiak adierazi zion lanen kostuak merkatzeko ahalegina egin behar dela. "Ondarroako udaletxean egin genuen lehenengo batzar hartan ikusi genuen legez, kostuak jadanik oso doituta daude". Horrenbestez, aldundiko eta udaleko teknikariak berriz elkartuko dira mendi magaleko lanak aztertzeko, eta prezioen inguruan berba egiteko. Halere, Bedialaunetaren aburuz, atzera egitea da berriro ere kontu horiekin bueltaka hastea. "Bere garaian baiezkoa eman zitzaien obra horiei, eta orain, berriro ere prezioak berrikustea pixka bat korapilatsua da. Badakigu arazoa Ondarroako Udalarena dela, baina gure ahalmena mugatua da. Horregatik gabiltza laguntza eske".

Espainiako Gobernuari ere eskatu diote laguntza, baina uda ostera arte ez dute harengandik ezer jasoko. "Bitartean lanek aurrera jarraitzen dute, eta fakturak ordaintzeko daude. Egoera kritikoan gaude". Alkatearen esanetan, denbora kontua da kreditu bat eskatu behar izatea. Izan ere, Kamiñaldeko lanen kostua udalaren urtebeteko aurrekontu guztiaren bikoitza da.

Bitartean, 176 familiak euren etxeetatik kanpo jarraitzen dute, etxeak hutsik eta kaleak moztuta. Alokabideren bitartez hirurogei bat etxe eman dira Ondarroan bertan, eta beste batzuk herritik kanpo. Gainontzekoek familien eta lagunen bitartez aterpea lortu dute. Alkatearen esanetan, abuztu erdialderako aurreikusten dute "erreka aldeko" kaleak zabaltzea eta etxebizitzak erabilgarri egotea. Mendiaren ondoan dauden beste 32 etxebizitzek denbora gehiago beharko dute, behintzat mendia egonkortu arte. "Kamiñalde auzoa babes gabe dago eta horrek ezinegona sortzen du. Bizkaibusa ez da hara sartzen eta hango komertzioak ere oso txarto dabiltza".

Bilboko Zazpikaleak sentituz ezagutzen

Bilboko Zazpikaleak sentituz ezagutzen

Asier Arrate Iruskieta

Turismo mota asko daude gaur egun: kulturala, ekologikoa, abenturazkoa... Martitzenean, Bilbon, turismo inklusiboa ezagutu ahal izan zuten ONCE Astean parte hartu zutenek. Turismo eredu horren helburua da ezgaitasunaren araberako ibilaldiak eta bidaiak antolatzea.

Zabalkundean dago turismo inklusiboa, eta Bilbon, dagoeneko, badira zenbait turismo gidari Travel for All agentziarekin elkarlanean itsuentzako ibilaldiak egiten dituztenak. ONCEk aukera hori baliatu du ikusmen arazoak dituztenek oporraldiak nola bizi dituzten ezagutzera emateko.

Bilbo ezagutzera datozen turista askok bezala, Plaza Biribileko turismo bulegoan hasi zuten ibilaldia asteartean. Unai Manzanas gidariak Bilboko erliebedun mapa bana eman zien parte-hartzaileei. Horrekin batera azalpenak eman zizkien ibilbidearen inguruan, eta soinuen garrantziaz ohartarazi zituen. Parte hartzaile bakoitzak laguntzaile bat izango zuela entzutean lasaitu ziren asko.

Begiak estalita eta laguntzaileari ondo helduta abiatu zuten ibilbidea hamalau bisitarik. Nafarroa kaletik behera zihoazela komunikazioa etengabea zen laguntzaile eta parte-hartzaileen artean. Deseroso ziren zenbait: bazekitelako norantz zihoazen, baina ez zein puntutan zeuden. Euren burua kokatzeko lehen arrastoa Areatzako zubian eman zien gidariak. Hezetasuna eta airea nabaritzean errekaren gainean zeudela jakin ahal zutela azaldu zien, nahiz eta zegoen bero sargoriarekin zaila zen aire izpi txikiena nabaritzea.

Zubitik Arriaga plazara jarraitu zuten lehen geldialdia egiteko. Bidean aurkitu zuten lehen oztopoa: antzokiaren aurreko eskailerak. Arriskurik ez izateko, inguratzea erabaki zuen gidariak. Manzanasek azaldu zuen badirela zenbait oztopo, baina orokorrean, Bilbo ondo moldatua dagoela beste hiri batzuekin alderatuta: "Ibilbide osoan ez dugu eskailera gehiago aurkituko, eta zintarri guztiak beheratuta daude; hori bai, semaforo askori soinua jarri behar diete oraindik".

Azalpenen garrantzia

Behin plazan, Manzanasek Arriaga antzokiaren eta inguruko eraikinen azalpen historikoa hasi zuen. Azalpenak, ordea, ez ziren ohikoak. Eraikinen historiaz aritzeaz gain, euren forma eta tamaina irudikatzeko azalpen oso zehatzak eman behar zituen gidariak. "Ez da erraza, gauza asko jakintzat ematen direlako", azaldu zuen Manzanasek. "Ibilbidea sentsorialagoa egin behar dugu".

Sentsorialtasun horren lehen adibidea Arriagako aurrealdeko fatxadan bertan sentitu ahal izan zuten. Gidak antzokiaren hormara hurbildu zituen hareharriaren eta Ereñoko marmolaren arteko desberdintasuna nabaritzeko.

Behin Alde Zaharrean, ibilgailurik gabe, erosoagoa egin zitzaien ibilbidea. Gainera, Maribel Navascues parte-hartzailearen esanetan, galtzadarrizko zola lagungarria zen: "Zapaltzen duzuna sentitzea izugarri garrantzitsua da; ideia bat egiten duzu kalearen zein puntutan zauden".

Zapaltzen zuenaz gain, tenperatura aldaketak eta aire boladak baliatzen zituen Navascuesek non zegoen jakiteko. Bilbokoa izanik, nondik zebilen konturatzeko nahikoa izango zela uste zuen. Ez zen horrela izan, ordea. Arriaga plazan zirela, gidariak azaldu behar izan zion San Nikolas eliza bere atzean zegoela.

Bidebarrieta kaletik barna, sentsorialtasuna lantzen jarraitu zuten. Gidariak Bidebarrietako liburutegiaren inguruko azalpena ematen zien bitartean, eraikinaren harri landua ukitzera gonbidatu zituen. Berdin Txakur kalearen eta Loteria kalearen artean dagoen iturriko lehoi buruekin.

Jose Antonio Ravala parte-hartzailearen esanetan, hiria ezagutzen baduzu ideia bat egin dezakezu; baina toki ezezagunetan arazoa izan daitekeela uste du. Bera eguzki eta itzalez baliatu zen norabidea jakiteko. "Eguzkia mendebaldean dagoenez badakit norantz noan". Kaleetan zarata gutxi zegoela ohartu zen, eta beraz zailagoa egiten zitzaiola objektuak eta pertsonak kokatzea.

Done Jakue katedralera iristean elizpera sartu ziren. Aterpearen forma irudikatzeko gidariak akustikarekin jokatu zuen. Eta hortik katedraleko atera gerturatu ziren, izar formako errematxeak ukitzera.

Izozki dasta bukatzeko

Handik lasai batean itzuli ziren Plaza Barrirantz. Bidean non zeuden ziur jakin gabe jasotzen zituzten zarata eta usainen berri ematen zuten etengabe parte-hartzaileek. Zamudioko Atean zeudela igarri zuten, inguruko taberna eta dendetatik zetorren zarata eta ahotsak nabaritu zituztenean. Aurrerago, beste partaide batek, gozoki denda baten albotik pasatu zela usaindu zuen. Gidariak azaldu zien ibilbidearen parte dela bakailao eta antzeko dendetara sartzea Alde Zaharreko usainak identifikatzeko.

Ibilbidea Plaza Barriko izozki denda batean bukatu zuten. Bertan, zentzumenekin jolasten jarraitzeko, parte-hartzaileei zapore bereziko hainbat izozki eman zizkieten dastatzeko, eta zaporea asmatzeko erronka egin zieten. Eguzkipean ia ordu eta erdiko ibilbidea egin ostean, parte-hartzaileek gustura hartu zuten "azken sorpresa".

Lehen taldeak bukatuta, bigarren ibilaldi gidatua egin zuten Zazpikaleetatik barrena. Ez zen izan ONCE Asteko ekintza bakarra. Bezperan, esaterako, agintariek Garraio Tourra egin zuten garraio publikoaren egoera aztertzeko. Bihar emango diote amaiera asteari, goizeko 10:30etatik aurrera Azkuna Zentroan egingo den ekitaldi nagusiarekin.

Sukalderaino, bizikletaz

Sukalderaino, bizikletaz

Aitziber Laskibar Lizarribar
Grezian dabil Julen Nafarrate Aurrekoetxea berangoztarra, astelehenetik. Alde batetik bestera, bizikletan. Sukalde batetik bestera. Izan ere, hiru hilabetean Europa hegoaldeko kostaldean gauzatuko duen proiektu bitxiak suka...