Oporretako oreka ariketak

Oporretako oreka ariketak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Atsedena hartzeko izan ohi dira udako oporrak. Edo horretarako baliatzen dituzte herritar askok. Baina atsedenaldi horretan bada aztoratzen denik ere. Oporrik ez duten guraso askoren buruhaustea da haurraren zaintza egun hauetan. Eta helduen arteko elkarrizketetan, ohi baino gehiagotan agertuko da kontziliazio hitza. Haurren zaintza izan ohi da gaiaz eztabaidatzeko mugarria. Baina kontziliatzea pertsona ororen eskubidea dela uste du Benetako Kontziliazioa Orain plataformako kide Eider Fernandezek. Eta lana eta bizitza pertsonalaren arteko balantza orekatzeko, gizartearen balioak jarri ditu jomugan.

Abiapuntua bera da, kontziliazioaren soka luzeak duen lehen korapiloa; esanahi asko dituen kontzeptua baita gaur egun, Fernandezen arabera. “Pertsona bakoitzak ezberdin bizi eta ulertzen du kontziliazioa”. Gaur egun, seme-alabak dituen familiarekin lotzen da kontzeptua, eta haurren zaintzari lotuta agertzen da ia beti. “Familietan haurrak agertzen direnean pizten zaigu kontziliazioaren txip hori. Baina ulermen hori aldatzea da lehen lana”. Argi du Fernandezek: gurasotasunetik harago doan auzia da kontziliazioarena. “Eguneroko bizitzaren ala norbere bizitzaren eta lanaren artean oreka bilatzean datza. Eta horregatik uste dut lanean hasten garenetik landu beharreko afera dela”. Haurrak dituztenek eta bakarrik bizi diren pertsonek, denek kontziliaziorako eskubide bera izan beharko lukete.

Erakundeek hartzen dituzten neurri eta arauetan jartzen da arreta maiz, gaiaz aritzean. Eta azken urtean zeresana eman duen gaia ere izan da. Gurasotasun baimenen auzia da horren adibideetako bat. Baimenak parekatzeko, Eusko Jaurlaritzak probako egitasmo bat abiatzea proposatu zuen EH Bilduk otsailean Eusko Legebiltzarrean. Baina ez zuen adostasunik izan. EAJk, PPk eta UPDk baztertu egin zuten koalizioaren eskaria, eta legez besteko proposamen bat onartu zuten, bi eskari egiteko: batetik, Espainiako Gobernuari “erreforma integrala” galdegin zioten, haren eskumena delako; bestetik, Eusko Jaurlaritzari, bere eskumen esparruan dauden neurriak indartu ditzala.

Haurrak zaintzeko ordutegi murrizketetarako diru laguntzak, aitatasun bajen epeak luzatzea… Araudietan pausuak ematearekin ados dago Fernandez. Baina arreta gunea gizartean jarri du. “Arazoa estrukturalagoa da. Eraiki dugun gizartearen ezaugarriek zaildu egiten dute kontziliazioari buruzko legeak aurrera egitea. Eta horrek gauza bat du oinarrian: gizartearen balioen lehentasunak ez daude ondo banatuta”.

Lana, produktibitatea eta kontsumismoa gizartearen erdigunean jartzeaz ari da Fernandez. “Bizitzak horren baitan antolatzen baldin baditugu, haur bat iristean, ordena horrekin hausten du eta traba bihurtzen da prozesu horretan”. Hala aritzen dira familia asko, halabeharrez: ahalik eta ordu gehien eskaintzen dituen haurtzaindegi zerbitzu bila, adibidez. Edota eskola orduak hasi aurretik, zaintza zerbitzua duen ikastetxearen bila. Beti ere, helduak lanera garaiz iritsi ahal izateko bidearen bila. “Haurra ez dago integratuta gizartearen berezko elementu gisa. Horregatik bihurtzen da traba, eta hori da aldatu beharko genukeen lehen gauza”. Horregatik uste du Fernandezek, araudi ala legeen aplikazioa baino, mentalitate aldaketa dela gakoa.

Konfiantza harremanak

Beharginen eta enpresa buruen arteko harremanean jarri du arreta enpleguaren eta eguneroko bizitzaren arteko oreka lortzeko bide gisa. Eta bi dira Benetako Kontziliazioa Orain plataformako kideak nabarmendu dituen gakoak: erantzukizuna eta konfiantza. “Gaur egun etsai gisa ikusten dira alde biak. Eta ezin du horrela izan. Norabide bitan urratsak egin behar dira. Enpresa buruek konfiantza izan behar dute beraien langileek egin beharreko lana erantzukizunez egingo dutela. Eta beharginak lana behar bezala egiteko konpromisoa hartu behar du. Era horretan, lanean malgutasuna lortzea eta kontziliazioan aurrerapausoak egitea errazagoa da. Eta, guzti horren oinarrian, bi aldeen arteko komunikazioa ere badago”.

Lana eta betebeharrak ardatz hartu baino gehiago, konfiantza eta erantzukizunean oinarritzea da proposatzen duena. Eta horregatik uste du, lanean hastearekin batera landu beharreko auzia dela lanaren eta egunerokoaren arteko oreka hori. Aurrez aipatu duen pentsamolde aldaketara egin du jauzi berriz, horregatik. “Hor egiten du huts gizarteak. Ez ditugu lehentasunak ondo finkatzen. Utopikoa izan daiteke. Baina ez baldin badugu oinarri hori aldatzen, berdin izango du zein lege ateratzen dugun. Egoera aldatuko du, bai. Baina azalean geratuko da, eta ez du sakonekoa aldatuko: gizartearen lehentasunak eraldatzea, alegia”.

Lan mota batzuetan teknologia berrien erabilerak ere lagundu dezake eguneroko bizitzaren eta lanaren arteko oreka bilatze horretan. Izan ere, gero eta gehiago dira etxetik lan egiteko aukera ematen duten enpresak. Baina horretarako, aldez aurretik aipatutako konfiantza harremana beharrezkoa dela nabarmendu du Fernandezek. “Gaur egun presentziari ematen zaio garrantzia. Laneko betebeharren eta norberaren beharren egoera bat ala beste izan, ordua iritsi arte izaten gara lanpostuan”. Baina azken urteetan lan orduei buruz egin diren ikerketek argi diote lan ordu luzeek ez dutela produktibitatea areagotzen, berez.

Gizarte osoaren ardura

Balioekin lotutako auzia da kontziliazioarena. Eta balioen transmisioan berebiziko garrantzia du heziketak. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaio Fernandezi esparru horretan indar egitea. Aitortu du, helburuak lortu bitarteko urratsak egitea “zaila” dela. Baina gaiaz plaza publikoan aritzea onuragarria dela dio. “Kontziliazioaz hitz egitea garrantzitsua da. Baina ez legedien planoan bakarrik. Eztabaidak eta pentsamendu horiek kalera atera behar dira, eta gure artean gehiago hitz egin behar dugu. Adibidez, gurasoak elkartzen garenean, hausnartu dezagun nahi dugun gizarte ereduaz. Pertsonak hezten ari garenean, pentsatu dezagun: ‘zer nolako baloreak transmitituko dizkiegu? lana dela garrantzitsuena? ala bestelako gauza batzuk garrantzitsuagoak direla?’. Orain 10 urte dituzten gazteak, hamabost urte barru politikan sartzen direnean, argi izan dezaten zer nolako erabakiak hartu behar dituzten”.

Etxe askotan haurren zaintzarekin batera agertzen dira kontziliazioari buruzko hausnarketak. Baina herritar guztiek aztertu beharko lukete laneko betebeharren eta norbere beharren artean orekarik ote duen ala ez. Ez daitezen udako oporrak izan atseden hartu eta gustuko gauzak egiteko sasoi bakarra.