Etxebizitza, gizarteratzeko tresna

Etxebizitza, gizarteratzeko tresna

Natalia Salazar Orbe

Mila lagun etxerik gabe bizi dira Bizkaian; kalean, bazterketa egoeran. Askok arazo psikologikoak dituzte, eta, sarri, ez dituzte onartzen aterpetxeek eskaintzen dizkieten baliabideak. Ostatu duina da gura eta behar dutena. Halakorik ezean, nekez aterako dira sartu diren sorgin-gurpiletik. Egoera horri aurre egiten laguntzeko, Habitat Bizkaia programa abiatuko du aldundiak. Etxerik gabe dauden hogei pertsonari etxebizitza bana ahalbidetuko die, eta gizarteratzeko prozesuan lagunduko die.

Etxerik gabe gutxienez hiru urte eman dituzten herritarrentzat da. Hala azaldu du Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak: “Gizarte bazterketa handia duten pertsonentzat da”.

Kalean urteetan bizi ostean, patologia larriak izan ohi dituzte. Herritar horiek gizarteratzea du xede egitasmoak. Zehatzago, pertsona horiek euren gizarte eraldaketarako prozesuaren barruan kokatu gura dituzte. Etxebizitza lan horretarako baliagarria den tresna gisa aurkeztu dute.

Udazkenean jarriko dute martxan esperientzia, 249.768 eurorekin. Aterpea emateaz gain, laguntza eta gizarte eta hezkuntzaren alorretan esku hartzea aurreikusten du proiektuak. Eskuinaldean izango du abiapuntua. Merkatu libreko etxeak baliatuko dituzte horretarako. Emaitza onak baditu, lurraldean hedatuko dute.

Housing First delako ereduan oinarritzen da Habitat Bizkaia. Hainbat herrialdetan erabili dute. AEBetan 1990eko hamarkadan abiatu zuten. Kanada, Finlandia, Belgika, Danimarka zein Frantzia eta Espainiako estatuetan ere egin du bidea. Sistema hori baliatuta, behera egin ohi du kalean bizi direnen kopuruak. Bizkaian proba moduan abiatuko dute.

Habitat Bizkaia egitasmoak alderdi guztien oniritzia jaso zuen joan den astean, Batzar Nagusietan. EH Bilduren ustez, interesgarria dirudi. Hala ere, emaitzei adi egotea beharrezkotzat jo dute. Izan ere, koalizioaren arabera, eredu horrek ez ditu emaitza positiboak izan ezarri den toki guztietan. Horrez gain, egitasmo hori bera familiei zuzentzeko eskatu dute. PPk ere interesgarritzat jo du. Betiere, hezkuntza eta enplegu programekin batera ezartzen baldin bada.

Proiektu horiez gain, Ezkerraldeak aterpetxe iraunkor bat behar duela aldarrikatu zuen EH Bilduk. Baina proposamenak ez zuen aurrera egin.