Bilboko Zazpikaleak sentituz ezagutzen

Bilboko Zazpikaleak sentituz ezagutzen

Asier Arrate Iruskieta

Turismo mota asko daude gaur egun: kulturala, ekologikoa, abenturazkoa… Martitzenean, Bilbon, turismo inklusiboa ezagutu ahal izan zuten ONCE Astean parte hartu zutenek. Turismo eredu horren helburua da ezgaitasunaren araberako ibilaldiak eta bidaiak antolatzea.

Zabalkundean dago turismo inklusiboa, eta Bilbon, dagoeneko, badira zenbait turismo gidari Travel for All agentziarekin elkarlanean itsuentzako ibilaldiak egiten dituztenak. ONCEk aukera hori baliatu du ikusmen arazoak dituztenek oporraldiak nola bizi dituzten ezagutzera emateko.

Bilbo ezagutzera datozen turista askok bezala, Plaza Biribileko turismo bulegoan hasi zuten ibilaldia asteartean. Unai Manzanas gidariak Bilboko erliebedun mapa bana eman zien parte-hartzaileei. Horrekin batera azalpenak eman zizkien ibilbidearen inguruan, eta soinuen garrantziaz ohartarazi zituen. Parte hartzaile bakoitzak laguntzaile bat izango zuela entzutean lasaitu ziren asko.

Begiak estalita eta laguntzaileari ondo helduta abiatu zuten ibilbidea hamalau bisitarik. Nafarroa kaletik behera zihoazela komunikazioa etengabea zen laguntzaile eta parte-hartzaileen artean. Deseroso ziren zenbait: bazekitelako norantz zihoazen, baina ez zein puntutan zeuden. Euren burua kokatzeko lehen arrastoa Areatzako zubian eman zien gidariak. Hezetasuna eta airea nabaritzean errekaren gainean zeudela jakin ahal zutela azaldu zien, nahiz eta zegoen bero sargoriarekin zaila zen aire izpi txikiena nabaritzea.

Zubitik Arriaga plazara jarraitu zuten lehen geldialdia egiteko. Bidean aurkitu zuten lehen oztopoa: antzokiaren aurreko eskailerak. Arriskurik ez izateko, inguratzea erabaki zuen gidariak. Manzanasek azaldu zuen badirela zenbait oztopo, baina orokorrean, Bilbo ondo moldatua dagoela beste hiri batzuekin alderatuta: “Ibilbide osoan ez dugu eskailera gehiago aurkituko, eta zintarri guztiak beheratuta daude; hori bai, semaforo askori soinua jarri behar diete oraindik”.

Azalpenen garrantzia

Behin plazan, Manzanasek Arriaga antzokiaren eta inguruko eraikinen azalpen historikoa hasi zuen. Azalpenak, ordea, ez ziren ohikoak. Eraikinen historiaz aritzeaz gain, euren forma eta tamaina irudikatzeko azalpen oso zehatzak eman behar zituen gidariak. “Ez da erraza, gauza asko jakintzat ematen direlako”, azaldu zuen Manzanasek. “Ibilbidea sentsorialagoa egin behar dugu”.

Sentsorialtasun horren lehen adibidea Arriagako aurrealdeko fatxadan bertan sentitu ahal izan zuten. Gidak antzokiaren hormara hurbildu zituen hareharriaren eta Ereñoko marmolaren arteko desberdintasuna nabaritzeko.

Behin Alde Zaharrean, ibilgailurik gabe, erosoagoa egin zitzaien ibilbidea. Gainera, Maribel Navascues parte-hartzailearen esanetan, galtzadarrizko zola lagungarria zen: “Zapaltzen duzuna sentitzea izugarri garrantzitsua da; ideia bat egiten duzu kalearen zein puntutan zauden”.

Zapaltzen zuenaz gain, tenperatura aldaketak eta aire boladak baliatzen zituen Navascuesek non zegoen jakiteko. Bilbokoa izanik, nondik zebilen konturatzeko nahikoa izango zela uste zuen. Ez zen horrela izan, ordea. Arriaga plazan zirela, gidariak azaldu behar izan zion San Nikolas eliza bere atzean zegoela.

Bidebarrieta kaletik barna, sentsorialtasuna lantzen jarraitu zuten. Gidariak Bidebarrietako liburutegiaren inguruko azalpena ematen zien bitartean, eraikinaren harri landua ukitzera gonbidatu zituen. Berdin Txakur kalearen eta Loteria kalearen artean dagoen iturriko lehoi buruekin.

Jose Antonio Ravala parte-hartzailearen esanetan, hiria ezagutzen baduzu ideia bat egin dezakezu; baina toki ezezagunetan arazoa izan daitekeela uste du. Bera eguzki eta itzalez baliatu zen norabidea jakiteko. “Eguzkia mendebaldean dagoenez badakit norantz noan”. Kaleetan zarata gutxi zegoela ohartu zen, eta beraz zailagoa egiten zitzaiola objektuak eta pertsonak kokatzea.

Done Jakue katedralera iristean elizpera sartu ziren. Aterpearen forma irudikatzeko gidariak akustikarekin jokatu zuen. Eta hortik katedraleko atera gerturatu ziren, izar formako errematxeak ukitzera.

Izozki dasta bukatzeko

Handik lasai batean itzuli ziren Plaza Barrirantz. Bidean non zeuden ziur jakin gabe jasotzen zituzten zarata eta usainen berri ematen zuten etengabe parte-hartzaileek. Zamudioko Atean zeudela igarri zuten, inguruko taberna eta dendetatik zetorren zarata eta ahotsak nabaritu zituztenean. Aurrerago, beste partaide batek, gozoki denda baten albotik pasatu zela usaindu zuen. Gidariak azaldu zien ibilbidearen parte dela bakailao eta antzeko dendetara sartzea Alde Zaharreko usainak identifikatzeko.

Ibilbidea Plaza Barriko izozki denda batean bukatu zuten. Bertan, zentzumenekin jolasten jarraitzeko, parte-hartzaileei zapore bereziko hainbat izozki eman zizkieten dastatzeko, eta zaporea asmatzeko erronka egin zieten. Eguzkipean ia ordu eta erdiko ibilbidea egin ostean, parte-hartzaileek gustura hartu zuten “azken sorpresa”.

Lehen taldeak bukatuta, bigarren ibilaldi gidatua egin zuten Zazpikaleetatik barrena. Ez zen izan ONCE Asteko ekintza bakarra. Bezperan, esaterako, agintariek Garraio Tourra egin zuten garraio publikoaren egoera aztertzeko. Bihar emango diote amaiera asteari, goizeko 10:30etatik aurrera Azkuna Zentroan egingo den ekitaldi nagusiarekin.